Iragarkia
88. ALDIZKARIA - 1999ko uztailaren 16a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
- Beste Xedapenak
ERABAKIA, 1999ko ekainaren 7koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Zoliako Hiri Bioklimatikoaren Udalez Gaindiko Plan Sektorialari egindako alegazioen aldia ebazten duena.
I.-Aurrekariak.
Nafarroako Gobernuak, 1998ko abenduaren 28an egindako bilkuran, Udalez Gaindiko Plan Sektorial deklaratu zuen Zoliako Hiri Bioklimatikoaren Plana, Lurraldearen Antolamenduari eta Etxebizitzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako, eta zenbait neurri ezarri zituen behin-betikoz onetsi aurretik betetzeko. Abenduaren 28ko bilkura hartan, bestetik, espedientea jendaurrean jartzea erabaki zuen.
II.-Aurkeztutako alegazioak.
Espedientea jendaurrean egoteko aldian, eta horretarako jarritako epearen barrenean, honako alegazio-idazki hauek aurkeztu dira:
1.-Juana Josefa Azpíroz Beunza andrea.
2.-Julián Ignacio Cañas Labairu jauna eta beste batzuk.
3.-Antonio Perelló Santaulalia jauna.
4.-Miguel José Izu Belloso jauna, Iruñerriko Mankomunitatearen izenean.
5.-Martín Labiano Andrés jauna, bere izenean eta Jesús Labiano Larrea jaunaren ordezkari gisa.
6.-Ismael Caballero Domínguez jauna.
7.-José Lampreabe Blasco jauna.
8.-Roberto Urtasun Uriz jauna.
9.-Manuel Romero Pardo jauna, Aranguren Ibarreko alkatea, bere izenean eta udalaren ordezkari gisa.
10.-José María Senosiáin jauna, Eguesibarko alkatea, bere izenean eta udalaren ordezkari gisa.
11.-Juan Ignacio Urquía Lus jauna.
12.-Jesús Aldáriz Martín jauna, "Navarra de Medio Ambiente Industrial, S.A." enpresaren zuzendari kudeatzailea.
13.-David Afra Martínez jauna, Badostaingo Kontzejuko burua.
Epe barrenean aurkeztutako alegazio hauek edukiaren laburpena eta horientzako erantzuna honakoak dira:
1.-Juana Josefa Azpíroz Beunza andrea:
Alegatzailea Badostaindik eginen datekeen sarbideak ukitzen duen finka baten jabea da. Errepideak finka erditu egiten du eta, alegatzailearen ustez, ia-ia desagertarazi egiten du finka. Alegatzaileak krokis bat gehitu du, zeinean azaltzen baita errepidearen trazaduraren aldaketa bat, finkari hainbesteko kaltea ez egiteko.
Beste alde batetik, alegatzailearen ustez errepide berri horrek ez du zentzurik: errepide luze samarra da, nahiko altu doana eta etxebizitzak egonen ez diren herri bat ukitzen du.
Azkenik, aditzera ematen du errepiderako lurzorua lortzeko bortxazko bidea baliatu dela, eta ez dela bilatu, behar lukeen bezala, jabearen partehartzea karga eta onuren bidezko banaketa egiteko.
Horregatik, hauxe eskatzen du:
a) Lotzeko errepidea etxebizitzak dauzkan mugapetik egin dadila.
b) Hala ez balitz, interesatua sartu dezatela proiektuaren karga eta onuren banaketan.
c) Hala ez balitz, trazadura aldatu dadila, eransten den krokisean agertu bezala.
Erantzuna:
Lurralde edo hirigintza antolamenduari buruzko proposamenek, beti, tokian tokiko lurraldearekiko barren-lotura erakutsi behar dute eta elementuak udalerri batean edo bestean egiteak ez du, inola ere, proposamenaren azken emaitza baldintzatu. Bestetik, eta oraingo kasuan, alegazioaren xede den errepidea oso-osorik doa Zoliako hiri berriak ukitutako mugape batean barna.
Alegatzaileak trazadura aldatzeko egindako proposamenari buruz, adierazi beharra dago ez dela antzematen proposamenak abantaila funtzionalik dakarrenik UPSean aurreikusitakoaren aldean.
Azkenik, esan beharra dago desjabetzapen sistema hirigintzari buruzko legerian daudenetako bat dela eta ezerk ere ez duela eragozten bide hori erabiltzea egin behar diren errepideak lehengo errepideekin lotzeko.
Horrenbestez, ezetsi egiten da alegazio hori, beti ere ezertan galarazi gabe gero batean aztertu eta planteatu daitekeela errepidea egiteko beste proposamen bat, lurraldearen gaineko ikuspuntu zabalagotik, berriki onartu diren Iruñerriko Eskualdeko Hirigintzako Arauetan diren eraikuntza-aurreikuspenei jarraikiz. Beste proposamen bat planteatuko balitz, bidezko prozedura legalaren arabera tramitatuko litzateke.
2.-Julián Ignacio Cañas Labairu jauna eta beste batzuk:
Aurkeztutako alegazioak, laburbilduz, hauek dira:
a) Etxebizitza-mota bakoitzak hartuko duen lur-azalerak etxebizitzen merkatuaren errealitatera egokitu behar du eta, Babes Ofizialeko Etxebizitzen kasuan, gaur egun indarra duen legeriara.
b) UPSeko erabileren homogeneizazio-koefizienteak urruti daude errealitatetik eta Iruñerriko etxebizitzen gaur eguneko egoerara egokitu behar dira.
c) Planaren bideragarritasun ekonomikoa eta finantzazkoa eta hirigintzazko egokitasuna aztertu behar dira berriz, planaren ondoriozko probetxamendu mota ez baita aurreikusitakoa bezalakoa, kalkuluan errakuntza handi samarra egin baita alegatzaileen ustez.
d) Planaren ebaluazio ekonomikoa okerra da eta akats askokoa: ukitutako jabeei egozten ahal zaizkion kontusailak egoki xehekatzea falta da, sistema orokorrei dagozkien kontusailen araberakoa, Administrazioak bere gain hartu behar baititu horiek; ez da kontuan hartu UPSaren idazketaren eta gainerako tresnengatiko kosturik bat ere, ez eta behar diren beste kalteordain batzuena ere. Horren guztiaren ondorioz, azterketa zorrotz-zorrotza egitea eskatzen da, atal honetan adierazitakoa zuzentzearren.
e) Hirigintza-jarduketa honen kostu handia dela-kausa eta, bestetik,UPSean aurreikusitako erabileretan urbanizazioakk izanen dituen eragin larriak direla-eta, alegatzaileek uste dute plana ez dela bideragarria ikuspuntu ekonomikotik eta, beraz, ez dela egiten ahal pentsatutako denboran. Kontusail berezi bat nabarmentzen dute, "unitate energetikoei buruzkoa", 1.116.475.000 pezetakoa. Alegatzaileen ustetan, dirulaguntzarik ez badago, edo Administrazioak ordaintzen ez badu diru kopuru hori, Administrazioa baita "eskualdea behartu duena ur beroa, berokuntza eta aire hotza sortzeko hain irizpide berezia hartzera, etxebizitzak sobera ez garestitzeagatik".
f) Alegatzaileen ustez, UPSen eremuko lurzati batzuk lur urbanizaezintzat hartzeak kontra egiten dio Lurzoruaren Erregimenari eta Balorazioei buruzko 1998ko Legearen 9. artikuluan xedatutakoa, ez baitzaie lotzen artikulu horrek horrela sailkatzeko jartzen dituen betebeharrei. Aipatzen dituzte, zehatzago, "nekazaritzako produktibitate handikotzat" hartutako lurrak eta "herriguneen ingurukotzat" hartutakoak. Alegazioaren bukaera gisa eskatzen dute lur urbanizaezintzat, oker, sailkatutako lurrak aipatu legearen irizpideari segituz sailka daitezela, zeren, haiek diotenez, horren arabera, lur urbanizaezin izanen baitira.
Erantzuna:
a) puntuari: baietsi egiten da alegazioa.
b) puntuari: baietsi egiten da alegazioa.
c) puntuari: baietsi egiten da alegazioa. UPSaren probetxamendu mota aztertu behar da berriz.
d) puntuari: baietsi egiten da alegazioa.
e) puntuari: Ukaezina da jarduketaren kokalekuak beste kokaleku batek izanen ez zituzkeen lotzeko azpiegitura batzuk eskatzen dituela, eta horregatik gastu gehigarri batzuk ere bai. Baina zentzuzkoa da ohartaraztea da, bestetik, kokapen horregatik zoruaren kostua txikiagoa izanen dela lotura hobeak dituztenetan edo herrigune sendoetatik edo sendotzen hasiak diren herriguneetatik hurbilekoetan baino. Arestian aipatutakoa ez du kontuan hartu alegatzaileak kostuen azterketa egitean.
Beste aldetik, zenbait instalazio energetikori dagozkien kontusailak, 1.116.000.000 pezetako kopurua egiten dutenak (jabeari etxebizitzagatik eskatuko zaion kostu osoaren %25 inguru), dira alegatzaileak argudiatzen duena, hau da, kostu altu horrek erabileren gainean eragina duela eta, bere ustez, handiegia dela.
Bada, hasierako inbertsio hori, berez, handi samarra den arren, eta beste instalazioen aldean etxebizitzen kostuak igotzen dituen arren, aintzat hartzekoa da Zoliarako instalazio horiek Planaren helburu espezifikoak betetzeko egiten direla eta eragin ona izaten dutela gero batean energia aurreratzeko. Luzera begira, hortaz, errentagarriak izanen dira erabiltzaileentzat. Kontuan hartu beharko da, gainera, "unitate energetikoen" kostuen barrenean beste batzuk daudela sartuak, horien zenbateko zehatzik ez badakigu ere, eta, beraz, etxebizitzen eraikuntzaren kostutik deskontatu beharko direla. Nola nahi ere, kontusail horiek antolamendu jakin baten kontzepziotik eta diseinutik heldu dira eta, ezinbestean, eragina dute merkatura saltzeko aterako den bukaerako produktuan. Hori dela-eta, orain arte alegatutakoak eta alega litezkeen beste batzuk gorabehera, ez bide dago justifikatua alegatzaileek proposatzen dutena, hots, kontusail horiek halabeharrez administrazioak bere gain hartu beharra.
Aurrekoa esanik ere, eta eraikuntzen kostuek UPSetarako aurreikusitako erabileretan duten eragina azterturik, onartu beharrekoa da zenbaitetan handiak direla eta, beste batzuetan, elkarrekiko proportziorik gabeak. Beraz, eragina gako garrantzizkoa izanik Planaren bideragarritasuna baloratzean, ondorioztatu behar dugu bidezkoa dela bideragarritasun hori erabakitzen duten parametroak berriz aztertzea. Berrazterketa hori, neurri handi batean, aurreko alegazioen ebazpenen ondorioa da eta, berez, beste eszenatoki batera garamatza. Bidezkoa da, bestaldetik, antolamenduaren zenbait aspektu berrikustea, auzogune bakoitzerako sarbide gehiegi egoteari buruzkoa, esate baterako, gerta bailiteke kostuak gutxitzea eta, zalantza izpirik gabe, Planaren bideragarritasuna sendotzea.
Horrenbestez, hein batean baiesten da alegazioa.
f) puntuari: alegatzaileek esaten dute zenbait lurzati lur urbanizaezintzat sailkatzea ez zaiola lotzen legeriari, ez dagoelako lurralde-planik edo legeria sektorialik lurrak transformazioa galarazten duen babes-erregimen berezien menpe jartzen dituenik (Lurzoruaren Erregimenari eta Balorazioei buruzko apirilaren 13ko 6/98 Legearen 9.1 artikulua), eta ezein planeamendu orokorrek ez dituelako baztertu nekazaritzan, oihanzaintzan edo abeltzaintzan duten balioagatik. Alegatzaileak, inguruabar horietatik bat baztertzen du, hauxe hain zuzen: "planeamendu orokorrak hirigintzaren arloko garapenerako desegoki juzkatzen duena" (aipatu legearen 9.2 artikulua). Alegatzailearen ustez, beraz, aipatu legean ezarritako irizpidearen arabera, lurzati horiek "lur urbanizagarritzat" hartu behar dira. Alegatzaileek hori iritzirik, abiapuntutzat hartu behar da Udalez Gaindiko Plan Sektoriala lurraldea antolatzeko tresna bat dela, bere esparruko lurzorua sailkatzeko gaitasun legala duena (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 62.3 artikulua, hemendik aurrera LAHFL), eta kontuan hartu behar da udalaren planeamenduek men egiten behar diotela UPSren aginduei eta horretara egokitu behar dela udalaren planeamendua aldatzen edo berrikusten den bezain laster (LAHFLeko 62.1 artikulua). Horregatik, ez du zertan izanik problema legalik alegazioaren xede den planak lurzati batzuk lur urbanizaezintzat hartzea, deusetan ukatu gabe sailkapen hori indarra duen legeriaren irizpideen arabera egin behar dela.
