30. ALDIZKARIA - 1999ko martxoaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Beste Xedapenak

267/1999 FORU AGINDUA, otsailaren 19koa, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, 1999 eta 2000. urteetan, mendi lanetarako dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena.

Nafarroako baso ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak eta hori garatzen duen Mendien Erregelamenduak, otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, mendiko lanetarako dirulaguntzak ezartzen dituzte.

59/1992 Foru Dekretuaren 105 eta 107. artikuluetan aditzera ematen da Foru Agindu batek garatuko dituela lan horien dirulaguntzak, zehaztutako mugen barrenean.

Nafarroako Oihan Plana, Nafarroako Parlamentuak 1998ko onetsi baitzuen, ezarri egin zituen mendi lanen helburuak eta jarraibideak ondoko hamar urteetarako. Zehatzago, Planak biltzen ditu zenbait ekintza eta neurri basoko lanak sustatetzeko eta diruz laguntzeko.

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebitziza kontseilariaren 1408/1997 Foru Aginduak, abenduaren 1ekoak, ezarri egin zituen 1998ko mendi lanetarako dirulaguntzen zenbatekoak. Delako Foru Aginduaren aplikazioa ikusita zenbait hobekuntza sartu behar dira arestiko laguntzek eraginkorragoak izan daitezen. Bereziki, mendi lanetarako deialdiaren oinarriak bi urteetarako ezarri dira, hori guztia egokiro kudeatzetako bai mendiko lanak bai eta dirulaguntzak berak ere.

Nafarroako Gobernuak, 1999ko otsailaren 8an hartutako erabakiaren bidez, finkatu egin ziren mendi lanetarako dirulaguntzak emateko gastu konprometituaren mugak. Aipatu mugak hauexek dira: 700 milioi pezeta 1999. urterako, eta 700 milioi 2000. urterako.

Ikusirik Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren proposamena eta Ekonomi eta Ogasuneko Kontuhartzailetza Eskuordetuaren adostasuna, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/83 Foru Legearen 36.2 artikuluak bere c) eta d) idazatietan ematen dizkidaten eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 1999 eta 2000. urteetan, mendi lanetarako dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea, espedientean agertzen baitira, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko idazkari teknikoak behar bezala eginbidetuak.

3. Dirulaguntza hauetarako gastu orokorra eta finantzazioa 1999ko Gastuen Aurrekontuko 31200-7600-5335 kontusaileko "Dirulaguntzak eta ekintzak, Oihan Planaren Proiektua" izeneko 12350-8 lerroaren kargura eginen da, gehienez ere 700 milioiko gastua izanik, eta 2000. urteko aurrekontuko dagokion kontusailaren kargura, gehienez ere 700 milioiko gastua izanik, eta horren menean geldituko dira urte horretako dirulaguntzak.

4. Foru Agindu honen kontra errekurtso arrunta paratzen ahal da Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean paratu ere argitaratzen denetik, hori guztia Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114 artikulutik 116. bitarteko artikuluari jarraikiz.

5. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko ohiko komunikabideetan argitaratzea.

6. Foru Agindu hau Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko otsailaren hemeretzian.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Yolanda Barcina Angulo.

I. ERANSKINA

1999 eta 2000. urteetan mendi lanetarako dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak

Lehenbizikoa.-Xedea.

Deialdiaren helburua da dirulaguntzak ematea Nafarroako mendietan honako jarduerak burutzeko:

a) Mendiaren kudeaketa jasangarria: basoberritzeak, baso lanak, basoko azpiegiturak, beste ondasun batzuen produkzio naturalerako ahalmena hobetzea, baso elkarteak eta tratamendu fitosanitarioak.

b) Uraren kalitatea zaindu eta hobetzea.

c) Basoko ekosistemaren biodibertsitatea zaindu eta hobetzea.

d) Basoetako paisajearen eta aisiaren arloa zaindu eta hobetzea.

Bigarrena.-Onuradunak.

1.-Deialdi honetan aurreikusitako jarduketen onuradun izan ahalko dira Nafarroan dauden mendien jabeak eta haien elkarteak, edozein dela jabetza araubidea, publikoa zein pribatua.

