30. ALDIZKARIA - 1999ko martxoaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

37/1999 FORU AGINDUA, otsailaren 12koa, Osasun kontseilariak emana, ospitaleratze gabeko osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduak baimentzeko gutxieneko baldintza teknikoak eta osasun baldintzak ezartzen dituena.

Irailaren 1eko 214/1997 Foru Dekretuak arautzen ditu osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduak sortu, eraberritu edo lekuz aldatzeko eta horien funtzionamendurako baimenak. Dekretu horren azken xedapenetako bigarrenak adierazten du, mota ezberdineko zentroek dagozkien baimen administratiboak lortzeko izanen dituzten baldintza eta betebeharrak finkatu ahalko direla Foru Agindu bidez.

Azken urteotan zentroak baimentzeko jarduera administratiboan izandako esperientziak erakutsi du komenigarria dela betebehar zehatzak biltzen dituzten arauak argitaratzea, osasun zentro bat ezarri eta funtzionatzen hasteko bete behar diren gutxieneko baldintza zein diren denek jakin dezaten. Bestalde, garbi dago ezarritako baldintzek eta horiek bete beharrak funtsezko helburu bat dutela: hiritarrek hartzen dituzten zerbitzuen kalitatea hobetzen laguntzea.

Hori horrela,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.

1. Foru Agindu honen helburua da mota ezberdineko osasun zentroek bete beharreko gutxieneko baldintza teknikoak eta osasun baldintzak ezartzea. Baldintza horiek bete beharko dituzte halako zentroak sortu, eraberritu edo lekuz aldatzeko eta horien funtzionamendurako baimen administratiboak lortu ahal izateko. Irailaren 1eko 214/1997 Foru Dekretuan azaltzen dira baimen horiek.

2. Foru Agindu hau ezarriko zaie ospitaleratze gabeko osasun zentro, zerbitzu eta establezimendu guztiei, horietako batentzat edo besterentzat berariazko betebeharrak ezarriko dituen arautegirik argitaratzen ez den bitartean.

Berariazko arautegia duten zentro, zerbitzu eta establezimenduak horren bidez arautuko dira, eta Foru Agindu hau subsidiarioki aplikatuko da berariazko arautegian azaltzen ez diren gaietan.

3. Foru Agindu honetan ezarritako baldintza eta betebeharrak galdatuko dira zentro bakoitzean egiten diren osasun jardueren izaeraren arabera.

2. artikulua. Baimentzeko prozedura.

Baimenak eskatu eta eskuratzeko administrazio prozedura irailaren 1eko 214/1997 Foru Dekretuan ezarritakoa da.

3. artikulua. Zentroaren identifikazioa.

Zentroa dagoen eraikin edo lokaleko sarrera atean errotulu bat jarri beharko da, eta horretan, gutxienez, zentroaren izena eta osasun arloko arduradunaren izen- deiturak, ongi ikusteko moduan eta beti agerian.

4. artikulua. Oztopo arkitektonikoak.

Oztopo arkitektonikoen arloan indarra duen arautegia bete beharko da eta, bereziki, oztopo fisiko eta sentsorialei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea eta Lege hori garatu eta aplikatzeko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 29ko 154/1989 Foru Dekretua.

5. artikulua. Eremu fisikoak.

1. Osasun jarduerak egiteko lokalek behar adinako lekua izan beharko dute zentro motaren eta jarduera bolumenaren arabera, eta gutxienez eremu bereizi hauek izan beharko dituzte:

a) Harrera eremua eta itxaron gela, eriak eta laguntzaileak eroso egoteko baldintza orokorrak beteko dituztenak.

b) Kontsulta, azterketa eta tratamendurako eremu klinikoa, eta bertan behar adinako aireztapena, naturala edo eragindakoa, eta argiztapena, naturala edo artifiziala.

Kontsulta eremua funtzionalki bereizi beharko da azterketa eta tratamendu eremuetatik. Bereizte hori fisikoa izanen da, egiten den jarduerak kutsadura arriskua baldin badu.

