Iragarkia
30. ALDIZKARIA - 1999ko martxoaren 10a
II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
- I R U Ñ A
Deialdia, Iruñeko Udalaren Aukera Berdintasunerako Udal Planerako teknikari aholkularia, oposizio-lehiaketa bidez, hartzeko
1.-Arau orokorrak.
1.1. Aukera Berdintasunerako Udal Planerako teknikari aholkularia, hasiera batean Iruñeko Udaleko Zerbitzu Orokorren Alorrean aritzeko, oposizio- lehiaketa bidez, hartzea da deialdi honen xedea.
1.2. Izendapenak nomina eta plantilako funtzionario bilakatuko du hautatua, eta Iruñeko Udaleko funtzionarioen arloan indarra duten xedapenek zehazten dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu.
1.3. Lanpostuak B mailari dagozkion lansariak eta eskatzen zaion bateraezintasunaren osagarria izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez Lansariei buruz onetsitako behin-behineko Erregelamenduan eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.
1.4. Hautapen probak gainditu eta deialdi honetako lanpostua betetzeko izendatuko den izangaia, Gizarte Segurantzaren Antolamendu Orokorrean bazkidetuko da eta hartan alta hartuko, delako sisteman ezarritako babespean.
1.5. Izangai izendatuak destinoko tokian bizi beharko du, eta horretarako Iruñeko udalerrian finkatuko du bizilekua.
1.6. Lanorduen banaketa zerbitzuaren beharren araberakoa izanen da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi alda dezakete.
1.7. Deialdi honen ondorioz izendatuko den teknikari aholkulariak honako eginkizunak beteko ditu:
-Administrazioari, gizarteko eragileei, enpresei eta gobernuz kanpoko erakundeei aholku ematea, aukera berdintasunaren inguruko ekimenez eta legeriaz.
-Aurreprestakuntzaren eta lanerako orientazioaren alorrean, planak koordinatu, gainbegiratu eta haietan parte hartzea, udalerriko emakumeendako prestakuntza eta enplegu ekintzak abiaraziz.
-Emakumeen desabantaila egoerei edo bazterketei aitzintze eta horiek zuzentze arren, udal alor hauekin elkarlanean aritzea: Gizarte Zerbitzuak, Hezkuntza eta Kirola, Kultura, Osasuna eta bertze.
-Jarrera baztertzaileak eta estereotipo sexistak aldatzeko sentsibilizazio kanpainak bultzatzea eta sustatzea, komunitatearen barnean.
-Ekintza positiboak eta parekotasun planak diseinatu, abiarazi eta ebaluatzea, erakunde ezberdinak eta eskuhartzen duten eragileak koordinatuz.
-Bitartekari lana egitea administrazioaren, emakume taldeen eta gizarte eragileen artean, aukera berdintasunari dagozkion afera guztietan, komunitatearen barnean.
-Bere mailaren eta kategoriaren barnean manatzen zaizkion egiteko guztiak.
2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Honako oposizio-lehiaketan parte hartu ahal izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:
a) Nazionalitatez espainiarra edo Europako Batasuneko bertze edozein estatutakoa edukitzea eta adinez nagusi izatea.
b) Zuzenbideko lizentziatu titulua edukitzea.
c) Bere lanpostuak berez dituen egitekoetan aritzeko behar den gaitasun fisiko nahiz psikikoa mugatzen ahal duen gaitz larri edo kronikorik ez izatea.
d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik berezia ez izatea.
2.2. Arestiko betebeharrak, azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak egiaztatu beharko ditu, deialdi honen bederetzigarren oinarriak xedatzen duen eran eta epean. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea akitzen den eguna baino lehenago, hautabide osoan izendapen eguna arte bete ere.
3.-Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Iruñeko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean. Aipatu eskabideak deialdian argitaratutako ereduari lotuko zaizkio. Eredua Iruñeko Udalaren Argibide Bulegoan (Udaletxeko beheko solairuan) emanen dute, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskabideak aurkezteko epearen azken eguna baino lehenago eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
3.2. Ezintasunik dutenek hura zer-nolakoa den adierazi beharko dute eskabidean eta ariketak egiteko denbora nahiz bitartekoen aldetik beharrezko izan ditzaketen egokitzapenak eskatu beharko dituzte.
