II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
- G O I Z U E T A
Goizuetako udal mugapeko herriko bideak eta mendiko pistak erabiltzeagatiko eskubideak eta tasak arautzen dituen ordenantza fiskala
Osoko bilkurak 1999ko azaroaren 4an hasiera batez onetsia.
1. artikulua. Ordenantza honen helburua tasa bat ezartzea da, Goizuetako udal mugapeko herriko bideak eta mendiko pistak erabiltzeagatik.
2. artikulua. Udalak zaindu behar ditu herriko bideak eta mendiko pistak; hortaz, beharrezkoa da tasa bat ezartzea bideak eta pistak erabiltzeko. Tasa bilduz lortuko den diru guztia herriko bideen eta mendiko pisten egoera hobetzeko izango da.
3. artikulua. Partikularrek, edozein izaera juridiko duten sozietateek, elkarteek, publikoek nahiz pribatuek, ordaindu beharko dute tasa, datozen artikuluetan ezarriko diren eran eta baldintzetan, eta Goizuetako Udala izango da salbuetsirik izango den bakarra.
4. artikulua. Ordenantza honen arabera, ondoren datozenak zergagai dira:
a) Zurgai diren oihaneko gaiak bide horietatik ateratzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez ateratzen badira, salbuetsirik gelditzen direlarik nekazarien produktuak eta etxeetako egurra, bi hauek oso garrantzi txikikoak baitira.
b) Eraikuntzarako materialak bide horietatik garraiatzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez garraiatzen badira.
c) Makina astunak bide horietatik ibiltzea. Makinak Goizuetako Udalak berak hala eskatuta erabiltzen badira, salbuespena izango da eta ez da tasarik ordainduko.
Oihaneko gaiak edo eta eraikuntzarako materialak garraiatzea, dela ibilgailu motordunaren bidez edo animalien indarren bidez, erabat debekaturik dagoela gaztigatzen da, baldin eta gaiok behar bezala eta ibilgailu egokian kargaturik ez badaude. Debeku hau haustea zorrotz zehatuko da, egindako kalte guztien ordaina eskatuko delarik, baita garraiatu den ohianeko gaiak edo eraikuntzarako materialak balio duenaren halako bi joko duen isuna ordainaraziko ere.
5. artikulua. Hala ere, eta Udalak besterik xedatzen ez duen bitartean, turismorako ibilgailuek, traktoreek, motozikletek, bizikletek, zamariek eta edozein azienda klasek ez dute tasa hau ordaindu behar izango.
6. artikulua. Zura garraiatzen denean, tasak jotzen duen kopurua ezartzeko Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuaren markaketa-orrietan idatzita dagoen bolumena hartuko da aintzat, hau da, dagozkion oihan probetxamendu partikularren kontzesio erabakietan jasorik dagoen bolumena.
Eraikuntzarako gaiak garraiatzen direnean, obra bukatutakoan esaten den tonen arabera ordaindu beharko da tasa, obraren zertifikazioaren arabera.
Makina astunen kasuan, tasa tonen arabera ordainduko da. Pista asfaltatuetan kamioi edo ibilgailu egokiaren gainean joan beharko dute, eta berariz debekatuta dago baldintza hau betetzen ez duten makina astunak pasatzea.
7. artikulua. Honako hauek izango dira tasa ordaindu behar dutenak:
a) Zura denean, oihan gaien jabea, baldin eta salmenta kontratuak ez badu esaten erostunak ordaindu behar duela.
b) Eraikuntzarako materialak direnean, materialon jabea.
c) Makina astunak direnean, makinon jabea, kontratuak ez badu esaten makina horien zerbitzuak kontratatzen dituen pertsonak ordaindu behar duela.
8. artikulua. Aurreko artikuluan aipatzen diren jabeek ordaindu behar duten tasak hauek dira: 125 pezeta metro kubiko bakoitzeko, zuraren kasuan, eta 125 pezeta tonako, eraikuntzarako materialen eta makina astunen kasuan. Urtero igoko da tasa, Kontsumorako Prezioen Indizeak (I.P.K.) zenbat gora egin, eta beste hainbeste.
9. artikulua. Aipatu bideak eta pistak erabiltzeko asmoa dutenek aldez aurretik gaztigatu beharko dute bere asmoa Goizuetako Udalean, adieraziz, baita ere, bertatik zenbat zur garraiatu nahi den, eta mendia ustiatzeko baimen ofiziala erantsi beharko da; hau guztia zerga behar bezala ordaindu ahal izateko. Adierazi beharko da, baita ere, zenbat eraikuntzako material garraiatu nahi den, eta zenbat tona pisatzen duten makinek.
Udalak, eskaerak ikusten dituelarik, zer pista erabiliko diren zehaztuko du.
10. artikulua. Zura garraiatzeagatik eta makina astunak erabiltzeagatik ordaindu beharreko kopurua aldez aurretik ordaindu beharko da. Eraikuntzarako materialen kasuan, ordea, kopurua obra bukatu eta gero ordainduko da, beti ere tonen arabera, obraren ziurtagiriari kasu eginez. Tasa ordaintzen ez duten zordunek ezin izango dituzte pistak eta bideak erabili, eta erabaki hau apelaezina izango da zor dituzten kopuruak ordaintzen ez dituzten arte. Halaber, eta arestian esandako neurriaren kaltetan gabe, Udalak zordunen aurka egiten ahalko du, premiamendu administratiboaren bidez.
11. artikulua. Zuraren edo eraikuntzarako materialen garraioa edo makina astunen pasatzea euri edo elur garaian egiten badira, Udalari gaztigatu beharko zaio, garraioa edo pasatzea debekatu beharko ote den kalte handiagoak ez daitezen gerta, baldin eta aldez aurretik eskatzaileak sor daitekeen kaltearen kostu osoa bere gain hartuko duela adierazten ez badu.
12. artikulua. Ordenantza honek 2000ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, eta egun hartatik aurrera edukiko ditu ondorio ekonomikoak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Erregelamenduak aurreikusten dituen tramiteak bete eta gero.
13. artikulua. Ordenantza honek aurreikusten ez duen guztian, Nafarroako Toki Ogasunen Erreformari buruzko Araua eta hura garatzen duen Erregelamendua aplikatuko dira, baita Ordenantza Fiskal Orokorra ere.
14. artikulua. Ordenantza honen aurka egiten duten aurreko udal lerruneko xedapen guztiak baliogabetzen dira, inolako indarrik gabe gelditzen direla.
Goizuetan, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko azaroaren hogeita lauan. Alkatea, Pilar Untxalo Salaberria.
Iragarkiaren kodea: A9911824