Iragarkia
30. ALDIZKARIA - 1999ko martxoaren 10a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
- Beste Xedapenak
88/1999 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Garraio eta Telekomunikazio zuzendari nagusiak emana, errepideko garraio publikoan nahiz horren jarduera osagarrietan (salgaien garraio agentzietan nahiz ibilkari eta biltegidun banatzaile) aritzeko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko probetarako deialdia egiten duena.
Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legeak finkatzen du errepideko bidaiari eta salgaien garraio publikoan, salgaien garraio agentzietan nahiz ibilkari eta biltegidun banatzaile aritzeko lanbide gaitasuna izatea ezinbesteko baldintza izanen dela.
Indarra duen legeriak errepideko garraioaren arloan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko organo eskudunari dagokio helbidea bere lurraldean dutenei beharrezkoak diren probetarako dei egitea, lanbide gaitasunari, ohoreari eta ahalmen ekonomikoari buruzko baldintzak arautzen dituen 1211/1990 Errege Dekretuak ezarritako oinarrizko antolamenduari jarraikiz, bai eta, halaber, garraio jardueretan eta horien jarduera lagungarri eta osagarrietan aritzeko aldez aurreko baldintzen gainean, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Erregelamenduaren II. Tituluko I. Kapitulua garatzen duen 1997ko uztailaren 23ko Ministerio Aginduari jarraikiz.
Sustapen Ministerioa arautegia aldatzeko aukera aztertzen ari da, indarra duen Ministerio Aginduan eskatutako zorroztasuna arindu eta probetan eskatzen den maila lanbidera sartzeari buruzko urriaren 1ean Kontseiluak emandako 98/76/CE zuzentarauari egokitzeko, baina, aldaketa horrek ez du aurtengo bigarren seihilekora arte indarra hartuko.
Horregatik, urteko lehenbiziko sehilekoan probetarako deialdi bat egitea beharrezkoa denez gero, halaxe adierazi baitute behin eta berriz garraiolari elkarteek, bidezko da dagokion deialdia onestea.
Horiek horrela, Departamentu honi ekainaren 27ko 150/1984 Foru Dekretuak eman zizkion eskumenen arabera eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak urriaren 15eko 3077/1996 Foru Aginduaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz, Zuzendaritza Nagusi honek,
EBATZI DU:
Lehenbizikoa.-Errepideko garraioan nahiz horren jarduera osagarrietan (salgaien garraio agentzietan nahiz ibilkari eta biltegidun banatzaile) aritzeko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko probetarako deialdia onestea.
Bigarrena.-Lanbide gaitasunaren ziurtagiri hauek eskuratzeko dira deialdiko probak:
-Salgaien errepide bidezko barne eta nazioarteko garraioa.
-Bidaiarien errepide bidezko barne eta nazioarteko garraioa.
-Salgaien garraio agentzia, ibilkari eta biltegidun banatzailea.
Hirugarrena.-Deialdietan parte hartu ahal izanen dute beren legezko egoitza Nafarroako edozein udalerritan dutenek, beti ere deialdi hau argitaratzen den eguna baino urtebete lehenago, guttienez, kasuan kasuko udal erroldan inskribatuak daudela ziurtagiriaren bidez frogatzen badute.
Laugarrena.-Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek, 1999ko apirilaren 16ko 14:00ak baino lehen, ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Erregistroan:
a) Izangaiak sinaturiko eskabidea, I. Eranskineko ereduaren araberakoa.
b) N.A.N.aren fotokopia konpultsatua.
c) Bizileku ziurtagiria, dagokion Udalak luzatua, udal erroldan alta emandako eguna agertzen duena.
d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan, azterketa egin ahal izateko, 1.000 pezeta sartu izanaren frogagiria, lortu nahi den gaitasun ziurtagiri mota bakoitzeko.
Bosgarrena.-Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda paratuko da Garraio Zerbitzuko bulegoetako iragarki oholean (Yanguas y Miranda kaleko 5 zk.an, Iruñean), 1999ko apirilaren 30ean.
Izangai baztertuek erreklamazioak egin ahal izanen dituzte aipatu bulegoetan, eta akatsik izanez gero, zuzendu, 1999ko maiatzaren 7a arte.
Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda ere toki berean argitaratuko da 1999ko maiatzaren 14an.
Seigarrena.-Probetan buru eginen duen epaimahaia ondoko kideek osatuko dute:
-Mahaiburua: Angel Sanz Barea jauna, Garraio eta Telekomunikazio zuzendari nagusia.