3.3. Izangaiek, epaimahaiak deialdiko zazpigarren atalean ezartzen denari jarraikiz baloratu beharko dituen merezimenduak alegatu beharko dituzte beren eskabidean.
3.4. Alegatutako merezimenduak jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz frogatu behar dira. Bertzenaz, aurkeztu ez balira bezala izanen da.
3.5. Eskabideari ondoko agiriak erantsiko zaizkio:
a) Izangaiek alegatzen dituzten merezimenduen egiaztagiriak, 7. atalean xedatzen denari jarraikiz antolatuak.
b) Azterketarako tasa, Udalaren diruzaintzan 2.070 pezeta ordaindu izanaren frogagiria.
3.6. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.
4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea akitutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.
4.2. Izangai baztertuek, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean behin-behineko zerrenda atera eta ondoko hamar egun balioduneko epearen barnean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta akatsik baldin bada, zuzendu.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haiek ebatzitakoan, alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko. Ebazpen berean zehaztuko da probak non, noiz eta zein egunetan hasiko diren.
5.-Epaimahaia:
5.1. Epaimahaia ondoko kide hauek osatuko dute:
Mahaiburua: María Concepción Fernández de Pinedo Sáez andrea.
Ordezkoa: Javier Iturbe Ecay jauna.
Mahaikidea: María Luisa Arrizabalaga Santos andrea.
Ordezkoa: Amelia Vicente Zabaleta andrea.
Mahaikidea: María Antonia González Alvero andrea, Nafarroako Gobernuko ebaluazioko teknikaria.
Ordezkoa: Isabel Fernández Casas andrea, Nafarroako Gobernuko osasun alorreko teknikaria.
Mahaikidea: Inés Aguinaga Ontoso andrea.
Ordezkoa: Ricardo Martínez García jauna.
Mahaikide-idazkaria: Victoria Borja Etayo andrea.
Ordezkoa: Juan Sáez Leclerq jauna.
Hautapen probak egin baino lehenago osatu beharko da epaimahaia.
5.2. Epaimahaiak ezin izanen du osatu ez eta jardun ere, guttienez ere bere kideen erabateko gehiengoa biltzen ez bada.
5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu, deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.
5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guzti nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek espezialitate teknikoetara mugatuko dira, eta horiexetan bakarrik lagunduko dute epaimahaia.
6.-Oposizio-lehiaketa nola eginen:
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan garatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisan.
6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den oposizio-lehiaketa.
Horren ondotik, epaimahaiak behar denean eta Erregelamenduari jarraikiz emanen ditu aditzera gainerako proben iragarkiak.
7.-Lehiaketaldia:
7.1. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 15 puntu izanen ditu.
7.2. 3.4 idazatian ezarritakoaren ariora alegaturiko merezimenduak ondoko baremoari jarraikiz puntuatuko dira:
7.2.1. Lanbideko esperientzia, berariazkoa nahiz globala, aukera berdintasunaren eragile gisa, beti ere lanpostuaren egitekoekin ikustekorik badu, gehienez ere 7 puntu. Gehiago baloratuko dira administrazio publikoetan egindako lanak, enpresa pribatuetakoak baino.
7.2.2. Lanpostuaren eginkizunei lotutako prestakuntza berariazkoa, gehienez ere 6 puntu.
7.2.3. Lanpostuaren eginkizunei lotutako argitalpenak eta ikerketa lanak, gehienez ere 2 puntu.
Atal honetako merezimendu guztiek, baloratu ahal izateko, kasuan kasuko titulu akademikoa lortu ondokoak beharko dute izan.
7.3. Lehiaketaldia bukatutakoan, izangai bakoitzak eskuraturiko puntuazioa aditzera emanen da Iruñeko Udaleko iragarki oholean. Lehiaketaldian eskuraturiko puntuazioa oposizioaldian eskuratzen denari batuko zaio, eta horrela aterako da oposizio-lehiaketako puntuazio osoa.
8.-Oposizioaldia:
8.1. Oposizioaldiak ondoko ariketak izanen ditu eta gehienez ere 85 puntu ematen ahal dira.
A) Lehen ariketa.
A.1) Teorikoa, II. eranskineko I. eta III. gai-multzoetatik zozketa eginez ateratako gai bi idatziz garatzea 4 orduko gehieneko epean.
Atal teorikoak gehienez ere 17 puntu izanen ditu, eta gutienez ere 6 puntu eskuratu behar dira puntuazio hori bigarren atalean erdietsitakoari batu ahal izateko.