2.-Oinarri hauetako dirulaguntzak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak mendi katalogatuen hobekuntzarako ezartzen duen planean aurreikusitako inbertsioei aplikatu ahalko zaizkie, aprobetxamenduak baimentzean, mendiaren titularraren gain den gastu erreala ez delarik izango delako ustiapenen zenbatekoaren % 20tik beherakoa, Mendien arloan indarra duen Erregelamenduko 101. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.-Aipatu dirulaguntzak jaso ahal izateko mendi katalogatuen jabeek justifikatu edo justifikatua beharko dute egindako hobekuntzarako inbertsioa, urtero zuhaitz mozketak izaten diren mendietan azken hiru ustiapenei dagokiena eta gainerako mendietan azken bost urteei dagokiena. Hori ez bada, hobekuntzarako gastua erregularizatu beharko da laguntzak jaso ahal izateko.

Hirugarrena.-Dirulaguntza motak eta zenbatekoa.

1.-Dirulaguntzen zenbatekoa ondoren, motaren arabera, azaltzen dena izango da. Gehienez ere eman daitekeen dirulaguntza horrela aterako da: onartutako inbertsioari II. eranskinean heldu diren portzentaiak aplikatuko zaizkio, beti ere aipatu portzentaia aplikatu zaion lanaren kostuak III. eranskinean heldu diren erreferentzi moduluak gainditzen ez baditu. Naturgune babestuetan edo horien eraginpeko eremuetan inbertsioetarako dirulaguntzak 10 puntu gorago izan daitezke II. eranskinean zehazten direnak baino, beti ere inbertsioaren % 100 gainditu gabe. Horretarako A edo D motakoak behar dute izan.

2.-Beharrezkoa den dokumentazio teknikoaren kostua, inbertsio guztiaren kostuaren zati bat gehiago izango da.

3.-Lanetarako behar den dokumentazio teknikoaren kostua eta, hala balitz, haien zuzendaritza teknikoarena, inbertsio osoaren kostuaren barrenean sartu beharko dira.

4.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak lankidetza hitzarmenak sina ditzake deialdi honi lotuak dauden jarduketak egiteko. Hitzarmen horiek urteanitzekoak izan daitezke.

5.-1998. urtean egin beharreko lanen eskabideei, dirulaguntza emana izan baina lanak epe barrenean bukatu ez badira, bere garaian emaniko zenbatekoak aplikatuko zaizkie, beti ere Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren 1408/97 Foru Aginduari eta dagokion kontzesioari buruzko Foru Aginduari jarraikiz.

6.-Motak:

A Mota: Mendiaren kudeaketa jasangarrirako dirulaguntzak.

A.1. Basoberritzeak, eta horren barrenean sartuta daude basoberritzea bera eta landarea sartu eta lehenbiziko bost urtetako mantenimendua: hutsarteak betetzea, aldian aldiko ureztatzeak, landare lehiatzaileen kontrola, tratamendu fitosanitarioak. Zuretarako diren makaldietan ustiapen ziklo guzian egiten diren lanak hartzen dira kontuan. Dena den, jarduketetarako dirulaguntzak urtero eskatu beharko dira.

Dirulaguntza, II. eranskinean zehazten den gisan, espezie sailaren araberakoa izanen da. Horren definizioa nekazaritza lurretan basogintza sustatzeko laguntza araubidea ezartzen duen urtarrilaren 31ko 31/1994 Foru Dekretuaren 2. artikuluan dago finkatua.

Mota honetan, diruz laguntzen ahal diren bakarrak dira azalera jarraituko hektarea bat baino handiagokoak, helburua produkziorako bada, eta hiru hektarea baino handiagokoak, gainerako kasuetan. Horretarako, eskabidean berean adierazi beharko da garbi basoberritzearen helburua. Halarik ere, azalera handiagoko basoberritzeak egiten badira baina urtez urte egin nahi bada eta urteko azalerak ezarritako gutxienekoak baino txikiagoak badira, dirulaguntza hartzeko eskubidea izango dute.

Dirulaguntza jaso baino lehen beharrezkoa izango da Biodibertsitatea Zaintzeko Bulegoan eskatzaileak aurkeztea erabili nahi diren landare eta hazien loteei buruzko dokumentazioa (fakturak, ikus-onetsiaren edo jatorriaren etiketak, pasaporte fitosanitarioa, hala balitz).

