14. ALDIZKARIA - 1999ko otsailaren 1a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

- M E L I D A

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

Melidako Udalak, 1998ko ekainaren 26an egindako osoko bilkuran, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia onesti zuen. Oinarriak ondokoak dira:

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzea.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena lan-kontratu mugagabeko langilea izanen da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, lan arloko legerian xedatutako probaldia galarazi gabe, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartu eta alta emanen zaio.

1.3. Lanpostua D mailari dagozkion lansariez hornituko da, 251/1993 Foru Dekretuan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako lege aplikagarrietan ezarritakoaren arabera, eta, Melidako Udaleko la-kontratu mugagabeko enplegatua den aldetik, indarra duten xedapenetan ezarritako eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu.

1.4. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharrei egokituko zaie, eta administrazio organo eskudunek noiznahi alda dezakete. Izendatutako izangaiak ezin izanen du oporrik hartu hermendiak ureztatzeko aldiak iraun bitartean.

1.5. Izendatutako izangaiak Melidan bizi beharko du.

2.-Funtzioak.

Izendatuak ondoko funtzioak zein Udaleko berezko beste edozein bete beharko ditu:

-Ureztaketa zein landa inguruneko nekazaritza mailako bestelako lanak antolatu eta zaintzea.

-Argiteria publikoaren zein Udalaren hornidura eta saneamendu sareen mantenimendua eta kontserbazioa.

-Udalaren instalazioen zein ondasun higigarrien garbiketa eta mantenimendua.

-Karrika zein plazetako lorategi eta arbolez arduratzea.

-Karrika zein plazen ureztaketa eta garbiketa.

-Udal obretako behin-behineko langileez arduratzea.

-Hilerriaren arduraduna eta ehorzlea.

-Agintzen ahal zaizkion beste betebehar batzuk, espezialitate jakinik behar ez badute ere, lanbidea ezagutzea eta horretan trebea izatea eskatzen dutenak. Horiek denak bere eskumenen esparruan eta bere maila eta kategoriaren barnean.

3.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Oposizio honetan parte hartu ahal izateko, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Europako Batasuneko hiritarra eta 18 urte beteak izatea.

b) Lanpostuaren eginkizunetarako behar den gaitasun fisiko nahiz psikikoa izatea.

c) Eskola-graduatua, LH1 edo baliokidea izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izana.

e) B1 mailako gidatzeko baimena edukitzea.

3.2. Lanpostua lortzen duen izangaiak, deialdi honen 9. oinarriak xedatzen duen moduan eta epean egiaztatu beharko ditu arestiko baldintzak. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunerako, baita oposizion prozedura osoan eta izendapen eguna arte ere.

4.-Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Melidako Udaletxeko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epean.

4.2. Izangaiek, onartuak izateko, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Eredu ofizialeko eskabidea, goitik behera beteta, deialdi honetako 1. eranskinaren arabera.

b) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo identifikazio agiri baliokidea.

4.3. Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea luzaezina da.

5.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea akiturik, alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

5.2. Baztertutako izangaiek, behin-behineko zerrenda argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean, egoki juzkatzen dituzten erreklamazioak egin ahalko dituzte, eta, okerrik bada, zuzendu.

5.3. Erreklamazioak egiteko epea akiturik, eta horiek ebatzita, alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

6.-Epaimahai kalifikatzailea.

6.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Apolonio Jaso Alonso jauna, Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: mahaiburuak izendatuko du.

Mahaikidea: Juan José Nicolao Celigueta jauna, arkitekto-teknikoa.

Ordezkoa: mahaikideak izendatuko du.

Mahaikidea: Lucio García Bergachorena jauna, nekazaritzako ingeniari teknikoa.

Ordezkoa: mahaikideak izendatuko du.

Mahaikidea: Juan Manuel Sesma Sesma jauna, Filosofia eta Letretako lizentziatua.

Ordezkoa: mahaikideak izendatuko du.

Mahaikide eta idazkaria: Ana Huércanos Marco andrea, Melidako Udaleko idazkaria.

Ordezkaria: mahaikide idazkariak izendatuko du.