A.2) Praktikoa, lanpostuaren eginkizun eta edukiei loturiko ariketa praktikoa egin beharko da. Ariketa egiteko gehienez ere 3 ordu izanen dira.
Atal praktikoak gehienez ere 27 puntu izanen ditu, eta gutienez ere 9 puntu eskuratu behar dira puntuazio hori bigarren atalean erdietsitakoari batu ahal izateko.
Azterketara ez da kontsultarako materialik eramaten ahalko, ez atal bat ez bertzea egiteko.
Ariketa teoriko-praktikoan gehienez ere 44 puntu emanen dira, eta osotara gutienez ere 22 puntu erdietsi behar dira gainditzeko.
Irakurketari uko egiteak izangaia baztertzea ekarriko du.
B) Bigarren ariketa.
Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangai guztiak egitekoei egokitzen ote zaizkien baloratzeko.
Ariketan, gehienez ere 27 puntu emanen dira, eta osotara gutienez ere 15 puntu erdietsi behar dira gainditzeko.
C) Hirugarren ariketa: hizkuntzak jakitea (borondatezkoa).
Europako Batasuneko hizkuntza bakoitza jakiteagatik 4 puntu emanen dira gehienez ere, eta euskaraz jakiteagatik 5 puntu gehienez ere. Denetara ez da ematen ahal 9 puntu baino gehiago.
D) Buruz buruko elkarrizketa.
Egindako ariketaz, jarduketa programaz, egin beharreko lanaren ikuspegi orokorraz eta epaimahaiak beharrezkotzat jotzen dituen gainerakoez izanen da eta gehienez ere ordubete iraunen du. Gehienez ere 5 puntu emanen dira.
8.2. Oposizioaldiko ariketa bakoitza bukatutakoan, aditzera emanen da Iruñeko Udalaren iragarki oholean azterketa gainditu duten izangaien zerrenda eta atera duten puntuazioa.
8.3. Izangaiak epaimahaiari irakurriko dizkio oposizioaldiko ariketak, jendaurreko ekitaldi batean. Ariketa bakoitzaren irakurketa bukatutakoan, epaimahaia izangaiarekin solasten ahalko da, gehienez ere hamabortz minututan.
Irakurketari uko egiteak izangaia baztertzea ekarriko du.
8.4. Hautapen probak egin bitartean, denbora edo baliabide aldetik egokitzapenak ezarriko dira hala eskatua duten ezinduentzat, eskabidean adierazitakoari jarraikiz.
9.-Azterketa gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
9.1. Oposizioaldia bukatuta, epaimahaiak aditzera emanen du Iruñeko Udaleko iragarki oholean zein azken ariketa egin den tokian gainditu dutenen zerrenda, atera duten puntuazioaren hurrenkeran, horretarako izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako emaitzak batuz, eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena eginen du.
9.2. Izendapen proposamena jakinarazi eta hurrengo 30 egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak, ondoko agiriak ekarri beharko ditu Udalaren Langileri Departamentura:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.
b) 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
c) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoen txostena, karguak bere dituen eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.
d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.
e) Zin egin edo hitz eman Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioa eta Legeak onartu, eta karguari atxikirik dauden eginbeharrak zintzo beteko dituela.
9.2.2. Izangaiak ezintasunen bat duela alegatu badu, hura eta deialdi honetako lanpostua bateragarriak direla kreditatu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunen txostena dela medio.
9.3. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbertzeko kasuak izan ezik, arestiko agiriak aurkezten ez dituena ezin izanen da izendatua izan, eta beraz egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, beti ere bere eskabidearen faltsukeriagatik legokiokeen erantzun beharra galarazi gabe.
9.4. Aitzineko atalean ezarritako kasuan, alkateak gainditu dutenen zerrendan, alegia, 9.1 oinarriak aipatzen duen horretan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea. Harekin arestiko ataletan adierazi bezala jokatuko da.
10.-Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
10.1. Alkateak Iruñeko Udalaren Aukera Berdintasunerako Udal Planerako teknikari aholkulari izendatuko du aitzineko oinarrian ezarritakoa bete duen izangaia.
10.2. Aipatu izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.
10.3. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Epe horretan, eta aski arrazoituriko kasuak izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu. Horrela gertatuz gero, 9.3 atalak ezarritakoari jarraikiko zaio.