Arestian aipatutakoa azaldurik, kontua da argitzea Planean lurzati batzuk lur urbanizaezintzat sailkatzea, kategoriak barne, sailkapen hori arautzen duten 6/98 Legearen irizpideekin bat datorren ala ez. UPSek, hala erabakitzeko, "herrigunearen inguruko lurtzat" hartu ditu lurzati horiek urbanizaezin gisa sailkatzeko. Zenbait arrazoirengatik (txostenaren 15. atala), UPSen ustez, lur horiek ez dira egokiak gero batean etxebizitzak eraikitzeko. Horri dagokionez, onartu beharra dago zaila dela defendatzea UPSean planteatutako "inguruko" lur frankoren ezaugarri objetiboak direla-eta, "desegokiak direla hiri garapenerako".
Hona iritsita, adierazi beharra dugu ez dagoela erabat justifikatua UPSean "ingurukotzat" hartutako lurzati asko lur urbanizaezin gisa sailkatzea, eta berriz aztertu beharko litzatekeela sailkapen hori. Zeharo justifikatu beharko da sailkapena. Horrek ez du esan nahi, hala ere, ezinbestean lurzati horiek lur urbanizagarri gisa sailkatu behar direnik, horrek, gainera, eskatuko bailuke horiek eta beren antolamendua Plan Partzialean bezalako zehaztasun mailarekin kalifikatzea.
Horrenbestez, hein batean baiesten da alegazioa. Onartzen da UPSaren proposamena, lurzati batzuk lur urbanizaezintzat hartzen dituena, sakon eta zorrotz berrikustea. Ezesten da, bestetik, alegatzaileek lur urbanizagarrien sailkapen berria egiteko aurkeztutako proposamena, deusetan ukatu gabe, beste alegazioetan lurzoru urbanizaezinen sailkapenari buruzko beste alegazio batzuk edo beste faktore batzuk ikusirik, lur urbanizaezin gisa sailkaturiko lurzati askori sailkapen hori ken dakiekeela.
3.-Antonio Perelló Santaulalia jauna:
Alegatzailea Hiri Bioklimatikoa egiteko planeamenduaren kontra azaldu da, baita bere lurren ordainean eskeini zaion prezioaren kontra ere. Ez du, ordea, adierazitakoaz beste argudiorik eman. Edozein modutan, eta bere lurrak behin-betikoz okupatzen baldin balira, uste du hondar gisa gelditzen diren triangelu moduko bi lurzati txiki ere okupatu beharko liratekeela. Eranskineko krokisean azaltzen dira bi lurzati horiek.
Erantzuna:
Alegatzaileak UPSaren kontra agertzea iritzi hutsa da, ez baitu aurkeztu kontra egote horren oinarrien berri izateko argudiorik.
Bere lurren trukean eskeitzen zaion diru kopuruaz, horren kontra ere azaldu baita, esan beharrekoa da kontu horrek ez duela ikustekorik UPSaren tramitearekin.
Bere bi lurzati txiki horiek okupazioaren barrenean sartzeari buruz esan beharra dago zentzuzkoa dela bere finkaren ipar-mendebaldeko zatia Banaketa-eremuan sartzea, baina ez ipar-ekialdekoa, azken honen erregulartasun-faltak ez duelako eragin nahikorik nekazaritzarako probetxamenduan.
Horrenbestez, hein batean baiesten da alegazioa, deusetan ukatu gabe, beste alegazio batzuen ondorioz edo beste faktore batzuengatik, alegatzaileen lurrak Banaketa-eremutik kanpora geldi daitezkeela beste banaketa-eremu bat planteatuko balitz.
4.-Miguel José Izu Belloso jauna, Iruñerriko Mankomunitatearen izenean.
Alegatzaileak oroitarazi du hornidura eta saneamendu sareek Mankomunitatearen horiei buruzko arautegia bete behar dutela eta Hirigintza Proiektuak sare horien elementuen neurriak justifikatu behar dituela. Ondoren ondokook planteatu ditu:
a) Ur-horniduraz: bidezko da Irigaraiko ur-biltegia handitzea, auzoberriaren horniduran zentzuzko eta beharrezko segurtasun-tarte bat izateko. Horretarako, Mankomunitateak hori handitu dadin proposatuko dio Nafarroako Gobernuari, heldu den Hirurteko Planean sartzearren; bizkitartean, behin-behineko hornidura ematen ahal zaio Zoliako Hiri Bioklimatikoari, beti ere baldintza gisa jarriz geroan ur-biltegia handituko dela. Gainerakoan, alegatzaileak kontu teknikoak aipatzen ditu, aurreikusitako hornidurarako eskema orokorrean kontuan hartu beharrekoak.
b) Atal honetan saneamenduaz nabarmendu egiten da, nagusiki, ur beltzak isurtzeko tokia 500 mm-ko kolektoreko putzua izanen dela. Kolektore hori Sadar errekaren ezkerreko bazterra da, Mutiloabeitiko herrigunetik hurbil.
c) Hiri hondakinen bilketaz: nabarmentzen da problema izan daitekeela 5 metroko sekzioa duten bideen bazterrean ibilgailuak egotea aparkaturik, baita zakuaren hondoan beste batzuk egon ahal izatea. Lehenbiziko kasuan zabor-bilketarako kamioiak pasatzea galaraziko luke, eta, bigarrenean, kamioiak jiratzea; alegatzaileak uste du tokia gorde beharko litzatekeela aurreikusitako edukiontziak jartzeko. Horretan estetika kontuan hartzea eskatzen da (hesiak konparazio batera).
Erantzuna:
a) puntuari: alegatzaileak aipatzen dituen hornidura-sistemaren ezaugarri teknikoei dagokienez, bidezko da UPSeko arautegiak erreferentzia egitea bete beharreko ezaugarri teknikoei buruz.
Alegatzaileak aipatzen du Mankomunitateak eskatuko diola Gobernuari Irigaraiko ur-biltegia handitzeko, heldu den Hirurteko Planean sar dezan. Horri dagokionez, ulertu beharra dago aipamen hori Mankomunitatearen asmoen aipamen hutsa dela, eta berez ez dela sartzen UPSaren edukiaren barrenean. Baina, Mankomunitateak ulertarazi nahi duena baldin bada UPSaren onarpen-ekintzan dagoeneko agertu beharra dagoela handitzeko konpromiso hori Hirurteko Planean jarri behar dela, adierazi behar da ezin dela onartu proposamen hori, Hirurteko Plan batek duen prozedura eta eskumen-arrazoiengatik.
Horrenbestez, hein batean baiesten da alegazioa.
b) puntuari: alegazioa baiestea, UPSean saneamenduari emandako soluzioari eustearren, alegazioan proposatzen denarekin bat datorren neurria delako.
c) puntuari: alegatzaileak aipatzen dituen bideetan ez dago aurreikusia inongo aparkalekurik, bide horietako pentsatutako sekzioa aski delako ezarritako eginkizunerako. Bideen diseinuan kamioiek buelta emateko elementuak jarri beharraz eta edukiontziak jartzeko tokia gorde beharraz, adierazi beharra dago arazo horiek konpondu behar direla, baina gero batean egiten den Hirigintza Proiektua dela horretarako tresna egokia.
Horrenbestez, hein batean baiesten da alegazioa.
5.-Martín Labiano Andrés jauna, bere izenean eta Jesús Labiano Larrea jaunaren ordezkari gisa.
Alegatzaileen ustez ez da egokia Arangurengo kontzejuan okupaturiko lurrak "oihaneko lur urbanizaezin" gisa sailkatu eta kalifikatzea. Aipatutakoa arrazoi hauengatik: ez dira betetzen horretarako apirilaren 13ko 6/1998 Legearen 9. artikuluko ezaugarriak; produktibitate handiko nekazari-lurrak dira; ezin da aplikatu kasu honetan apirilaren 13ko 6/1998 Legea, zeren, bere bigarren xedapen iragankorraren arabera, lurzoruaren sailkapenari buruzko erabakiak, indarra duen planeamendu orokorrik baldin badago, planeamendua berraztertzen denean hartu behar dira. Ez da oraingo kasua, beraz.
Planari zenbait faktore atzematen dizkiote, bideraezin bihurtzen dutenak: azpiegitura orokorren kostu handia; Planaren egiazko kostuak ezagutzeko ezintasuna, kontusail batzuk orokorregiak direlako eta sistema orokorrei buruzko kontusail batzuk urbanizazioari buruzkoekin nahasita doazelako; energia alternatiboak sortu eta horiek banatzeko azpiegitura berezien kostu altua, eta kostu horrek etxebizitzetan izanen duen eragina; tamaina handiko etxebizitza asko egiteko asmoa, saldu ezin direnak zentzuzko epe batean, gizarte-maila jakin bati zuzenduak. Azken honek kontra egiten dio Planaren helburuari, helburua, hasieran, etxebizitzak prezio neurrizkoan, edozein gizarte-mailarentzat, eskeintzea baitzen.
Azkenik, lurren trukean jabeei eskeintzen zaien prezioa onartezina da, txikiegia, beste edozein urbanizaziotarako eskeini dena baino askoz txikiagoa.
Ondorioz, hauxe eskatzen dute:
a) Beste kokaleku batzuk azter daitezela, behar diren azpiegiturak hurbilago egon eta, ondorioz, kostuak merkatzeko aukera ematen duten kokalekuak alegia.
b) Planaren etxebizitza mota, azalera eta kopurua aldatzea, urbanizazioaren eragina txikiagoa izan dadin eta Planaren helburuei lot dakizkien.
c) Ken dadila oihaneko lur urbaniezinaren kalifikazio perimetrala, eta lur horiek nekazaritzarako lurzoru gisa izan daitezela, orain diren bezala.
d) Ohiko urbanizazioaren kostuetarako bitarteko aldea, energia berriak erabiltzearen ondoriozkoa eta izaera esperimentalaren ondoriozkoak, Administrazioak har ditzala bere gain.
Erantzuna:
a) puntuari: Alegazio honetarako erantzun gisa, 2.e. alegazioarena ematea, edukiak erantzun egokia ematen baitio.
Horrenbestez, alegazioa ezesten da, deusetan ukatu gabe Planaren bideragarritasun ekonomikoa erabakitzen duten parametroak berriz aztertzeko aukera (kostuak merkatu eta bideragarritasuna aztertzearren).
c) puntuari: UPSek bere eraginpeko eremuan lurra urbanizaezintzat sailkatzeko gaitasun legalari dagokionez, ikus bedi 2.f alegazioari emandako erantzuna.
Hori esanik, argitzeko dagoena da, nonbait, hain modu orokorrean alegatzaileak aipatzen dituen lurren ezaugarriak "oihanekotzat" hartzeko modukoak ote diren edo, produktibitate handiko nekazari-lurrak izatearekin (hala esaten du alegatzaileak modu generikoan eta horretarako inolako justifikazioarik aurkeztu gabe), beste kalifikazio bat eman behar ote zaien. Bada, UPS egiteko erabilitako dokumentazioa azterturik, esan beharra dago UPSean proposatutako oihaneko lur urbanizaezinaren sailkapena, Arangurengo udalerriari dagokionez, gehien-gehienean, bat datorrela udalerri horretan indarra duen hirigintza-planeamenduan dagoenarekin. Lurzati jakin batzuk dira orain UPSek katogoria horretan sartzen dituztenak, horretarako balio eta ezaugarriak dituztelakoan.
