15. ALDIZKARIA - 1999ko otsailaren 3a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

- C A S T E J O N

Zirkulazioaren udal ordenantzaren hasierako onespena

Udalbatzak, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko abenduaren 23an egindako osoko bilkuran, zirkulazioaren udal ordenantza behin betikoz onetsirik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoa betez, argitara ematen da oso-osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

ZIRKULAZIOAREN UDAL ORDENANTZA

Aplikazio eremua

1. artikulua. Ordenantza hau, Trafikoari, motoredun ibilgailuen Zirkulazioari eta Bideko Segurtasunari buruzko Lege artikuluduna onesten duen martxoaren 2ko 339/90 Legegintzako Errege Dekretuak xedatutakoaren osagarri da, eta herriko bide publiko guzietan aplikatzen ahalko da.

2. art. 1.-Manuzko seinaleztapena ezarriko da bereziki, udalerriko bide-sarearen tarte konkretu batzuetan, edo orokorrean, herri osoan. Kasu horretan, seinaleak herriko sarrera guztietan paratuko dira.

2.-Zirkulazio murriztuko zonaren sarreran diren seinaleek, oro har, zona horietako perimetro osoan dute indarra.

3.-Udaltzain agenteen seinaleak beste edozein seinale baino lehenagokoak dira.

3. art. 1.-Ezin da seinale manuzkorik ez informatiborik paratu aldez aurretik udal-baimenik izan gabe.

2.-Paratzen ahalko diren seinale informatibo bakarrak, Udal Agintaritzaren iritzian, benetako interes orokorra dutenak dira.

3.-Debekatuta dago seinaleen gainean edo alboetan publizitatea paratzea.

4.-Debekatuta dago erabiltzaileei semaforoak edo seinaleak behar bezala ikustea oztopatu edo haien arreta galaraz dezaketen panfleto, kartel, iragarki edo nolanahiko mezuak paratzea.

4. art. Udalak, behar bezala baimendu gabe edo indarrean dauden arauak betetzen ez dituzten seinaleak, berehala erretiratuko ditu.

Udaltzainen ekintza bereziak

5. art. Udaltzaingoak, segurtasuna eta ordena publikokoa zaindu beharrez, edota zirkulazioaren jariakortasuna bermatu ahal izateko, batzuetan aldatzen ahalko du zenbait lekutako ordenamendua, leku horietan pertsona edo ibilgailuen kontzentrazio handiak suertatzen direnean, eta orobat larrialdiren bat gertatzen denean. Horretarako, probisionalki jartzen edo kentzen ahalko dira behar diren seinaleak, bai eta prebentzio-neurriak hartu ere.

Oztopoak bide publikoan

6. art. 1.-Debekaturik dago oinezkoen edo ibilgailuen zirkulazioa eragotz dezakeen edozein oztopo eta gauza bide publikoan paratzea.

Aurrekoa hala izanik ere, behar bezala justifikatutako motibuak direnean, baimentzen ahalko da bide publikoa aldi baterako okupatzea zenbait lekutan, baldin okupazioak inolako arriskurik sortzen ez badu eta, trafikoari begira, ahal den nahasmendurik ttikiena gertatzen delako.

7. art. Aurrez baimendurik eta behar bezala seinaleztaturik egon beharko du erabateko zirkulazio eragotz lezakeen edozein oztopok.

8. art. a) Udal agintaritzak oztopoak erretiratzen ahalko ditu ondoko kasu hauetan:

1.-Bide-erabiltzaileendako arriskutsuak badira.

2.-Behar den baimenik erdietsi ez bada.

3.-Oztopoak zuen justifikazioa galdu bada.

4.-Baimendutako epea amaitu bada edo baimenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

b) Oztopoak erretiratzeagatik, baita haiendako seinale bereziak paratzeagatik ere, sortutako gastuak interesatuaren kontu izanen dira.

Oinezkoak

9. art. Oinezkoek espaloitik barna zirkulatu behar dute. Bide publikoak espaloirik ez badu, oinezkoak galtzadaren ezkerretik joanen dira.

Aparkamendua

10. art. Ibilgailuak aparkatzeko arau hauek begiratu behar dira:

1.-Ibilgailuak ilaran aparka daitezke, hau da, espaloiarekiko paraleloan; baterian, hots, espaloiarekiko perpendikularrean eta semibaterian, zeiharka.

2.-Aparkatzeko modua zehazten duen seinalerik ez bada, ilaran aparkatu behar da.