11.-Errekurtsoak.
Epaimahaiaren egintzen aurka, errekurtso arrunta paratu ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, eta horren ebazpenaren zein deialdi honen aurka, baita bertako oinarri eta egintzen aurka ere, errekurtso hauetariko bat:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailari zuzendua, bi hilabetez paratu ere, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina, egintza horren egileari hala eginen dela aldez aurretik jakinarazita, edo bertzeelakoan,
b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean helegindako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko urriaren hogeita hamarrean. Alkatea, José Javier Chourraut Burguete.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua
Izena: ..........................., Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: ........., sorteguna: ..........., sorlekua: ............. (........), bizitokia: ............ (........), karrika: ................., zenbakia: ......., posta kodea: ....., Telefonoa: .............
Zure aitzinera agertzen da eta azaltzen du:
Iruñeko Udalaren Aukera Berdintasunerako Udal Planerako teknikari aholkularia, oposizio-lehiaketa bidez, hartzeko halako zenbakia .... eta halako data .... dituen Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen deialdira onartua izatea eskatzen duela
Karguaren eginkizunetarako eragozten dion akats fisiko, psikiko edo eritasunik ez duela.
Indarrean dauden xedapenetan ezarritako ezgaitasun bakar bat ere ez duela.
Inongo administrazio publikoren zerbitzutik disziplinazko espediente bidez ez dela berezia izan, eta eginkizun publikoetarako ezgaitua ez dagoela.
Deialdiaren 2. oinarrian aipatzen den titulazioaren jabe dela.
Azterketarako eskubideak ordainduak dituela deialdian zehazten den gisan, eta dagokion gordekina eskabideari atxikirik doala.
Eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela, eskabideak aurkezteko epearen azken eguna baino lehen.
Ezintasunik baduela, eta adierazitako arrazoiengatik atxikirik doan egokitzapena eskatzen duela (bertze orri batean zehaztu beharko dira ezintasunaren arrazoiak eta eskatzen diren egokitzapenak).
Hizkuntza hauen jakitea neurtzeko probak egin nahi duela/ez duela nahi ................. (ezaba behar ez dena)
Horrenbertzez:
Eskatzen dizu honako eskabidea onar dezazun eta horrela, Iruñeko Udalaren Aukera Berdintasunerako Udal Planerako teknikari aholkularia, oposizio-lehiaketa bidez, hartzeko deialdira onartua izan dadin.
Iruñean, 199...ko ........aren ...(e)an.
(Sinadura)
IRUÑEKO UDALEKO JAUN ALKATE UDALBURUA.
II. ERANSKINA
I. multzoa
1.-Espainiako 1978ko Konstituzioa. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak, eta askatasun publikoak. Oinarrizko eskubideen babesa. Zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoa.
2.-Nafarroako Foruak Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. Aurretiko historikoak eta haren edukiaren ideia orokorra.
3.-Toki administrazioa. Hura osatzen duten entitateak. Alderdi orokorrak, udalerriaren antolakuntzari, funtsei eta eskumenei dagokienez. Aipamen berezia Iruñeko Udalari.
4.-Legea: kontzeptuak eta motak. Lege-dekretuak. Legegintza ahalmena. Nazioarteko itunak. Dekretuak.
5.-Erregelamendua: kontzeptu orokorra. Ordenantzak eta udalen erregelamenduak: baldintzak eta motak.
6.-Administrazio prozeduraren ezaugarriak eta printzipio orokorrak. Hastapena eta aurrerapena. Legitimazioa.
7.-Administrazio prozedura: txostenak eta motak. Alegazioak: motak, kasuak eta moduak. Interesatuak.
8.-Egintza administratiboen jakinarazpena. Epeak eta moduak. Argitalpena: sinadura eta kasuak.
9.-Egintza administratiboen indar betearazlea. Etendura. Kontrako erabakien kasuak: baldintzak.
10.-Errekurtso administratiboak eta jurisdikziokoak. Ideia orokorra, ezaugarriak, legezko araubidea eta aldeak.
11.-Errekurtso administratiboak. Erregulazio orokorra udalei dagokienez. Nafarroako berezitasunak.
12.-Emakumeen oinarrizko eskubideak alor ezberdinetan: lan aferena, zibila, penala, etab.
13.-Azken hamarkadako lege berrikuntzak, emakumearen egoera juridikoari eragiten diotenak. Delituen alderdi juridikoak.