Horrenbestez, ezetsi egiten da alegazioa, deusetan ukatu gabe beste alegazio batzuen ebazpenaren ondorioz edo beste faktore batzuk ikusirik, UPSean proposatutako lur urbanizaezinaren sailkapenaren berrikuspen erabatekoa egin litekeela.
d) puntuari: alegazio honetarako erantzunari dagokionez irakur bedi 2.e. alegaziorako erantzuna. Beraz, ezetsi egiten da.
6.-Ismael Cabellero Domínguez jauna:
Alegatzaileak adierazten du Planak helburuetako bat duela jarduketa aitzindari eta eredugarria izatea, besteak beste, energia berriztagarriak antolatu eta erabiltzeko baldintza bioklimatikoen arloan. Bere iritziz, hori kontuan hartuz, uste du aztertu beharko litzatekeela Planari hondakin-uretarako araztegi bikoitza gehitzea, plana osatzearren. Araztegiek energi sistema alternatiboak erabili beharko lituzkela. Alegatzaileak horren onurak deskribatu ditu.
Erantzuna:
Iruñerriko Mankomunitatearen txostenak, jendaurrean jarri den UPSaren dokumentazioari erantsita, zenbait aterabide aipatzen ditu hondakin-uren arazketa bertan egiteko. Aterabide hoberentzat hartzen du, gure kasurako, hondakin-uren hodiak eskualdeko kolektoreen sarera lotzea. Horrek eskatzen du, jakina, ur horiek Arazuriko EDAR enpresan tratatzea. Horrek epe laburrera errendimendu onak ekarriko ditu mankomunitatearen ustetan. Honela dio hitzez hitz "bioklimatizitatearen kontzeptuari hobeki lotzen zaizkion errendimenduak". Bestetik, nabaria da, eskalako ekonomiari jarraituz, ez dela komenigarria auzo edo herri berri bakoitzak bere kasa konpontzea hondakinen arazketaren problema.
Horrenbestez, ezetsi egiten da alegazioa.
7.-José Lampreabe Blasco jauna:
Alegatzailea Arangurengo Katastroko 11. poligonoko 288. lurzatiaren oinordetzazko usufruktuduna da. 24.123 m2-ko azalera du eta horretatik 2 heren dira laborantzako lurra eta beste herena larrea. Lurzati hori oihaneko lur urbanizaezin gisa sailkatu da eta UPSaren hirigintza-araudiko 170. artikuluari lotua dago. Alegazioak honako aspektuei buruzkoak dira:
Hasteko, zehaztasun falta dago aurreikusita dagoen basoberritze-lanari ekin beharra dagoen ala ez erabakitzeko. Ez dago garbi, bestaldetik, nork egin beharko lukeen, inork egin behar izanez gero.
Beste alde batetik, ez da bidezkotzat hartzen lur horietarako arautzea (UPSeko Araudiko 170.3.a. artikulua eta 165. artikulura jotzea).
Alegatzaileak adierazten du, halaber, lur horiek oihanekotzat hartzea eta UPSean sartzea "Zoliako Hiri Bioklimatikoaren" sorreraren eta geroko garapenaren irudia hobetzea dela, eta lur horietan egin litekeela Iruñerriko herritarrei mesede eginen liekeen parke bat; hots, lur batzuek etxebizitzak egiteko jarduerarekin lotzen dira, eta mugak eta kargak jartzen zaizkie, baina beste lur batzuen jabeak izan daitezen horren ondoriozko etekinak eta gainbalioak lortzen dituztenak.
Horregatik, horrek guztiak finkaren jabetzaren gaineko muga berezia dakar eta hori hiru modu hauetako baten bidez konpentsatu beharko litzateke: hirigintzaren bidez, etxebezitzak egiteko probetxamendua emanez, edo desjabetzapenaren bidez edo kalte ordainen bidez, gaur egun duen ekoizpen-gaitasuna mugatzeagatik.
Aurrekoarengatik, hiru erabaki hauetako bat hartzea eskatzen da:
a) Alegatzailearen lurzatia UPSaren eremura gehitzea, sistema orokorrean (oihan-parkea), etxebizitzetarako erabileran dagozkion probetxamenduaz aitortuz.
b) UPSean aurreikusitako erabakien ondorioz nekazaritzako jarduerari jartzen zaion muga berezia aitor dadila, eta horregatik kalte-ordaina eman dakiola, desjabetzapenaren bidez edo balio bereko beste bide baten bitartez.
c) Lurzatia herrigunearen inguruko lur urbanizaezintzat har dadila.
Erantzuna:
Hasteko, alegazioaren edukia azterturik esan daiteke alegatzaileak ez duela dudatan jartzen finka lur urbanizaezintzat hartzea. Beste asmoetarako soluzioak, c) aukeran azalduak, ongi aski berresten du hori.
Alegatzaileak planteatzen dituen arazoak hauek dira. Alde batetik, alegatzailea ez dago konforme finka oihanekotzat hartzearekin, horretarako baldintza objetiborik ez dagoelakoan, eta ez dago konforme, beraz, kategoria horren erabilera eta babesaren erregimenarekin, beti ere bazter batean utzirik sortzen diren kontraesan eta kongruentzia faltak, eta hori hala dela aitortu behar da, halaxe gertatzen baita UPSean egiten den proposamenaren arautzean. Beste alde batetik, zalantzan jartzen du arautze horrek lur horiei dakarkien muga berezia, batik bat kontuan hartzen bada egin litekeela lur horietan Iruñerriko herritarrei mesede eginen liekeen Oihan-parke bat, eta horrek hausten duela etekinen eta kargen banaketa zuzenaren printzipio urbanistikoa. Bi afera horiek ulertarazten dituzte alegatzaileak bere eskaeran azaltzen dituen a) eta b) konponbide alternatiboak.
Lehenbizikoaren gainean, bada, UPSean proposatutako oihaneko lur urbanizaezinaren sailkapena, alegatzaileak aipatzen dituen lurrei dagokienez, bat dator, erabat ia-ia, Arangurengo udalerrian indarra duen hirigintza-planeamenduan ezarritakoarekin; horrek ez du esan nahi, esan den bezala, UPSean ezarritako babes-erregimena kategoria horretan zuzendu behar ez denik.
Bigarrenaren gainean, berriz aztertu beharrekoa da UPSeko aurreikuspena, lur horietan eginen datekeen Oihan-parkeari buruzkoa. Azkenean, berretsi eginen balitz aurreikuspen horri eusteko premia, orduan bidezkoa izanen litzateke parke hori sistema orokorrekotzat hartzea, eta lurzorua lortzeko mekanismo legal egokiak ezartzea; kasu honetan, gainera, argitu eginen litzateke alegatzaileak agertutako duda, hots, lur horiek nork basoberritu beharko lituzkeen.
Horrenbestez, hein batean baiesten da alegazioa. Onartzen da, beraz, alegatzailearen lurretarako UPSek proposatutako oihaneko kategoriari eutsiz, erabilera eta babes erregimena aldatzea, eta behar diren kudeaketa-mekanismoak jartzea UPSen aurreikuspena (oihan-parkea egitearena) mantentzen den kasurako. Hori dena, jakina, deusetan ukatu gabe beste alegazio batzuen ebazpenaren ondorioz edo beste faktore batzuk ikusirik, UPSean proposatutako lur urbanizaezinaren sailkapenaren berrikuspen erabatekoa egin litekeela.
8.-Roberto Urtasun Uriz jauna:
a) Legeari dagokionez, alegatzaileak oroitarazten du, lehenbizi, UPSren "helburu nagusia izaera bioklimatikoko auzo berria egitea dela, eta horrekin batera sorreran dagoen helburu bat dela Ezkorizko aintziraren errekuperazio ekologikoa". Alegatzailek dio, dena dela, bi problema nahasten direla eta ez direla konpontzen aurkeztutako UPSean.
Alegatzailak aitortzen du interes orokorrekoak direla aintzira errekuperatzea eta arkitektura bioklimatikoa bultzatzea, baina bere ustez frogatu beharrekoa da bi helburu horietarako konponbidea batera doala. Ez da horrela frogatu, bere ustez, UPSean. Ebaluazioan ez da ageri aintziraren tratamendu hidraulikoaren kostuen ebaluazio ekonomikoa -gazgabetzea, uharka sendotzea, hustubidea eta erregulazio-ubidea-. Horrek garbi uzten du UPS ez dela tresna egokia aintzira errekuperatzeko, ez baita inolako soluziorik ematen. Garbi uzten du, bestetik, planak etxebizitzak eraikitzea duela helburu bakarra, eta planaren interes publikoa ez dagoela justifikatua 10/1994 Foru Legearen arabera plana egokia izan dadin.
b) Hirigintzako planeamenduari buruz: alegatzaileak uste du UPSaren proposamenarekin aldatzen direla, inolako justifikaziorik gabe, Iruñerriko Hirigintza Arauak (hemendik aurrera IHA), ez baitira betetzen IHAetan dauden gomendioak, Nafarroako Gobernuak onetsiak UPSaren aurretik.
c) UPSari buruz: ez dago justifikatua etxebizitzak eskala moduko plataformetan antolatzea, eusteko murruekin, %6ko malda duen terrenoan. Lur emankorraren alterazioa eragiten da; kudeaketa energetikoa etxe-multzoka zentralizatuz gero, beroa ekoizteko banakako modua desagertzen da, eta jarduketaren aintzindari-izaera dela-eta, utzi beharko litzaieke aukera hori unitate batzuei; etxebizitzen diseinuaren zurruntasunagatik, galarazi egiten dira malgutasun handiagoari esker izan litezkeen beste soluzio batzuk; dokumentuan ez da azaltzen planaren egileen izenik, ezta sinadurarik ere; identifikatu gabe daude planak ukitutako lurzatiak..
Erantzuna:
a) puntuari: bidezko da alegatzaileari oroitaraztea, lehenik, proposatutako jarduketak bete egiten duela, hasiera batean, LFOTU legeak ezarritako betebeharra, planari buruz eztabaidatu eta UPS bat tramitatzekoa alegia. Hauxe hain zuzen ere: udalerri bat baino gehiagotan eragina izatea. (LFOTU legearen 61.1 artikulua).
Bestaldetik, kontuan hartu behar dugu, alegatzaileak dioen bezala, UPSren "helburu nagusia izaera bioklimatikoko auzo berria egitea dela, eta horrekin batera sorreran dagoen helburu bat dela Ezkorizko aintziraren errekuperazio ekologikoa". Ulertu behar da helburu horiek, alegatzailek dioen bezala, interes orokorrekoak izateko modukoak baldin badira, horietako bakoitza, bakar-bakarrik nahiko arrazoi izanen zela UPS bat justifikatzeko.
Kasu horretan UPSak egiten duena da auzo berri bioklimatiko bat planteatzea, beti ere helburu nagusia lortzearren, beti ere aprobetxatuz badagoela elementu berezi bat, aintzira bat alegia, eta ikuspuntu guztietatik interesgarria izan daitekeela bere errekuperazio ekologikoa. Hori helburu nagusiari lotutako helburutzat hartzen da. Zalantza izpirik gabe, planteamendu honek batasun-itxura du, eta barren-lotura du UPSak proposatzen duen tokiaren antolamendua erabakitzen duten bi elementu funtsezkoekin (auzo berria eta aintzira). Horrek ez du esan nahi, alegatzaileak aipatzen duen baterako soluzioari erantzunez, UPSak bere elementu guztien garapen eraginkorra eduki behar duenik. Ez dezagun ahaztu Plan Sektoriala dela hau eta ez proiektu bat. Horregatik elementu horiek gero batean beren proiektu espezifikoak izanen dituzte, gero batean erredaktatu eta tramitatuko direnak, eta horrek ez dakar, nahitaez, aldi berean edo batera egin beharrik.