3.-Zoladuran seinaleztaturik, aparkamendutako moldatutako lekuetan, ibilgailuak seinalatutako perimetroaren barnean utziko dira.

4.-Ibilgailuak aparkatzean, espaloitik ahal den hurbilena jarriko dira, baina tartetxo bat utziz, galtzadaren zati hori ere garbitu ahal izateko.

5.-Nolanahi ere, gidariek beren ibilgailuak aparkatu beharko dituzte berez ez abiatzeko moduan.

11. art. Guztiz debekatua dago baldintza hauetan aparkatzea:

1.-Behar den seinalez debekaturik dagoenean.

2.-Zirkulazioa trabatzen edo oztopatzen den tokietan.

3.-Beste gidariak erregelamenduaren aurkako maniobrak egitera behartzen direnean.

4.-Bigarren lerroan, lehenbiziko lerroan ibilgailua nahiz edukiontzia dagoenean, baita beste objekturen bat edo babeseko beste elementuren bat dagoenean ere.

5.-Aparkatzeko lekua ez den galtzadako beste edozein tokitan.

6.-Norabide bakarreko kaleetan, galtzadaren zabaleragatik ibilgailu-lerro bat pasatzea ezinezkoa egiten denean.

7.-Norabide biko karriketan, galtzadaren zabaleragatik bi ibilgailu-lerro pasatzea ezinezkoa denean.

8.-Kale-kantoietan, beste ibilgailuren bati biratzea eragozten edo trabatzen zaionean.

9.-Erregelamenduaren arabera aparkatutako beste ibilgailuei aterabidea oztopatzen zaienean.

10.-Oinezkoen pasabide diren galtzada-tokietan.

11.-Espaloietan, kaietan, babestokietan, erdiko nahiz alboetako pasealekuetan eta zoladura zerrendez seinalizatua duten tokietan, nahiz osorik edo puska bat okupatu.

12.-Kai, babestoki, erdiko edo alboetako pasealeku eta zoladura zerrendez seinalizatuta duten tokien ondoan.

13.-Garraio publiko, eskola-garraio, taxi, karga- deskarga, pasabide eta, oro har, erreserbako leku izateko seinaleztatu eta mugatutako geralekuetan.

14.-Aldi batez jarduera baimenduek okupatu beharreko zonetan, eta konpondu, seinaleztatu edo garbitu behar diren tokietan. Kasu horietan debekua behar bezala eta nahikoa garaiz seinaleztaturik egonen da.

12. art. Gehienez ere bi ibilgailu-lerro eduki eta zirkulazioa norabide bakarrekoa duten kaleetan, ibilgailuak kalearen alde batean bakarrik aparkatuko dira, udal agintaritzak zehaztutako aldean.

13. art. Dagoen lekuko ordenamenduaren aldaketak ibilgailuren bat afektatzen badu, norabidea edo seinaleztapena aldatu direlako, obrak edo beste edozein aldaketa egin behar delako, ibilgailua Udal Altxatokira edo, bestela, baimendutako beste edozein aparkalekutara eraman beharra gertatzen denean, gidaria izanen da hautsitako arauaren erantzule.

14. art. 1.-Ezindu fisikoentzako erreserbatutako lekuetan aparkatzeko udal-baimena duten titularrek, denbora mugarik gabe aparkatzen ahalko dituzte beren ibilgailuak.

2.-Aipatu gidari horien helmugatik hurbil ezindu fisikoak aparkatzeko leku erreserbaturik ez balitz, udaltzainek baimena eman lezakete zirkulazioari trabarik ttikiena egiten zaion lekuetan aparkatzeko, baina inoiz ere ez aparkatzeko debekuak, ordenantza honetan aurrikusitakoaren arabera, ibilgailua erretiratzea eskatzen duen lekuetan.

15. art. 1.-Ziklomotoreak eta motozikletak aparkatzen ahal dira hiru metro baino zabalera gehiagoko espaloi, kai eta pasealekuetan, galtzadarekiko paraleloan, eta 50 zentimetroko tartea utziz, non eta ez den oinezkoen, haur-kotxeen eta abarren pasabidea sobera oztopatzen.

2.-Aurreko atalaren arabera aparkatutako motozikletak, seinaleztatutako oinezkoen pasabide edo garraio publikoko geralekuaren mugatik, bi metroko distantzia gordeko du gutienez.

3.-Galtzadan aparkatu behar denean, semibaterian eginen da, gehienez ere metro t'erdi hartuz.

