Iragarkia
14. ALDIZKARIA - 1999ko otsailaren 1a
II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
- T U T E R A
Deialdia, Tuterako Udaleko zuzenbideko lizentziatu izateko lanpostu bat, funtzionario izaerakoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzekoa
1. oinarria.-Arau orokorrak.
1.1. Tuterako Udaleko zuzenbideko lizentziatu izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea da deialdi honen xedea Hiri Antolamendu eta Ingurugiro Alorrean (Hirigintzako Azpialorrean) aritzeko.
1.2. Eginkizunak:
Laguntza emanen dio Udalbatzari Udalak dituen zerbitzu juridikoen barrenean eta, horretarako, lanpostuari dagokion Alorreko gai guztietan eginen du lan, gestio, azterlan eta proposamen administratiboetan, alegia.
Hauek dira bete beharreko eginkizunak:
-Bere gain utzitako zerbitzu eta unitateak kudeatzea.
-Txosten eta irizpenak ematea bere eskumeneko gaietan.
-Aholku ematea bere espezialitateko gaietan.
-Espedienteak tramitatu eta, behar izanez gero, bidezko ebazpena proposatzea.
-Bere lanbideari dagozkion azterlan eta lanak egitea.
Dagokion mailaren barrenean, zuzendaritza edo lanbide arloko erantzukizuna izanen du, Udalaren ordezkari edo defendatzaile izan ahalko baita hark hasitako auzietan edo haren kontrakoetan, indarra duen arautegian eta, batez ere, Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan, lanpostuari dagokion arloko gaietan, xedatutakoari jarraituz.
Gainera, goragoko agintariak antzeko beste eginkizunak utzi ahalko ditu bere esku, lanpostuari dagozkion betebeharrekin zerikusia badute.
1.3. Izendapenak nomina eta plantilako funtzionario bilakatuko du hautatua lanpostuaren jabetza hartzen duenetik aitzina, bere ondorio guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorreko bazkide bihurtuko da eta alta emanen zaio, abenduaren 30eko 13/1993 Foru Legeak ezarri bezala.
1.4. Lanpostuak A mailari dagozkion lansariak izanen ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean eta 1984ko uztailaren 4ko Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan ezarri bezala. Izendatuak bateraezintasuna izanen du bere titulazioa arlo publikoan zein pribatuan erabiltzeko. Ondorioz, lanpostuak A mailaren ehuneko 35 izanen du bateraezintasunagatik.
1.5. Izangai izendatuak Tuterako udal mugapean beharko du bizi eta, horretarako, udal mugape horretako Biztanleen Udal Erroldan inskribatuko da.
1.6. Lan eta enpleguaren baldintzei dagokienez, oinarri hauetan bildu ez eta Udalaren eskumenak badira, estatutuen arautegian eta horren garapeneko arauzko xedapenetan xedatutakoari jarraituko zaio. Lanaldia Nafarroako Administrazio Publikoetako langileentzat ezarritakoa izanen da, zerbitzuaren beharrei egokituta.
1.7. Deialdiak eta oinarriek Administrazioari, hautapen probak juzkatuko dituzten Epaimahaiei eta haietan parte hartuko dituztenei behartuko diete.
2. oinarria.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Honako oposizio-lehiaketan parte hartu ahal izateko, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:
a) Nazionalitate espainiarra edukitzea eta adinez nagusi izatea. Abenduaren 29ko 27/1994 Foru Legearen 1. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
b) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean Zuzenbideko lizentziatu titulua edukitzea edo eskuratzeko baldintzetan egotea.
c) Bere egitekoetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa izatea.
d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik berezia ez izatea.
2.2. Arestiko betebeharrak, azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak egiaztatu beharko ditu, deialdi honen 7. oinarriak xedatzen duen eran eta epean. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna baino lehenago, hautabide osoan izendapen eguna arte bete ere.