A.2. Baso lanak (makaldietan izan ezik): garbiketak, bakantzeak (balio gabeko zuhaitzen mozketak), kimatzeak, basoaren birsorkuntza naturalerako edo aziendaren sarrera eragozteko itxiturak, birsorkuntza naturala errazteko garbiketak, hondakinak desagertaraztea eta bestelako lanak. Makaldietako baso lanak A.1. idazatian aipatu dira.

Ez zaie dirulaguntzarik emanen hektarea bat baino txikiagoko lursailetan egiten diren lanei.

A.3. Baso azpiegiturak eraiki eta hobetzea (kaxa irekitzea, zelaitzea, zolatzea, bide bazterrak, drenaje lanak, sakanguneak, ormigoiztatze txikiak, zubitxoak, harri-lubetak, hidroereintzak, etab.).

Baso pistak egitea eta daudenak hobetzea, haien beharra teknikoki eta egoki arrazoitzen denean soilik eginen da. Mendia bere osoan hartu beharko da kontuan eta erabilera eta ustiapenerako aurreikuspenak.

A.4. Basoko beste ondasun material batzuen (fruitu, onddo, perretxiko, hazi, landare usaintsu eta sendabelarren) produkzio naturalerako gaitasuna hobetzeko ekintzak.

A.5. Baso Elkarteak.

Baso jabeen batasunak eta elkarteak eta baso jabeen kooperatibak sortzeari dirulaguntzak emango zaizkio, funtzionamenduko lehen hiru urtetarako.

Dirulaguntza jaso dezakete Nafarroako Oihan Planaren helburuak lortzearren baso jabeen elkarte eta kooperatibek egiten dituzten jarduerek.

A.6. Tratamendu fitosanitarioak.

Baso izurriteen aurkako jarduketak, Nafarroako Gobernuak haien tratamendua onura publikokoa dela deklaratu ez badu, dirulaguntza jaso ahalko dute, gehienez ere erabilitako produktuaren kostuaren % 20.

B Mota: Uraren kalitatea zaindu eta hobetzeko helburua duten mendiko jarduerendako dirulaguntzak: ibaien kalitate naturala hobetzeko, isurketak gutxitu eta uraren infiltrazioa handitzeko, urtegien erabilpen denbora luzatzeko lan eta ekintzak, horretarako basoberritzeak eginez; ibarbaso naturalak berrezartzeak, basoen egitura hobetzeak eta zuzenketa hidrologikoak.

C Mota: Basoko ekosistemaren biodibertsitatea zaindu eta hobetzeko helburua duten ingurugiro ekintzendako dirulaguntzak: basoetan beste zuhaitz mota batzuk sartzeko landaketa osagarriak, lerro erako landaketak, landare hesiak, interesa duten baso formazioak edo nekazaritza-oihangintzakoak mantentzea, desagertzeko arriskuan dauden edo beren habitataren aldaketekiko ahulak diren espezie katalogatuentzat basoko habitata kontserbatzeko planak egitea.

D Mota: Basoetako paisajearen eta aisiaren arloa zaindu eta hobetzeko helburua duten ingurugiro ekintzendako dirulaguntzak: mendietan turismo eta aisiarako erabilpena arautzeko beharrezkoak diren ekintzak, ibilgailuak uzteko tokiak ezartzea eta aisiarako erabil daitezen egokitzea.

E Mota: Nafarroako Oihan Planaren barreneko helburuak lortzearren egiten diren azterlan eta dokumentu teknikoetarako dirulaguntzak. Aldez aurretik Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren adostasun txostena beharko dute.

Laugarrena.-Eskabideak eta agiriak.

1.-Epea.

Dirulaguntza hauek jaso nahi dituzten titularrek eskabidea aurkeztu beharko dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edozein bulegotako erregistroan. 1999ko kanpainarako, eskabideak aurkeztu beharko dira 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik. 2.000ko kanpainarako, eskabideak aurkeztu beharko dira 1999ko maiatzaren 31 baino lehen, salbu eta A.5 motako eskabideak, horiek 1999ko abenduaren 15a arte aurkez baitaitezke.

2.-Lehentasuna.

Deialdi honetako hautapen irizpideen arabera onartu eta bertako oinarriei eta eranskinei jarraikiz kalkulatu diren eskabideei aurre egiteko aurrekontuko kontusailetan ez bada diru aski, ondoko koefiziente zuzentzaileak aplikatuko dira:

.Antolamendua indarrean duten mendiei buruzko eskabideak: 0,98.