Bide publikotik ibilgailuak erretiratzea

16. art. Udaltzainek, egin behar duenak egiten ez badu, ibilgailuak bide publikotik erretiratu eta Udal Altxatokira eramaten ahalko dituzte honako kasu hauetan:

1.-Arriskutsua denean edo traba larria egiten baldin bazaio zirkulazioari nahiz zerbitzu publiko baten funtzionamenduari, eta orobat ibilgailu hori bide publikoan abandonatua dagoela uste denean.

2.-Istripuren bat izan eta joan ezinik gelditzen denean.

3.-Ibilgailua bera hondatu delako, ibili ezinik gelditzen bada.

4.-Ibilgailua bigarren lerroan eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.

5.-Beste gidariak maniobra gehiegi edo arriskutsuak edo erregelamenduaren kontrakoak egitera behartzen dituenean.

6.-Seinalatutako orduetan pasabidea osorik edo zati batean okupatzen duenean.

7.-Zamalanetarako leku erreserbatuan, erabili beharreko orduetan, aparkatuta dagoenean.

8.-Garraio publikoko geraleku seinaleztatu eta mugatuan aparkatuta dagoenean.

9.-Larrialdi edo segurtasun zerbitzuetarako espreski erreserbatutako lekuetan aparkatuta dagoenean.

10.-Ikuskari publikoetako lokalek dituzten larrialdietako aterabideen aitzinean, emanaldietako orduetan, aparkatuta dagoenean.

11.-Berariazko baimenik gabe espaloiak, kaiak, babestokiak, pasealekuak, arreta-lekuak edo zolako zerrendadun lekuak, osorik nahiz zati bat hartuz aparkatuta dagoenean.

12.-Gainerako bide-erabiltzaileei trafiko seinaleak ikusten uzten ez dienean.

13.-Oinezkoen pasabide seinaleztatuan aparkatuta dagoenean.

14.-Sartzea galarazita dagoen tokiren batean aparkatuta dagoenean.

15.-Bira egitea eragotzi edo, horretarako, maniobra bereziak egitera behartzen duenean.

16.-Bide bateko trantsitoa ikustea eragozten dienean beste bidetik datozen gidariei.

17.-Eraikin higiezin bateko sarrera osorik nahiz parte batean oztopatzen duenean.

18.-Alkatetzak bando baten bidez arreta handiko bidetzat edo izaera bereko beste izen batez kalifikatutako leku debekatuetan aparkatuta dagoenean.

19.-Galtzadaren erdian aparkatuta dagoenean.

20.-Oinezkoen kalean, baimendutako orduetatik kanpo, aparkatuta dagoenean, baldin eta espreski baimendutako aparkalekuetan ez badago.

21.-Ezindu fisikoen aparkaleku erreserbatuan aparkatuta dagoenean.

22.-Aurreko kasuetan bezala, arriskurik edo zirkulazioa nahiz zerbitzu publiko baten funtzionamendu onerako eragozpen haundia sortzen duenean.

17. art. Udaltzainek, halaber, bide publikotik ibilgailuak erretiratzen ahalko dituzte kasu hauetan:

1.-Behar bezala baimendutako ekitaldi publikoa egiteko erreserbatu den lekuan aparkatuta baldin badaude.

2.-Bide publikoa garbitu, konpondu edo seinaleak paratu ahal izateko ibilgailua erretiratzea beharrezkoa denean.

3.-Larrialdiko kasuetan.

Honelako egoera batean, abisua pasako da, kasuan kasu, ahal bezain laster, eta ibilgailuak baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira, eta non diren jakinaraziko gidariei. Tokialdaketa horrek ez du ordaintzera behartuko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

18. art. Aurreikusitako salbuespenak ukatu gabe, ibilgailua erretiratzeagatik eta Udal Altxatokian edukitzeagatik sortutako gastuak titularraren kontura izanen dira, eta, ibilgailua berreskuratu aurreko baldintza gisa, hark ordaindu beharko ditu edo ordainketa garantizatuko du, beti ere bidezko diren helegiteak paratzeko eskubidea galdu gabe.

19. art. Ibilgailua erretiratzea bertan behera utziko da baldin eta gidaria agertzen bada ibilgailua estekatu eta garabia abiatzen hasi baino lehen eta behar diren neurriak hartzen baditu ibilgailua lehengo egoera okerretik ateratzeko.

Ibilgailu abandonatuak

20. art. Ibilgailua abandonatutzat har daiteke ondoko inguruabar bat suertatzen denean:

1.-Bideko toki berean hamabost egun baino gehiago aparkatuta baldin badago.