3. oinarria.-Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Tuterako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epearen barnean, udal bulegoak irekita dauden ordu eta egun baliodunetan, edo bestela, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko arautegian aurreikusi moduan.
Eskabidearen eredua I. eranskinean dator.
3.2. Izangaiek Tuterako Udalari 1.000 pezeta ordaindu izanaren gordekina erantsi beharko diote eskaerari, espedientea formalizatu eta azterketarako eskubideak izateko. Ordainketa horretatik salbu egonen dira INEMen enplegu eskaeraren txartela izanik langabeziarako laguntzarik jasotzen ez duten izangaiak.
3.3. Orobat, eskabidearekin batera, alegatzen diren merezimenduak frogatzeko agiriak beharko dira aurkeztu, II. eranskineran ezarritako baremoaren arabera. Agiriek jatorrizkoak beharko dute izan edo zuzenbidez balioa duen beste edozein baliabidez konpultsatuak.
3.4. Luzaezina da eskaerak aurkezteko epea.
Lehiaketarako, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen alegatu eta frogatzen diren agiriak soilik hartuko dira kontutan, eta ez da inoiz onartuko aipatu epearen ondorengo agiririk.
3.5. Ezintasunik dutenek hura zer-nolakoa den adierazi beharko dute eskabidean. Gainera, ariketak egiteko denbora nahiz bitartekoen aldetik beharrezko izan ditzaketen egokitzapenak eskatu beharko dituzte.
4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.
4.2. Izangai baztertuek, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean behin-behineko zerrenda atera eta ondoko hamar egun balioduneko epearen barnean, erreklamazioak egin ahalko dituzte, eta akatsik baldin bada, zuzendu.
4.3. Erreklamazio epea iraganik eta haiek ebatzitakoan, alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.
5. oinarria.-Epaimahai kalifikatzailea.
5.1. Epaimahaia ondoko kide hauek osatuko dute:
Mahaiburua: Luis Campoy Zueco jauna, Tuterako Udaleko alkate udalburua
Ordezkoa: Luis Casado Oliver jauna, Hiri Antolamendu eta Ingurugiro Alorreko zinegotzi delegatua.
Mahaikidea: Juan Pablo Galán García jauna. Hirigintza Azpialorreko zuzendaria. Goi mailako arkitektoa.
Ordezkoa: José Antonio Huguet Madurga jauna, Tuterako Udalaren aholku-emaile juridikoa. Zuzenbideko lizentziatua.
Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu Departamentuko letratu bat.
Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu Departamentuko letratu bat.
Mahaikidea: José Javier Navarro Castell-Ruiz jauna, Langile Batzordeko kidea.
Ordezkoa: beste ordezkari bat, Langile Batzordeak izendatu beharrekoa.
Mahaikide-idazkaria: Enrique Mateo Sanz jauna, Tuterako Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Luis Pérez Chueca jauna, Cabanillasko Udaleko idazkaria.
5.2. Hautapen probak egin baino lehenago eratu beharko da epaimahaia. Eraketak balioa izateko eta jardun ahal izateko, kideen gehiengo absolutua beharko da.
5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu, deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.
5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek espezialitate teknikoetara mugatuko dira, eta horiexetan bakarrik lagunduko dute epaimahaia.
6. oinarria.-Oposizioaren hasiera eta garapena.
6.1. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta gutxienez hiru hilabete iragandakoan hasiko da oposizio-lehiaketa, 1999ko otsailean seguruenera. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.
6.2. Lehiaketaldia.
Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek aurkeztutako merezimenduak, alegatu eta agiri bidez frogatzen direnak alegia, oinarri hauen II. eranskineko merezimenduen baremoari jarraituz.
Epaimahaiak ez ditu inoiz kontutan hartuko alegatu eta agiri bidez frogatzen ez diren merezimenduak, ezta atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik emanen ere.
