88. ALDIZKARIA - 1999ko uztailaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

128/1999 FORU AGINDUA, ekainaren 10ekoa, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean kontrol metrologikoaren antolaketa ezartzen duena.

Ekainaren 28ko 1296/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren eta abenduaren 30eko 13/1996 Legearen bidez aldaturiko Metrologiari buruzko martxoaren 18ko 3/1985 Legea da kontrol metrologikoaren arloko legegintzarako oinarrizko abiapuntua, kontsumitzaile eta erabiltzaileen segurtasuna, haien osasunaren babesa eta interesak defendatzeko asmoz, pisatu, neurtu edo kontatzeko balio duten tresna, aparatu, baliabide eta sistemak kontrol metrologikoaren ondoren bakarrik ekoizten, inportatzen, merkaturatzen edo erabiltzen ahalko direla ezartzen baitu.

Nafarroako Foru Erentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 58.1.d artikuluak ezartzen du Nafarroari dagokiola pisaketa eta neurketen arloko Estatuko legeria betearaztea.

Abuztuaren 1eko 1774/1985 Errege Dekretuak pisaketa eta neurketen arloan Industria eta Energia Ministerioak egiten zituen zerbitzu eta eginkizunak Foru Komunitateari transferitu zizkion, besteak beste.

Urriaren 9ko 189/1985 Foru Dekretuaren bidez, zerbitzu eta eginkizun horiek Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari atxiki zitzaizkion.

Eginkizun horiek zuzentasunez eta eraginkortasunez betetzeko beharrezkoa da gero eta espezializazio gehiago eta baliabide tekniko gehiago izatea. Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan "Centros Tecnológicos de Navarra, S.A." (CETENASA) kapital publikoko sozietatearen bidez nahiko betetzen ahal dira, horren gaitasun teknologikoak eta metrologia industrialaren arloan duen esperientzia luzeak frogatzen dute tresna egokia dela legezko metrologiaren arloan eginkizunak burutzeko.

Horregatik, eta legezko metrologiaren nahasiagatik, bidezkotzat jotzen da Departamentu honi arlo horretako Estatuko arauteria burutzeko dagozkion eginkizunak antolatzea.

Hori horrela, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria,

AGINDU DUT:

1. artikulua.-Eskumenak.

Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak beteko du Nafarroako Foru Komunitatean legezko metrologiaren arloan Estatuko legeria, Industri Zuzendaritza Nagusiaren bidez.

Hona hemen eginkizun horiek:

-Kontrol metrologikoa

-Kontrol metrologikoaren erregistroa.

-Metrologia egiaztatzeko laborategiak gaitzea.

2. artikulua.-Kontrol metrologikoa.

2.1. Industri Zuzendaritza Nagusiak irailaren 11ko 1616/1985 Errege Dekretuan aurreikusiriko kontrol metrologikoari dagozkion eginkizunak izanen dituzte, eredua onesten eta hasiera batez egiaztatzen.

2.2. Konpondu edo aldatu ondoren eta aldian-aldian egiaztatzeko kontrol metrologikoko faseak "Centros Tecnológicos de Navarra, S.A." (CETENASA) kapital publikoko sozietateak eginen ditu, Foru Agindu honen I. eranskinean ezarri bezala.

2.3. 2.1 idatz-zatian xedaturikoa deustan galarazi gabe, CETENASAk eredua onetsi eta hasiera batez egiaztatzeko faseak burutzeko behar diren saioak egiten edo kudeatzen ahalko ditu.

3. artikulua.-Kontrol metrologikoko erregistroa.

3.1. Industri zuzendaritza Nagusiak irailaren 11ko 1618/1985 Errege Dekretuan aurreikusiriko kontrol metrologikoko erregistroari dagozkion eginkizun eta zerbitzuak burutuko ditu.

4. artikulua.-Laborategiak.

4.1. Industri zuzendaritza Nagusiak irailaren 11ko 1617/1985 Errege Dekretuaren aplikazioaren ondoriozko eginkizun eta zerbitzuak eginen ditu. Horren bidez "egiaztapen motrologikoko laborategiak, ofizialki baimenduak" gaitzeko prozedura ezarri zen.

5. artikulua.-Zainketa eta ikuskaritza.

5.1. Industri zuzendaritza Nagusiak bere gain hartzen du metrologiari buruzko legerian ezarririkoa betetzea bermatzeko zainketa eta ikuskaritzari dagozkion eginkizunak burutzea.

5.2. Arestiko idatz-zatian ezarririkoa deustan galarazi gabe, CETENASAk ikuskaritza ahalmena izanen du, Industri zuzendaritza Nagusiari jakinarazteko egiaztapena eskatu edo gainditu ez duten neurketa aparatu, tresna edo sistemak badaudela, kudeaketaren esleipenaren esparru materialaren barruan.

6. artikulua.-Zuzendaritza eta koordinazioa.

6.1. Industri zuzendaritza Nagusiak egiaztapen metrologikoko zerbitzuaren zuzendaritza eta koordinazioa edukiko du eta behar diren jarraibide guztiak ematen ahalko ditu arauetan xedaturikoa betearazteko.

7. artikulua.-Prezioak eta tasak.

7.1. Administrazioak egiten dituen kudeaketa metrologikoko zerbitzuetan Nafarroako Foru Komunitateko tasa eta prezio publikoei buruzko legerian xedatu bezala eginen da.