.Antolamendua indarrean ez duten mendiei buruzko eskabideak:

-Iralekuak berreskuratuak diren udalerrietan egindako eskabideak: 0,96.

-Orain arteko basoberritzeak mantentzea: 0,96.

-Berritik egiten diren basoberritzeak: 0,92.

-Baso lanak: 0,96.

-Azpiegiturak: 0,92.

-Bestelako produktuak: 0,92.

-Elkarteak: 0,98.

-Tratamendu fitosanitarioak: 0,92.

-Uren kalitatea: 0,98.

-Biodibertsitatea: 0,96.

-Erabilera soziala. 0,92.

Gisa horretan dirulaguntza zuzenduak kalkulatuta ateratzen diren zenbatekoak aurrekontuko baliabideak baino handiagoak badira, arestiko koefizienteak aplikatuko dira eta horrela behin eta berriz.

Ez zaie murrizpenik eginen 1998ko urteko lanei, baldin eta lan horiek eskatuak, dirulaguntza jasoak eta bukatu gabeak badaude.

3.-Agiriak.

Eskatzaileak eskabide bakarra eginen du, kanpaina osoan egin gogo diren lanak azalduz.

Eskabidea behar bezala egin beharko da horretarako inprimakia betez, ondoko dokumentazioarekin batera:

-NAN, IFZ edo IFKren fotokopia.

-Bankuko helbidea.

-Partikularrek egiten dituzten eskabideetan, lurren jabetzaren agiria. Eskatzailea baldin bada lanak egiteko lurren jabea, aski izanen da Lurralde Aberarastasunaren Zerbitzuak emaniko finkaren edo finken lurzati zedula, bertan agertzen baita jabea. Lurren jabea dirulaguntzen eskatzailea bera ez bada, beharrezkoa izanen da lehenbizikoaren baimena lan horiek egiteko. Titulartasun arazoak dituzten lurren kasuan, beharrezkoa izanen da Udalaren edo dagokion toki entitatearen baimena.

-Egin gogo diren lanak azaltzen dituen txostena aurkeztu beharko dute, bertan adieraziz horien balorazio teknikoa eta, hala bada, lanak dagozkien Antolamendu Proiektuetan, Plan Teknikoetan edo beren Berrikuspenetan sartuta daudela. Txosten horretan deialdi honetan ezarritako mota eta sailen arabera banakatuko da dirulaguntza eskabidea. Aurreikusitako jarduketak katastroko orrialde edo planoan azalduko dira.

-Proiektua, teknikari eskudun batek sinatua egungo legeriari jarraikiz, eta dagokion Lanbide Elkargoak ikus-onetsia, exekuzio materialaren aurrekontua bi miliotik gorakoa denean. Dirulaguntzaren tramitazioa abian hasteko aski izanen da Txosten Teknikoarekin, kontuan hartuz aurkezten den proiektuaren aurrekontua, eta hori gehienez ere bi hilabeteko epean aurkeztu behar da eskatzaileak dirulaguntza emana duela jasotzen duen unetik, ezin izanen dela hasierako txostenarena baino handiagoa izan. Dena den, proiektua aipatu epean aurkezten ez bada dirulaguntza galduko du.

Proiektua aurkeztea beharrezkoa denean eta A.2 motako milio batetik gorako jarduketak direnean (itxiturak salbu), eskatzaileak zuzendaritza teknikoa behar du izan, teknikari eskudun batek egina.

-Mendi katalogatuetan, mendian 1998. urtean eginiko dirusarreren eta gastuen ziurtagiria aurkeztu behar da eta, hala balitz, 1999. urtekoa.

Dokumentazioa osatu gabea bada, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak interesatuari eskatuko dio osatu gabe dauden horiek osa ditzan, eta horretarako hilabeteko epea izanen du, ohartaraziz, horrela egin ezean eskabidea ez dela onartuko eta espedientea artxibatuko dela.

1998. urtean egiteko gastuei buruzko eskabideen kasuan, dirulaguntza emana izan eta epe barruan erabat bukatuak ez badaude, egin beharreko lanen eskabidea besterik ez dute aurkeztu beharko, garbi adieraziz zein den 1998. urtean egiteke gelditu diren lanak eta kanpaina horretako espediente zenbakia.

