88. ALDIZKARIA - 1999ko uztailaren 16a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

- A G O I T Z

Deialdia, 1. m.ko mantenimenduko ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko

.

Udal honek deialdia iragartzen du, 1. m.ko mantenimenduko ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko, honako arauei jarraikiz.

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Agoizko Udalaren zerbitzuan aritzeko 1. m.ko mantenimenduko ofizial bat hartzeko deialdia egin da, Udaleko D mailako funtzionarioen arteko igoera txanda murriztuan.

1.2. Lanpostu horrek Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko C mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu.

1.3. Lanaldia aplikatzekoa den arautegiak ezartzen duena izanen da, eta era berean oporraldia, festa egunak, dietak eta gainerako eskubideak. Hala ere, administrazio organo eskudunek noiznahi aldatu ahalko dute lanaldia, zerbitzuaren beharrak hala eskatzen duenean.

1.4. Izendatuak zerbitzua emanen du honako funtzio hauek betez: deialdiko kategoriari dagozkionak, hala nola mantenimendua hainbat alderditan -eskualdeko ikastetxe publikoa, erantsitako instalazioak, lorategiak eta organo eskudunak adierazitakoak-, etxezaintza, mota guzietako udal zerbitzuak ematea, eta Agoizko Udalak bereziki adierazitakoak.

2. oinarria.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Txanda murriztuko hautaprobetan onartuak izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Agoizko Udaleko funtzionario izatea eta D mailan sarturik egotea.

b) Beharrezko titulazioa, hots, goi mailako batxilergoa, bigarren mailako lanbide heziketa edo baliokidea izatea eta D mailan bost zerbitzu urte benetan eginak izatea Nafarroako Administrazio Publikoen edo haien erakunde autonomoen barnean.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszendentzian ez egotea.

d) Behar diren hautaprobak gainditzea.

e) Funtzio publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea eta inongo administrazio publikotik bartzerturik ez izatea.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Oposizio-lehiaketan parte hartu nahi dutenek Agoizko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dute eskabidea, hilabeteko epearen barnean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.2. Eskatzaileek eskabidean, jatorrizkoak edo administrazio zein notario bidez konpultsatutako kopiak aurkeztuz, merezimenduak alegatu beharko dituzte, deialdiko 6. atalean ezarritakoari jarraikiz oposizio-lehiaketako epaimahai kalifikatzaileak baloratu behar dituenak.

3.3. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

a) Izangaiak deialdiaren 2. arauan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak.

b) Izangaiak alegatzen dituen merezimenduak kreditatzen dituztenak

3.4. Instantziak aurkezteko epea luzaezina izanen da

4. oinarria.-Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea akiturik, alkate jaunak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

4.2. Interesatuek behin-behineko zerrenda argitaratu eta hamar egun balioduneko epearen barrenean erreklamazioak aurkeztu ahalko dizkiote.

4.3. Alkatetzak, aurkezten diren erreklamazioak ebatzitakoan, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, oposizio-lehiaketaren probak non, noiz eta zein ordutan hasiko diren adieraziko delarik.

5. oinarria.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Epaimahaia ondoko hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Agoizko Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Agoizko Udaleko lehenengo alkateordea.

Mahaikidea: Joaquín Allo Eleta jauna.

Ordezkoa: José María Urquiza Echavarren jauna.

Mahaikidea: Jesús María Mangado Beroiz jauna.

Ordezkoa: Carlos Echarte Urtasun jauna.

Mahaikidea: José Ignacio Zufiaur Carreño jauna.

Ordezkoa: José María Bayona Saez jauna.

Mahaikide idazkaria: Francisco Javier Beaumont Larequi jauna.

Ordezkoa: Loreto Echavarren Sanz andrea.

5.2. Epaimahaiak hautaprobak egin aurretik eratu beharko du eta ezin izanen du jardun gutienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

5.3. Epaimahaiak deialdi honen arauak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak gehiengoz ebatziko ditu.

5.4. Epaimahaiak aholkulari espezialistak ekarri ahalko ditu proba batzuetan edo guztietan. Aipatu aholkulariak haien espezialitate teknikoetan arituko dira bakarrik.

6. oinarria.-Lehiaketaldia.

6.1. Hautagaiek aurkeztu merezimenduak honako baremoaren arabera baloratuko ditu epaimahai kalifikatzaileak:

a) Lanbide curriculuma

Prestakuntza ikastaroak egitea, haren funtzioaren gaiei buruzkoak, titulu-egiaztagiri bakoitzeko puntu bat, eta gehienez ere 10 puntu.

Eskatzen dena baino maila altuagoko titulu akademikoa izateagatik, gehienez ere 5 puntu.