-Ordezkoa: Arantzazu Betelu Corcuera andrea, Garraio Zerbitzuko zuzendaria.
Mahaikideak:
-José Miguel Gamboa Baztán jauna, Nafarroako Gobernuko Garraio Zerbitzuko Araubide Juridikoaren eta Kudeaketa Administratiboaren atalburua.
-Pedro Bandrés Oscoz jauna, Nafarroako Gobernuko Garraio Zerbitzuko Ikuskatzailetza atalburua.
-Jesús Armendáriz Mateo jauna, Nafarroako Gobernuko Garraio Zerbitzuko Ustiapen eta Azpiegitura atalburua.
Ordezkoak:
Francisco Morales Hernández jauna, Nafarroako Gobernuko Garraio Zerbitzuko Azpiegitura atalburua.
-Pedro Villarroel Clemente jauna, Nafarroako Gobernuko Garraio Zerbitzuko Antolamendu bulegoburua.
-Idazkaria: María Carmen Machiñena Solera andrea, Nafarroako Gobernuko Garraio Zerbitzuko Administrazio Publikoko teknikaria, adar juridikoaren barnean.
-Ordezkoa: María Jesús Gutiérrez Gutiérrez andrea, Nafarroako Gobernuko Garraio Zerbitzuko Ikuskatzailetza bulegoburua.
Zazpigarrena.-Izangaiak, Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertuko dira probak egitera.
Zortzigarrena.-Bidaiarien eta salgaien garraioari dagozkion proben edukia:
1. Salgaien barne eta nazioarteko garraioan edo bidaiarien barne eta nazioarteko garraioan aritzeko lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratu nahi dutenek, ondoko ariketak gainditu beharko dituzte:
Lehenbiziko ariketa: izaera bateratua izanen du artikulu honek aipatzen dituen bi ziurtagiri motak, bata zein bestea, eskuratu nahi dituzten izangai guztiendako, eta deialdi honetako II. Eranskineko Programako I. multzoan sartu diren gaien edukiari buruzkoa izanen da.
Bigarren ariketa: izaera berezitua izanen du artikulu honek aipatzen dituen ziurtagirien mota bakoitzera aurkezten diren izangaiendako, eta Programako II. edo III. multzoetan sartu diren gaien edukiari buruzkoa izanen da, kasuan-kasuan, hurrenez hurren salgaien garraioan ala bidaiarienean aritzeko ote den kontuan izanik.
2. Aitzineko puntuak aipatzen dituen jardueretariko batean aritzeko gaitasuna aitortua izanik, besteari dagokion ziurtagiria eskuratu nahi dutenek, mota horri doakion bigarren ariketa baizik ez dute gainditu beharko.
Bederatzigarrena.-Garraioaren jarduera lagungarri eta osagarriei dagozkien proben edukia.
Salgaien agentzietan nahiz ibilkari edo biltegidun banatzaile aritzeko lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratu nahi dutenek ariketa bakarra eginen dute, hain zuzen ere Programako IV. multzoan sartu diren gaien edukiari buruzkoa.
Hamargarrena.-Ariketen egitura.
1. Ebazpen honen zortzigarren eta bederatzigarren idazatietan aipatzen diren ariketek bina zati izanen dituzte:
Lehenbiziko zatia izanen da ariketa honi dagozkion gaien edukiari buruz "test" motako 100 galderari erantzuna ematea, lau erantzunen artean bat aukeratuz.
Bigarren zatian, behar diren kalkulu matematiko eginez edo idatzizko azalpenaz, eduki hori kasu zehatz bati aplikatzea eskatzen duten sei kasu praktiko burutu beharko dira.
2. Ariketa bakoitzerako izangaiek bi ordu eta erdi izanen dute.
Hamaikagarrena.-Ariketen kalifikazioa.
1. Ariketa guztiak zerotik hamar puntu bitarte kalifikatuko dira. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa balorazio arau hauei jarraikiz eginen da:
Ariketa bakoitzeko lehenbiziko partean, zuzen erantzuten den "test" motako galdera bakoitzak 0,04 puntu jasoko du, eta -0,04 puntu, berriz, oker ihardetsiak. Ihardetsi ez diren galderak eta ihardespen bat baino gehiago dutenak ez dira puntuatuko ez alde, ez kontra.
Ariketa bakoitzeko bigarren zatian, kasu praktiko bakoitzaren ihardespena 0 puntutik 1era bitarte puntuatuko da.
