I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
- Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak
60/1999 FORU DEKRETUA, otsailaren 22koa, Funesko Udalaren herrilurreko 5.250 metro karraturen onura publikoa deklaratu eta haien desafektazioa onesten duena, ondoren María Jesús Teres Ursúa andreari saltzeko.
Funesko Udalak 5.250 metro karratuko herrilurra desafektatzeko onespena eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Lursail hura "La Dehesa-Los Llanos" parajean dago eta katastroko 4. poligonoko 5007. lurzatiari dagokio.
Desafektazioaren xedea da aipatu lursailak María Jesús Teres Ursúa andreari saltzea, ostruka haztegia paratzeko.
Funesko Udalak zehatz-mehatz bete du espediente honen xede den arloaren gainean Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeak dioena, baita Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduan ezarritakoa ere (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia).
Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko otsailaren hogeitabiko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,
DEKRETATU DUT:
1. artikulua. Funesko Udalaren herrilurreko 5.250 metro karraturen onura publikoa deklaratu eta haien desafektazioa onestea. Lursail hura katastroko 4. poligonoko 5007. lurzatiaren puska bati dagokio.
2. artikulua. Funesko Udalari baimena ematea aipatu lurrak María Jesús Teres Ursúa andreari saltzeko, ostruka haztegia para dezan.
3. artikulua. Desafektazioaren onespena, Funesko Udalak onetsi zuen baldintza plegua betetzearen baldintzapean dago, batez ere klausula berezi bat, zeinetan adierazten baita herrilur hori herri ondarera itzuli behar dela desafektazioa eragin zuten helburuak desagertu edo betetzen ez badira. Aipatu klausula agertaraziko da kontratua gauzatzen duen agiri publikoan eta Jabetza Erregistroan inskribatuko.
4. artikulua. Funesko Udalak espediente honen xede diren lurren mugak jarri eta katastroko kartografia ofizialean islatu beharko ditu. Halaber, Ekonomi eta Ogasun Departamentuari (Lurralde Aberastasunaren Zerbitzua) eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari (Herrilurren Atala) aldaketaren berri emanen die.
AZKEN XEDAPENA
Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko otsailaren hogeita bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.
Iragarkiaren kodea: A9902000