II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
- E R R I B E R R I
E D I K T U A
Erriberriko Udalak, 1998ko azaroaren 5ean egindako osoko bilkuran, aho batez eman zien hasierako onespena baldintza hauei:
ERRIBERRIKO ALDE HISTORIKOAN EGINDAKO ERAIKUNTZA LANEI LAGUNTZAK EMATEKO BALDINTZAK
Aurrekariak
Erriberriko Udalak kezkaz ikusten du nola gero eta etxe gehiago ari diren hutsik gelditzen alde historikoan eta berriak egiten Arau Subsidiarioetako garapen unitateetan, askotan garestiago delako eta zailago mehelin artean eraikitzea, eta laguntzarik ez dagoelako arazo horiek, gehiago edo gutxixeago, konpentsatzeko.
Fenomeno hori ahal den neurrian galaraztearren, Udalak, 1998ko ekainaren 18ko osoko bilkuran aho batez hartutako erabakiaren bitartez, eta Ogasun Batzordeak proposaturik, ekimen pribatua bultzatzeko laguntzak aplikatzea onetsi zuen, Erriberriko alde historikoan dauden eraikinak eta etxebizitzak zaharberritu eta berreskura daitezen.
1998ko azaroaren 5ean egindako bilkuran, Ogasun Batzordearen adostasun txostena izanik, Udalbatzak aho batez onetsi zituen baldintza hauek, zenbait tasari hobariak ematen dizkiotenak, eraikinak zaharberritzeko hirigintzako jarduketak errazago egin daitezen, eta hutsik gelditzen ari diren etxebizitzak berriro bete daitezen.
Kezkatzeko modukoa da 1998an hirurehun etxe inguru hutsik izatea alde historikoan, eta kopuru horrek gora egitea, aldi berean, berrehun eta hirurogeita hamar bat etxebizitzen promozioak kudeatzen diren bitartean garapen unitateetan.
Babestu edo katalogatutako multzo bakoitzerako Arau Subsidiarioetan aurreikusi jarduketak, askotan, % 30etik gora igotzen du eraikuntza lanaren kostua, eta promotorea ez dago prest bere gain hartzeko. Hori dela bide, eta aipatu helburuarekin, egin daitezkeen jarduketak eta haietako bakoitzeko laguntzak aurreikusi dira honako baldintzetan.
Baldintzak
Lehendabizikoa.-Erriberriko gaur egungo Arau Subsidiarioetan ezarritakoari jarraituz, honela daude sailkatuta alde historikoaren barreneko eraikinak:
a) Interes historikoa dutenak.
b) Interes historiko artistikoa dutenak.
c) Arkitektura eta ingurugiro aldetik interesgarri direnak.
Bigarrena.-Harrizko fatxadak (plakak ez) edo adreilu zaharrez egindakoak, teila arabiarreko teilatuak eta zurezko hegalkinak zaharberritzeko obrak.
Kobrezko edo zinkezko hodiak eta zorrotenak, zurezko ate-lehioak eta forjazko burdinsareak jartzea.
Inbertsio errealari dagokion tasaren % 100eko hobaria emanen zaie, baldin eta balorazioa, oraingo egoera eta hartu den soluzioa agertzen dituen txostena aurkezten bada.
Hirugarrena.-Proiektu teknikoa behar duten barneko zaharberritze lanak.
Barneko zaharberritze lan txikiak, proiektu teknikoa izan beharrean txosten tekniko baloratua behar dutenak.
Eskuhartzearen kostu errealari dagokion tasaren % 50eko hobaria izanen dute.
Laugarrena.-Interes historikoa duten eraikinetan eskuhartzerakoan, Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea erakundeak, lizentzia eman aurreko nahitaezko txostenean, elementu arkitektoniko edo artistikoren bat zaharberritu edo zaintzeko adieraziz gero, inbertsio erreal egiaztatuaren % 100eko hobaria izanen dute tasek.
Bosgarrena.-Oin berriko eraikinak altxatzeagatik, bai eraikitzeko izan daitezkeen orubeetan bai higiezinak botatzetik ateratzen direnetan, aurkeztu beharko diren aurrekontuari eta proiektu teknikoei dagozkien tasen % 50eko hobaria izanen da.
Seigarrena.-Obretarako behar diren material, garabi, aldamio eta beste elementuekin bide publikoa okupatzeagatik, tasek % 100eko hobaria izanen dute lizentzia eskuratu eta lehen hilabetean, eta % 50, ondoren.
Zazpigarrena.-Onetsitako laguntzak jasotzeko, lehenik, promotoreak ordaindu egin beharko du zenbateko osoa, eta eskuhartzea amaitutakoan jasoko du dagokion portzentaia, udal teknikariek obra berrikusi eta interesatuak ordaintzeko eskaria egin ondoren.
Zortzigarrenik.-Obrak lizentziarik gabe edo zehaztapenak bete gabe egiten direnean, besterik gabe ukatuko dira izan ditzaketen laguntzak eta, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/94 Foru Legearen hirugarren atalean, hirigintzako legezkotasuna babestearen gainean, xedatutakoari jarraituko zaio.
Nafarroako Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa betez, jendaurrean egonen da 30 egunetan, herritarrek eta interesatu eskubidedunek espedientea aztertu eta erreklamazioak, kexak edo oharrak egin ditzaten.
Erriberrin, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko abenduaren hogeita bian. Alkatea, sinadura ulertezina.
Iragarkiaren kodea: A9901493