112. ALDIZKARIA - 2000ko irailaren 15a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

B A R A Ñ A I N

Deialdia, Barañaingo Udalean kabo izateko lau lanpostu oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko

Barañaingo Udaleko Gobernu Batzordeak 2000ko abuztuaren 2an egin bilkuran harturiko erabakiaren bitartez, onetsi egin da kabo izateko lau lanpostu oposizio- lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdia.

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketaren bidez Barañaingo Udaleko kabo izateko lau lanpostu oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea.

1.2. Nafarroako Polizi Kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legeko 34.2 artikuluan, uztailaren 2ko 10/1992 Foru Legearen bidez ematen zaion idazketan, ezarritakoari jarraikiz, kidego berekoen artean, barne igoeran eta oposizio-lehiaketa bidez beteko dira lanpostu horiek.

1.3. Lanaldiaren antolamendua zerbitzuaren beharretara egokituko da, onetsitako egutegia errespetatuz.

1.4. Lanpostu hauetako eginkizunak izanen dira txandako zerbitzuak irakurtzea, beren agindupeko langileei emandako jarraibide eta zerbitzuak zintzo bete daitezen arduratzea, beren agindupekoak ari diren tokietan aldizkako agerraldiak egitea, zerbitzua zuzen betetzen ari dela frogatu eta aurkitzen duten edozein akats zuzentzeko.

Zerbitzuan gerta daitezkeen gorabeheren berri ematea, ahoz edo idatzita, haien garrantziaren arabera.

Udaltzaingoaren eginkizunak betetzearren, udaltzainei laguntza ematea, jarduketen gidaritza, erantzukizun edo arrisku handieneko postua, halakorik balitz, bere gain hartuz.

Eta karguak berarekin dakarren beste edozein eginkizun ere bai.

1.5. Izendatuak gertatzen diren izangaiak Nafarroako Polizi Kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legean ezarritakoetatik D mailan sartuko dira.

2.-Izangaien baldintzak.

Apirilaren 27ko 101/1989 Foru Dekretuaren 24.1 artikuluan eta otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legearen 34.ean xedatutakoari jarraikiz.

a) Gutxienez bi urteko antzinatasuna izatea polizia edo agente lanetan.

b) Eskola Graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako lehen gradukoa edo baliokideren bat izatea.

Otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legeko 4. Xedapen iragankorrean ezarritakoarekin bat, aipatu Foru Legeak indarra hartzen zuen unean Barañaingo Udaltzaingoaren plantillan zeuden langileek, barne igoerako kasuetan, eskatzen den titulaziorik ez badute, haren ordez nahikoa izan ditzakete lanean emandako urteak.

Ildo horretatik, kabo gradura igotzeko, Udaltzaingoan hiru urte gutxienez emanak izatea eskatzen da.

3.-Eskabideak.

3.1. Oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabideak Barañaingo Udaleko erregistro orokorrean beharko dira aurkeztu, hamabost egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

3.2. Izangaiek, eskabideekin batera, baloratzen diren merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak erantsiko dituzte.

Aurkezten diren agiri horiek jatorrizkoak edo konpultsaturiko kopiak izan beharko dute.

4.-Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, deialdia egin duen organoak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

4.2. Onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko bost egun naturalen barrenean, izangai baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, akatsik izanez gero, haiek zuzendu.

4.3. Ezarritako epearen barrenean ez bada eskabide bakarrik ere egin, deialdia egin duen organoak ebazpena emanen du, lehiaketa eman gabe deklaratuko duena. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

4.4. Erreklamazio epea amaiturik eta behin ebatzita direla, deialdia egin duen organoak, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

4.5. Behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean, oposizioaldiko probak hasteko tokia, eguna eta ordua finkatuko dira.

Egun hori baino lehen egin beharko da lehiaketaldiaren kalifikazioa eta haren emaitza argitaratu.

5.-Epaimahai kalifikatzailea

5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Barañaingo Udaleko alkate udalburua, Joaquín Olloqui Osés jauna, edo hark hautatzen duen ordezkoa.