Beraz, beharbada justifikatu beharra dago UPSaren erabakiek behar bezala erantzuten diotela helburu nagusiaren lorpenari, hau da, izaera bioklimatikoko auzo berria egiteari (eta horretan ez bide dago dudarik) eta helburu osagarriari, hau da, Ezkorizko aintziraren errekuperazio ekologikoari. Azken horri dagokionez, begibistakoa da UPSek zenbait ekintza proposatzen dituela: alde batetik, proposatutako ordenamenduan benetan sartzen eta erabilera ludikoa lortzen laguntzen dutenak (horietan artean daude harri-lubeta baten bidez aintzira formalizatzea, kaiko uharka, eta horren aurreikuspena, eta inguruko parkea, eta horretarako guztirako kalkulatzen den kostua 364.385.000 pezetakoa izanda; beste aldetik, lohien tratamendua, uraren gazgabetzea eta ur-emariaren erregulazioa. Horiek denak aurreikusiak daude UPSean baina garatu gabe, ondoren erredaktatu eta tramitatu beharko den proiektu batean sartu beharko direlako. Berdin-berdin egin beharko da, konparazio batera, errepideen loturekin. Edozein modutan, onar litekeen gauza bakarra da egin litekeela azken ekintza horien kostuaren kalkulua, beti ere ulertuz kalkuluaren birtualitatea benetan pobrea izanen litzatekeela, are gehiago tunel bat egitearen kalkulu ekonomikoa, aurretik azterketa geoteknikori egin gabe. Azterketa teoriko hutsa izanen litzateke, beraz, gabezia hori modu formalean konpontzen baita, eta ez benetan.
Horrenbestez, hein batean baiesten da alegazioa. Beraz, aintzira tratatzeko lehenago aipatutako ekintzen kostuaren kalkulua sartuko da UPSean.
b) puntuari: Iruñerriko Eskualdeko Hirigintzari buruzko Arauetan, berriki behin-betikoz onetsiak, ez dago UPSean egindako proposamenei kontra egiten dien erabakirik.
Horrenbestez, ezetsi egiten da alegazioa.
c) puntuari: Eskala moduko plataformei buruz, kudeaketa energetiko zentralizatuari buruz eta eraikuntzen diseinuaren zurruntasunari buruz alegatutakoaren gainean, adierazi beharra dago alegatzaileak ez duela argudiorik aurkeztu UPSean erabakitakoari kontra egiten dionik (aski justifikatua dago UPSeko dokumentazioan). Alegazioan esandakoak, beraz, iritzi huts gisa hartu beharko dira.
Planaren egileen identifikazio faltari dagokionez, esan beharra dago plano guztietan erredakzio-taldearen izena ageri dela, CADIA/ICT hain zuzen, baina dokumentazio idatzian falta dela. Zuzendu beharko da, beraz, akatsa.
Planak ukitutako lurzatien identifikazio faltari dagokionez, alegatzaileak "Katastroko planoa eta afekzioak" txostenera jo beharko luke. Txosten honek behar adina informazio ematen du UPSaren eremuko lurzatien multzoari buruz. Baina, alegatzaileak eskatzen duena lurzatien identifikazio zehatzagoa baldin bada (lurzatiaren jabea, azalera, ...), orduan erantzun behar zaio identifikazio maila hori ez dela aginduzkoa, eta ez dela beharrezkoa, UPS batean.
Horrenbestez, hein batean baiesten da alegazia.
9.-Manuel Romero Pardo jauna, Aranguren Ibarreko Alkatea, bere izenean eta Udalaren Ordezkari Gisa.
Alegazioek, laburbilduz, hauxe diote:
a) Sistema orokorrak: lehenbizi, jarduketak ukitutako lurren jabeei dagozkien kostuen ebaluazio eta asignazioen inguruko akats eta kontraesan saila nabarmentzen du. Zenbait sistema orokorri buruzko kostuak sartu dira, eta ez luke horrela behar alegatzailearen ustez. Sistema orokorren kostua ezartzea ere ez da zuzena. Halaber, oroitarazten du, apirilaren 13ko 6/1998 Legearen 18. artikuluaren arabera, jarduketatik kanpoko sistema orokorrekiko lotura-azpiegituren kostua lurraren jabeei dagokiela. Afera horiek guztiak zuzendu behar dira.
Alegatzailearen ustez, bestetik, auzo berriaren berezko izaera dela-eta eta jarduketa-mota hauetarako 10/1994 Foru Legearen 61. artikuluaren arabera, eta kontuan hartuz aurreikusitako sistema orokorrak ukitutako udalerrien egitura orokorretik kanpokoak direla (espres eginak baitira proiektuaren auzo berrirako), zentzuzkoa da udalerriek ez hartzea beren gain kostua, baizik eta sustatzaileak (Nafarroako Gobernuak) edo, bestela, hirigintzako probetxamenduaren etekina hartzen duten lurren jabeek.
b) Dotazio-lurzatien lagapena: alegatzaileak, dokumentuan dotazio batzuen izaera publiko edo pribatuak aipatzerakoan kontraesanak daudela esan ondoren, aditzera ematen du, irizpide orokor bezala, justifikaturiko salbuespenetan izan ezik, dotazioetarako lurzati guztiak titulartasun publikokoak izan litezkeela, dotazio bakoitza publikoa edo pribatua izanen den kontuan hartu gabe, udalek ahalmena dutelako denbora-tarte luzeetan lurren lagapenak egiteko, lur haien ustiapen pribatua ahalbidetzeko.
c) Auzo berrirako sarbideak: bermatu beharko da urbanizazio-lanen %50 bukatua dagoenean, aurreikusitako bi sarbideak egiteari ekinen zaiola.
d) UPSean aurreikusitako berokuntza-sistema jarri beharra kentzea: ez da gomendioa, betebeharra baizik, tenperatura txikiko ur beroaren berokuntza-sistema, eta debekatzen dira etxebizitzetarako lurzatietako gas-hartuneak. Sistema horrekin, gainera, harrizko edo zeramikazko zola jartzera behartzen ari dira.
e) Parkearen sistema lokala: soropila izateko debeku erabatekoa kentzea proposatzen da. Debeku hori zentzuzkoa da alde mugatuetan (soropila), eta etxe inguruetan eta ibilgailu eta oinezkoentzako sarbidetik hurbileko aldeetan.
f) Kutsatzen ez duten enpresen instalazioa: planean horrelako enpresak instalatu ahal izateko aukera aipa dadila eskatzen du.
g) Aintzirako eta haren inguruko ingurugiroaren errekuperazioa: oroitarazten da, lehenbizi, meategiaren jabea behartua dagoela meagintzako ustiapen utziaren lohi-aintzira lehengoratzera. Betebehar hori indarrean dago eta behin eta berriz gogorarazi die Udalak ardura duten erakundeei (POSUSA eta Nafarroako Gobernua).
Adierazten du, bigarrenik, UPSak deus gutxi dioela aintziraren errekuperazioaz, nahiz eta hori izan aintzira erabili ahal izateko ezinbesteko baldintza, nola aisiarako nola bertan etxebizitzak ezartzeko. Deus gutxi dio, bestetik, lohiak tratatzeko sistema teknikoaz, edo ura gazgabetzeko moduaz. Alegatzailearen ustez, UPSean asmoak adierazi besterik ez da egiten, eta ez da azterketarik egin gazgabetzeko prozesuaren bideragarritasun hidraulikoaz edo horrek denak ekarriko lituzkeen kostuez. Gabezia horiek, alegatzailearen iritziz, bateraezintasun larriak sor ditzakete, urbanizazio proiektua kolokan jarri -UPSean inporta duen gauza bakarra- eta problema izugarri larriak sortu.
h) Hiriko Hondakin Solidoak Tratatzeko Gongorako Zentroa: zentro hau urbanizazio berritik 800 metrora dago gutxi gorabehera. Alegatzaileak, ondoren, MINP jardueren araudiaren 4. artikulua transkribatu du, indarra baitu bere ustez. Artikuluak dioenez industria arriskutsu edo osasungaitzak herrigune hurbilenetik gutxienez 2.000 metrora jarri behar dira.
Deskribatu ditu, ondoren, Gongorako zentroaren funtzionamenduak bere bizitza laburrean inguruko etxeetan eta nekazari-lurretan orain arte sortu dituen zuzeneko eta zeharkako eraginak. Gero, Hondakinei buruzko Plan Estrategikoa aipatu du, zeinetan aurreikusten baita Gongorako zentroak beste 13 herritako zaborrak bilduko dituela, hondakinak tratatzeko. Horrek esan nahi du Gongoran Nafarroako herritarren %66,5en hondakinak tratatuko direla, oraindik behar adina esperimentatu eta kontrastatu gabeko sistema teknikoen bidez. Horregatik guztiagatik uste du hutsak izateko arrisku handia dagoela, eta begi bistakoa dela Hondakinei buruzko Plan Estrategikoa garatuz gero eta gehiago eta handiagoak izanen direla zentroaren eraginak. Den-dena kontuan hartuta, baterazinak iruditzen zaizkio UPSa eta Hondakinen Plana.
i) Nekazaritzako produktibitate handiko lurrak: eskatzen du kategoria hori Sadar errekako babes-eremutzat har dadila, aurreikusitako kategoriaren ondorioz aisialdiko baratzeak sor daitezkeelako. Horrek, alegatzailearen ustez, kalte handia eginen luke.
j) Udalekiko hitzarmena lurralde-banaketaren muga-lerroa trazatzeko: eskatzen du plana onetsi baino lehenago hitzarmen bat sinatu dadila udalen eta Nafarroako Gobernuaren artean, mugapeen arteko banaketa-lerroa erabakitzeko.
k) Hiriaren etorkizuneko bideragarritasuna: auzo berriaren funtzionamenduaren ondoriozko dirusarrera eta gastuei buruzko datuak ikusirik, urtean 57 milioi pezetatik goitiko defizita sortuko litzateke. Beraz, UPSak bideragarritasun plan bat izan beharko luke, herritarrentzako zerbitzuak ziurtatzeko, gutxienean Nafarroako herritarren batez-bestekoaren mailan.
Adierazitako guztia ikusirik, beraz, alegatzaileak proiektu berria erredakta dadila eskatzen du, eta hori ere jendaurrean jar dadila, aspektu batzuek -sistema orokorrak edo sistema lokalak konparazio batera- bideraezin bihurtu dezaketelako proiektua.
Erantzuna:
a) puntuari: baietsi egiten da alegazioa.
b) puntuari: lehenbizi, onartu beharra dago alegazioaren lehen zatia, hau da dokumentuan dotazio batzuen izaera publiko edo pribatuak aipatzerakoan kontraesanak daudela eta horiek zuzendu behar direla.
Alegazioaren bigarren zatian dotazioetarako lurzati guztiak titulartasun publikokoak izan litezkeela esaten du, dotazio bakoitza publikoa edo pribatua izanen den kontuan hartu gabe. Horri dagokionez, esan beharra dago 6/98 Legearen 18.1 artikuluak ezartzen duenez, lur urbanizagarrien jabeen eginbeharretako bat dela lur horien eremuaren zerbitzuan behar diren dotazio publiko lokalak egiteko administrazioak behar duen adina lur dohainik lagatzea. Lagatu behar hori modu bertsuan azaldu da LFOTU garatzen duen araudiaren 27. artikuluan. Araudi honetan adierazten du, gainera, zer dotazio diren horiek. Horri dagokionez, bada, UPSak zuzen lotu zaio legeari arazo honetan, eta alegatzaileak eskatzen duena onartzeak lurren jabeen urbanizazio-kostuak igotzea ekarriko luke, inolako justifikaziorik gabe, ordain bakar gisa emanez horien artean banatu beharreko irabaziak urritzea. Planteamendu hori, hortaz, ez da onartzeko modukoa.
Horrenbestez, hein batean baiesten da alegazioa.
c) puntuari: Alde batera utziko dugu beharrezkoa ote den auzo berria egin aurretik edo aldi berean UPSean aurreikusitako errepideetako bat egitea. Baina, momentu jakin batean beste errepide bat egin ala ez egin, beharrak erabakiko du, hau da, zenbat erabiltzaile dauden edo egon litezkeen epe laburrean. Horixe da irizpidea eta ez urbanizazio lan jakin batzuk egitea. Horregatik, alegatzaileak egindako proposamenaren muinaz jabeturik, honela onar liteke: "sektorearen urbanizazio-lanak hasteak eskatuko du auzo berriaren hegoaldean egin gogo den errepide-lotura egin izana; UPSean aurreikusitako etxebizitzen erdiari bizigaitasun-zedula ematen denerako, iparraldeko lotura egiten hasiko da".
