I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
- Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak
253 FORU AGINDUA, 1999ko otsailaren 17koa, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, basa faunako espezie batzuk izurri deklaratu eta haiek harrapatu eta hiltzeko neurriak ematen dituena.
Basa Fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 31. artikuluan ezarrita dago basa faunak eragindako kalteengatik eman beharreko ordainen araubide orokorra.
Agindu horren 2. zenbakian adierazten da Nafarroako Foru Administrazioak ez duela kalteordainik emango kalteak izurri diren espezieek eragin dituztenean edo, gertaeren aurretik, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kasuan kasuko espeziearen kontrolpeko harrapaketa baimendu duen kasuetan.
Legearen 31.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, zilegi da espezieen izurrite egoera deklaratzea, haiek kontrolatzeko neurri orokorrak ezarri ahal izateko.
Era berean, Foru Lege horren 9. artikuluan espezie jakin batzuk harrapatu edo hiltzea onartzen da, gizakiaren osasun eta segurtasuna babestearren, galzorian dauden espezieak kontserbatzearren edo beste espezie batzuen, nekazaritzaren, abeltzaintzaren, baso eta mendiaren, ehiza eta arrantzagaien edo uren kalitatearen gaineko kalte nabarmenak ebitatzearren; horrez gainera, bertan zehazten da animalia kaltegarri horiek harrapatu eta hiltzeko erabili beharreko baldintza eta baliabideak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren xedapen orokorren bidez baimendu eta arautu ahalko direla. Xedapen horiek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko dira.
Horrenbestez, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak proposaturik, eta basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 2/1993 Foru Legearen 9 eta 31.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Basa faunaren espezie hauek Nafarroan izurri deklaratzea:
a) Sator arrunta (Talpa europaea).
b) Arratoi arrunta (Rattus norvegicus).
c) Arratoi beltza (Rattus rattus).
d) Etxe-sagua (Mus musculus).
e) Basasagua (Apodemus sylvaticus).
f) Lursagu mediterraniarra (Microtus duodecimcostatus).
g) Ekialdeko ur-arratoia (Arvicola terrestris).
h) Koipua (Myocastor coypus).
i) Etxe-txolarrea (Passer domesticus).
j) Araba zozo pikarta (Sturnus vulgaris).
k) Araba zozo beltza (Sturnus unicolor).
2. artikulua. Orohar, izurrite egoeran deklaratutako espezie horiek harrapatzeko onartzen diren kontrolbideak honako hauek dira kasuan-kasuan:
a) Sator arrunta: matxarda gisako arteen bidez harrapatu ahalko da.
b) Arratoi arrunta, arratoi beltza, etxe-sagua eta basasagua: karraskariak harrapatzeko prestaturik dauden baleztak eta legeztaturik dauden antikoagulantez bustiriko amuak erabili ahalko dira.
c) Lursagu mediterraniarra eta ekialdeko ur-arratoia: matxarda gisako arteak eta legeztaturik dauden antikoagulantez bustiriko amuak erabili ahalko dira. Gai horiez bustiriko amuak lur barrenean sartuko dira, bai, zuzenean, galerien irtenbideetan, bai modu mekanizatuan sator-goldea erabiliz.
d) Etxe-txolarrea, Araba zozo pikarta eta Araba zozo beltza: eskopetaz harrapatu ahalko dira. Horretarako, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari aurretik jakinarazi beharko zaio, idatziz, bost egun lehenagotik gutxienez, martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen arabera. Etxe-txolarrea eta Araba zozo beltza harrapatzeko, baimenduta dago, halaber, habiak eskuz desegin eta arrautzak eramatea, eskualdeko ingurugiroko zaindariei aurretik adierazita.
3. artikulua. Neurri espezializatuagoei dagokienez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kontrol sistemak ezarrriko ditu, eta horretarako, honako lan hauek egingo:
a) Txolarre eta Araba zozoen kopuruaren kontrola japoniar sareen bitartez.
b) Koipuen populazioak suntsitzea, kaiola moduko arteak erabiliz.
4. artikulua. Alorretan kalteak izaten dituzten nekazariek aurreko artikuluan aipatu teknikari espezialista joan dadila eskatu ahalko dute, Nafarroako Gobernuko Ingurugiro Zuzendaritza Nagusiak dituen mendilanetarako langileen bidez.
5. artikulua. Izurri diren espezieak kontrolatzeko Nafarroako Gune Babestuetan egin beharreko jarduketa guztietan beharrezkoa izanen da Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren adostasun txostena. Horretarako, ukituak Ekosistemen eta Paisajearen Ekologiaren Atalari horren berri eman beharko dio, 15 egun aurretik gutxienez.
Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ahalmena du eremu horietan ezarri gogo diren kontrolbideak debekatu edo mugatzeko. Horrelako kasuetan, espezie horiek kontrola debekatu den lurretan eragindako kalteen ordainak emanen ditu.
AZKEN XEDAPENA
Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko otsailaren hamazazpian.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Yolanda Barcina Angulo.
Iragarkiaren kodea: A9901770