Azterketa eremuek eta tratamenduak egiteko erabiltzen direnek baldintza hauek bete beharko dituzte: zoru eta pareta leunak, porotsuak ez diren materialez estaliak, desinfekziorako garbiketa ona jasan ahal izateko modukoak izanen direnak, ur korrontea duen konketa eta higienerako beharrezkoak diren elementuak.

c) Komun eremua zentroan integratua. Komunek honakoak izanen dituzte: eriek erabiltzeko konketa eta komun- ontzia, xaboi dosifikagailua, eskuak aire beroz idortzeko tresna edo erabili eta botatzeko eskuoihalak eta oinarekin irekitzeko zaborrontzia.

d) Instalazio eremua, beharrezkoa denean, ekipoen ingeniaritzako instalazioetarako. Isolatu egin beharko dira transmisio akustikoak, elektromagnetikoak edo bibraziozkoak gerta daitezkeenean, indarra duen legerian ezarritakoari jarraikiz.

2. Kontsultek lokalak partekatzen badituzte bizitzeko diren eremuekin, osasun zentroari dagozkion eremu guztiak bizitzeko eremuetatik bereizi beharko dira, eta eriek eta osasun arloko langileek bakarrik erabiliko dituzten komunak izan beharko dituzte.

3. Zentro guztiek izan beharrekoa: irteera seinaleak larrialdiko argiekin eta suteen kontrako babes sistema, indarra duen legeriaren arabera.

4. Zentroa irekita dagoen bitartean kanpora telefonoz deitzeko modua izanen da. Ikusteko moduan jarriko da larrialdiko deien zerbitzuko telefono zenbakia (112).

6. artikulua. Ekipamendua eta materiala.

1. Ekipamendua, egiten diren prebentzio, diagnostiko, tratamendu eta/edo errehabilitazio jardueretarako egokia dena izanen da. Lanaldi oso bat egiteko behar den material eta tresneria guztia edukiko da bertan, erabili eta botatzeko materiala edo esterilizatu beharrekoa barne.

2. Ekipo eta instalazioen inbentarioa izanen da bertan, horien zainketa, mantenimendu eta, beharrezkoa izanez gero, kalibraziorako idatzizko prozedura barne. Gertatzen diren istripu eta matxurak erregistratu egin beharko dira, bai eta edozein eratako azterketa eta kontrolak ere, barnekoak edo kanpokoak.

3. Zentroen jarduera mota dela eta bihotz-biriketako berpiztea egin behar izatea litekeena denean, berpizte hori beharrezko duten larrialdietarako ekipamendua eduki beharko da.

7. artikulua. Erradiodiagnostikorako instalazioak.

Erradiodiagnostikorako instalazioek erregistratuta egon behar dute, diagnostiko medikoak egiteko X izpien aparatuak instalatu eta erabiltzeari buruzko abenduaren 30eko 1891/1991 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, eta horien funtzionamenduak Erradiazio Ionizatzaileen kontrako Osasun Babesari buruzko arauak bete behar ditu.

Isotopo erradiaktiboak erabiltzen badira, instalazio erradiaktiboetarako baimena lortu beharko da.

8. artikulua. Langileak.

1. Pertsona bat, gutxienez, izanen da arduradun nagusia eta zentroaren ordezkaria. Pertsona hori osasun arloan ardura nagusia duen pertsona bera izan daiteke.

2. Osasun jardueraren bat egiten duten pertsona guztiek jarduera horretan profesionalki aritzeko titulazio akademikoa edo gaikuntza ofiziala izan beharko dute. Hori egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte, lanean ari diren zentroko administrazio espedientean sartzeko.

3. Osasun arloko langile bat zentroan egiten diren jardueren osasun gaietako arduradun nagusia izanen da. Enpresak edo zentroko titularrak arduradun horren izendapena, onarpena eta ordutegia bilduko dituen dokumentazioa aurkeztuko du.