Mahaikidea: Barañaingo Udaltzaingoko burua, Jesús García Martínez jauna.

Ordezkoa: titularrak hautatzen duena.

Mahaikidea: Giza Baliabideetako zuzendaria, David Iriarte Aguirre jauna.

Ordezkoa: titularrak hautatzen duena.

Mahaikidea: Iruñeko Udaltzaingoko kide bat.

Ordezkoa: titularrak hautatzen duena.

Mahaikidea: ordezkari sindikala, Egoi Beperet Redín jauna.

Ordezkoa: titularrak hautatzen duena.

Idazkaria, botorik gabe: Udalbatzakoa, Teodoro Domeño Elarre jauna.

Ordezkoa: María Luisa Garrido andrea, udal langilea.

6.-Oposizio-lehiaketa.

6.1. Lehiaketaldia:

6.1.a. Epaimahai kalifikatzaileak izangaiek alegatutako merezimenduak baloratuko ditu, II. eranskineko baremoaren arabera. Merezimendu guztiak alegatu eta agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, oposizio- lehiaketan parte hartu nahi dutela adieraziz eskaera aurkezten dutenean.

6.1.b. Epaimahai kalifikatzaileak edozein unetan eskatzen ahalko ditu argibideak eta datu osagarriak izangaiek alegaturiko merezimenduen gainean.

6.1.c. Epaimahaiak ez du inoiz ontzat emanen alegatu eta agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik ematen ahalko.

6.1.d. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du, Barañaingo Udaleko iragarki oholean, lehiakide bakoitzak lortu duen balorazioaren emaitza.

6.1.e. Lehiaketaldian gehienez ere 20 puntu lortzen ahal dira.

6.2. Oposizioaldia.

6.2.1. Lehen ariketa.-Bi probaz osaturik: test motako azterketa bat, III. eranskineko zerrenda orokorreko eta berariazkoko gaiei buruz.

Azterketa horren puntuaziorik handiena 20 puntukoa da, eta baztertuta geldituko da 10 puntu bederen eskuratzen ez duen izangaia. Oker emandako hiru erantzunengatik ongi emandako bat kenduko da. Proba egiteko ordubete eta laurdeneko denbora izanen da.

Bigarren proban gai bat azaldu beharko da idatziz, gai zerrenda berariazkotik zozketa bidez aukeratuta.

Proba horren puntuaziorik handiena 10 puntukoa da, eta baztertuta geldituko da 5 puntu bederen eskuratzen ez duen izangaia. Proba egiteko, ordu erdia izanen da.

6.2.2. Bigarren ariketa.-Bi kasu praktikori aurre egin eta idatziz garatu beharko dira, bata esku-hartzekoa izanen da eta bestea antolaketakoa. Ordubeteko denbora izanen da.

Ariketa honen gehieneko puntuazioa 30 puntukoa izanen da eta bazterturik geldituko da 15 puntu bederen ateratzen ez duen izangaia.

6.2.3. Hirugarren ariketa.-Proba psikoteknikoak, izangaiak lanpostuari nola egokitzen zaizkion neurtuko dutenak. Proba hau egiteko, Nafarroako Gobernuko Psikologia Aplikatuaren Institutuak bere laguntza emanen du.

Ariketa honetan gehienez ere 20 puntu emanen dira.

7.-Prestakuntza ikastaroa.

7.1. Oposizioko probak amaitu ondotik, epaimahaiak jendaurrean aterako ditu gainditu duten izangaien zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatua, eta prestakuntza ikastaroan onartutakoen zerrenda, zeina osatuko baita puntuaziorik altuena atera duten lehenbiziko lau izangaiekin.

Prestakuntza ikastaroa Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren esku geldituko baita, ikastaroko barne-arauak erakunde horretxek finkatuko ditu eta ikastaroaren hasieran izangai bakoitzari emanen zaizkio. Ikastaroan gaikako arlo desberdinak landuko dira, saio teoriko eta praktikoen bidez.

