112. ALDIZKARIA - 2000ko irailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2000ko irailaren 4koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, "Auritz" arrazako zaldi azienda mantendu eta bultzatzeko laguntzak arautzen dituena.

Nafarroako "Auritz" arrazako zaldi azienda bertako arraza da eta babes berezia du, Espainiako Azienda Arrazen Katalogo Ofizialaren arabera (azaroaren 7ko 1682/1997 Errege Dekretua).

Nafarroako eskualde askotan ohikoa izan da zaldi azienda hori haztea; preziatua izan da auzo herrietan, baita mugaz haraindi ere. Hala ere, kanpoko garañoen eragina, batez ere Frantziako animalia handiena, mehatxua da arraza garbitasunerako, eta ondare genetiko garrantzitsua galtzea ekar dezake, zail izanen bailitzateke gero berreskuratzea.

"Auritz" Arrazako Zaldien Hazleen Elkarteak, horretaz oharturik, Abeltzaintza Kudeatzeko Institutu Teknikoarekin batera, "Arraza zaindu eta hautatzeko programa" garatu du.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, proiektu horrekin bat, zenbait laguntza ezarri du aipatu elkartearen Liburu Genealogikoan inskribaturik dagoen animalia bakoitzeko. Laguntzen xedea da bertako arraza hori garbi haztea eta, beraz, desagertzeko arrisku oro saihestea; laguntzak abeltzaintza estentsibokoak dira.

Horrenbestez, nekazaritzako erakunde profesionalen eta abeltzaintzako elkarte interesatuen iritzia entzun ondoren, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru Agindu honen xedea da zaldi aziendako "Auritz" arraza mantendu eta bultzatzeko laguntzak arautzea.

2. artikulua. Onuradunak. Baldintzak eta konpromisoak.

1. Foru Agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira Nafarroako Foru Komunitateko azienda ustiategien titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoak, betiere banakako laguntza jasotzen dutenean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Ustiategia Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik egotea.

b) Azienda ustiategiak irekitzeko udal lizentzia izatea edo, hori izan ezean, jarduera sailkatuaren lizentzia, ingurugiroa babesteko Jarduera Sailkatuei buruzko Foru Legearen araberakoa.

c) Zaldi aziendako "Auritz" arrazako behor ugaltzaileak izatea.

d) Europako Batasunak animalien ongizaterako emandako gutxieneko arauak betetzea.

e) Osasun arloko legeriak ezartzen dituen osasun baldintzak betetzea; horiez gain, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak berariaz ezartzen dituenak.

f) Nekazaritza jasangarriari begira, oro har, nekazaritzako praktika onen metodoak erabiltzea, ingurugiroa eta landak zaindu eta kontserbatzearekin bateragarri izanen direnak betiere. Bereziki, belar-bazkako hektarea bakoitzean azienda larriko bi buru izanen dira gehienez.

2. Onuradunek, laguntzak eskatzean, konpromiso hauek hartu beharko dituzte:

a) "Auritz" arrazako azienda errolda mantendu eta, hala denean, handitu eta hobetzea, bost urtez gutxienez.

b) "Auritz" arrazako buruak arrazaren liburu genealogikoan inskribatzea; liburuaren kudeatzailea "Auritz" Arrazako Zaldien Hazleen Elkartea (ASCANA) da. Horretaz gain, kontserbazio, hautatze eta hobekuntza genetikoaren programan parte hartu beharko dute.

3. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

1. Laguntzaren zenbatekoa urteko sari bat izanen da, hots, 9.151 pezeta gehienez azienda larriko buru bakoitzeko.

2. Espezieen arteko baliokidetzak kalkulatzeko honakoak hartuko dira kontuan:

a) Bi urtetik gorako animaliak: ALB 1,0

b) Sei hilabetetik bi urtera bitarteko animaliak: ALB 0,6

3. Ustiategiko titularra nagusiki nekazaria denean, laguntzak 100eko 20 gehituko dira.

4. Nolanahi ere, ustiategi bakoitzak gehienez jaso dezakeen laguntza 1.000.000 pezetakoa izanen da.

4. artikulua. Laguntzak eskatzea.