14.-Udalen eta komunitate autonomoen egitekoa, enplegua eta prestakuntza sustatzerakoan. Enpleguaren eta talde baztertuak gizarteratzearen aldeko politikak.
15.-Emakume eta gizonezkoen arteko aukera berdintasuna: erranahia, dakartzan abantailak. Estatuko, komunitate autonomoetako eta toki mailako administrazioaren egitekoa, emakume eta gizonezkoen arteko aukera berdintasunari dagokionez.
16.-Nazioarteko erakundeen eginkizunak, emakume eta gizonezkoen arteko aukera berdintasunaren aldeko politikak aitzina eramateko. Emakumeen gaineko munduko konferentzia: ekintza plataforma. Europako Batasunaren ekintza komunitariorako programak.
17.-Emakumearendako gizarte baliabideak, Nafarroako Foru Komunitatean. Zentroak, zerbitzuak eta berariazko laguntzarako programak, emakumearekin ikusteko duten arazo zehatzei heltzeko helburua dutenak.
18.-Emakumearendako ekintza positiborako politikak, Espainian eta Nafarroako Foru Komunitatean. Nafarroako administrazio ezberdinen eskumenak berdintasunaren arloan. Emakumeen aukera berdintasunerako planak.
II. taldea
1.-Emakumea Iruñeko udal mugapean. Gizarte egoera. Berdintasun eza sorrarazten duten mekanismoen azterketa.
2.-Emakumearen sarrera lan merkatuan: emakumearen baldintza sozio-laboralen bilakaera eta gaur egungo egoera, Nafarroako Foru Komunitatean.
3.-Emakumearen osasuna. Amatasuna eta famili plangintza. Lan jarduera, ugalkortasunari dagokionez. Emakumearen lan osasuna.
4.-Emakumeen partaidetza, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte esparru guztietan:
-Familia, famili eredu berriak, guraso bakarreko familiak.
-Hezkuntza, hezkuntza mistoaren abantailak, hezkidetzarekiko aldeak, hezkidetzaren filosofia eta haren eragina, bai garapen pertsonalean, bai lanbide eta famili mundurako prestakuntzan.
-Lan merkatua, emakumearen sarrera, baldintza sozio-laboralen bilakaera.
-Lanbide eta famili ardurak bateratzea; erantzukidetasuna, zerbitzu soziokomunitarioak, bertzelako neurriak.
-Gizarte bazterketarako arriskuak; pobreziaren feminizazioa, tratu txar fisiko eta psikikoak, eraso sexualak.
5.-Diskriminazio zuzenekoa eta zeharkakoa: erranahia, zer esparrutan gertatzen diren, horiek hautemateko bideak. Ekintza positiboa: lege ingurua, definizioa, filosofia. Sexuaren eta generoaren arteko harremanen alderdi sozialak: eragina gizarte antolakuntzan.
6.-Gizarte adierazleak: horiek prestatzeko xedeak. Aplikazio eremu nagusiak eta hautatzeko irizpideak. Adierazleak prestatzeko bideak.
7.-Hedabideak: haien garrantzia eta eragina egungo gizartean. Masa komunikazioa: kanpaina baten diseinua eta garapena hedabideen bitartez.
8.-Biztanleriaren azterketa demografikorako iturriak. Egoera Nafarroan: jaiotze, ezkontza, ugalkortasun, erikortasun eta hilkortasun tasak. Fenomeno demografiko berriak: banantzea eta dibortzioa.
9.-Hedabideak: haien garrantzia eta eragina egungo gizartean. Emakumeen partaidetza, profesional nahiz kontsumitzaile gisa. Emakumearen irudiaren tratamendua. Neurri zuzentzaileak.
10.-Emakumearendako aukera berdintasunaren eragilearen figura. Profil profesionala. Atxikitzen zaizkion eginkizunak. Profesional hauen egitekoa nola betetzen den, Europako herrietan.
11.-Feminismoa. Alderdi teorikoak. Emakumeen elkartegintza, Nafarroako Foru Komunitatean eta Iruñeko udalerrian.
12.-Hizkuntzaren erabilera ez sexistaren premia eta garrantzia. Toki administrazioaren egitekoa.
13.-Emakumearen aukera berdintasunerako planen diseinua. Xedeak ezartzea. Garatzeko bideak. Haien ebaluazioa.
Iragarkiaren kodea: A9901552
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
