15. ALDIZKARIA - 1999ko otsailaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

17/1999 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 18koa, Jauntsarats-Basaburuko herri ondasunak berreskuratzearen gaineko transakzio hitzarmenaren oinarri orokorrak onesten dituena.

Jauntsarasko Kontzejuak, hasiera batez herrilurtzat hartzen diren lurzatien titulartasunaren gainean sor daitezkeen erreklamazio auziak saihestu eta herri ondasunak zehazteko asmotan, herri ondasunak berreskuratzeko transakzio hitzarmen baten oinarri orokorrak prestatu ditu, hartan konpentsatu egiten delarik partikularren probetxamendu eskubidea.

Aipatu hitzarmena Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduaren 30, 31 eta 32. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz egin da. Urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bitartez onetsi zen Erregelamendu horrek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen zati bat garatzen du.

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak hala proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko urtarrilaren hemezortziko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat eginez,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Jauntsarats-Basaburuko herri ondasunak berreskuratzearen gaineko transakzio hitzarmenaren oinarri orokorrak, Foru Dekretu honen eraskinean agertzen direnak, onestea.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko urtarrilaren hemezortzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Toki Administrazioko kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

JAUNTSARATS-BASABURUKO HERRI ONDASUNAK BERRESKURATZEAREN GAINEKO TRANSAKZIO HITZARMENAREN OINARRI OROKORRAK, NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOARI BURUZKO 6/1990 FORU LEGEKO 116. ARTIKULUAREKIN BAT

1. artikulua. Oinarri hauen xedea da arautzea Jauntsarasko Kontzejuak herri ondasunen gaineko probetxamenduetako eskubideak dituzten partikularrekin hitzartu beharreko transakzio hitzarmenak.

2. artikulua. Jauntsarasko Kontzejuaren iritziz, Foru Berriari edo Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuaren Bildumari buruzko 388 Legean ezarritakoaren ondorioz, eta oro har, Jauntsarasko iralekuak herrilurrak dira eta iratzea probetxatzeko eskubidea besterik ez dute titularrek.

Zuzenbidean oinarrituriko bestelako arrazoiak deusetan galarazi gabe, Jauntsarasko Kontzejuak lehengo lerroaldean adieraziriko irizpideari eusten dio herrilurrak probetxatzeko eskubideei dagokienez.

Iritzi hori defendatu eta aplikatuko da eskura dauden legezko baliabide guztien bitartez, batez ere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean jasotakoen bitartez.

3. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoa ukatu gabe, herri ondasunen probetxamenduarekin dagoen arazoa konpontzearren eta Jauntsarasko partikularreentzat zein Kontzejuarentzat berarentzat ere hain garestiak gerta daitezkeen auziak galaraztearren, Jauntsarasko Kontzejuak erabaki du Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeko 116. artikuluan ematen zaion ahalmena erabiltzea, eta horrenbestez, transakzioko oinarri orokor hauek onesten ditu, eta Nafarroako Gobernuaren onespenera jarriko dira, hori gabe baliorik gabe geldituko baitira.

4. artikulua. Hitzarmen-unitatetzat hartuko da partikularretako bakoitzaren notario-eskrituretan, 1995eko urtarrilaren 1a baino lehenagoko datarekin, ageri diren probetxamendu guztien batuketa. Nolanahi dela, aipatu dataren ondoko notario-agiriak ere onartu ahalko dira, baldin eta, Jauntsarasko Kontzejuaren iritziz, haien titularrak saiatu ez badira bidezkoak ez zirenak berenganatzen, herri-ondarearen kontra.

Ondorio hauetarako, bateratu eginen dira titular desberdinen eskrituretan ageri diren probetxamenduak, baldin eta bizitoki, etxe edo sutondo berean elkarrekin bizi badira.

5. artikulua. Notario-agirietan zuhaitz-kopuruaren bidez adierazita ageri diren probetxamenduetan, neurri hori azalera-neurri bihurtu eta hitzarmen-unitatea atera ahal izateko, Jauntsarasko Kontzejuak irizpide honi segituko dio:

-Gaztainondo batek hartzen duen lur-azalera: 25 metro karratu.

-Lizar batek hartzen duen lur-azalera: 20 metro karratu.

6. artikulua. Lur-azalera beraren gainean probetxamendu bat baino gehiago badaude onuradun bat baino gehiagoren izenean eskrituratuak, hitzarmen- unitatea kalkulatuko da probetxamenduaren azalera hori onuradunen artean zati eginik, non eta probetxamenduren bat notario-agirietan zuhaitz-kopuruaren bidez adierazita ez dagoen, orduan haren azalera onuradun horrentzat aterako baita oinarri hauetako 5. artikulua aplikatuz, eta beste onuradunaren azalera izanen da kenketa eginez ateratzen den aldea.