6.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, eta ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bederen bertan ez bada.

6.3. Bertaratutako kideen gehiengoz hartuko dira erabakiak, eta berdinketa suertatzen bada, mahaiburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako arauen interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gorabeherak oro.

6.5. Epaimahaikideek ez dute parte hartuko eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean aurreikusitako abtentzio arrazoiak tartean badira.

Orobat, izangaiek epaimahaikideak errekusatu ahalko dituzte, aipatu zirkunstantziak lege horretan bertan ezarritako forma eta baldintzatan tartean direnean.

Ezespen, abstentzio edo beste zioak direla eta, ordezkoekin ere ezin bada epaimahaia eratu, alkateak eskumena izanen du honelako egoera bati itzuri egiteko beharrezkoak diren epaimahaikideak eta haien ordezkoak izendatzeko, osoko bilkurak dena egitea ukatu gabe.

6.6. Epaimahaiak aholkulari adituak hartu ahal izanen ditu proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetara mugatuko dira, eta esparru horretan baino ez diete lagunduko epaimahaikoei.

7.-Oposizioaren hasiera eta garapena.

7.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduko 16.J artikuluari jarraikiz, deialdia argitaratu eta bi hilabete igaro beharko dira, gutxienez, oposizioa hasi orduko. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean zehaztuko da hautaprobak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren.

7.2. Oposizioa honako ariketa hauek osatuko dute:

Lehen ariketa.-Hiru proba eginen dira, eta bertan, epaimahaiak propio prestatutako galdera sortei erantzungo zaie idatziz. Probak ondokoak izanen dira:

a) Diktaketa, 200en bat hitzekoa.

Probaren balioa: 10 puntu. Ortografia mailako akats bakoitzeko 0,5 kenduko da. Azentuazio akats bakoitzeko, 0,1.

b) Oinarrizko matematika ariketak ebaztea. Proba hau burutzeko ezin izanen da kalkulagailurik erabili.

Probaren balioa: 10 puntu.

c) Idatziz erantzutea epaimahaiak prestatutako galderak, bigarren ariketako proba praktikoei, Melidako udalerriaren ezagutzari eta lanpostuan bete beharreko eginkizunei, bereziki hermendiaren ureztaketari buruzkoak.

Probaren balioa: 20 puntu.

a) eta b) probetako gutxieneko puntuazioa: 5 puntu; c) probakoa: 10 puntu.

Bigarren ariketa.-Egin beharreko lanarekin zerikusia duten proba praktikoak burutzea. Igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, lorazaintza, etab.

Probaren balioa: 40 puntu. Gutxieneko puntuazioa: 20 puntu.

Hirugarren ariketa.-Proba psikoteknikoak, lanpostua eskuratzeko izangaien gaitasuna eta egokitasuna aztertzeko. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu, eta ez da baztergarria izanen.

Laugarren ariketa.-Elkarrizketa epaimahaiarekin, Melidako udalerriaren ezagutzari eta lanpostuan bete beharreko eginkizunei, bereziki ureztaketari buruz. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu, eta ez da baztergarria izanen.

7.3. Oposizioko ariketetako probak, hirugarrena eta laugarrena izan ezik, baztergarriak izanen dira. Hortaz, bazterturik geratuko dira proba horietan ezarritako gutxieneko puntuazioa eskuratzen ez duten oposiziogileak, eta epaimahaiak ez ditu zuzendu ere eginen ariketa horretako gainontzeko probak.

Probak zein egun, ordu eta tokitan eginen diren ez da nahitaez Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko, baina bai Melidako Udaletxeko iragarki oholean, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago, edo hogeita lau ordu lehenago hastapeneko proba baten jarraipena baldin bada.

Ariketa bakoitzeko deialdi bakarra eginen da, eta baztertuta geratuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian azaltzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Batera iragarri ahalko da proba bat baino gehiago, baita egun berean bat baino gehiago egin ere.