2.-Dituen matxurak ikusita, abandonatua dagoela pentsarazten duenean.

21. art. 1.-Ibilgailu abandonatuak erretiratu eta Udal Altxatokira eramanen dira. Berehala titularra nor den zehazteko tramiteak hasiko dira, ibilgailua erretiratzeko aginduko zaio, eta jakinarazpenetik hilabeteko epearen barnean egin beharko du.

2.-Ibilgailua altxatokira eraman eta han edukitzeagatik sortutako eskubideak titularraren bizkar izanen dira.

3.-Jabeak ibilgailua erretiratzeari uko eginen balio, Udalak ibilgailua besterentzeari ekinen lioke sortutako gastuak ordaintzeko.

Neurri bereziak

22. art. Inguruabar bereziek hala eskatzen dutenean, trafikoa antolatzeko egoki diren neurriak hartzen ahalko dira, ibilgailuen zirkulazioa debekatzeko nahiz murrizteko, edo hiriko zona bateko sarrerak beste bide batzuetatik bideratuz, bai eta aparkalekuak berrantolatuz ere.

23. art. Herriko zona bateko ezaugarri bereziak kontutan hartuz, Udal Administrazioak debekatzen ahalko du erabat edo parte batez ibilgailuen zirkulazioa edo aparkamendua, edo biak batera, zona horren barneko bide publiko guztiak edo batzuk erreserbatu ahal izateko bertako bizilagunentzat, auzokide ororentzat edo oinezkoentzat.

24. art. Halako kasuetan, kaleok behar den seinaleztapena beharko dute sarreran eta irteeran, eta gainera, zona afektatuan ibilgailuen zirkulazioa eragotziko duten elementu mugigarri nahiz finkoak erabiltzen ahalko dira.

25. art. Aipatutako murriztapenak izaten ahal dira:

1.-Bide guztietarako.

2.-Aurretiaz ezarritako ordutegi batera mugatuak.

3.-Egunerokoak izan edo egun jakin batzuetarako bakarrik.

26. art. Xedatutako mugapenen izaera eta irismena nolanahikoak direlarik ere, ez dute ez zirkulazioan ez aparkamenduan eraginik izanen, ibilgailuak honako hauek direnean:

1.-Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzukoak, Poliziakoak, anbulantziak, eta oro har, zerbitzu publikoak egiteko beharrezko direnak.

2.-Zonako eraikin batetik eri ezinduak garraiatzen dituztenak.

3.-Zonako ostalaritzako establezimenduetan, sartzeko nahiz irtetzeko, bidaiariak garraiatzen dituztenak.

4.-Zonan berean baimendutako garaje edo aparkaleku publiko nahiz pribatuen erabiltzaile direnak.

5.-Salgaien zamalanetarako baimena dutenak.

Garraio publikoen geralekuak

27. art. 1.-Udal Administrazioak zehaztuko du garraio publiko nahiz eskola-garraioaren geralekuak non izanen diren.

2.-Ezingo da haietan bidaiariek igotzeko edo jaisteko behar duten denbora baino gehiago egin, lineako abiapuntu edo helmuga izan ezik.

3.-Ibilgailuen kopurua ez da inoiz geralekuaren edukiera baino haundiagoa izanen.

Zamalanak

28. art. 1.-Salgaien zamalanak, horretarako moldatutako lekuetan bakarrik egiten ahalko dira.

2.-Horri begiratuz, aipatu iharduera bide publikoan eta nolabaiteko maiztasunez egin beharra dagoenean, denda, industri edo lokaletako jabeek egoki den erreserba eskatu beharko diote Udalari.

3.-Zamalanak leku erreserbatuetatik landa egiten ahalko dira zehaztutako egun, ordu eta lekuetan bakarrik.

4.-Balio orokorrez geratzea nahiz aparkatzea debekaturik dagoen lekuetan, ezingo da ez inoiz ez inola zamalanik egin.

29. art. Zamalanetan salgaiak, materialak edo gauzak ez dira zoruan utziko, baizik eta zuzenean pasako dira eraikinetik ibilgailura edo alderantziz.

30. art. Zamalanak egiteko behar diren neurriak hartuko dira, alferrikako trabarik ez sortzeko, eta erabilitako lekua garbi uzteko obligazioa izanik.