2. Ariketa gainditzeko, izangaiek 2,4 puntu gutxienez lortu beharko dituzte lehenbiziko zatian eta 3,6 bigarrenean, eta bien baturak 7 puntukoa edo gehiagokoa izan beharko du.
Ebazpen honen zortzigarren idazatiak aipatzen duen gaitasun agiria lortu nahi duten izangaiek idazati horretan ezarritako bi ariketak gainditu beharko dituzte, lehen aipatutakoari jarraikiz.
Hamabigarrena.-Probak honako toki, egun eta ordutan eginen dira:
Tokia: Amaya Kirolgunearen instalazioak (Erripabe, z.g., Iruña).
Eguna eta orduak: 1999ko maiatzaren 20a (osteguna).
-8:00etan: salgaien eta bidaiarien barne eta nazioarteko garraiorako ariketa amankomuna.
-11:00etan: salgaien barne eta nazioarteko garraiorako ariketa berezia.
1999ko maiatzaren 21a (ostirala).
-8:00etan: bidaiarien barne eta nazioarteko garraiorako ariketa berezia.
-11:00etan: salgaien garraio agentzietan nahiz ibilkari eta biltegidun banatzaile aritzen direnendako ariketa.
Hamahirugarrena.-Gainditu dutenen zerrenda bosgarren idazatian aurreikusitako eran argitaratuko du epaimahaiak eta Garraio eta Telekomunikazio zuzendari nagusiari igorriko dio.
Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda onesten duen Garraio eta Telekomunikazio zuzendari nagusiaren Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da eta Ebazpen horren kontra errekurtso arrunta paratu ahalko da argitaratu eta hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuari zuzendua.
Hamalaugarrena.-Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.
Hamabosgarrena.-Ebazpen hau Departamentuko Garraio Zerbitzura eta Idazkaritza Teknikora igortzea.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko otsailaren hogeita seian.-Garraio eta Telekomunikazio zuzendari nagusia, Angel Sanz Barea.
I. ERANSKINA
Ondotik adierazten diren garraio lanbideetan jardun ahal izateko Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak egin deialdiko gaitasun probetan izena emateko eskabidea
A) Eskatzailearen datuak:
Izena
Lehen deitura
Bigarren deitura
N.A.N. zenbakia ......................................
Helbidea
Posta kodea ..........................................
Herria
Telefono zenbakia ....................................
B) Zein probatara aurkezten den (para bedi X bat bidezko den lekuan).
Salgaien barne eta nazioarteko garraioa
Bidaiarien barne eta nazioarteko garraioa
Salgaien garraio agentzia, ibilkari eta biltegidun banatzaile lana
C) Egungo lanbide egoera.
Salgaien edo bidaiarien garraiorako probetara aurkezten direnek, baldin eta beste garraio motako gaitasun ziurtagiria badute, inguruabar hori agiri bidez beharko dute frogatu.
D) Azterketa eskubideengatik 1.000 pezetako tasa ordaindu beharko da aukeratzen den espezialitate bakoitzeko.
II. ERANSKINA
Lanbide gaitasunaren ziurtagiria bere mota ezberdinetan eskuratzeko proben programa
I. MULTZOA
Salgaien eta bidaiarien barne eta nazioarteko garraio jardueren gai amankomunak
I.-Zuzenbideko elementuak.
1. Kontratuei buruz oro har eta salerosketa eta errentamendu kontratuei buruz dauden oinarrizko kontzeptuak.
2. Merkataritzako enpresaria izateagatik garraiatzaileak dituen betebeharrak. Merkataritzako liburuak.
3. Merkataritza sozietateei eta horien motei buruzko oinarrizko kontzeptuak. Kooperatibak.
4. Lanaren eta Gizarte Segurantzaren erregelamentazioko arau nagusiak.
5. Garraio enpresarien zerga betebeharrak.
II.-Enpresaren merkataritza eta finantza arloen kudeaketa.
1. Ordainketa motak. Finantzazio sistemak. Elkarrekiko Bermeko Sozietateei buruzko kontzeptuak.
2. Kostuen kalkulua. Kostu partida zenbait. Amortizazioari buruzko kontzeptuak.
3. Merkataritzako kontabilitateari buruzko oinarrizko kontzeptuak. Balantzeen kontzeptua eta emaitzen kontua.
4. Fakturazioa. Fakturazio motak eta horren baldintzak. Ez-ordaintze kasuan garraiatzaileak dituen eskubideak.
III.-Arau eta erabilpen teknikoak.