Lehiaketaldia amaitutakoan, Epaimahai kalikifatzaileak jendaurrera aterako du Tuterako Udaletxeko iragarki oholean balorazioaren emaitza, lehiatzaile bakoitzak ateratako puntuazioa adieraziz.
Fase honen gehieneko puntuazioa 10 puntukoa izanen da.
6.3. Oposizioaldia.
Ariketa hauek izanen ditu:
6.3.1. Lehen ariketa: gehienez ere 4 ordutan, 2 gai azaldu beharko dira idatzita, III. eranskinetik zozketaz aukeratuta. Gai bakoitza 0tik 10 puntura baloratuko da eta gutxienez 5 puntu beharko dira gai bakoitza gainditzeko.
Ariketa horren gehieneko puntuazioa 20 puntukoa izanen da.
Bigarren ariketa: gehienez ere 4 ordutan, 2 gai azaldu beharko dira idatzita, IV. eranskinetik zozketaz aukeratuta. Gai bakoitza 0tik 10 puntura baloratuko da eta gutxienez 5 puntu beharko dira gai bakoitza gainditzeko.
Ariketa horren gehieneko puntuazioa 20 puntukoa izanen da.
Hirugarren ariketa: 2 kasu praktiko egin beharko dira, III eta IV. eranskinetako gaiekin zerikusia dutenak. Ariketa honetarako gehienez ere 4 ordu emanen dira. Kasu praktiko bakoitza 0tik 15 puntura baloratuko da eta, gainditzeko, 7,5 puntu bederen beharko dira kasu bakoitzean.
Ariketa horren gehieneko puntuazioa 30 puntukoa izanen da.
Ariketa horretarako, izangaiak liburu eta bilduma juridikoak erabili ahalko ditu, baina testu legegileei buruzkoak soilik (iruzkin doktrinalik gabeak).
6.3.2. Oposizioko ariketen balorazioa gehienez ere 70 puntukoa izanen da.
6.3.3. Oposizioko ariketak baztergarriak dira, kanporatuta geratuko baitira haietako bakoitzean ariketa edo kasu bakoitzean eskatzen den puntuazioaren erdia bederen lortzen ez duten izangaiak.
6.3.4. Mahaikide bakoitzak bere aldetik eginen du kalifikazioa, eta kalifikazio guztien batezbesteko aritmetikoa izanen da ariketa zatiaren puntuazioa.
6.4. Hautapen probak egiteko, ez da beharrezko izanen hurrengo probak egiteko iragarkiak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea. Epaimahaiak aurreko probak non egin diren, han adieraziko ditu iragarri horiek, hogeita lau ordu lehenagotik bederen ariketa bera bada edo, berrogeita zortzi ordu lehenagotik beste ariketa bat bada.
6.5. Ariketa bakoitzerako, deialdi bakarra eginen zaie izangaiei, eta Nortasun Agiri Nazionala gainean daramatela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.
6.6. Hautapen probak egiterakoan, denbora edo baliabide aldetik egokitzapenak ezarriko dira hala eskatua duten ezinduentzat, eskabidean adierazitakoari jarraikiz.
7. oinarria.-Gainditzen dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
7.1. Izangaien kalifikazioa amaiturik, Epaimahaiak jendaurrera aterako du, azken ariketa egin den tokian eta Udaletxeko iragarki oholean, gainditzen dutenen zerrenda, lortu duten guztirako puntuazioaren arabera ordenatua, eta Udaleko alkate udalburuari igorriko dio izendapen proposamena, deialdiko lanpostu kopurua adinako izangairen aldekoa.
7.2. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.
7.3. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barnean, proposatutako izangaiek, ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte egun baliodunetan Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean:
1.-Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta jatorrizkoa.
2.-2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia eta jatorrizkoa, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
3.-Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.
4.-Ziurtagiri medikoa, karguari dagozkion eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasun edo akats fisikorik ez duela frogatzen duena.
