158. ALDIZKARIA - 1999ko abenduaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

594/1999 FORU DEKRETUA, azaroaren 22koa, saneamenduko kanpainen ondorioz hil beharreko behiak ordezteko laguntzak aldatzen dituena.

Nafarroako nekazaritza egituren eraginkortasuna hobetzeko laguntzen Erregelamenduak, irailaren 28ko 297/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak, 36. eta 37. artikuluetan saneamenduko kanpainen ondorioz hil beharreko behiak ordezteko laguntzak ezartzen ditu. Artikulu horien testua abenduaren 9ko 370/1997 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen, eta horixe da gaur egun arlo horretan indarra duen araudia.

Ikusirik Ugalketarako eta Aurrerako Behi Azienda Ustiatzeko Aseguruak abeltzainei eskaintzen dien aukera, abereen saneamendurako nahitaez hiltzeko berme gehigarria hitzartzekoa, komenigarria da laguntza horiek berriro ere aldatzea, Asegurutik landara dauden ustiategietara mugatuz, osasun kanpainen helburuak oztopa ez ditzaten.

Era berean, ikusirik laguntza horiek aplikatzean izan den esperientzia, badirudi horien araubidean zenbait aldaketa sartzea bidezkoa dela, zertarako eta kontuan izateko hil behar izan diren animalien baldintzak eta baita haien ordezko animaliena ere.

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko azaroaren hogeita biko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Irailaren 28ko 297/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsitako eta abenduaren 9ko 370/1997 Foru Dekretuaren bidez jarritako erredakzioaren arabera Nafarroako nekazaritzako egituren eraginkortasuna hobetzeko laguntzen Erregelamenduaren 36. artikuluari, 6, 7 eta 8. zenbakiko idatz-zatiak eransten zaizkio. Hauxe da horien testua:

"6. Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Urteroko Planean sartutako Ugalketarako eta Aurrerako Behi Azienda Ustiatzeko Aseguruan laguntzarik ez zaie emanen abereen saneamendurako nahitaez hil behar izateagatik berme gehigarria hitzartu dezaketen ustiapenei.

7. Esne-behientzako laguntzak % 25, % 50 eta % 100 izanen dira, hil beharreko animalia hiru hilabetekoa denean, hirutik hamabi hilabete bitartekoa eta hamabi hilabetetik zazpi urtebetekoa. Zazpi urtetik gorako animaliak hil behar direnean ez da haiek ordezteko laguntzarako eskubiderik izanen.

Haragitarako eta zezenketarako behi aziendaren kasuan aurreko portzentajeak hiru hilabete arteko animalietan, hirutik hamabira artekoetan eta hamabi hilabetetik hamar urtera artekoetan aplikatuko dira; hortik aurrera hil behar direnean ez da haiek ordezteko laguntzarako eskubiderik izanen.

Hamabi hilabetetik behera hil behar diren animaliei dagozkien dirulaguntzen portzentajeak batu ahalko dira.

8. Hil beharreko animaliak ordezteko ustiategi batek zenbat eta denbora gehiago daraman laguntzak hartzen orduan eta txikiagoak izanen dira. Urtetik urtera laguntzak % 20 murriztuko dira. Bosgarren urtetik aitzina laguntza horiek hartzeko eskubidea galduko da."

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau aplikatu eta garatzeko behar diren xedapenak dikta ditzan.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko azaroaren hogeita bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A9911831