158. ALDIZKARIA - 1999ko abenduaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

589/1999 FORU DEKRETUA, azaroaren 22koa, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretuaren 2.1, 3, 23.1.A) eta 26. artikuluak aldatzen dituena.

Nafarroako Gobernuaren asmoa da Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzeko araudiari malgutasun gradu bat ematea, planeamenduaren baliabideek erregulatzen duten esparruko inguruabar espezifiko eta beharretara baliabide horiek egokitzeko bidea izan dadin.

Ildo horretatik, asmoa da lurzoruaren sailkapen irizpideak herri bakoitzeko inguruabarretara egokitzea. Horren kariaz, 85/1995 Foru Dekretuaren 2 eta 3. artikuluak erredaktatu dira toki entitateek hiri lurzorua handitu ahal izateko moduan, hori egiterik dagoenean eta komenigarria denean.

Bestalde, ebitatu nahi da lurzoru publikoan behar direnak baino aparkaleku gehiago egitea, azken finean, hiritarren kalterako, urbanizazio kostuak premiarik gabe garestituko liratekeelako. Asmo hori lor daiteke behar diren baldintzak ezarriz erreserbako gutxieneko moduluak bizitegi-zonetan ezezik baita industrialde edo hirugarren sektoreko alderdian dauden aparkamendu premia errealei erantzuteko.

Horrenbestez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko azaroaren hogeita biko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretuaren 2.1, 3, 23.1.A) eta 26. artikuluak honela erredaktatu dira:

"2. artikulua. 1. Lur bat hiri lurzorutzat hartua izateko, oinarrizko hirigintza zerbitzuek kasu guztietan eta gutxienez bete behar dituzten baldintzak honako hauek dira:

Ibilgailuentzako sarbidea:

Ibilgailuentzako sarbidea badagoela ulertuko da, baldin eta turismoko ibilgailuak bertara irits badaitezke titulartasun publikokoak diren eta zorua halako ibilgailuen zirkulaziorako behar bezala egokitua daukaten bideetan barna.

Era berean, lur batek ibilgailuentzako sarbidea duela ulertuko da baldin eta hiri lurzoru batekin mugakide bada eta ibilgailuentzat sarbidea izateko gai honetan eskudun den agintariaren baimena badu.

Aipatu baldintzak betetzen ez dituzten lurrak ibilgailuentzako sarbiderik gabekotzat joko dira, nahiz eta hirigunearen perimetroko ingurabide batekin mugakide izan, edo bi hiriguneren arteko komunikabide batekin."

"3. artikulua. Lurzorua hiri lurzoru gisa sailkatzeko, aurreko artikuluan ezarritakoaz gain, honako arau hauek hartu beharko dira kontutan:

1. Ur hornidura, hondakin uren hustuketa eta energia elektrikoaren hornidura zerbitzuak exekuzio unitatetik edo lurzatitik gehienez ere 50 metrora egonen dira, eta aski izanen dira ibilbide osoan beren zerbitzua emateko, bai dagoeneko dauden eraikinei eta baita planeamenduan aurreikusitakoei ere. Eraikuntzak sendotutako lurzatiak direnean, zeinetan eraikinak saneamenduko instalazio indibidualak dituzten, horiek ur hustuketa zerbitzu gisa ulertuko dira, idatz-zati honetan aurreikusiriko ondorioetarako, horien ezaugarri teknikoak indarra duen araudiari egokitzen badira eta eraikina antolamendutik kanpora dagoela deklaratzen ez bada, betiere.

2. Aipatu zerbitzu horiek guztiak dauzkan bide batekin mugakide den lurren kasuan, hiri lurzoru bezala hartuko baita askitzat jotzen den sakontasun eraikigarria, askitasun hori arrazoituko delarik ingurune hurbilaren eraikuntza-tipologiaren arabera eta, nolanahi ere, zerbitzuen kapazitatea kontutan hartuz, Erregelamendu honen 2. artikuluan ezarrita dagoenarekin bat.

3. Lur bat hiri lurzorutzat sailkatzeko, ez da nahikoa izanen errepide, bide edo hiriguneko bestelako kale-bideekin mugakide izatea, baldin eta bere ertzetan barna hornidura zerbitzuen, ur-hustuketaren eta energia elektrikoaren horniduraren garraiabide orokorrak igarotzen badira."