5.-Zin egin edo hitz eman Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioa eta Legeak onartu, eta karguari atxikirik dauden eginbeharrak zintzo beteko dituela.
7.4. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuak izan ezik, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta beraz egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, beti ere eskabidearen faltsukeriagatik legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.
7.5. Aitzineko atalean ezarritako kasuan, alkateak gainditu dutenen zerrendan, alegia, 7.1 idazatiak aipatzen duen horretan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea. Harekin arestiko ataletan adierazi bezala jokatuko da.
8. oinarria.-Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
8.1. Hautapen prozesua amaitu eta izangaiek aurreko 7.3 oinarrian aipatu izangaiak aurkezturik, alkate udalburuak Tuterako Udaleko funtzionarioaren izendapena eginen du zuzenbideko lizentziatu lanpostuan aritzeko.
8.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.
8.3. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Epe horretan, eta ezinbesteko izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Tuterako Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu. Horrela gertatuz gero, 7.4 oinarriak ezarritakoari jarraikiko zaio.
9. oinarria.-Helegiteak.
Interesatuek deialdi honen aurka, haren oinarri eta ondoriozko egintza administratiboen aurka nahiz hautapen organoen jarduketaren aurka helegiteak jarri ahalko dituzte administrazio prozeduraren arauetan aurreikusitako kasuetan eta moduan. Interesatuek bidezkotzat jotzen dituztenez gain, helegite hauetako bat jarri ahalko dute, aukeran:
a) Administrazioarekiko helegitea Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailean, bi hilabetez jarri ere, erabaki hau argitaratu edo helegiten den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, organo egileari helegiteko asmoaren berri eman ondoren; edo bestela,
b) Gora jotzeko helegitea Nafarroako Administrazio Auzitegian zuzenean, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo helegiten den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua
......................... jaun/andrea, adinez nagusia, ............ Nortasun Agiri Nazionala duena, 19..... (e)ko ............aren .....(e)an sortua, .......koa (.........), helbidea ........(e)n (.........) ............. kaleko ... zk.an duena, eta ...... posta kodea eta ....... telefonoa dituena, zure aitzinera agertzen da eta
Azaltzen du:
Tuterako Udaleko zuzenbideko lizentziatu izateko lanpostu bat, funtzionario izaerakoa, oposizio-lehiaketa bidez, betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen duela.
Karguaren eginkizunetarako eragozten dion eritasun edo akats fisikorik ez duela.
Indarrean dauden xedapenetan ezarritako ezgaitasun bakarrik ere ez duela.
Inongo administrazio publikoren zerbitzutik disziplinazko espediente bidez ez dela berezia izan, eta eginkizun publikoetarako ezgaitua ez dagoela.
Deialdiaren 2. oinarrian aipatzen den titulazioaren jabe dela.
Azterketarako eskubideak ordainduak dituela deialdian zehazten den gisan, eta dagokion gordekina eskabideari atxikirik doala.
Eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela, eskabideak aurkezteko epearen azken eguna baino lehen.
Ezintasunik baduela, eta adierazitako arrazoiengatik atxikirik doan egokitzapena eskatzen duela (beste orri batean zehaztu beharko dira ezintasunaren arrazoiak eta eskatzen diren egokitzapenak).
Ez duela ezintasunik
(X bat jarri bi horietako batean).
Horrenbestez:
Eskatzen dizu honako eskabidea onar dezazun eta horrela, Tuterako Udaleko zuzenbideko lizentzuatu izateko lanpostu bat, funtzionario izaerakoa, oposizio-lehiaketa bidez, betetzeko deialdira onartua izan dadin.
Tuteran, 19....eko ........aren ....(e)an.
(Sinadura)
TUTERAKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA
II. ERANSKINA
Merezimendu baremoa
Deialdiari jarraituz, Epaimahaiak baloratuko ditu lehiatzaileen merezimenduak kontzeptu hauen arabera:
Lehenbizikoa.-a) Titulua eta beste merezimendu akademikoak:
-Espediente akademikoa, batezbestekoa bikain duela: 2 puntu.