Horrenbestez, hein batean baiesten da alegazioa, beti ere ezertan galarazi gabe gero batean aztertu eta planteatu daitekeela iparraldeko lotura egiteko beste proposamen bat, lurraldearen gaineko ikuspuntu zabalagotik, berriki onartu diren Iruñerriko Eskualdeko Hirigintzako Arauetan diren eraikuntza-aurreikuspenei jarraikiz. Beste proposamen bat planteatuko balitz, bidezko prozedura legalaren arabera tramitatuko litzateke.
d) puntuari: alegatzaileak aipatzen dituen mugak hiri bioklimatikoak energia aurrezteko hautatu duen sistemaren parte dira. Sistema honek, orain arkitektura bioklimatikoaren esperimentazio-aukera batzuei uko egitea badakar ere, kontzeptu bioklimatiko integralean aurrera egiteko bidea irekitzen du. Ikuspuntu horretatik arkitektura eta hirigintza elkarri laguntzen eta elkar osatzen duten elementuak dira.
Horrenbestez, ezetsi egiten da alegazioa. Ez da ixten, halere, gero batean hobetzat jo litezkeen soluzio global edo partzial batzuk planteatzeko eta tramitatzeko bidea, arlo honetan izan daitezkeen aurrerapen teknologikoengatik edo bestelako arrazoiengatik egokiak badira.
e) puntuari: ezetsi egiten da alegazioa, alegatzaileak eskatutako horretan.
f) puntuari: ezetsi egiten da alegazioa ondoren adierazten den honetan. Enpresa-jardueren inplantazioa nola bultzatu aztertuko da, beti ere, auzo berriaren ingurugiro aldetiko kalitatea ziurtatuz.
g) puntuari: aintziraren eta inguruaren ingurugiro arloko errekuperazioari buruzko datu faltari buruz, irakur bedi 8.a) alegazioari emandako erantzuna, bertan deskribatzen baitira zer ekintza dauden UPSean gai horri dagokionez.
Horrenbestez, baietsi egiten da alegazioa 8.a) alegazioaren erantzunean esandako horretan.
h) puntuari: 1961eko MINP arautegiaren 4. artikuluak ezartzen du, arau orokor gisa, industriak gutxienez herriguneetatik 2.000 metrora jarriko direla. Baina gure kasuan ez da horrela, etxebizitza multzo bat jarriko baita Gongorako Zentroa dagoeneko hor dagoelarik. Kasu honetarako aipatutako araudiak ez du jartzen inolako parametrorik, araudi sektorial horrek arautzen duen jarduerarekin zerikusirik ez duen jarduera delako. Horrek, zalantzarik gabe, Gongorako Zentroaren inplantazioa arautu zuen UPS hartara jotzera bultzatzen gaitu, baina bertan ez dago inolako ageriko eragozpenik oraingo UPSean proposatzen den etxebizitza-multzoa jartzeko.
Egia da, bai, Gongorako zentroa ezarri zuen UPSean ez dela deus aipatzen inguruan eraikitzen diren etxebizitzek izan behar duten gutxieneko distantzia nahitaezkoaz. UPS horrek, zentroaren kokalekua justifikatzerakoan, horren aldeko ezaugarri bezala aipatzen du 1000 metrotik goitiko distantzia dagoela hondakinen biltokitik inguruko herrietara, eta horregatik UPSaren ondorio gisa esaten du "Gongorako zentroan egin beharreko jarduerek ez dutela inolako ondorio gaiztorik ingurugiroan, beti ere proiektuaren eta ustiapenaren aurreikusitako baldintzetan". Kontrako zentzuan, beharrezkotzat ulertu behar da, gertakarien logikaren ikuspuntutik, zentro horretatik hurbil egiten den etxebizitzen eraikuntza-jarduketa batek 1000 metrotik goitiko gutxieneko distantzian egin behar dela. Eta halaxe betetzen da alegazio honen xede den UPSean.
Azkenik, alegatzaileak uste du bateraezinak direla UPS ea Nafarroako Hondakinen Plan Estrategikoa, plan honetan aurreikusia baitago Gongorako Zentroak beste 13 herritako hondakinak tratatuko direla, eta oraindik behar adina esperimentatu eta kontrastatu gabeko sistema teknikoak erabiltzen direlako. Bere ustez, horrek denak hutsak izateko arrisku handia dago eta gero eta gehiago eta handiagoa izanen da zentroaren eragina. Alegatzailearen tesian bateraezintasun bera dago UPSeko auzo berriaren distantzia bertsuan dauden gainerako herriekiko. Horri dagokionez, esan beharra dago ez dagoela gaur egun frogatua. Gongorako zentroa handitzeko egiten den Jarduera Sailkatuaren espedientean aztertu beharko da zentroa handitzea zer eragin duen. Horren ondorioz hartuko dira hartu behar diren erabakiak.
Horrenbestez, ezetsi egiten da alegazioa.
i) puntuari: alegazio honek ez du zalantzan jartzen egindako sailkapena, hots, lur urbanizaezintzat hartutako lur batzuk nekazaritzako produktibitate handiko lurtzat hartzea. Alegatzaileak eskatzen duena da beste kategoria bat esleitzea, baina ez lur horien ezaugarri objetiboek hala eskatzen dutelako, baizik eta lur horiek aisialdiko baratze bihur ez daitezen, horrek kalte handia egiten duelako. LFOTUren arabera, ez dago baimenik jarduera horretarako, nekazaritzako produktibitate handiko lurretan.
Horrenbestez, ezetsi egiten da alegazioa, deusetan ukatu gabe lur urbanizaezinaren sailkapenari buruz beste alegazio batzuen ebazpenaren ondorioz bestelako erabakiak har litezkeela.
j) puntuari: gaiarekin zerikusia duten administrazioen artean aldez aurretik ados egotea komenigarria bada ere (herrigune bat bi udalerritan sortzeak sortzen ahal dituen zailtasun administratibo eta funtzionalak arintzearren), ez dago deus hitzarmen bat egitera behartzen duenik, eta are gutxiago hitzarmena aldez aurretik egitera behartzen duenik. Hortaz, ez dago inolako arrazoi legalik UPSa ez onesteko.
Horrenbestez, eta deusetan ukatu gabe hitzarmen hori sinatzeko eginahalak eginen direla, ezetsi egiten da alegazioa.
k) puntuari: alegatzaileak aipatzen duen plana UPSaren erabakiez haratago dagoen dokumentu bat da. Beraz, alegatzaileak eskatutako bideragarritasun-plana bestelako eskumen-eremu batzuetan egin litekeela deusetan ukatu gabe, ezetsi egiten da alegazioa.
10.-José María Senosiáin jauna, Eguesibarko Alkatea, Udalaren izenean.
Aurkeztutako alegazioak, laburbilduz, hauek dira:
a) Sistema orokorren finantzabidea: Zoliako jarduketa interes orokorrekoa izatea da Zoliako hau UPStzat hartzeko arrazoia. Horregatik, auzo berrirako sistema orokorren finantzabidea promotoreen kargura jartzea eskatzen du. Aldatu beharko litzateke, horretarako, txostenaren 5. atala.
b) Udalak urbanizazio-zergetatik salbuestea: eskatzen da UPSean espreski aipatzea salbuespen hori, abenduaren 30eko 24/1998 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz (Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Legearen 13.2 artikuluan ezarritakoa aldatzen duena).
c) Lagapenaren xede den lurra: eskatzen da zuzen daitezela dotazioetarako zenbait lurzatitarako titulartasun publikoaren eta pribatuaren asignazioan dagoen kontraesana.
d) Dotazioen kudeaketa: aintziraren parkean jarriko diratekeen aldi baterako eraikuntza txikiei dagokienez ("kontzesio administratiboaren bidez" egin litekeelako ustea dago), adierazpen hori kentzeko eskatzen da, zerbitzu horiek udalak erabaki bezala kudeatu behar direlako.
e) Enpresa-jarduketa ez-kutsagarriak: 9.f) alegazioan bezalako eskaera.
f) Landaketak: 9.e) alegazioan bezalako eskaera.
g) Hondakin-uretarako azpiegiturak: eskatzen da har dadila kontuan berriz Mutiloabeitin aurreikusitako hondakin-uren hartunea, eta Gongoratik ateratzen den kolektorera eraman dadila.
h) Estalkiak: baimena eman dadila estalkien malda %50era bitartekoa izan ahal izateko; berriz pentsa dadila egokia ote den estalkiek maldatsuak izan behar hori, estalki zelaiek abantailak dakartzatelako, ingurugiroaren ikuspuntutik.
i) Zubi termikoak: eskatzen da baldintzatzat eta arautzat har dadila eraikuntzetako zubi termikoen kanporatze-gradua.
j) Elbarrituen pertsona bakarreko motorreko ibilgailuen zirkulazioa: argitu dadila 26.2 artikuluan ibilgailu horiek ibiltzeko aukera.
k) Soinu-mailaren debekuak: eskatzen da, behar diren aginduetan, jar dadila honako adierapena, "deusetan ukatu gabe soinu-mailaren beste muga batzuk, araudian edo arlo horretako legerian ezarriak", garbi gelditu dadin kasu jakin batean dauden mugak betetzeak ez dakarrela egon litezkeen beste batzuk bete beharrik ez izatea.
l) Akats mekanografikoak: alegatzaileak antzemandako akats mekanografiko batzuk zuzentzea eskatzen du.
Erantzuna:
a) puntuari: baietsi egiten da alegazioa.
b) puntuari: baietsi egiten da alegazioa.
c) puntuari: baietsi egiten da alegazioa.
d) puntuari: baietsi egiten da alegazioa, baina ohartarazten da araudian, beti ere, udalak ziurtatu beharko duela delako lurraren titulartasun publikoaren izaera.
e) puntuari: har bedi erantzuntzat 9.f) alegazioari emandakoa. Horrenbestez, baietsi egiten da alegazioa, beste hartan adierazitako moduan.
f) puntuari: har bedi erantzuntzat 9.e) alegazioari emandakoa. Horrenbestez, baietsi egiten da alegazioa, beste hartan adierazitako moduan.
g) puntuari: Iruñerriko Mankomunitateak, gai horien kudeaketaz arduratzen den organoa baita, saneamenduko kolektorerako lotura-gune bat planteatu du, alegazio honetakoaz bestekoa. Horrenbestez, ezetsi egiten da alegazioa.
h) puntuari: onartzekoa da, estalkien %33ko malda izanik goiko muga, arautegian estalki zelaiak egiteko aukera ematea. Horrekin batera, beharrezkoa izanez gero, horien tratamendua eta akabera egiteko baldintzak ezarriko dira.
Horrenbestez, hein batean baiesten da alegazioa.
i) puntuari: eskatzen da baldintzatzat eta arautzat har dadila eraikuntzetako zubi termikoen kanporatze-gradua baldintzatzat eta arautzat hartzeko proposamenari buruz, azter liteke egokia ote den arautegian hori ezartzea. Dena dela, ez da kontu erraza, antza.
Horrenbestez, baietsi egiten da alegazioa, esandako horretan.
j) puntuari: baietsi egiten da alegazioa eta, horrenbestez, kenduko da arautegiaren 26.2 artikuluaren bukaeratik honako adierazpena, "elbarrituen pertsona bakarreko motorreko ibilgailuak izan ezik, baimena baitago horiek erabiltzeko".
k) puntuari: alegatzaileak aipatutako aginduak azterturik, UPSaren araudiaren 27.3, 33 eta 110. artikuluak alegia, adierazi beharra dago erabakien baterrako erabilera dela-eta ez dagoela nahasbiderik aginduak interpretatzerakoan. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen araudian alegatzaileak proposatutako salbuespena agertaraztea.
Horrenbestez, ezetsi egiten da alegazioa
l) puntuari: baietsi egiten da alegazioa.