"23. artikulua. 1. Erreserbako gutxieneko moduluak, bizitegi erabilera orokorreko sektore bakoitzean, honako hauek izanen dira:

A) Aparkalekuak: aparkatzeko plaza bat eraikuntzako 50 metro karratuko, eraikuntzan integratutako garaje eta trastelekuetarako guneak kenduta.

Ondorio horietarako, erabilera publikoko guneetan nola pribatuetan kokatutako aparkalekuak kontatuko dira. Kontaketa horretan, erabilera publikoko guneetan etxebizitza bakoitzeko gutxienez aparkatzeko plaza bat izanen da eta hirugarren sektoreko nahiz merkataritza erabilerako guneetan plaza bat 100 metro karratuko."

"26. artikulua. Hirugarreneko edo industri erabilerako sektore bakoitzean, erreserbako gutxieneko moduluak honako hauek izanen dira:

A) Jabari eta erabilera publikoko leku irekiak: sektoreko azalera guztiaren 100eko 10, zuhaiztietarako edo berdegune haundietarako bereiziko dena. Era koherentean kokatuko da, antolamendua bere osotasunean harturik. Komunikabideen eta eraikiguneen artean zuhaitz-hesiak eratzea bultzatuko da. Ahaleginak eginen dira jabari eta erabilera publikoko guneak bazter aldeetan pila ez daitezen. Gune horiek 15 metroko zabalera izanen dute gutxienez.

B) Aparkalekuak:

I) Industrialdeak, batezbeste 1.500 m2tik beherako lurzatietan banatutakoak: plaza bat erabilera publikoko guneetan eraikitako 70 m2ko azalera bakoitzeko.

II) Industrialdeak, batezbeste 1.500 m2tik gora eta 3.000 m2tik beherako lurzatietan banatutakoak: plaza bat erabilera publikoko guneetan eraikitako 100 m2ko azalera bakoitzeko.

III) Industrialdeak, batezbeste 3.000 m2tik gora eta 5.000 m2tik beherako lurzatietan banatutakoak: plaza bat erabilera publikoko guneetan eraikitako 150 m2ko azalera bakoitzeko.

IV) Industrialdeak, batezbeste 5.000 m2tik gora eta 20.000 m2tik beherako lurzatietan banatutakoak: plaza bat erabilera publikoko guneetan eraikitako 200 m2ko azalera bakoitzeko.

V) Industrialdeak, batezbeste 20.000 m2tik gorako lurzatietan banatutakoak: ez da beharrezkoa izanen aparkamenduko plazarik gordetzea erabilera publikoko guneetan.

VI) Hirugarren sektoreko jarduerako guneak, azalera handiko merkataritza zentroak izan ezik: plaza bat erabilera publikoko guneetan eraikitako 50 m2ko azalera bakoitzeko.

C) Azalera handiko merkataritza zentroak: bertan kokatzen diren era desberdineko jardueren funtzionamendu bateratuaren ondoriozko premiak betetzeko behar diren aparkaleku plazak zenbat izanen diren, haien kokapena eta antolaketa aurreikusiko dute, jarduera guztiak batera eta intentsitate handienean ari direnean. Horretarako, sustatzen diren udalez gaindiko hirigintza planak edo proiektu sektorialak onesteko premia horien justifikazio azterlana izan beharko dute.

Hori egiteko eta behar diren aparkamendu plazak lortzeko ondoko alderdiak hartu beharko dira kontuan:

-Proiektatzen den merkataritza eta aisiarako azalera.

-Eskaintza komertzialaren tipologia eta, hala behar denean, ez-komertzialarena (aisia).

-Kokapena eta ibilgailuendako sarbideen baldintzak.

-Eraginpeko gunearen luze-zabalera.

-Zenbatetsitako bisitariak, bezeroaren batezbesteko egonaldia eta zenbat etortzen diren jendetza gehieneko orduetan, urtaroen gorabeherak kontuan hartuta.

-Gune bakoitzean garraio publikorik ba ote dagoen.

-Kontuan hartzea egokitzat jotzen diren beste datu sozioekonomiko eta urbanistikoak.

Aipatu azterlana eta hari dagokion proposamena prestatzerakoan kontuan hartu beharreko alderdiak eta irizpideen justifikazioa eta aplikazioa baloratuko dira. Azterlana aurkeztea bakarrik ez da aski proposamena onartua izateko.

D) Balio anitzeko ekipamendua: antolamenduan aurreikusitako azalera osoaren 100eko 4."

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko azaroaren hogeita bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza konteilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: A9911826