-Erdi mailako beste titulu unibertsitarioak: puntu bat bakoitza.
-Goi mailako titulu unibertsitarioak, deialdian eskatzen ez direnak: 1,5 puntu bakoitza.
-Zuzenbideko doktore titulua: 2 puntu.
b) Graduatuondoko prestakuntza ikastaroak Eskola Ofizial edo Unibertsitarioetan, baita zuzenbideko lizentziatuarekin zerikusia duten beste erakunde publikoetan ere, 40 irakastordutakoak edo 4 kreditutakoak, nahiz gehiagokoak: 0,5 puntu bakoitza.
Oharrak:
1. Ikastaroetako irakastordu zatiei proportzioan dagokien balioa emanen zaie.
2. Iraupena edo irakastorduen kopurua adierazten ez duten ziurtagiriei kreditu bat emanen zaie.
3. Ikasturte osoko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kreditu emanen zaizkie.
c) Ikerketa edo esperimentazio lanak, biltzar edo jardunaldietan aurkeztutako ponentzia edo komunikazioak, 3 puntu gehienez ere. Epaimahaiak baloratuko ditu haien edukia eta interesa kontutan hartuta, baita egile kopurua ere, bat bakarra edo lagun gehiago izan diren.
d) Gainditutako oposizioak, Administrazio Publikoak zuzenbideko lizentziatu titulua izatea eskaturik: 1,5 puntu gainditutako oposizio bakoitza.
Lehen idazati honi dagokion puntuazioa ez da 6 puntu baino handiagoa izanen.
Bigarrena.-Zuzenbideko lizentziatu gisa Administrazioan izandako lanbide esperientzia:
-Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak:
a) Zuzenbideko lizentziatu titulua eskatu den lanpostuan: 0,5 puntu urte bakoitza.
b) Deialdi honetan behar den titulazioa eskatu ez den lanpostuan, a) idazatiari koefiziente murriztaile hauek aplikatuko zaizkio:
B maila (edo Erdi Mailako titulazioa): 0,60.
C maila (edo Goi Batxilergoa edo balikokidea): 0,30.
Zerbitzu urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan aritutako egunei proportzioan dagokien puntuazioa emanen zaie izangaiei.
Bigarren idazati honen puntuazioa ez da 4 puntukoa baino handiagoa izanen.
Ez dira kontatuko deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoren emandako zerbitzuak.
III. ERANSKINA
Konstituzio, Foru eta Administrazio Zuzenbidea
1. gaia.-Konstituzioa, edukia eta motak. Konstituzioa arau juridikoa den aldetik. Egungo konstituzio espainiarra. Oinarrizko edukia eta konstituzio printzipioak. Toki Administrazioari eta Nafarroari buruzko arautegi konstituzionala.
2. gaia.-Konstituzio Auzitegia. Osaketa eta egitura. Jurisdikzioa, eskumena eta prozedurak. Babeseko helegitea.
3. gaia.-Estatuaren lurralde antolamendua. Autonomi Estatutuak: izaera, ezaugarriak eta edukia. Haiek sortu eta berritzeko prozedura. Estatuaren eta Autonomi Elkarteen arteko harremanak, eskumenen banaketa.
4. gaia.-Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa. Aurrekariak. Hura sortzeko prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Atariko titulua. Erreforma.
5. gaia.-Parlamentua edo Nafarroako Gorteak. Osaketa, antolakuntza eta eginkizunak. Parlamentuak Gobernuaren gain duen kontrol funtzioa. Ekinbide legegilea. Foru Legeak: izaera eta motak. Prozedura legegilea.