Baremoan balorazio espezifikoa izan eta merezimendutzat alegatzen diren tituluak eskuratzeko ezinbestez eduki behar diren maila baxuagoko tituluak ez dira baloratuko.

Era berean, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko baldintza den titulua.

b) Euskararen ezagupenagatik, egiaztagiri bidez kreditatuko dena, gehienez ere 4 puntu.

6.2. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, eta gehienez ere 19 puntu eman ahalko dira.

7. oinarria.-Oposizioaldia.

7.1. Oposizioaldiak ondoko ariketa hauek izanen ditu:

Lehendabiziko ariketa: praktikoa. Epaimahaiak ezarriko du eta 1. m.ko ofizialak bete beharreko funtzioekin zerikusia duten gaiei buruzkoa izanen da eta gehienez ere bi orduko iraupena izanen du. Ariketa honetako gehieneko puntuazioa 30 puntukoa izanen da, eta izangaiek gutxienez ere 15 puntu erdietsi beharko dute gaitzat hartzeko.

Bigarren ariketa: teorikoa. Idatziz erantzutea epaimahaiak egin 25 galderei, 1.4 arauko bete beharreko funtzioei eta Nafarroako administrazio publikoei buruzkoak. Iraupena, gehienez ere, bi ordu. Ariketa honetan gehieneko puntuazioa 25 puntukoa izanen da, eta izangaiek gutxienez ere 12,5 puntu erdietsi beharko dute gaitzat hartzeko.

7.2. Ariketa bakoitza bukatutakoan epaimahaiak, hamar eguneko epean, aditzera emanen ditu Agoizko Udalaren iragarki oholean lortu diren kalifikazioak eta hurrengo ariketa noiz eta non eginen den.

7.3. Ariketak deialdi bakarraren bidez eginen dira. Izangaiek nortasun agiri nazionala eskura dutela agertu beharko dute. Bertaratzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

8. onarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

8.1. Azken ariketa puntuatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu, Agoizko Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, pobrak gainditu dituztenen zerrenda, eskuratutako puntuazioaren ordenarekin, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortu puntuazioak batuz, eta izendapen proposamena.

9.-Agiriak aurkeztea.

9.1. Proposatutako izangaiek, jakinarazpen indibiduala izan edo proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hogeita hamar egun naturaleko epean, Agoizko Udalaren erregistro orokorrean ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Zinpeko adierazpena, funtzio publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu ez dutela dioena.

c) Egiaztagiri mediku ofiziala, interesatuak kargua betetzen egogozten dion eritasun edo akats fisikorik ez duela kreditatzen duena.

9.2. Ezarri epean, eta behar bezala justifikatutako ezinbestekoak salbu, proposatutako izangaiak agiri horiek aurkezten ez baditu ezingo du karguaren jabetza hartu eta jarduketa guztiak indarrik gabe geldituko dira, ezertan ukatu gabe hasierako eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezakeen erantzukizuna.

9.3. Aurreko puntuan aurreikusitako kasuan Udalak kargua beteko du 8.1. arauak aipatu zerrendan ondoren datozen hautagaiekin.

10. oinarria.-Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Hautaprobak bukatutakoan, Agoizko Udalak izendapen proposamenean adierazitako izangaia izendatuko du.

10.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.3. Izendatzen den izangaia izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean jabetuko da lanpostuaz. Aipatu epearen barrenean, eta aski ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostuaz jabetzen ez bada Agoizko Udaleko 1. m.ko mantenimendu ofizial izateko eskubideak galduko ditu. Hala gertatzen bada, aurreko arauan aurreikusi eran jokatuko da.

11. oinarria.-Deialdiaren aurkako errekurtsoak.

Deialdiaren, bere oinarrien eta egintza administratiboen aurka paratzen ahalko dira Nafarroako toki entitateendako aurreikusiriko errekurtsoak.

Agoitzen, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko maiatzaren hogeita bostean. Alkatea, José Manuel Gárriz Vizcay.

I. ERANSKINA

Izena: adinez nagusia

N.A.N.: .................

Jaioteguna: ................ Sorlekua:

Bizilekua: ....................... Telefonoa:

Zure aitzinera agertzen naiz eta hau diot:

Agoizko Udalaren zerbitzuko 1. m.ko mantenimendu ofizial izateko lanpostua oposizio murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Eskaturiko baldintza guztiak biltzen ditudala, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Horrenbestez,

Eskatzen dut: Agoizko Udalaren zerbitzuko 1. m. mantenimendu ofizial izateko lanpostua oposizio murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea.

Iragarkiaren kodea: A9905798