1. Ibilgailuaren hautaketa. Kontuan hartu beharreko gorabeherak.
2. Homologazioa eta matrikulazioa. Ezaugarri teknikoen fitxa, matrikulazioa eta ibilgailuen zirkulazio baimena.
3. Ibilgailua egoki zaintzeko arauak. Aldian aldian egin beharreko berrikuspen eta azterketak.
4. Ingurugiroa babesteko aplikatu beharreko oinarriak ibilgailuak erabili eta mantentzeari dagokionez.
IV.-Segurtasuna errepidean.
1. Zirkulazio arloan aplikatu beharreko xedapenak.
2. Istripuen aurreikuspena eta segurtasuna zirkulazioan. Horretan eragina duten faktoreak. Takografoa.
3. Errepideen geografia. Mapen irakurketa.
II. MULTZOA
Salgaien barne eta nazioarteko garraio jardueraren gai bereziak
I.-Zuzenbideko elementuak.
1. Salgaien garraio kontratuaren oinarrizko kontzeptuak. Garraiatzailearen erantzukizuna.
2. Ibilgailuaren, erantzukizun zibilaren, bidaiarien eta garraiatzen diren salgaien aseguruei buruzko kontzeptu orokorrak.
II.-Enpresaren merkataritza eta finantza arloen kudeaketa.
1. Tarifak. Motak. Aplikazio baldintzak. Tarifen berrikuspena.
2. Garraio agentzien eta beste bitartekari batzuen xede eta funtzionamendua.
3. Garraiolari arteko elkarlana.
4. Argibiderako eta zama banaketarako zentroen eta salgaien biltokien xede eta funtzionamendua.
5. Errepideko salgaien garraioko enpresa baten kudeaketa teknikei buruzko oinarrizko kontzeptuak. Garraioa merkaturatzea.
III.-Merkatuko sarbidea.
1. Aurretiazko baldintzak. Lan horretan jarduteko behar diren administrazio baimenak.
2. Garraio agiriak. Garraio txartelak. Berariazko beste agiri batzuk.
3. Garraioaren kontrola. Ikuskapena, arau-hausteak eta zehapenak.
IV.-Arauak eta erabilpen teknikoa.
1. Ibilgailuen pisuak eta luze-zabalak. Mugak. Ibilgailu bereziak.
2. Ibilgailuekin egiten diren zamalanak. Zama banatu, estekatu eta babesteko irizpideak.
3. Salgai arriskutsuen garraioa. Aplikatu beharreko arautegia. Gidariei eta ibilgailuei eskatzen zaizkien baldintzak. Garraio baldintzak.
4. Jangaien garraioa. Aplikatu beharreko arautegia. Garraio baldintzak. Hozkailuetan eta kontrolatutako tenperaturan egiten den garraioa.
V.-Segurtasuna errepidean.
1. Istripuren bat gertatuz gero hartu beharreko neurriak.
2. Salgai arriskutsuen garraioan hartu beharreko neurri garrantzitsuenak.
VI.-Nazioarteko garraioaren elementuak.
1. Nazioarteko hitzarmenak. Nazioarteko garraiorako baimenak. Garraio liberalizatuak.
2. Mugak igarotzea TIR araubidean. Aduanak igarotzea Europako Batasunean.
3. Ibilgailuari eta zamari dagozkion agiriak, esportazioari buruzko agiriak, osasun agiriak. Monetak eta trukeak.
4. Zirkulazioaren arautegi garrantzitsuenak Europako Batasuneko kide diren estatuetan.
III. MULTZOA
Bidaiarien barne eta nazioarteko garraio jardueraren gai bereziak
I.-Zuzenbideko elementuak.
1. Bidarien garraio kontratuari buruzko oinarrizko kontzeptuak. Motak. Garraiatzailearen erantzukizuna.
2. Ibilgailuaren, erantzukizun zibilaren, bidaiarien eta ekipaiaren aseguruei buruzko kontzeptu orokorrak.
II.-Enpresaren merkataritza eta finantza arloen kudeaketa.
1. Tarifak. Motak. Aplikazio baldintzak. Tarifen berrikuspena.
2. Bidaia agentzien xede eta funtzionamendua.
3. Garraiatzaileen arteko elkarlana.
4. Autobusen geltokiak. Horien mantenimendurako arau nagusiak.
5. Bidaiarien errepideko garraioko enpresa baten kudeaketa teknikei buruzko oinarrizko kontzeptuak. Garraioa merkaturatzea.