Bosgarrena.-Balorazioa eta dirulaguntzak ematea.

1.-Ingurugiro zuzendari nagusiak emandako Ebazpenaren bidez, batzorde tekniko bat izendatuko da, zeinek baloratuko baititu, kalitatearen, jarduketen lehentasunaren eta aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera, aurkeztu diren eskabideak, eta eman beharreko dirulaguntzak proposatuko.

Dirulaguntzak emateko irizpideak ondoko hauek izanen dira: antolamendua duten mendietan, Plan Bereziaren jarraipena; gainerakoetan, jarduketen egokitasuna edo/eta beharra mendien egoerarako eta dituzten baldintzetarako.

Batzorde tekniko hori osatuko dute Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko hiru ordezkarik eta mendien jabe eta titularren beste bik.

2.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ahalko ditu diruz lagundutako jarduerari buruz, eta jardueraren agiri frogagarri guztiak aztertu; halaber, eskatzailea agertzea eskatu ahalko du bere erabakia hobeto oinarritzeko.

3.-Dirulaguntzak eman edo ukatuko dira Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren Foru Agindu bidez, eta gehienez ere 4 hilabeteko epean behin betiko dokumentazioa aurkezten den unetik aitzina.

Dagokion Foru Aginduaren aurka errekurtso arrunta jarri ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, hura jakinarazi eta hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiondako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114 artikulutik 116. bitarteko artikuluei jarraikiz.

4.-Eskabidea aurkezten denetik sei hilabete baino gehiago pasatzen badira eta denbora horretan ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaria ustezko egintzaren bidez ukatu dela ulertuko da.

5.-Dirulaguntza emateak berekin dakar baso eta ingurugiro arloetako baimenaren beharra.

Seigarrena.-Egiteko epea.

1.-Dirulaguntza hauek jasoko dituzten lan guztiak egiteko epea 1999ko abenduaren 15ean bukatuko da, 1999ko eskabideetarako, eta 2000ko azaroaren 30ean, urte horretako eskabideetarako. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak sinatuak dituen lankidetzaren barreneko lanetarako, aipatu hitzarmenetan ezarritako epeen menera egon beharko da.

2.-Ez dira diruz lagunduko 1998 baino lehen hasitako lanak.

Zazpigarren.-Onuradunaren betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradunek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntzaren xede diren lanak egitea, ematerakoan onetsi ziren baldintza teknikoei jarraikiz eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko teknikariek zehazten ahal dituzten jarraibideen arabera. Departamentu horri jakinarazi beharko diote proiektuaren garapenean izaten ahal den edozein gertaera, baldin eta edukian edo kostuan aldaketaren bat sortzen bada, eta hori momentuan berean jakinarazi beharko diote. Aldaketa horrek ez dio erantzukizunik sortaraziko Foru Komunitateko Administrazioari, espreski bere gain hartu ezean.

b) Informazio guztietan agertaraztea jarduerak Nafarroako Gobernuaren Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren laguntza izan duela.

Inork ezingo du erabili Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren logotipoa, horren baimen espresurik gabe.

c) Proposamenaren izaera zein den kontuan harturik ezartzen den beste edozein betebehar.

d) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko obligazioak beteak izatea.

e) Lanak bukatzen den unean berean, horixe jakinaraztea Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, horrek egiazta dezan.

Zortzigarrena.-Dirulaguntzen kontrola.

1.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak dirulaguntzak emateko jarri diren baldintzak betearazi eta aurreikusitako inbertsioak zuzen eginaraziko ditu, horretarako egokiak diren ikuskapen eta egiaztapenak egiteko aukera izanez, bai eta laguntzak jaso dituztenei beharrezkoak diren argibideak eskatzeko ere.

Egindako inbertsioak eta kontzesioan aurreikusitakoak bat ez badatoz, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak dirulaguntza aztertu eta eguneratu eginen du.

2.-Emandako dirulaguntza ordainduko da deialdiaren xede diren lanak egiazki egin direla egiaztatu ondoren. Egiaztapen hori Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko teknikariek eta langileek islatuko dute txoten batean. Ordaintzeko agiriari erantsi beharko zaio obra ziurtagiria, haien zuzendaritza teknikoa izan baldin bada.