7.2. CETENASAk Foru Agindu honen 2. eranskinean adierazten diren diru kopuruak hartuko ditu kontrol metrologikoaren arloko zerbitzuengatik.

7.1. CETENASAk, halaber, eginiko zerbitzuak Erregistro Ofizialean inskribatzeko tasak bilduko ditu eta diru- kopuru horiek Nafarroako Gobernuak adierazten dion kontuan sartuko.

8. artikulua.-Laborategi Ofiziala

CETENASA izanen da Nafarroako Foru Komunitateko laborategi ofiziala neurketa aparatuak egiaztatzeko, interesatuek eskaturik, baita Administrazio honek legezko metrologiaren esparruan egin behar dituen gainerako egiaztapenak egiteko ere.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko ekainaren hamarrean.-Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Ramón Bultó Llevat.

I. ERANSKINA

Konpondu edo aldatu ondoren edo aldian-aldian egiaztatzeko CETENASAk egin beharreko eginkizunak

1.-Legezko metrologiaren eginbeharrak subjektu ukituen artean eta guztien artean zabaltzea, komunikazioak eta liburuxkak zabalduz, etc.

2.-Esleituriko eginkizun eta zerbitzuen administrazio izapidaketarako behar diren inprimakiak prestatzea.

3.-Kontrolatu beharreko neurketa aparatu, tresna edo sistemen zentsuak prestatzea kontrol metrologikoko faseetan.

4.-Egiaztapen metrologikoaren eskabideak hartzea.

5.-Aldian-aldian edo kopondu edo aldatu ondoren egiaztatzeko saioak egitea, bai bere baliabideekin, bai beste batzuen baliabideekin.

6.-Arestiko lerroaldean adieraziriko egiaztapenen ziurtagiriak luzatzea, hala bada.

7.-Ezarririko kontzeptuetan adieraziriko kopuruak erabiltzaileei kobratzea.

8.-Eginiko ikuskaritza bakoitzerako ezarririko tasei dagozkien tasak Nafarroako Gobernuak adierazten duen kontuan sartzea.

9.-Administrazioari ezartzen den maiztasunarekin, eskatzen dizkion datuak jakinaraztea, eta Foru Agindu honen 5.2 idatz-zatian xedaturikoa betetzea.

II. ERANSKINA

1.-CETENASAk aldian-aldian edo konpondu edo aldaketaren ondoren egiaztatzeko zerbitzuengatik eska ditzakeen prezioak.

a) Automobilen pneumatikoetarako erabilera publikoko manometroak, eskuzkoak zein elektronikoak: 3.000 pezeta.

b) Funtzionamendu ez automatikoko pisaketa tresnak:

b.1.) 50 kg baino gutxiago: 5.000 pezeta.

b.2.) 51tik 500 kg.ra bitarte: 15.000 pezeta.

b.3) 501etik 3.500 kg.ra bitarte: 25.000 pezeta.

b.4) 3.501etik 20.000 kg.ra bitarte: 75.000 pezeta.

b.5) 20.001etik 40.000 kg.ra bitarte: 100.000 pezeta.

b.6) 40.000 kg baino gehiago: 135.000 pezeta.

c) Giza kontsumorako produktu ultraizoztuak garraiatzeko tenperaturaren erregistragailuak: 20.000 pezeta.

d) Taximetroak izeneko kontagailu takikronometrikoak: 4.000 pezeta.

e) Karburante eta erregai likidoak hornitzeko ura ez beste isurkariak neurtzeko sistemak. Ureztatzeko mahuka bakoitza: 3.500 pezeta.

f) Txinparten bidez pizteko motorrez hornituriko ibilgailuen ihes-gasen jaurtiketak neurtzeko tresnak: 20.000 pezeta.

g) Erregelamenduzko kontrol metrologikoaren menpeko bestelako neurketa ekipoak.

Beren ezaugarriengatik (proba berezien beharra, merkatuko unitate kopurua, tamaina, eta abarrengatik) CETENASA ez beste laborategien eskuhartzea behar duten neurketa ekipo guztietarako, saioen kostua gehi 1.500 pezeta, kudeketaren gastuengatik, izanen da tarifa. Beste laborategi batzuetan egin beharreko saioen aurrekontua aldez aurretik jakinaraziko zaio eskatzaileari eta horrek espreski onartuko du.

2.-Aldian-aldian eta konpondu edo aldatu ondoren egiaztatzeko fasean kontrol metrologikoaren menpe ez dauden aparatu eta sistemetako saioak.

a) G4 gasa eta txikiagoak kontatzekoak: 2.000 pezeta.

b) Kontagailu elektrikoak:

b.1) Monofasikoak: 2.000 pezeta.

b.2) Trifasikoak: 2.500 pezeta.

c) Manometroak egiaztatzea: 2.000 pezeta.

d) Ur kontagailuak. Tarifak eranskin honetako g) idatz-zatian xedaturikoaren arabera kalkulatuko dira.

3.-CETENASAk bildu beharreko tasa, eginiko zerbitzu bakoitzeko erregistro ofizialean inskribatzeko.

CETENASAk aplikatu eta kobratuko du 200 pezetako tasa hori, Erregistro Ofizialean inskripzio bat egiten den bakoitzean, eta diru hori Nafarroako Gobernuak adierazten dion kontuan sartuko du.

Iragarkiaren kodea: A9906182