4. Zentroan langileen plantilla eguneratua eta osoa agertuko duen dokumentazioa izanen da, eta horretan beren dedikazio eta eginkizunak zehaztu beharko dira.

5. Zentroetan, irekita daudenean, osasun arloko arduraduna edo plantillako arlo horretako beste langile batzuk egonen dira lanean. Eriei eman beharreko laguntzari dagokion titulazioa edo horretarako aski dena izan beharko dute.

6. Zentroan osasun arloko arduradunaz gain beste pertsona batzuk ere lanean ari badira, identifikatuta egon beharko dute beti plakak edo ikus daitezkeen beste gauza batzuk jarrita, eta horietan izen-deiturak eta lanbide kategoria.

9. artikulua. Dokumentazio klinikoa.

1. Eri bakoitzari buruzko historia klinikoa eginen da. Historia hori guztia erraz irakurtzeko moduan idatziko da.

2. Honakoak bilduko ditu, gutxienez: eriaren identifikazio datuak eta aurrekariak, anamnesia, oinarrizko azterketak, diagnostikoa, tratamendua, eboluzioari buruzko oharrak eta argibide ondoko baimenaren agiriak, beharrezkoa denean. Halaber, artxibatu eginen dira egiten diren azterketa osagarrien txostenak. Eriaz fase bakoitzean arduratzen den langilea identifikatuta utzi beharko da.

3. Zentroek artxibo sistema bat eduki beharko dute, historiak azkar aurkitu eta ongi gordetzeko modukoa izanen dena. Artxiboa sistema informatizatuaren bidez kudeatu ahalko da, baldin eta beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartzen badira.

4. Beharrezko neurriak hartuko dira dokumentazio kliniko guztia ezkutuan eta segurtasun osoz gorde dadin, indarra duen arautegiari jarraikiz.

10. artikulua. Garbiketa, desinfekzioa eta esterilizazioa.

1. Ekipoak, laneko gainazalak, paretak eta zoruak eta, oro har, instalazio guztiak ongi garbitu eta desinfektatu beharko dira.

2. Jarduerak eskatzen duenean, langile eta eriak babesteko elementuak erabiliko dira. Erabilera bakarreko materiala bota eginen da eriarekin erabili ondoren.

3. Xiringa eta orratz guztiak, edozertarako erabiltzen direla, behin erabili eta botatzekoak izanen dira. Horiez gain, eta lehentasunez, erabili eta botatzekoak diren materialak erabiliko dira ahal denean.

4. Erabili eta botatzekoa ez den material edo tresneriak larruazala edo mukosak zeharkatzen baditu, edo mukosak, odola edo beste isurki organiko batzuk ikutzen baditu, esterilizatu egin beharko da eri bakoitzarekin erabili aurretik, presiozko bero hezearen sistema (autoklabe) erabiliz, edo jardueraren ezaugarriendako egokiak diren beste sistema batzuk, eraginkortasun frogatukoak, Osasun Departamentuak onartuak. Materiala garbitu egin beharko da esterilizatu baino lehen.

5. Esterilizatu beharreko tresneria kutxatan gorde beharko da, eta esterilizazio data jarri.

6. Garbiketa, desinfekzioa eta, zentroak halako ekiporik izanez gero, esterilizazioa egiteko prozedurei buruzko protokolo idatziak edukiko dira.

7. Esterilizazio prozesuaren kalitatea kontrolatu eta erregistratzeko prozedura idatzia izanen da, aplikaturiko barne eta kanpoko sistemak azalduko dituena.

8. Esterilizazio sistema itundua denean, lan hori egiten duen enpresa baimenduarekin sinatu kontratua egiaztatu beharko da, eta horretan ezarriko dira bi aldeek kontratua sinatzen dutenean hartutako konpromisoak.

11. artikulua. Osasun jarduerako hondakinen kudeaketa.