Emandako dirulaguntza odainketa bakarrean eginen da, onuradun bakoitzari berea, eta 4 hilabeteko epean eskatzaileak obra bukaera jakinarazten duenetik. Dena den, 5 miliotik gorako dirulaguntzetarako, obra bukaerakoa baino lehen beste bat egin daiteke aurretik. A.5 motako dirulaguntzak bi epetan ordaintzen ahal dira.

3.-Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren beste edozeinekin.

4.-Deialdi honen oinarrietan aurreikusitako betebeharrak egiten ez badira, laguntza kenduko da eta, beharrezkoa izanez gero, hartutako dirua itzularazi, osorik edo parte batean, 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluari jarraikiz.

Bederatzigarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, baita hori arautzen duten oinarrien aurka ere, errekurtso arrunta paratzen ahal da Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean paratu ere argitaratzen denetik.

II. ERANSKINA

Eman daitezkeen dirulaguntzak, gehienez (inbertsioaren portzentaia)

A.1. Basoberritzeak

Epe laburreko espezieak %40 %40 %40 %40

Epe ertaineko koniferoak %60 %50 %50 %45

Epe luzeko konif. eta host. %80 %60 %60 %50

A.2. Baso lanak %80 %80 %60 %60

A.3. Azpiegiturak %65 %50 %50 %40

A.4. Bestelako produktuak %50 %50 %40 %40

A.5. Elkarteak %40 %40 %40 %40

A.6. Trat. fitosanitarioak %20 %20 %20 %20

B. Uren kalitatea %90 %90 %90 %90

C. Biodibertsitatea %90 %90 %90 %90

D. Erabilera soziala %40 %40 %20 %20

ZRD: mendiko eremuak, andegatuak edo herrien garapenerako Europako programetan sartutakoak

III. ERANSKINA

Erreferentzi moduluak (laguntza har dezaketen lanen kostua, gehienez)

K O N T Z E P T U A KOSTU UNITARIOA

BASOBERRITZEAK

-Koniferoekin 440.000 Pta./ha.

-Hostotsuekin (makalekin ez) 550.000 Pta./ha.

-Mantenimendu lanak (makaldietan ez) 45.000 Pta./ha. u.

-Makalekin, zuhaitz ondoak aterata 500.000 Pta./ha.

-Makalekin, zuhaitz ondoak atera gabe 400.000 Pta./ha.

-Area pasatzea makaldietan (urtean 2, gehienez) 12.000 Pta./ha.

-Lehenbiziko inausketa makaldietan 10.000 Pta./ha.

-Inausketa makaldietan, 5 m bitarte 36.000 Pta./ha.

-Inausketa makaldietan, 5 m-tik gora 60.000 Pta/ha.

BASOKO LANAK

-Sasiak eskuz garbitzea, birsorkuntza naturalerako 130.000 Pta./ha.

-Sasiak makinaz garbitzea, birsorkuntza naturalerako 80.000 Pta./ha.

-Sasiak garbitzea, lurra irauliz eta haren gainean adarrak xehetzea, birsorkuntza naturalerako120.000 Pta./ha.

-Garbiketak eta bakanketak 100.000 Pta./ha.

-Inausketak koniferoetan, 2,5 m bitarte 35 Pta./zuh.

-Inausketak koniferoetan, 2,5 eta 5 m bitarte 155 Pta./zuh.

-Eitea emateko inausketa, hostotsuetan 22 Pta./zuh.

-Inausketaren hondarrak deuseztatzea 47.000 Pta./ha.

-Hesiturak jarri eta konpontzea (sare-maila edo alanbrearekin)600 Pta./m

-Alanbrezko hesitura hautsiak kentzea 150 Pta./m

BASOKO AZPIEGITURAK

-Pista egitea (irekitzea eta bide bazterrak) 1.500.000 Pta./km

-Zolatzea (zagor tratatua edo antzekoa botatzea) 2.000.000 Pta./km

-Hodiak, 50 cm-takoak (fabrika-obrak barne) 120.000 Pta./u.

-Hodiak, 80 cm-takoak (fabrika-obrak barne) 160.000 Pta./u.

Taula honetan agertzen ez diren basoko lanek ez dute erreferentziako kostu unitarioa.

Iragarkiaren kodea: A9901937