31. art. Zamalanetan salgaiak espaloitik hurbilena dagoen aldean utziko dira, lana ahalik eta arinen egiteko behar diren bitartekoak erabiliz, eta oinezko nahiz ibilgailuen zirkulazioa ez trabatzen ahaleginduz.

32. art. Alkatetzak zamalanetarako leku erreserbatuak erabaki ditzake, eta horietan ordutegi mugatuko aparkamenduen araubide orokorra aplikatuko da. Halaz ere, eta kontutan izanik zenbait inguruabar, hala nola egoera, erreserbatutako beste leku batzuekiko hurbiltasuna edo erabileraren maiztasuna, ezartzen ahalko dira aipatu araubide orokorraren aldakiak.

Pasabideak

33. art. Udalak garaje, finka eta eraikin higiezinetan sartzeko behar diren bide publikoko leku-erreserbak baimenduko ditu. Leku erreserbatu horiek behar bezala seinaleztatuak egon beharko dute eta bereziki dagokien udal ordenantzara moldatuko dira beti.

Edukiontziak

34. art. Etxeetako altzariak edo tresnak, obretako hondakinak eta etxeetako hondakinak biltzeko edukiontziak bide publikoan paratu beharko dira udal-organo eskudunak erabakitako leku jakinetan.

Abiadura murriztapena oinezkoen etorri handiko lekuetan

35. art. Errei bakar batetik zirkulatzen den kaleetan eta oinezkoen etorria handia den guztietan, bai eta ikastetxeak diren kaleetan ere, ibilgailuek abiadura egokia eramanen dute eta behar diren neurriak hartuko.

Motozikleten zirkulazioa

36. art. 1.-Motozikletek ez daukate zirkulatzerik kategoria gehiagoko bi ibilgailu-lerroen artean, ezta ibilgailu-lerroaren eta espaloiaren artean ere.

2.-Ezin dute, bestalde, azelerazio zakarrez, bestelako ihes-tutuak jarriz eta inguruabar ez normalez sortutako molestiarik eragin. Horrelakoetan, Udaltzainek, aparatu habilitatuak erabiliz, zarata horiek neurtzen ahalko dituzte eta zehatu.

3.-Gidari eta bidaiariek, bi gurpileko motozikletetan, sidekarra eta guzti ala gabe, eta ziklomotoreetan doazenean, egokiro erabili behar dituzte babes-kaskoak, egungo legeriaren arabera homologatuak edo ziurtatuak, bai hiri barneko bideetan bai hiri artekoetan.

Txirrinduak

37. art. Txirrinduak galtzadatik barna ibiliko dira, eta espaloitik ahal den hurbilena.

Zirkulatzeko baimen bereziak

38. art. Erregelamenduz baimendutakoak baino pisu eta tamaina handiagoko ibilgailuek ezin zirkulatuko dute herriko bide publikoetan udal-baimenik gabe, ezta landa- bideetan ere.

Aitzineko puntuan adierazitako baimenak erabilpen bakarrerako eta aldi jakin baterako bakarrik izanen dira.

Animaliak

39. art. Bide publikoetan barna ondasun nahiz jende garraiorako baimendutako animaliak baizik ezin dira ibili, edo konpainiako animaliak, nagusiak behar bezala kontrolatuak badaramatza.

Eskola-garraioa

40. art. Herri barnean eskola-garraiorako zerbitzuak egin ahal izateko, udal-baimena beharrezkoa da.

41. art. 1.-Hiriko eskola-garraioa da, garraio diskrezional jarraitua, ibilgailu automobil publikoetan edo zerbitzu partikularrekoetan egina, abiapuntu edo helmuga ikastetxeak izanik, ibilgailuak udalerriaren barnean tartekako geraldiak egin edota ibiltzen bada.

2.-Ibilgailura igo eta jaistea Udalak berariaz zehazturiko tokietan bakarrik eginen da.

Erabilera debekatuak bide publikoetan

42. art. 1.-Oinezkoen ibiltoki erreserbatuetan eta galtzadetan, nola ibiltarientzat hala jolasean dabiltzanentzat arriskurik ekar lezaketen jolas eta dibertsioak, debekatuak daude.

2.-Patinak, patineteak, monopatinak, txirrinduak edo antzekoak, motoredunak izan ala ez, ezin dira ibili espaloi, kai eta pasealekuetan, haurren trizikloak eta ezinduen aulkiak izan ezik.

Prozedura

43. art. Alkateak isuna jarriz zehatuko ditu ordenantza honetako xedapenen aurka egindako arau- hausteak. Zenbatekoak ordenantza honen isun-taula gehigarrian azaltzen dira.