1. Osasun zentroetan sortzen diren hondakinak irailaren 13ko 296/1993 Foru Dekretuaren 2. artikuluko 2. idazatian xedatutakoari jarraikiz eta horrekin bat datorren eta hori garatzen duen arautegiaren arabera kudeatuko dira. Aipatu Dekretuak Foru Komunitatean osasun jarduerako hondakinak kudeatzeko arautegia ezartzen du.

2. Erabilitako orratzak eta bestelako hondakin zorrotz eta ziztakariak berariazko ontzi zurrunetan sartuko dira, zapatu gabe; ontzi horiek autoklabadoko tenperatura jasateko modukoak izanen dira, iragazgaitzak eta zulaezinak.

3. Osasun jarduerako hondakinak 3. multzokoak direnean, sortzen diren zentroan berean tratatu ahalko dira desinfekziorako prozedura eraginkorren bitartez. Prozedura horiek irailaren 13ko 296/1993 Foru Dekretuan ezarritakoaren eta hori garatzeko arautegiaren araberako baimena izan behar dute. Hondakin horiek, tratatu ondoren, hiri hondakin solido gisa deuseztatuko dira, horiek kudeatzen dituen toki entitateak ezarri bezala, baimendutako prozeduraren bidez desinfektaturiko hondakinak direla zehaztu eta gero.

4. Aipatu 3. multzoko hondakinen tratamendua horiek sortzen diren osasun zentroan bertan egiten ez bada, erakunde eskudunak horretarako baimenduriko enpresa batekin hondakinak eraman eta kudeatzeko egin kontratua egiaztatu beharko da agiri bidez.

5. Osasun zentroek, sortzen dituzten osasun arloko hondakinak kudeatzeko prozedura idatzi bat izan beharko dute, bertako langileek ezagutu eta aplikatu beharko dutena.

12. artikulua. Hondakin arriskutsuak.

Osasun zentroetan sortzen diren hondakin arriskutsuak honakoei jarraikiz kudeatuko dira: Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legea, Foru Komunitatean hondakin bereziak kudeatzeari buruzko irailaren 20ko 13/1994 Foru Legea eta horiek garatzen dituzten arauak.

13. artikulua. Erreklamazio orriak.

Zentro guztiek erreklamazio orriak izanen dituzte erien eta beren laguntzaileen eskura. Orri horiek Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak emanen ditu, 214/1997 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.-Titulartasun publikoa duten herrietako kontsultategiek eta kontsultategi osagarriek, oinarrizko osasun laguntzako egituren Erregelamendua onesten duen maiatzaren 30eko 148/1986 Foru Dekretuan zehazturik dauden horiek, Foru Agindu honetan ezarritako baldintzez gain aipatu Foru Dekretuan xedaturikoa bete beharko dute.

Bigarrena.-Hortz klinikek Foru Agindu honetan eta uztailaren 15eko 1594/1994 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Aipatu Dekretu horrek garatzen du odontologo, hortz-protesigile eta hortz- higienista lanbideak arautzen dituen 10/1986 Legean aurreikusitakoa.

Hirugarrena.-Laneko arriskuei aurrea hartzeko zerbitzuetako osasun baliabideek bete beharko dituzte, aurrekoez gain, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak 1997ko abenduaren 15eko bilkuran erabakitako oinarrizko irizpideak, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Batzordearen txostena dutenak (1998ko apirilaren 27ko 50. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa), bai eta gero eginen diren aldaketak ere.

Laugarrena.-Zentro guztiek bete beharko dituzte instalazioen eta segurtasun arloan, laneko arriskuei aurrea hartzekoan eta, beharrezkoa bada, ingurugiroa babesteko jarduera sailkatuen arloan indarra duten arauak.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.-Foru Agindu honek indarra hartzen duenean Osasun Departamentuak emandako baimena duten zentroek bi urteko epea izanen dute instalazioak Agindu honetan ezarritakoari egokitzeko, alde batera utzi gabe aplikatu beharreko bestelako arautegietan ezarritakoa.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko otsailaren hamabian.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: A9901526