7.2. Ikastaroa gainditzeko, izangaiek arlo bakoitzari dagokiona aprobatu beharko dute, eta horretarako atera beharko dituzte barne arauetan haietako bakoitzarentzat finkatu diren puntuen erdiak bederen. Ikastarotik kanporatzen ahalko dira eta, beraz, oposizio-lehiaketatik, ikastaroko barne arauak larriki hausten dituzten izangaiak. Epaimahaiak hartuko du kanporatzeko erabakia, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko organo eskudunen proposamena ikusirik. Azkeneko kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da.

8.-Gaindituen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Prestakuntza ikastaroa amaiturik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak epaimahaiari igorriko dizkio handik ateratako puntuazioak eta azken kalifikaziorako proposamena.

8.2. Horiek ikusirik, epaimahaiak onetsiko du prestakuntza ikastaroa gainditu duten izangaien zerrenda eta alkateari igorriko dio oposizio-lehiaketa gainditu duten izangaien zerrenda, lehiaketan eta oposizioan lortutako puntuazioaren ordenaren arabera egindakoa, eta alkateak Barañaingo Udaltzaingoko kabo izendatuko ditu oposizio- lehiaketa gainditu duten izangaiak. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izendaturiko izangaiek lanpostuaren jabetza hartu beharko dute izendapenaren jakinarazpenaren ondoko hamar egun naturalen barrenean. Horrela egiten ez dutenek, ezinbesteko kasuetan salbu, igotzeko eskubidea galduko dute eta, haien ordez, ondotik puntuaziorik handiena duten izangaiak sartuko dira.

9.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri eta aplikazio egintzen aurka, aurkezten ahalko da, aukeran, errekurtso hauetako bat:

Hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, berraztertzeko errekurtsoa, hori egin duen organoari zuzendua.

Bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo aurka jotzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Sailari zuzendua, edo, bestela,

Hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo aurka jotzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, gora jotzekoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .............................., Barañaingo Udaltzaingoko jarduneko funtzionarioa, .... kategorian diharduena.

Eskatzen dut onartua izatea Udaltzaingoko kabo izateko lau lanpostu oposizio- lehiaketa bidez betetzeko deialdian, eta adierazten dut eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Halaber, behar diren agiriak eransten ditut, deialdi honen lehiaketaldirako alegatzen ditudan merezimenduak frogatzeko.

Horrenbestez:

Eskatzen dizut eskabide hau ontzat eman eta, horren ondorioz, onar nazazula Udaltzaingoko kabo izateko lau lanpostu betetzeko deialdian.

Barañainen, 2000ko .......aren .....(e)an.

(Sinadura)

BARAÑAINGO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

A) Titulu akademikoak:

-Doktor gradua: 5 puntu.

-Goi mailako titulua: 4 puntu.

-Erdi mailako titulua: 3 puntu.

-Goi mailako batxilergoaren titulua edo baliokidea: puntu 1.

-Bestelako titulu ofizialak: gehienez ere 3 puntu.

Atal honetako gehieneko puntuazioa 5 puntukoa izanen da.

B) Administrazio publikoetan emaniko zerbitzuak:

-Barañaingo Udaltzaingoan emaniko zerbitzu-urte bakoitzagatik, baldintza gisa eskatzen diren bi urteetatik goiti: puntu 1.

-Aurrekotik aparteko lanpostuan, hartarako gutxienez Eskola Graduatuaren titulua edo baliokidea eskatu bada, zerbitzu urte bakoitzagatik: 0,25 puntu.

Urtetik beherako denbora zatientzat proportzioko kalkulua aterako da.

Ez dira batuko aldi berean emandako zerbitzu desberdinak, ezta deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoren ematen direnak ere.

Atal honentzako gehieneko puntuazioa 5 puntukoa izanen da.

C) Lanbide curriculuma:

Atal honetan baloratuko dira izangaiek alegatzen dituzten gainerako merezimendu guztiak, lanpostuarekin zerikusia izanik aurreko ataletan kontuan hartu ez badira.

Atal honentzako gehieneko puntuazioa 5 puntukoa izanen da.