44. art. Zehapen-espediente bidez emandako ebazpenekin burutuko da bide administratiboa, eta horiek inpugnatzen ahalko dira indarrean dagoen legeriak ezarritako moduetan.

Arau-hauste eta zehapenen taula

Arau-hauste arinak eta zehapenak: aipatzen den diru kopurutik legez jartzen ahal den gehiena arte.

BSLren 19. art.-Abiadura-muga ez errespetatzea: 5.000 pezeta.

BSLren 19. art.- Gida-baimena ez eramatea: 2.000 pezeta.

BSLren 61. art.-Zirkulazio baimena ez izatea: 5.000 pezeta.

BSLren 61. art.-Zirkulazio baimena ez eramatea: 5.000 pezeta.

BSLren 60. art.-Gida-baimena ez izatea: 7.500 pezeta.

BSLren 60 art.-Gidatzeko lizentzia ez izatea: 2.000 pezeta.

BSLren 113. art.-Eskuinetik ez zirkulatzea 2.000 pezeta.

BSLEren 45. art.-Gehiegizko abiadura 7.500 pezeta.

BSLEren 12.1 art.-Ziklomotorean bi lagun joatea: 2.000 pezeta.

BSLEren 98. art.-Arauzko argiak ez izatea: 2.000 pezeta.

BSLEren 74. art.-Biraketa debekatua egitea: 2.000 pezeta.

BSLEren 132. art.-Norabide debekatuan zirkulatzea: 5.000 pezeta.

BSLEren 132. art.-Zolako seinaleak ez errespetatzea: 2.000 pezeta.

BSLEren 132. art.-Stop seinalea ez errespetatzea: 10.000 pezeta.

BSLEren 132. art.-Agentearen seinaleari kasurik ez egitea: 10.000 pezeta.

BSLEren 55. art.-Abiadura-lehian ibiltzea: 10.000 pezeta.

BSLren 62. art.-Matrikularik ez eraman edo irakurtezina izatea: 2.000 pezeta.

BSLren 30. art.-Itzulbide debekatua egitea: 2.000 pezeta.

BSLEren 56. art.-Lehentasuna duenari bide ez ematea: 5.000 pezeta.

UOren 11-13 art.-Zamalanetako tokian aparkatzea: 3.000 pezeta.

UOren 28.3. art.-Ordutegitik kanpo zamalanetan aritzea: 5.000 pezeta.

BSLEren 82. art.; BSLren 36.-Toki debekatuan aurreratzea: 5.000 pezeta.

BSLEren 132. art.-Semaforoa gorriz pasatzea: 10.000 pezeta.

BSLEren 90. art.-Leku debekatuan gelditzea: 2.000 pezeta.

BSLEren 90. art.-Leku debekatuan aparkatzea: 3.000 pezeta.

BSLEren 90. art.-Trafikoa oztopatuz aparkatzea: 5.000 pezeta.

BSLEren 90. art.-Espaloiaren gainean aparkatzea: 3.000 pezeta.

BSLren 10.5.2 art.-Karga gaizki jarria izatea: 2.500 pezeta.

BSLEren 7.1 art.-Bozgorailuekin hotsa ateratzea: 2.500 pezeta.

BSLren 44. art.-Seinale akustikoak beharrik gabe erabiltzea: 2.500 pezeta.

BSLren 44. art.-Seinale akustikoak abusatuz erabiltzea: 2.500 pezeta.

BSLren 10.5 art.-Zarata, kea eta gasa ateratzea: 2.000 pezeta.

BSLren 26. art.-Aparkalekutik konturik gabe ateratzea: 2.000 pezeta.

Arau-hauste larriak eta zehapenak: aipatzen den diru kopurutik legez jartzen ahal den gehiena arte.

BSLEren 3. art.-Axolagabe gidatzea: 15.000 pezeta.

BSLEren 3. art.-Arriskua sortuz gidatzea: 15.000 pezeta.

BSLEren 132. art.-Semaforoa gorriz pasatzea arriskua sortuz: 15.000 pezeta.

ZEOren 11.5.art.-Oinezkoen eremuetan barna zirkulatzea: 15.000 pezeta.

Salaketa hauen ordainketa lehen hamar egunetan egiten bada, ehuneko 25eko deskontua izanen dute.

Castejonen, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko abenduaren hogeita hiruan. Alkate udalburua, Francisco Javier Sanz Carramiñana.

Iragarkiaren kodea: A9812153