7. artikulua. Eskrituraturiko eskubideei uko egitearen konpentsazio gisa, Jauntsarasko Kontzejuak hitzarmen unitatetzat jotako azalera osoaren % 22a aitortuko die partikularrei.

8. artikulua. Probetxamenduen lur-azaleraren gainerakoa herri-ondarean geldituko da, Jauntsarasko Kontzejuak hura osorik eta libreki erabil dezan, eta horren gainean partikularrak ezin izanen du inolako eskubiderik alegatu, hitzarmen honen 13. artikuluan ezarritakoa ukatu gabe, beti ere. Partikularrak baldintza hau espreski onartu beharko du hitzarmena sinatzen denean.

9. artikulua. Ezin izanen dira hitzarmenaren xede izan, Jauntsarasko Kontzejuaren aldeko epai irmoa daukaten probetxamenduetako azalera eskrituratuak.

10. artikulua. Transakzio hitzarmenik eskatzen duen partikularrak Jauntsarasko Kontzejuarekin batera, eta bere kontura, identifikatu, zehaztu eta mugatu beharko ditu hitzarmenaren xede diren probetxamenduak. Hitzarmenetan, Kontzejuak bere esku gordetzen du hitzarmen-unitate gisa hartutako azalera erreala zein den erabakitzeko ahalmena.

11. artikulua. Kontzejuak, aipatu probetxamenduak hitzartzerakoan, bere esku izanen du partikular bakoitzari dagokiona lurzati batean edo gehiagotan emateko ahalmena, izan ere, hitzarmenak ukitutako oraingo probetxamenduez bestelakoak izan baitaitezke. Ahalmen hori Kontzejuak erabiliko du partikularrari hitz egiteko aukera eman ondotik eta hitzarmenak ukitutako lurren ezaugarri beretsuak dituzten beste batzuk emanez.

12. artikulua. Hitzarmenak hartzen dituen lurretan berez ateratzen den zuhaizti autoktonoa Jauntsarasko Kontzejuarena izanen da.

13. artikulua. Herriaren zuhaizti, gaztainadi, lizardi, eta abarren gaineko eskritura duten probetxamenduen onuradunek bi urtez segitu ahal izanen dute erabiltzen, Nafarroako Gobernuak hitzarmen hau onesten duenetik aintzina. Data horretatik aurrera, probetxamendu eskubideak dituzten herrilurrak Jauntsarasko Kontzejuak libreki eta osorik erabiltzeko geldituko dira, hitzarmen honen 8. artikuluak erabakitzen duen bezala.

14. artikulua. Zuhaitzen probetxamendua zuhaizti, gaztainadi, lizardi, eta abarri buruzko dokumentu publikoetan agiri da eta horiek, hitzarmen honen 13. artikuluan ezarritako bi urteko epean, bota ahal izateko, beharrezkoa izanen da Nafarroako Gobernuko Ingurugiro Departamentuaren baimena.

15. artikulua. Oinarri hauek aplikatuz eskatzen diren hitzarmenak Jauntsarasko Kontzejuak onetsiko ditu eta Nafarroako Gobernuaren onespena beharko dute, bestela baliorik ez baitute izanen.

16. artikulua. Hitzarmenak, behin Nafarroako Gobernuaren onespena dutela, eskritura publikoan jarriko dira, eta horren gastuak erdi bana izanen dira partikularraren eta Jauntsarasko Kontzejuaren artean.

17. artikulua. Oinarri hauek indarrean jarriko dira Nafarroako Gobernuak onetsi eta biharamunean, eta bi urteko indarraldia izanen dute, aipatu egunetik hasita. Jauntsarasko Kontzejuak lurzati berrantolamendurako eskaera egiten badu, indarraldia betiko oinarriak onesten direnean bukatuko da.

Epe horren barrenean transakzio hitzarmena eskatzen ez dutenak, oinarri orokor hauetako 2. artikuluan ezarritakoari lotuak geldituko dira.

18. artikulua. Oinarri hauei segitzen dieten partikularrek dagokien hitzarmenaren onespena eskatu beharko dute, aurreko artikuluan finkatutako epearen barrenean, Jauntsarasko Kontzejuari zuzendutako idazkiaren bidez. Bertan, oinarri hauek onartzen dituztela adierazteaz gain, zehaztuko dute zein probetxamenduren gainean eskatzen den hitzarmena. Eskabidearekin batera eskatzaileak aurkeztuko du zinpeko aitorpena, eskatzen diren probetxamendu guztiak bere eskrituretan ageri direla dioena, Jauntsarasko probetxamenduen gainean izan dezakeen bestelako edozein eskubideri uko egiten diolarik. Gainera, notaritzako dokumentuen fotokopia kautotuak ere aurkeztu beharko ditu.

19. artikulua. Hitzarmenaren xede diren lurretan, Kontzejuak libreki eta osorik erabiltzeko gelditzen diren haiek, Jabetzaren Erregistroan sartuko dira, herrilurrak direla adierazita.

Iragarkiaren kodea: A9900696