III.-Merkatuko sarbidea.
1. Jarduera horretan aritzeko aurretiazko baldintzak. Kontzesioak eta baimenak.
2. Garraio agiriak. Garraio txartelak. Ibilbide orriak eta ibilbide liburua. Txartelak.
3. Garraioaren kontrola. Arau-hausteak eta zehapenak.
IV.-Segurtasuna errepidean.
1. Istripuren bat gertatuz gero hartu beharreko neurriak.
2. Ikasleen garraioan hartu beharreko neurri garrantzitsuenak.
V.-Nazioarteko garraioaren elementuak.
1. Nazioarteko hitzarmenak. Baimenak. Garraio liberalizatuak.
2. Bidaiariei, ibilgailuari eta osasunari dagozkion agiriak. Monetak eta trukeak.
3. Zirkulazioaren arautegi garrantzitsuenak Europako Batasuneko kide diren estatuetan.
IV. MULTZOA
Salgaien garraio agentzia, ibilkari eta biltegidun-banatzaile jarduerarako gai amankomunak
I.-Zuzenbideko elementuak.
1. Kontratuei buruzko kontzeptu orokorrak. Garraioan garrantzi berezia duten kontratuak: salgaien garraio kontratuak, ibilgailuak errentan emateko kontratuak, aseguru kontratuak.
2. Merkataritzako enpresariak izateagatik garraiatzaileek dituzten eskubide eta betebeharrak. Merkataritzako liburuak. Ahalduntzeak. Enpresak krisi egoeran: porrota eta ordainketa-etendura.
3. Merkataritzako sozietateei eta horien motei buruko kontzeptu orokorrak. Kooperatibak.
4. Lanari eta gizarte seguntzari buruzko arau nagusiak.
5. Garraioko enpresa laguntzaile eta osagarrien zerga betebeharrak.
II.-Enpresaren merkataritza eta finantza arloen kudeaketa.
1. Ordainketa motak. Kanbio-letra, ordaindukoa eta txekea. Finantzazio sistemak.
2. Kostuen kalkulua. Kostu partida zenbait. Amortizazioa.
3. Merkataritzako kontabilitateari buruzko oinarrizko kontzeptuak. Kontu garrantzitsuenak. Balantzea eta emaitzen kontua.
4. Fakturazioa. Fakturazio motak eta horren baldintzak. Ez-ordaintze kasuan garraiatzaileak dituen eskubideak.
5. Errentabilitate aurreikuspenak. Jardueraren plangintza. "Marketing" planaren aipamen berezia. Merkatu-ikerketa.
III.-Garraioaren administrazio antolamendua.
1. Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko legea eta hori garatzen duten arauak.
2. Garraio lanbideetarako sarbidea.
3. Errepideko salgaien garraioaren jarduera lagungarriak.
4. Garraioaren kontrola eta hura zehatzeko araubidea.
5. Tarifak.
6. Garraio agiriak. Zamaren izaeraren araberako berariazko dokumentazioa.
IV.-Salgaien barne garraioan bitartekaritzari dagozkion gaiak.
1. Salgaien garraio agentziak: kontzeptua eta zereginak. Zama osoko eta zama zatikatuko agentziak.
2. Garraio kontratua: kontzeptua, elementuak, froga, iraungipena. Bitartekotza garraio kontratuan: eraginak, bitartekoaren erantzukizuna.
3. Zama osoa. Lege kontzeptua. Zama osoaren motak. Ibilgailua eta zama osoa. Kasu praktikoak.
4. Zama zatikatua. Lege kontzeptua. Zama zatikatuaren ezaugarriak. Grupaia. Banaketa. Biltegiratzea. Enbalaketa. Salgai arriskutsuak bereziki. Ibilgailua eta zama zatikatua. Logistika zama zatikatuan.
5. Tren garraioa, itsas garraioa eta aire garraioa. Agentziak horietan dituen esku-hartze eta zereginak. Tren garraioa: kontzeptua eta motak; RENFE; tren garraioko tarifak; salgaien tren bidezko garraioko kontratua; tren garraioko elementu intermodalak. Itsas garraioa: kontzeptu orokorrak (itsasuntzia, untzijabea, fletamendua), itsas garraioko kontratua.