7.4. Izangaiek NANa aldean dutela azaldu beharko dute, eta hala eskatzen bazaie, erakutsi egin beharko dute;: bestela, kanporatu eta baztertuak izanen dira, salbu eta zuzenbidearekin bat datorren beste moduren batean nortasuna kreditatzen badute egintza horretan bertan.

Probetan kopiatzeak zein beste edozein iruzur egiteak berehala kanporatzea ekarriko du, jarduketa penalak deusetan galarazi gabe, hala behar badu.

7.5. Epaimahaikide bakoitzak bere kasa emanen du kalifikazioa, eta kalifikazio guztien batez besteko aritmetikoa izanen da delako ariketaren puntuazioa.

7.6. Ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak aditzera emanen du Udaletexeko iragarki oholean zein probak egin diren tokian aprobatu duten izangaien zerrenda, lortutako emaitzekin batera, baita hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua ere, egin baino 48 ordu lehenago gutxienez ere.

8.-Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

8.1. Ariketen kalifikazioa egindakoan, epaimahaiak probak gainditu dituzten izangaien zerrenda emanen du aditzera Udaletxeko iragarki oholean puntuazioaren arabera ordenatua.

8.2. Epaimahaiak puntu gehien lortu duen izengaia izendatzeko proposamena heleraziko dio organo eskudunari. Proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Udaletxeko iragarki oholean argitaratu beharko da.

9.-Agiriak aurkeztea

9.1. Izendapen proposamena Udaletxeko iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro orokorrean:

a) Jaiotze aktaren ziurtagiria.

b) Eskatutako tituluaren kopia kautotua edo fotokopia (Udaletxeko bulegoetara eramanen den jatorrizkoarekin konpultsatu beharrekoa) eta gidatzeko baimenarena.

c) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

d) Osasun ziurtagiria, lanpostuan aritzea eragozten dion akats fisiko edo psikiko edo eritasunik ez duela frogatzen duena.

9.2. Aipatu epearen barnean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuak salbu, arestiko agiriak aurkezten ez dituena ezin izanen da izendatu, eta ordura arteko egintzak deuseztatuak geldituko dira, deialdian parte hartzeko eskabidean egindako faltsukeria dela medio etor dakiokeen erantzukizuna galarazi gabe.

9.3. Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 9.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko luke utzitako hutsunea, eta horrekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

10.-Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Hautaketa prozesua amaiturik, eta izangaiak 10.1 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkezturik, Udalak, osoko bilkuran, Melidako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izendatuko du.

Izendatutako izangaiak izendapenaren berri izan eta hilabeteko epearen barnean sinatu beharko du kontratua, baita lanean berehala hasi ere. Ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu epean kontratua sinatzen ez badu eta lanean hasten ez bada, gaindituen zerrendako hurrengo izangaiak beteko du lanpostua.

11.-Errekurtsoak

Deialdi honen eta haren oinarrien kontra, eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, administrazioarekiko auzi- errekurtsoa paratu ahalko da Nafarroako Auzitegi Nagusiko maila bereko Sailari zuzendua bi hilabeteko epean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina, edo, bestela, aldez aurretik eta hala nahi izanez gero, gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua hilabeteko epean argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Melidan, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko azaroaren bian. Alkatea, Apolonio Jaso.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

............... J/A, adinez nagusia, .......... zenbakidun N.A.N. duena, 19..(e)ko .....aren .....(e)an jaioa, ......(e)n (.......) eta helbidea ......(e)an, .... kaleko .. zk.an duena, .... posta kodea, ...... telefonoa.

Zure aitzinean agertzen da eta erarik bidezkoenean honako hau dio:

Melidako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, lan-kontratu mugagabearekin, oposizio bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen duela eta horretarako aitortzen du:

Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa duela.

Indarreko xedapenetan ezarritako ezgaitasunik ez duela.

Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez dagoela, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela berezia izan.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela.

Horrenbestez,

Eskabide hau onestea eta, horren kariaz, Melidako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat betetzeko hautaprobetan onartua izatea galdatzen dizut.

Melidan, 1999ko .........aren ....(e)an.

(Izangaiaren sinadura)

MELIDAKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA

Iragarkiaren kodea: A9900623