D) Euskaraz jakitea ere baloratuko da, 1994ko uztailaren 4ko 135/1994 Foru Dekretuko 22 eta 23. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Departamentuak emanen du izangaien euskara mailaren berri eta 5 puntura bitarteko puntuazioa ematen ahalko da.

III. ERANSKINA

Gai zerrenda orokorra

1.-1978ko Espainiako Kostituzioa. Oinarrizko printzipioak. Eskubideak eta askatasunak. Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. Oinarrizko printzipioak. Nafarroaren eskumenak.

2.-Ordenamendu juridikoaren sorburuak. Konstituzioa araua den aldetik. Legeak. Motak. Erregelamenduak. Beste sorburu batzuk: ohitura, printzipio orokorrak. Jurisprudentzia.

3.-Administrazio Publikoa. Araubide juridikoa. Kontzeptua, motak, helburuak. Antolaketaren printzipioak. Administrazio egintza. Administrazio egintzaren jakinarazpena.

4.-Administrazio prozedura. Administrazio prozeduren gaineko xedapen orokorrak. Administrazio prozedura zehatzailea. Printzipioak. Faseak.

5.-Barañaingo Udalaren antolakuntza politiko eta administratiboa. Alkatea. Osoko bilkura. Batzordeak. Eskumenak eta eginkizunak.

6.-Udal arloko legedia. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa. Toki Araubideko Oinarriei buruzko Legea.

7.-Zigor legedia. Kode Penala. Delitua eta hutsegitea. Zigorrak. Inguruabar salbuesleak, aringarriak eta astungarriak. Zigor prozedurako legedia. Poliziaren eginbideak. Delituaren frogantza eta delitugilea bilatzea. Leku itxira sartu eta hura arakatzea.

8.-Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legea. Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra. Automobiletarako nahitaezko asegurua, erantzukizun zibilekoa.

9.-Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoa. Poliziaren Kidego Nazionala. Guardia Zibila. Eginkizunak. Eskumenak. Menpekotza. Antolakuntza hierarkikoa.

10.-Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legea. Udaltzaingoak. Eginkizunak. Eskumenak. Menpekotza. Antolakuntza hierarkikoa.

III. ERANSKINA

Gai zerrenda berariazkoa

1.-Poliziaren eskuhartzea jabetzaren kontrako delituetan (lapurreta, ebasketa) eta etxebizitza partikularretan egindakoetan.

2.-Atxiloketa poliziala. Legezko edo legez kanpoko atxiloketa. Hutsegiteengatiko atxiloketa. Adin txikikoak eta atzerritarrak atxilotzea. Letratuaren laguntza atxilotuari. "Habeas Corpus" prozedura.

3.-Agintaritzako agenteei desobeditzea. Irain, laido eta mehatxuak.

4.-Lege sektorialen ondorioz sortutako polizia administratiboa. Hirigintzaren arloko diziplina. Ingurugiroaren babesa. Ikuskizun eta establezimendu publikoetako polizia.

5.-Barañaingo Udalaren ordenantzak: ideia orokorra. Ordenantza ez-fiskalak.

6.-Ibilgailuen zirkulazioa. Baldintza administratiboak eta teknikoak. Bidaiariendako zerbitzu publikoak. Ibilgailuen agiriak. Zirkulazio baimena, ikuskapen teknikoaren txartela eta derrigorrezko asegurua. Kasu bereziak. Matrikula plakak.

7.-Gidarien agiriak. Gidatzeko baimen eta lizentziak.

8.-Trafikoko arau-haustea. Trafikoko gaietako zehapen prozedura. Salaketa. Deskarguen orria. Errekurtsoak.

9.-Argiketak: garrantzia, balioa eta esanahia. Argiketa izapidatzea zirkulazio istripuetan. Trafiko istripua, kontzeptua eta motak

10.-Ibilgailu motordunekin egindako delituak. Trafikoaren segurtasunaren aurkako delituak. Edari alkoholiko edo drogen eraginaren azpian gidatzea. Ausarkeriaz gidatzea. Zirkulazioarentzako arrisku larria sortzea.

Iragarkiaren kodea: A0007486