100. ALDIZKARIA - 2000ko abuztuaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

762/2000 EBAZPENA, uztailaren 28koa, Herrilan zuzendari nagusiak emana, "Zaragoza-Altsasu trenbidean Milagroko 100/738 eta 101/467 k.p.etan dauden pasabideak kentzea" izeneko proiektua behin betikoz onetsi eta lanen kontratazio espedientea ere onesten duena.

Trenbide eta Aireportuetako Azpiegituren Zerbitzuak behin betikoz onets dadin aurkeztu du "Zaragoza-Altsasu trenbidean Milagroko 100/738 eta 101/467 dauden pasabideak kentzea" izeneko proiektua, lanen kontratazio espedientearekin batera. Kontrata bidezko exekuzio aurrekontua 35.250.285 pezetakoa da (211.858.48 euro), eta lanak egiteko epea 3 hilabetekoa.

Pasabide horiek kentzeko egin behar diren lanak zehazten dira proiektuan: finketara joateko bide berri bat egitea, orain erabili behar diren pasabideak saihestu ahal izateko; hala ere, trenbidearen aldamenetan larratzeko eskubidea dagoenez, aziendarendako pasabidea egin behar da, baina ez trenbidearen mailan. Pasabide horri buruzko proiektua egiten ari dira.

Trenbide eta Aireportuetako Azpiegituren Zerbitzuak txosten berean azaldu du proiektua jendaurrean egoteko epea, Herrilan zuzendari nagusiak maiatzaren 24ko 509/2000 Ebazpenaren bidez emaniko onespen teknikoaren ondoren ireki zena, amaitu dela, eta ukituriko ondasun eta eskubideen jabeek proiektuari buruzko alegaziorik aurkeztu ez dutenez, bidezkoa dela behin betikoz onestea.

Kontratazio espedientea formalizatu da, zeinetan Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legean eskatutako dokumentu guztiak bildu baitira.

Horrenbestez, Trenbide eta Aireportuetako Azpiegituren Zerbitzuak azaldu eta proposatutakoari jarraikiz, Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzaileak emandako adostasuna ikusirik, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legearen 12. artikuluak eta urriaren 7ko 3912/1999 Foru Aginduak emandako ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Behin betikoz onestea "Zaragoza-Altsasu trenbidean Milagroko 100/738 eta 101/467 k.p.etan dauden pasabideak kentzea" izeneko proiektua. Kontrata bidezko exekuzio aurrekontua 35.250.285 pezetakoa da (211.858.48 euro), eta lan horiek egiteko epea 3 hilabetekoa.

2. "Zaragoza-Altsasu trenbidean Milagroko 100/738 eta 101/467 k.p.etan dauden pasabideak kentzea" izeneko proiektuko lanen kontratazio espedientea onestea.

3. Horrekin batera 35.250.285 pezetako (211.858.47 euroko) gastua onestea, 2000ko aurrekontuari dagokion "Trenbideko pasabideak kentzea" izeneko 61410-6010-5131 kontusaileko 96001-8 lerroaren kargura.

4. Adjudikazio aldiari hasiera ematea; prozedura irekia izanen da eta enkante bidez eginen da.

5. Aipatu lanak kontratatzeko adjudikazio prozeduran arituko den Kontratazio Mahaiko kideak izendatzea. Hauek dira:

Mahaiburua: Miguel Muñoz Castiel jauna, Trenbide eta Aireportuetako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria, eta, ordezko, Esteban Faci Paricio jauna, Geologi eta Geotekni atalburua.

Mahaikideak: Martín Pérez Trecu jauna, Garraioko Azpiegiturak Kudeatzeko atalburua, eta, ordezko, Miguel Díaz Otero jauna, Mapagintza, Kontrol eta Erregistrorako bulegoburua.

Eduardo Martín Diez Oñate jauna, Kartografi atalburua, eta, ordezko, Carlos Acaz Biesa jauna, Azpiegitura Geologikoaren bulegoburua.

María Eugenia Saragüeta Urtasun andrea, Araubide Juridikoaren atalburua, eta, ordezko, Lorenzo Serena Puig jauna, Administrazio Publikoko teknikaria (arlo juridikoa); biak Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari atxikiak.

María Jesús Ezquer de Miguel andrea, eta, ordezko, Carmen Catalán Heredia andrea, Ekonomi eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzaile delegatuak, lehena Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan eta bigarrena Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuan.

Lizitatzaileek proposamenak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo eguneko 11:00etan bilduko da Kontratazio Mahaia, "Dokumentazioa" biltzen duten gutunazalak ireki eta aztertzeko. Ondoren, "Proposamen ekonomikoa" biltzen duten gutunazalak jendaurrean irekitzeko bilduko da, lizitazio iragarkian adieraziko den eguneko 12:00etan; iragarkia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

6. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Trenbide eta Aireportuetako Azpiegituren Zerbitzura, Idazkaritza Teknikora (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa), Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatura eta Kontratazio Mahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi milako uztailaren hogeita zortzian.-Herrilan zuzendari nagusia, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: A0007423