11.-Juan Ignacio Urquía Lus jauna:
Aurkeztutako alegazioak, laburbilduz, hauek dira:
a) Egin dadila lur azpiko ur-korronteei buruzko azterketa geobiologikoa, gaitz eta eritasun askoren jatorria izaten direlako, eraikuntzak toki seguruetan jartzeko.
b) Lerrokadurak sobera zurrunak dira. Zuzen luze-luzeak sortuko dira horrela, jostetarako eta leku atseginak sortzeko traba izanen direnak.
c) Kale erradial maldatsuak oso arriskutsuak dira, behar baino lasterrago joateko ohitura hartzen delako. Etxe-multzoetara sartzeko kaleek iparraldera ematen dute. Hori dela-eta, eguraldiagatik, traba da kalean bizitza soziala egiteko.
d) Tamaina egokiko plazarik ez dago; bakarra dago, behar adina definitu gabea eta gaizki orientatua.
e) Zerbitzuetarako eraikuntzak eta saltokiak, oro har, gaizki orientatuak daude, kaleak iparraizerako babesik ez dutela eta hegoaldeko pareta izateko aukerarik gabe.
f) Galeria kristaldunen (berotegien) neurria ez da behar adinakoa erabilera handiagoa eta egokiagoa izateko.
g) Ez dago batere garbi euri-urak ureztatzeko aprobetxatuko diren ala ez.
h) Argitu gabe dago zer sistema erabiliko den aintzirako ura gazgabetzeko, eta zer epetan. Ez da ahaztu behar hori dela proiektuaren bideragarritasuna neurtzeko gako nagusia.
i) Ez dira aprobetxatzen ur grisak eta alde batera utzia dago ur beltzak bertan arazteko ideia.
j) Ez dago apenas arkitektura bioklimatikoaren arrastorik: Kg aipatu da, baina ez masa termikoa, ezta azalera erabilgarrirako gomendatzen den kristaldura ere.
k) Hornidura energetikoari dagokionez, "astakeria" iruditzen zaio unitate energetikoetatik beroa 200 metrotik goitiko hodien bidez banatzea, bero asko galtzen delako; ez du inon aipatzen probetxamendu eolikorik.
Laburbilduz, alegatzaileak adierazten du hasierako ideia ona iruditzen bazaio ere, garapen urriari gabeziak ikusten dizkiola eta horregatik litekeena dela jarduketa azken batean beste bat izatea, arrunta, berriztatu ezin diren energi sareei eta estolderi sistema arruntei lotua, eta gero batean eraikuntza bioklimatikoak egiteko egiazko alternatiba eredugarririk gabe. Horregatik, alegatzaileak proiektua hobeki eta polikiago aztertzea espero du, berak planteatutako arazo guztiak konpon daitezen.
Erantzuna:
a) puntuari: Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan tokiaren ezaugarri hidrogeologikoei buruz dauden datuak ikusirik, esan dezakegu ez dagoela toki hartan lur azpiko ur-korronterik. Ezinezkoa da, beraz, horiei loturiko eritasunak agertzea. Ez da beharrezkotzat jotzen, bada, azterketa biogeologikorik egitea.
Horrenbestez, ezetsi egiten da alegazioa.
b), c), d) eta e) puntuei: alegazio multzo honetan hiru arazo aipatzen dira. Lehenbizikoa, auzo berriaren kontzepzio-formalizazioari buruzkoa (lerrokaduren zurruntasuna, josteta formalak, harremanetarako leku atseginak...). Bigarrena, diseinatu diren kale erradial maldatsuen arriskuari buruzkoa. Eta hirugarrena kaleen, plazaren, zerbitzuen eta saltokien ustezko orientazio kaxkarrari buruzkoa.
Lehenbizikoari dagokionez, esan beharra dago alegatutakoa iritzi sail bat besterik ez dela, eta alegatzaileak bere gustuen berri ematen duela, nahiago duelako auzoaren kontzepzio funtzional eta formala.
Malda duten kale erradialen arriskuari buruz, ez dirudi kale horiek zinetan beste trazadura batekoak baino arriskutsuagoak direnik. Gainera, gero batean, horrela diseinatutako herrian ibiltzeko abiadura-muga egokia jar liteke. Horrela eginez gero, abiadura hori gainditzea kotxe-gidarien erantzukizuna izanen litzateke.
Alegatzaileak blokeetara "sartzeko kale" deituriko horien orientazioari buruz, adierazi beharra dago horiek bloke horietarako eta bertako aparkalekuetarako "sarbide" gisa pentsatu direla batik bat, eta, beraz, diseinuan ez dela kontuan hartu, izanen duten eginkizunarengatik, "kale" deitzen dugunak izan ohi duen izaera multifaktoriala (ibili, paseatu, erosi, bildu...). Kale balira, orduan bai, soluzio egokiagoak bilatu beharko lirateke.
Alegatzaileak plazari buruz esaten du gaizki orientatua eta behar adina definitu gabea dela. Ez gaude konforme, ordea. Definitua dago eta behar adina definitua gainera, lerrokadurek osatzen baitute gune kontrolatu hori. Orientazioa, halaber, egokitzat hartzen da.
Esaten du ondoren alegatzaileak zerbitzuetarako eta saltokietarako eraikuntzak eta horietara joateko kaleak ez daudela egoki orientatuak. Lehenbizikoari buruz deus gutxi esan daiteke, dotazio gehienen fatxaden lerrokadurak erabaki gabe daudelako, eta hori gero batean erredaktatzen diren eraikuntza-proiektuen bidez eginen delako. Kaleei buruz eta saltokietarako eraikuntzei buruz, esan beharra dago orientazioa alegatzailearentzat "sartzeko kale" horietarako egoki zen orientazioa dagoela proposatua, nahiz eta eraikuntzen fatxadek, normala denez gero kale horiekiko korrelazioan, bestelako orientazioak dituzten, kalera ematen duen fatxada den edo kontrakoa den. Horretan ez da dudarik, bi orientazioetatik bata egokiagoa izanen da bestea baino.
Horrenbestez, ezetsi egiten dira alegazioak.
f) puntuari: alegatzaileak aipatzen dituen galeriek, fatxadaren lerrokaduratik 150 cm-ko hegalkia baitute, erregulazio termikoa dute helburu. Edozein kasutan, deusek ere ez du galarazten eraikuntza-proiektuan galeria kristaldun zabalagoak aurreikustea, nahiz eta kasu horretan, lehenago aipatu erregulazio termikoa desagertzen bada, eraikitako azaleraren ondorioetarako, galeriaren azalera osoa kontuan hartuko den.
Aurrekoa hala delarik ere, eta nahasbiderik izan ez dadin, araudiaren 79. artikulua honela erredaktatua geldi liteke:
"87. artikuluak aipatzen duen azalera eraikiaren zenbaketaren ondorioetarako, hauexek hartuko dira erregulazio termikorako galeriatzat: eraikinaren hegoaldeko fatxadan jarritako piezak, gehienez 150 cm-ko hegalkia dutenak, kristaldunak eta mugitzen diren kanpoko babesak dituztenak, udako hilabeteetan galeriak oso-osorik itzalpean edukitzeko. Nolanahi ere, pieza horiek galeriatzat hartuko dira, baldin eta Araudi Partikularrak horretarako biderik ematen badu.
Horrenbestez, ezetsi egiten da alegazioa, deusetan ukatu gabe araudiaren aipatu aldaketa.
g) eta h) puntuak: kontuan hartuz aintzirak hartuko lituzkeela euri-urik gehientsuenak, ur horiek ureztatzeko aprobetxatzez gero, aintzirako ur guztiaren tratamentu orokorra egin beharko litzateke. Beraz, bi alegazio hauen erantzun gisa, irakur bedi 8.a) alegazioari emandakoa, horren edukia nahikotzat jotzen baita.
Horrenbestez, hein batean baiesten dira alegazioak, azkenerako aipatutako moduan.
i) puntuari: ur grisei dagokienez, adierazi beharra dago hirigintzari buruzko araudiak bide ematen duela ur horiek komuntzuloen sarean erabiltzeko.
Ur beltzen "bertako" arazketari dagokionez, irakur bedi 6. alegazioari emandako erantzuna, puntu honi buruzkoa baita.
Horrenbestez, ezetsi egiten da alegazioa.
j) puntuari: Araudiaren 75. artikuluak eraikuntzaren baldintza termiko orokorrak ezartzen ditu. Kg finkatzen du, erabilitako energia modu eta motaren arabera. Bestetik, zerrakuren transmisio termikorako gehienezko koefiziente onargarriak finkatzen ditu. Beste alde batetik, 76tik 79ra bitarteko artikuluek energia aurrezteko prozesuari buruzko baldintza batzuk biltzen ditu.
Horrenbestez, ezetsi egiten da alegazioa.
k) puntuari: aurreikusitako berokuntza-sistema dagoeneko probatu da beste toki batzuetan eta alegatzaileak aipatzen dituen bero-galerek ez dute zertan izan handiak, tenperatura txikiko berokuntza delako, beti ere eroaleak ongi isolatzen badira.
Probetxamendu eolikoari dagokionez, begi bistakoa da UPSak kontuan hartzen duela arazo hori.
Horrenbestez, ezetsi egiten da alegazioa.
12.-Jesús Aldáriz Martín jauna, "Navarra de Medio Ambiente Industrial, S.A." Enpresaren zuzendari Kudeatzailea.
Alegatzaileak, UPSak lortu nahi dituen helburuak deskribatutakoan, aditzera ematen du horiek erdiesteko bide bakarra auzo berria multzo funtzionalki bateratu gisa hartzea dela. Horretarako, erakunde bat behar da, koordinatzeko eta lanen zuzendaritza eta kudeaketa-lanez eta etxebizitzen promozioaz eta salmentaz arduratzeko.
Hori esanik, alegatzaileak esaten du hirugarrenen jabetza pribatuak egoteak kolokan jartzen ahal dituela helburuak, lurzoruaren balioaren gaineko espekulazioa gerta litekeelako. Horrek asko garestitu lezake etxebizitzen azkeneko prezioa eta eragin handia izan lezake proiektuko auzo berriaren zuzeneko funtzionamenduan.
Horregatik guztiagatik, hauxe proposatzen du:
a) Alda dadila auzo berriaren diseinua, hirugarrenen jabetza pribatuak ez ukitzeko. Ardibidea hartzen du alegatzaileak jarduketarako mugatzat.
b) UPSean aurreikusitako jarduketa-sistemaren ordez, "desjabetzapen-sistema" har dadila, egokiagoa dela uste duelako exekuzio-unitatea egiteko.
Erantzuna:
a) puntuari: alegatzaileak auzo berriaren diseinua aldatzeko adierazten dituen argudioak ez dira, berez, behar adinakoak alegazioa baiesteko.
Dena dela, alegatzaileak azaldutako argudioak alegazioa baiesteko desegokiak badira ere, eskaeran proposatzen dena aztertuz gero, eta ikusirik lotura handia dagoela beste alegazio batzuetan proposatzen denaren eta alegazio hau baloratutakoan hartutako ondorien artean, esan beharra dago aztertu behar direla zer abantaila dakartzan jabe partikularren lurrak lur urbanizagarrian ez sartzeak. Hori dena, bi helbururekin egin liteke, auzo berriaren kudeaketa eta funtzionamendua hobeak izan daitezen, eta eragiketaren bideragarritasun ekonomikoaren baldintzak hobeak izan daitezen. Beraz, aztertuko da UPSean proposatutako antolamendua aldatu ala ez, beti ere antolamenduaren eta lurraldearen arteko barren-lotura askia ziurtatuz.
Horrela, bada, pentsatzekoa da, hasiera batez, jabe gutxiago egoteak, berez, auzo berriaren kudeaketa erraztuko lukeela. Bestetik, alegatzaileak aipatzen dituen jabeen lurrak proiektuan ez sartzeak (ardibidearen ekialdekoak) sektorea murriztea ekarriko luke eta horren ondorioz txikiagoa izanen litzateke urbanizazio lana. Horri beste zuzenketa batzuk gehituz gero (hirigintza-probetxamendua handitzea eta beste urbanizazio-kostu batzuk murriztea), esan dezakegu mesede eginen litzaiokeela jarduketaren bideragarritasun ekonomikoari. Ez da kontu makala, gainera, lur horiek proiektuan ez sartzearekin, desagertuko liratekeela UPSak ardibidean proposatzen dituen jarduketak eta ardibidea izanen litzatekeela, kasu honetan, logikoa denez, sektorearen muga.
Laburbilduz, ezetsi egiten da alegazioa, deusetan ukatu gabe, aurreko aferak azterturik eta UPSaren helburuak bete-betean eta eraginkortasunez bete daitezen, aldaketa hori egiteko aukera. Gomendagarria balitz, eginen litzateke, sektorearen berrantolamenduarekin batera. Halaber, sektorearen eta banaketa-eremuaren mugaketa berria egin eta parametroak berriz definitu beharko lirateke.
b) puntuari: alegatzaileak planteatutakoa da, berak dioenez, desjabetzapenaren sistema egokiagoa dela Plana kudeatzeko, baina ez UPSean proposatutakoa indarra duen legeriari kontra egiten diolako.