6. Garraio sistema intermodalak. Horien aukera ezberdinak. Edukiontziaren aipamen berezia. Kontzeptua, motak, arautzea eta matrikulazioa. Edukiontziaren erabilera intermodala eta nazioartekoa. Edukiontziratzea. ISO arauak.
7. Merkaturatzea garraioan. Merkaturatzearen garrantziaren handitzea nazio nahiz nazioarteko eremuetan. Euskarri informatikoa. Komunikazioa.
V.-Nazioarteko garraioan bitartekaritzari dagozkion gaiak.
1.4Ibilkaria. Zereginak. Besteren kontura eta norberaren kontura egindako kontratazioa. FIATA agiriak. Ibilkariaren erantzukizuna.
2. Nazioarteko garraioa. Nazioarteko akordio eta hitzarmenak nazioarteko garraioa arautzeko baliabide gisa. Nazioarteko garraioarekin loturak dituzten gobernuko erakundeak eta gobernuz kanpokoak. Nazioarteko garraioa nazioarteko merkataritza salerosketak gauzatzeko baliabide gisa: INCOTEMS direlakoak. Garraioa Europako Batasunean.
3. Inportazioak eta esportazioak. TIR konbentzioa eta garraio komunitarioa. Nazioarteko garraioarekin lotutako aduanako inprimaki, agiri eta izapideak.
4. Errepideko nazioarteko garraioa. Ibilgailuaren hautapena zamaren arabera. Tarifikazioa. Errepideko nazioarteko garraioak behar dituen baimenak. CMR hitzarmena. Ibilkariaren esku-hartzea.
5. Nazioarteko tren garraioa. Nazioarteko tren zerbitzuak. Tren garraiorako egokiak diren salgaiak. Tarifikazioa. CIM arauak. Ibilkariaren esku-hartzea.
6. Nazioarteko itsas garraioa. Itsas garraiorako egokiak diren salgaiak. Flete konferentziak. "Outsider" direlakoak. Tarifikazioa. Nazioarteko hitzarmenak. Ibilkariaren esku hartzea.
7. Nazioarteko aire garraioa. Tarifikazioa. Nazioarteko hitzarmenak. Ibilkariaren esku-hartzea.
8. Garraio konbinatu eta multimodala. Bitartekoak eta sistemak. Tarifikazioa. Nazioarteko hitzarmenak. Ibilkariaren esku hartzea.
VI.-Salgaien biltegiratze eta banakateri buruzko gaiak.
1. Biltegiratze eta banaketa enpresak. Kontzeptua eta eginkizunak.
2. Gordailu-kontratua: kontzeptua, izaera, elementuak, mota, froga eta alderdien eskubide eta betebeharrak. Berariazko aseguruak: erantzukizun zibilekoak eta sute, lapurreta eta garraio aseguruak. Industriako poliza konbinatua. Frankiziak.
3. Salgaien garraioa: garraio orokorrak. Dentsitate txikiko salgaiak. Garraio bereziak. Ibilgailuen zamalanak. LOTTen eta hura garatzeko arauen aipamen berezia. Igorpen xeheak.
4. Jangaien biltegiratze eta banaketa. Produktu idorrak: elikagaien kodea; biltegiratzeko eta garraiatzeko baldintzak. Tenperatura kontrolatutako produktuak: tenperatura baldintzak biltegiratu eta garraiatzerakoan, erabili behar diren biltegi eta ibilgailu motak. Hozkailu produktuak:
Tenperatura baldintzak biltegiratu eta garraiatzerakoan; erabili behar diren biltegi eta ibilgailu motak.
5. Salgai arriskutsuak: aerosolak, produktu kimiko- solidoak eta kontsumorako produktu toxikoak. Biltegiratzeko eta garraiatzeko baldintzak. Ibilgailu motak.
6. Teknika operatiboak. Biltegiratzea: biltegiaren antolamendua; biltegiratzeko eremuak. Erabilera: mekanikazioa, biltegi automatikoak; jasotako eskariak prestatzea. "Stocken" kudeaketa: eskuzko kudeaketa eta informatizatua. Informatizazioa: jasotako eskarien administrazioa, garraioaren kontrola eta zama-orria aurkeztea; bezeroendako argibideak; transmisioak.
7. Garraioaren antolaketa. Ibilbideen prestaketa eta kudeaketa informatizatua.
8. Jardueraren kontrol ekonomikoa. Kostuen kontrola. Tarifen kalkulua.
Iragarkiaren kodea: A9902001
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