6. gaia.-Foru Diputazioa edo Nafarroako Gobernua: eginkizunak eta osaketa. Nafarroako Gobernuko lehendakaria: haren hautaketa. Kontseilariak. Foru Komunitateko Administrazioa. Foru Agindu eta Dekretuak. Egintzak eta helegiteak.
7. gaia.-Nafarroako Kontu Ganbara: antolakuntza eta eskumenak. Erreinuko Kontu Auzitegiarekin dituen harremanak.
8. gaia.-Toki Antolamenduaren sorburuak. Estatuko legeria toki araubideari buruz: oinarri konstituzionala eta izaera. Legeria autonomikoa toki araubideari buruz: Estatukoarekin dituen harremanak. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen aipamen berezia.
9. gaia.-Legezkotasun printzipioa eta haren adierazpideak. Ahalmen arautuak eta diskrezionalak. Diskrezionalitatea eta kontzeptu juridiko zehazgabeak. Diskrezionalitatearen mugak eta kontrolatzeko baliabideak. Boterearen desbideratzea.
10. gaia.-Toki entitateen erregelamenduzko ahalmena. Organo titularrak. Erregelamendu Organikoa eta Ordenantzak: bereizketa, prestatzeko prozedura eta onespena. Arau lokalen argitalpena.
11. gaia.-Erregelamenduzko ahalmen lokalaren mugak eta erregelamendu ilegalen aurkako defentsa. Bandoak: izaera, argitalpena, mugak eta inpugnazioa.
12. gaia.-Udala: kontzeptua. Udala Estatuko lurralde antolakuntzaren oinarrizko entitatea, interes lokalen entitate ordezkaria eta zerbitzu publikoetarako antolakuntza den aldetik.
13. gaia.-Udal antolakuntza. Oinarrizko printzipioak. Oinarrizko organoak: alkatea, alkateordeak, osoko bilkura eta gobernu batzordea. Organo osagarriak. Toki entitateetako kideen estatutua.
14. gaia.-Toki entitateen funtzionamendurako araubidea. Administrazioarteko harremanak. Informazioa eta hiritarren parte hartzea.
15. gaia.-Funtzio publikoa. Funtzionarioen erlazio juridikoaren izaera eta edukia. Egungo legezko araubidea. Hautaketa. Funtzionario izaera eskuratu eta galtzea. Egoera administratiboak. Eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak.
16. gaia.-Egintza administratiboa. Kontzeptua eta motak. Egintza administratiboaren elementuak. Isiltasun administratiboa: kontzeptua, izaera eta ondorioak.
17. gaia.-Egintza administratiboen eragina. Baliozkotzat jotzea. Eraginkontasunerako baldintzak. Exekutibitatea eta etenaldia. Derrigorrezko exekuzioa, baliabideak. Egitatezko bidea.
18. gaia.-Egintza administratiboen baliogabetasunari buruzko teoria. Akats motak eta haien ondorioak. Baliokidetza eta bihurketa. Baliogabetzen ez duten irregularitateak.
19. gaia.-Egintza administratiboak ezeztatzea. Motak. Legezkotasun arrazoiengatik ezeztatzea. Ofiziozko berrikuspena. Egokiera arrazoiengatik ezeztatzea.
20. gaia.-Administrazio prozedura eta hura arautzen duen legea. Aplikazio esparrua eta printzipio orokorrak. Interesatuak. Administrazio prozedurei buruzko xedapen orokorrak: hasiera, antolamendua, instrukzioa eta bukaera. Txostenak.
21. gaia.-Helegite administratiboak, kontzeptua, motak eta printzipio orokorrak. "Reformatio in peius". Helegite arrunta eta berraztertzekoa. Aipamen berezia Nafarroako Administrazio Auzitegiaren aurreko gora jotzeko helegiteari: erregulazioa eta aurrekariak.
22. gaia.-Administrazioarekiko aferen jurisdikzioa: izaera, hedadura eta mugak. Administrazioarekiko helegitea: zatiak, aurka jo daitezkeen egintzak eta prozedura.