Horrenbestez, ezetsi egiten da alegazioa, deusetan ukatu gabe alegatzaileak proposatutako jarduketa-sistema har litekeela, argudio globalen testuingurua kontuan hartuz, egokitzat juzkatuko balitz. Nafarroako Gobernuak, bestetik, espedientearen behin-betiko onespenaren ekintzan, UPSaren onura publikoa deklara lezake, desjabetzaparenaren ondorioetarako (LFOTUren 65.3 artikulua).
13.-David Afra Martínez jauna, Badostaingo Kontzejuko Burua.
Planteatzen diren alegazioak, laburzki, hauek dira:
a) Auzo berria egin gogo den parajearen izena ez dela "Zolina" baizik eta "Eskóriz" edo "Ezkóriz".
b) Auzo berriaren legezkotasuna jartzen da zalantzan, ez baita betetzen, alegatzailearen ustez, indarra duen legeriak eskatzen duen gutxieneko distantzia, Gongorako zabortegitik harakoa hain zuzen. Bistan da, beraz, bere ustez, kokaleku hori ez dela egokiena, hara bizitzera joaten direnek seguruenera usain txarrak jasan beharko dituzteleko.
c) Ez da egokiena errepide bidezko trafikorako konponbidea, Badostaingo herria hurbil dagoelako eta trafikoa ausarki handituko delako. Aparteko sarbidea beharko litzateke, Badostainen bat ere eraginik egiten ez duena.
Horrenbestez, alegatzaileak alegazio horien aldeko erantzuna eskatzen du:
Erantzuna:
a) puntuari: adierazten duen aferak ez du ikustekorik UPSaren erabakiekin eta, hortaz, ezetsi egiten da alegazioa, deusetan ukatu gabe UPS izendatzeko erabilitako aipamen geografikoa alda litekeela, egoki juzkatuz gero.
b) puntuari: alegazio honetarako erantzunari dagokionez, irakur bedi 9.h. alegaziorako erantzuna. Beraz, ezetsi egiten da.
c) puntuari: errepide bidezko trafikorako konponbideari dagokionez, auzo berriak sortzen duen trafikoa ez da sartuko Badostainera. Horretarakoxe planteatu da planteatu bezala sarbidea.
Horregatik, ezetsi egiten da alegazioa, deusetan ukatu gabe gero batean aztertu eta plantea litekeela errepidea beste toki batetik egiteko proposamena, lurralde-ikuspuntu zabalago batetik abiatuta eta berriki onetsitako Iruñerriko Eskualdeko Hirigintzako Arauetako aurreikuspenak direla-eta. Hala eginen balitz, bidezko prozedura legalari segituz tramitatuko litzateke.
Beste alde batetik, eta espedientea jendaurrean jartzeko epetik kanpo, honako alegazio hauek aurkeztu dira:
A) Antonio Munilla García jauna, Gurelur elkartearen izenean (Fondo Navarro para la Protección del Medio Natural).
B) Miguel Angel Torres Torres eta beste batzuk.
C) Miguel Angel Torres Torres eta beste batzuk.
Epez kanpo aurkeztutako alegazioen zinezko balioa aurretik juzkatu gabe -Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak baztertu ditu-, egia da espedientearen ebazpenean planteatutako afera guztiak aztertu behar direla, batez ere, gainera, alegazioetako batzuek axola handiko zenbait kontu aipatzen dituztelako.
Alegazioen edukia eta horietarako erantzuna, laburbilduz, hauxe da:
A) Antonio Munilla García jauna, Gurelur-Fondo Navarro para la protección del Medio Natural elkartearen izenean:
a) Natur gune berezi bat suntsitzeak, nahiz eta neurri batean industri jardueraren ondorio izan den, alegatzaileak aipatzen dituen Europako, Espainiako eta Nafarroako lege batzuk urratzen ditu, proposatzen den urbanizazioa, natur gune hori txikituko duena, honako ekintzen bidez egin nahi baita: erreka bat bere bidetik atera eta ur-emaria kontrolatu, lur landugabe naturalizatu asko desagertarazi (hamarka hektarea) eta ardibide baten desafekzioa.
b) Txostenaren 8. puntua, UPSak lur fisikoan eta ingurugiroan duen eraginari buruzkoa, lotsagarria da, legez kanpokoa ezezik, ezin delako honelako proiekturik egin Ingurugiroko Ingurugiro arloko Eraginaren Azterlanik egin gabe. Horren falta larri-larritzat hartzen du.
Horregatik, eskatzen du edozein tramiteren aurretik aztertzea alderdi horretan diren natur balio handiak. Alegatzaileak frogatutzat ematen ditu alegazioan egindako deskribapenarekin. Natur balio horiek, dio, aurkeztutako proiektua ez egitea eskatzen dute.
Eskualde horretan bizi diren fauna-espezieak xeheki deskribatu ondoren, alegatzaileak adierazten du horrek denak natur balio izugarrizkoak bilakatzen dituela Eskorizko aintzira eta bere ingurua, animalia basek hor dutelako kabia egin, bazkatu eta atseden hartzeko tokia. Horregatik inguru hori suntsitzea edo erabat aldatzea -adibidez aintzira gazgabetuz edo tokia erabat aldatuz- guztiz debekatua dago eta, horregatik, hori helburu duen edozein ekintza ingurugirorako delitu larria da.
c) Orain arte adierazitakoa alde batera utzirik, ezin da Plana onetsi aintzira gazgabetzeko soluziorik hartu gabe. Horregatik eskatzen da onetsi aurretik Planak izan dezala, gutxienez, Ingurugiro arloko Eraginaren Azterlana eta beste azterlan bat gatz-hondakinak eta proiektuaren arabera sortu diren beste hondakin batzuk kudeatzeko proiektua. Alegatzailearen ustetan, aintzira gazgabetzearekin lotutako aspektuak argitzea axola handikoa da.
d) Alegatzaileak esaten du Sadar erreka desbideratzeak ez duela justifikaziorik eta hondalanek kalte eginen diotela paisajeari eta bi muinoren parte bat zelaituko dutela. Hori dela-eta, kalte handia eginen diote ingurugiroari, aipatutako ingurugiroko legeei eta beste batzuei kontra eginez.
e) Auzo berriaren inguruko parajeak basoberritzeko jarduketak eta ingurunean egin gogo diren beste jarduketa batzuek (lur-garraioak eta eusteko kajoiak) Ingurugiro arloko Eraginaren Azterlana falta dute. Gainera, basoberritzeko proposatzen diren espezieak ez dira bertakoak, bertakotzat proposatzen badira ere.
f) Ezin da Errege Ardibidea okupatu, Nafarroako Abelbideei buruzko 19/1997 Foru Legearen 4. artikuluari kontra egiten diolako. Urbanizazioaren parkea egitearren, ardibidea desafektatzea legez kanpokoa da Foru Lege horren arabera.
g) Aurreikusitako azpiegituren eraikuntzak nabarmen hondatuko ditu Aranguren eta Egues ibarren balio paisajistikoak, natur balioak eta aisiazkoak. Auzo berrira sartzeko errepideak ibarretik abiatuko dira eta kalte eginen diote herritarren bizi kalitateari, trafikoa handituko delako eta ibilgailuek soinu handia sortuko dutelako.
h) Urbanizazioa energia elektrikoaz hornitzeko orain aerogeneradore-multzo bat aurreikusi da, lehen ez bezala. Horiek arestian aipatu kalteak areagotuko dituzte. Alegatzaileak oroitarazi nahi du indarra duela abenduaren 685/1996 Foru Dekretuak, eta foru dekretu horrek bertan behera uzten duela proiektu eoliko berrien onespena, eta gainera proiektu horiei betebehar sail bat jartzen diela. Alegatzailearen ustez, Zoliako aerogeneradoreen instalazioak ez du betetzen bat bakarra ere.
Horregatik guztiagatik, alegatzaileak honako eskatzen du:
-Zoliako Urbanizazio Bioklimatikoaren proiektua lehenbailehen erretiratzea, edozein administrazio eremu motatatik, proiektuak, egitez gerotan, ingurugiroari buruzko Europako, Espainiako, Nafarroako eta bestelako legeak urratuko lituzkeelako.
-Alegazio hauei buruzko erabakia, eta, beraz, Zoliako Hiri Bioklimatikoaren Proiektua ez deklaratzea Udalez Gaindiko Plan Sektorial.
-Legeei jarraikiz, Eskorizko aintziraren eta inguruaren natur balioak iraunarazteko eta babesteko tresnak jartzen dituen figura bat jartzea.
Erantzuna:
a) puntuari: Lehenbizi, adierazi beharra dago Zoliako aintzira ez dagoela sartua alegatzaileak aipatutako Hegaztientzako Babes Berezirako Zona batean (Europako Batasunaren Basa Hegaztiak kontserbatzeko 79/409 Zuzentarauak deklaratuak). Bestetik, aintzira eta bere ingurua ez daude alegazioak aipatzen duen 42/43 zuzentaraua aplikatuz 2000 Natura Sarean sartzeko eremuen zerrendan. Esan beharra dago, halaber, aintziraren jatorria ezaguturik, ez dagoela Nafarroako Hezeguneen Inbentarioa egin zuen Foru Dekretuan, eta, hortaz, ez dagokiola babes-erregimen hori.
Horrenbestez, alegazioaren funts-falta frogaturik, ezetsi egiten da.
b) puntuari: Lehenbizi, adierazi beharra dago ez dagoela inolako lege-agindurik horrelako jarduketa bat Ingurugiro arloko Eraginaren Azterlana egitera behartua egoteko.
Bestetik, eta 229/93 Foru Dekretuaren arabera, ez dago obligaziorik IEArik egiteko, baldin eta aurreikusi eta agintzen duen tresna UPS bat baldin bada. Horixe da oraingo kasua, UPS bat osatzen duen dokumentazioaren barrenean hauxe dagoelako: "lurralde fisikoaren gaineko eragina, ingurugiroan egindako kalteak eta horiek konpontzeko edo gutxitzeko neurriak". Hori da, nabarmen, edukiari dagokionez, IEAren ordezkoa.
Kontua da, beraz, alegatua ikusirik, aztertzea UPSaren txostenaren 8. atalaren edukian behar adinako erantzuna eman ote zaion erabaki horren garapenari, bere ondorioak aski direla pentsatzeko, horixe baita alegatutakoaren muina. Horri dagokionez, aitortu beharrekoa da txostenaren 8. atalaren edukia sobera gutxi dela, ez aski, eta ingurugiroaren ikuspuntutik aztergai den kontua osatuko luketen elementuen garapen sistematikoa beharko litzatekeela, UPSean ez dira-eta azaldu.
Horrenbestez, baietzi egiten da alegazioa, "lurralde fisikoaren gaineko eragina, ingurugiroan egindako kalteak eta horiek konpontzeko edo gutxitzeko neurriak" izeneko azterlanari buruzko erabaki legala sakonago eta zabalago osatu eta garatu behar delakoan.
c) puntua: UPSaren helburuetako bat Ezkorizko errekuperazio ekologikoa da eta, horretarako, zenbait ekintza planteatu dira: alde batetik, proposatutako antolamenduan aintzira benetan sartzeko bideak eta bere erabilera ludikoa, eta, bestetik, lohiak tratatzeko, ura gazgabetzeko eta ur-emaria erregulatzeko ekintzak. Ekintza hauek aurreikusi dira UPSean baina ez dira garatu gero batean erredaktatu eta tramitatuko den proiektuaren xede izanen direlako, ingurugiroko eraginaren azterlan espezifikoarekin batera. Zentzu horretan, komenigarria da ez ahaztea hau plan sektorial bat dela eta ez proiektu sektoriala, eta planean zenbait helburu eta ekinbide planteatzeak ez dakarrela berekin UPSean elementu guztiak garatu beharra, zeren, lehenago esan bezala, ondoko garapen-proiektu espezifikoetan azalduko baitira.