Laguntza eskaerak, horretarako dauden inprimakiak erabilita, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentura igorriko dira, agiri hauekin batera:

a) Eskatzailea pertsona fisikoa baldin bada, NANaren eta IFZaren fotokopia.

Pertsona juridikoa baldin bada, entitatearen IFK eta eraketa eskrituraren fotokopia. Eskabideak bazkide guztiek sinatuko dituzte edo, bestela, legezko ordezkariak edo administratzaileak. Azken kasu horretan, ordezkari horren izendapenaren egiaztagiria aurkeztuko da.

b) Irekitzeko udal lizentzia izatea edo, hori izan ezean, jarduera sailkatuaren lizentzia, ingurugiroa babesteko Jarduera Sailkatuei buruzko Foru Legearen araberakoa, administrazio baimen hori nahitaezkoa denean.

c) Albaitari batek egindako ziurtagiri edo txostena, ustiapenak, oro har, animalien ongizaterako gutxieneko arauak betetzen dituela adierazten duena.

d) Laguntza zein animaliarendako eskatzen den, identifikazio zenbakia, sexua eta adina zehaztuta.

e) "Auritz" Arrazako Zaldien Hazleen elkartearen (ASCANA) txostena, laguntza eskaerako animalien arraza garbitasunari buruzkoa.

f) Belar-bazkako azaleratzat hartzen diren nekazaritza lurzatien deklarazioa, FEOGAren Berme Atalak abeltzaintzarako ematen dituen laguntza zuzenentzat ezarrita dagoen definizioaren arabera. Deklarazio hori aurkeztu baldin bazen halako laguntza zuzenak -zegokien ekitaldian- eskatzerakoan, ez da beharrezkoa izanen aurkeztea.

5. artikulua. Eskabideak aurkeztu, tramitatu eta ebaztea.

1. Laguntza eskabideak urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan aurkeztuko dira.

2. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak, aurkezturiko agiriak eta egindako txostenak ikusirik, dagokion ebazpena emanen du.

3. Ebazpen administratiboa jakinarazteko sei hilabeteko epea izanen da gehienez, eskabidea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko erregistroan sartzen den egunetik hasita.

Ebazpena eskatzaileari jakinarazi gabe amaitzen bada epea, eskabidea ezetsitzat joko da.

6. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Foru Agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ematen edo jasotzen diren dirulaguntzen gainean egin behar duen edozein egiaztapen onartzea.

b) Xede berbererako beste dirulaguntza publikorik eskatuz gero, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari horren berri ematea.

c) Bakoitzaren kontabilitatean edo erregistro-liburuan, indarra duen arautegiaren arabera hori izatera behartuta baldin badago, dirulaguntza kobratu izana erregistratzea.

d) Dirulaguntzaren xede diren animalietan bajaren bat izaten bada, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari horren berri idatziz ematea, baja izan eta hamar eguneko epean gehienez.

7. artikulua. Ikuskapenak, ez-betetzeak eta zehapenak.

1. Erreintegroak, arau-hausteak eta zehapenak ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21, 27, 28 eta 30. artikuluetan xedaturikoak arautuko ditu. Foru lege horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen du.

2. Arau-hausteak zehaztu eta zehapenak ezartzeko prozedura abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuaren araberakoa izanen da. Dekretu horren bidez nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloko zehapenetarako administrazio prozedura onetsi da.

8. artikulua. Laguntzei uko egitea.

Onuradunen bati eman zaion dirulaguntza interesatzen ez bazaio, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari ukoaren berri eman beharko dio idatziz, dirulaguntza eman izanaren ebazpena jakinarazten denetik hogeita hamar eguneko epean. Hala egiten ez bada, onuradunak laguntza eta dagozkion baldintzak onartzen dituela ulertuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Foru Agindu honetan aurreikusi ez den orotan, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedaturikoari jarraituko zaio. Foru lege horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen du.

Bigarrena.-Foru Agindu hau aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendurik, errekurritutako egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta 2001eko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da.

Iruñean, bi milako irailaren lauan.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: a0008269