Horrenbestez, ezetsi egiten da alegazioa.
d) puntuari: Ezin da onartu alegatzaileak dioena, hau da, Sadar erreka desbideratzea ingurugiroko legeen eta "beste batzuen" kontrakoa dela. Ezin daiteke egin horrelako baieztapen orokorrik, adibidez, inongo erreka ezin dela desbideratu sekulan. Bestetik, UPSean justifikatu egiten da desbideratu beharra, baina, dirudienez, ez da alegatzailearen gustukoa izan.
Beste kontu bat da desbideratze horrek ingurugiroan kaltea egitea. Kalteak modu egokian aztertu behar dira gero batean, proiektu espezifiko baten bidez. Horregatik, kontu horren garapenaren esperoan gauden bitartean, lot dakio alegatzailea aurreko alegazioan esandakoari.
Horrenbestez, ezetsi egiten da alegazioa.
e) puntuari: alegazio honi c) alegazioan erantzundakoa aplikatzen ahal zaio, basoberritzeko proiektua noiz eta nola egin behar ote den. Nolanahi ere, egokia da alegazioan esaten duen parte bat, hau da, basoberritzerakoan bertako espezieak erabili behar direla.
Horrenbestez, hein batean baiesten da alegazioa.
f) puntuari: Nafarroako Abelbideei buruzko Foru Legea ikurrita, garbi dago badagoela abelbide horien trazadura aldatzeko modua, beti ere beren izaerari eta funtzionaltasunari eutsiz, interes publikoko jarduketak egin behar direnean. Nolanahi ere, eta okerrik izan ez dadin, nahasbidea sor lezakeen edozein izen baztertu behar da, ardibide edo intereseko ibilbide ez den izen oro, alegia. Argitu beharra dago abelbidearen erabilera eta babes erregimena, behin konpondu ondoren, horietarako indarrean dagoen erregimena izanen dela.
Horrenbestez, hein batean onesten da alegazioa, esandako horretan, deusetan ukatu gabe, beste alegazio batzuen ebazpenaren ondorioz edo beste faktore batzuengatik, ardibide hori ez aldatzea erabaki litekeela.
h) puntuari: Alegatzaileak aipatzen duen Foru Dekretuak parke eolikoak jartzeko plan eta proiektu berrien onespena bertan behera uzten du. Horrelakotzat hartzen dira, ondorio horietarako, 125/19996 Foru Dekretuan aipatzen direnak, hau da, energia haizearen bidez lortzeko instalazioak, instalatutako potentzia bost megavatiotik goitikoa denean. Azken dekretu honetan, instalazio edo parke eoliko horientzako erregimena ezartzen duen horretan, ez da sartzen lur urbanizaezinean gutxiagoko potentzia duten instalazioak jartzea, autokontsumorakoak. Horietarako, tramitazio desberdina aurreikusten da, berezia (lehen xedapen gehigarria).
Esandakoaren ondorioz, eta auzo berrirako aurreikusitako instalazioak potentzia-muga horretatik beheitikoak direla (autokontsumorakoak), ez da antzematen beren instalaziorako eragozpen legalik. Beraz, ezetsi egiten da alegazioa, deusetan ukatu gero batean erredaktatu eta tramitatu litekeen garapenerako proiektu berezian, aplikatu beharreko legezko eta arauzko neurriak bete behar direla.
B) Miguel Angel Torres Torres jauna eta beste batzuk:
Alegatzaileek, nekazaritzako ustiapenerako lurzati batzuen jabeek, horietako batzuk, gainera, lur horiek lantzen dituztenek, adierazten dute lurzati horiek errendimendu handikoak direla eta haientzat diru-iturri nagusia direla -kasu batzuetan bakarra-. Hori dela-eta, eskatzen dute oihaneko parkea egiteko UPSak erabakitako eremutik kanpora atera daitezela lur horiek, hori ez litzatekeelako oztopo izanen parkea egiteko, eginkizun berarekin baina txikiagoa (planoa erantsi dute).
Azkenik, "Unión de Agricultores y Ganaderos de Navarra" sindikatuaren idatzia erantsi dute, alegazio horien aldeko iritzia dakarrena.
Erantzuna:
Alegatzaileek 2. eta 9. lurzatia deituriko horiek Badostaindiko lotura-errepideak ukituak daude. 1. eta 2. lurzatien puska batek, hegoaldekoak, oihanekotzat hartzeko moduko ezaugarriak ditu, alegatzaileek aipatzen dituzten gainerako lurzatien antzera (3, 4, 5, 6, 7 eta 8). Esan beharra dago 3.etik 8era bitarteko lurzatiak oihanekotzat hartuak daudela Eguesibarko Udal Planean ere (behin betikoz onesteko bidean).
Lur horietan oihaneko parke bat egiteko aurreikuspenaz (horretan du oinarria alegatzaileen eskaerak), esan beharra dago erantzuna eman zaiola horri 7. alegazioan. Beraz, irakur bitez alegazio horretarako erantzunak.
Horrenbestez, hein batean onesten da alegazioa. Berriz aztertuko da 1. eta 2. lurzatien lur-kategoria eta UPSaren eremutik aterako da oihanekotzat hartu ez eta errepideak ukitzen dituen lurzatien zatiak. Behar diren kudeaketa-tresna egokiak hartuko dira UPSean agertzen den aurreikuspenak, Oihaneko Parke bat egiteko asmoak, aurrera segitzen badu. Hori dena, deusetan ukatu gabe beste alegazio batzuen ebazpenaren ondorioz edo beste faktore batzuk ikusirik, UPSean proposatutako lur urbanizaezinaren sailkapenaren berrikuspen erabatekoa egin litekeela, eta ezertan galarazi gabe gero batean aztertu eta planteatu daitekeela errepidea egiteko beste proposamenen bat, lurraldearen gaineko ikuspuntu zabalagotik, berriki onartu diren Iruñerriko Eskualdeko Hirigintzako Arauetan diren eraikuntza-aurreikuspenei jarraikiz. Beste proposamen bat planteatuko balitz, bidezko prozedura legalaren arabera tramitatuko litzateke.
C) Miguel Angel Torres Torres jauna eta beste batzuk:
Alegatzaileek uste dute Zoliara sartzeko Badostaindik egin beharreko errepideak kalte larriak dakarzkiela lurzatien jabeei. Errepideak nekazaritzarako lur batzuk gurutzatzen ditu eta lurzati batzuen jabeei, horietako batzuk, gainera, lur horiek lantzen dituztenei, kalte handia egiten zaie. Kontuan har bedi lur horiek haientzat diru-iturri nagusia direla -kasu batzuetan bakarra-. Alegatzaileen ustez, errepide hori ez da bat ere beharrezkoa, beste alternatiba batzuk daudelako, adibidez, dagoeneko badiren errepide edo bideak erabiltzea. Beste alternatiba batzuk, gainera, egokiagoak izan litezke eta merkeagoak ere bai, eta kalte txikiagoa eginen liekete lurren jabeei (plano bat erantsi dute, zenbait soluziorekin).
Horrenbestez, alegatzaileek eskatzen dute Zoliako auzo berrirako sarbidea egiteko, proposatutako alternatibetako bat har dadila, edo Planean ezarritakoa ez den antzeko soluzioren bat, jabeen lurretan egindako kaltea ahalik txikiena izan dadin.
Erantzuna:
Alegatzaileak planteatutako alternatibak azterturik, ondorio gisa adierazi beharra dugu batzuek ez dutela abantaila funtzionalik UPSean aurreikusitakoaren aldean, eta beste batzuek, gainera, lurralde-testuinguru zabalagoan ikertu beharko liratekeela.
3 eta 4/6 alternatibak dira UPSeko soluziotik hurbilen direnak. 3. alternatibak, zentzuzkoa bada ere, trafikoa Badostaingo herrira sartzea eskatuko luke, Badostaingo Kontzejuak bere alegazioan (13.a) aipatu duen problema hain zuen. 4/6 alternatibak lurzatien berrantolaketako bidearen tarte bat baliatzen du eta, hortaz, berregin beharko litzateke. Horregatik, kostuei dagokienez, UPSeko soluzioan bezalako kostua izanen genuke, edo kostu handiagoa agian, eta gainera, problema beste lur batzuen okupazioa izanen litzateke.
1. alternatiba, lurralde-testuingurutik, baliagarria izanen litzateke, baina oso epe luzera, eta eskualdeko beste aurreikuspen batzuen bilakaeraren arabera soluzio osagarria izan liteke, baina ez alegazioaren xede den soluzioaren ordezkoa. Beste alde batetik, 5. alternatiba, konponbide zaileko problema tekniko-funtzionalak emateaz gain (nola lotu gero bateko Mendillorri-Badostain lotura-bidearekin) garestiagoa izanen litzateke eta eskatuko luke, aldi berean, lurralde handiago batean kontuan hartzea, toki zabalagoa ukituko bailuke. Ez da hori orain aztergai dugun auzia.
Azkenik, 2. alternatiba UPSean auzo berrira hegoaldetik sartzeko aurreikusitako errepidea da kasik, lehentasuna duena gainera sarbideak egiterakoan.
Horrenbestez, ezetsi egiten da alegazioa, deusetan ukatu gabe UPSean aurreikusten den proiektuan, errepideei buruzkoan, saiakera eginen dela ahalik eta kalte txikiena egiteko ukitzen dituen lurrei. Ez da deusetan ukatzen, bestetik, gero batean aztertu eta planteatu daitekeela errepidea egiteko beste proposameneb bat, lurraldearen gaineko ikuspuntu zabalagotik, berriki onartu diren Iruñerriko Eskualdeko Hirigintzako Arauetan diren eraikuntza-aurreikuspenei jarraikiz. Beste proposamen bat planteatuko balitz, bidezko prozedura legalaren arabera tramitatuko litzateke.
III.-Ondorioa.
Aurkeztutako alegazioak ikusirik, ondorioztatu beharra dago UPSean egin beharreko zuzenketa-multzoa sartzeak aldaketa asko dakarzkiola planaren eduki dokumental eta materialari, eta, beraz, hainbestekoa izanda, beharrezkoa dela espedientearen tramitazioa hasierara itzultzea. Hala behar du, batez ere, alegazio zenbaiten erantzunean iradokitzen diren aukera batzuk, bereziki lur urbanizagarriaren murrizketari buruzkoak, kontuan hartu eta gauzatzen baldin badira.
Horren ondorioz, emandako txostenak aintzat harturik, eta Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak 1999ko ekainaren 1ean hartutako Erabakia azterturik, eta ikusirik Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta gainerako aplikazio-arauak, bidezko da ezezkoa ematea Zoliako Hiri Bioklimatikoaren Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren behin-betiko onespenari (Nafarroako Gobernuak 1998ko abenduaren 28an hartutako erabakia) eta Zoliako Hiri Bioklimatikoari buruzko Plan berria tramitatzea.
Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak 1999ko ekainaren 1ean egindako bilkuran espedientea azterturik, Nafarroako Gobernuak, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, hauxe
ERABAKI DU:
1. Aurkeztutako alegazioak ebaztea, erabaki honen azalpen-zatian aipatu eran. Onetsi egin dira aipatutako aldaketa eta iradokizunak eta ezezkoa ematen zaio Zoliako Hiri Bioklimatikoaren Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren behin-betiko onespenari (Nafarroako Gobernuak 1998ko abenduaren 28an hartutako erabakia).
2. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eskatzea Zoliako Hiri Bioklimatikoaren Plan berrian aipatututakoak sar ditzala.
3. Foru Agindu honen kontra berraztertzeko errekurtsoa paratzen ahal dela adieraztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabeteko epean gehienez ere, 4/1999 Legearen bidez aldatu zen Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116 eta 117. artikuluei jarraikiz. Bestela inpugnatzen ahalko da zuzenean arlo jurisdikzional kontentzioso-administratiboan, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epearen barrenean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 46. artikuluan xedatu bezala.
4. Foru Agindu honen berri ematea Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Aranguren ibarreko eta Eguesibarko udalei, Iruñerriko Mankomunitateari, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Hezkuntza eta Kultura Departamentuari, Navarra de Infraestructuras Locales, S.A.ri (NILSA), Navarra de Medio Ambiente Industrial, S.A.ri eta alegatzaileei, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko ekainaren zazpian.-Lehendakaritzako idazkari nagusia, Joaquín Gortari Unanua.
Iragarkiaren kodea: A9906243
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