23. gaia.-Administrazioarekiko aferen prozesuaren berezitasunak oinarrizko eskubideak babesteko arloan. Beste prozedura bereziak: kasazioa, berriskuspena.
24. gaia.-Administrazioa eta jurisdikzio arrunta. Aldez aurreko erreklamazio administratiboak. Auzibidezko erakundea. Auzilarriak eta Administrazioa.
25. gaia.-Toki Administrazioaren kontratuak. Izaera eta motak. Kontratu administratiboaren figura. Administrazioaren kontratu administratiboak eta kontratu pribatuak egungo antolamenduan. Nafarroari buruzko aipamena.
26. gaia.-Kontratazioaren prozedura. Prozeduraren oinarriak eta kontratuaren prestakuntza. Lehiakortasun askatasuna. Kontratistak hautatzeko prozedurak. Kontratua formalizatzea. Kontratazioaren bermeak.
27. gaia.-Kontratu administratiboen edukia eta ondorioak. Administrazioaren onurabidea. Kontratuen oreka finantzarioa. Prezioen berrikuspena.
28. gaia.-Kontratu administratiboen baliogabetasuna. Egintza bereizgarriei buruzko doktrina. Kontratu administratiboen iraungipena: arrazoiak, motak eta ondorioak.
29. gaia.-Administrazio Publikoaren ondarearen gaineko erantzukizuna. Bilakaera. Aurrekontuak. Konponketaren eraginkortasuna. Erantzukizunezko ekintza. Egintza administratiboen erantzukizuna.
30. gaia.-Toki entitateen zehapen ahalmena. Printzipioak. Zehapen administratiboak: kontzeptua, izaera eta motak. Zehapen prozedura.
31. gaia.-Zerbitzu publikoa. Kontzeptua. Zerbitzu publikoa kudeatzeko moduak. Zuzeneko eta zeharkako gestioa. Haietako bakoitzeko moduak.
32. gaia.-Kontzesioa. Kontzeptua, izaera eta motak. Elementuak. Administrazioaren ahalmenak. Kontzesiodunaren eskubideak eta betebeharrak. Kontzesioduna eta erabiltzaileak. Kontzesioa iraungitzeko moduak.
33. gaia.-Lankidetza formulak zerbitzuak emateko. Partzuergoak bereziki. Errentamendua. Hitzarmena. Enpresa mistoa eta gestio interesatua. Sustapena toki erakundeetan.
34. gaia.-Jabari publiko lokala. Kontzeptua eta izaera. Elementuak. Sujetua, objektua eta destinoa. Ukipena eta jabari publikoko ondasunen aldaketak. Nafarroari buruzko aipamena.
35. gaia.-Jabari publikoaren araubide juridikoa. Usaera eta erabilera. Kontzesioa eta jabari publikoko ondasunen erreserba. Nafarroari buruzko aipamena.
36. gaia.-Nafarroako toki entitateen ondasunak: sailkapena. Onurabidea. Administrazioa, ondareko ondasunen erabilera eta probetxamendua.
37. gaia.-Nafarroako toki entitateen aurrekontua. Edukia eta onespena. Aurrekontuaren egitura. Aurrekontuaren exekuzioa eta likidazioa. Aurrekontuaren exekuzio oinarriak. Aurrekontuetako printzipioak.
38. gaia.-Nafarroako toki entitateen baliabide ekonomikoak: bakoitzaren aipamen laburra. Prezio publikoak. Tasak eta kontribuzio bereziak. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga.
IV. ERANSKINA
Hirigintzako zuzenbidea
1. gaia.-Hirigintzako zuzenbidearen sorrera Espainian: XIX. mendea. XX. mendea gerra zibila arte. Gerra ondoko hirigintzako legeria Lurzoruari buruzko Legea arte. Lurzoruari buruzko Legea eta ondoko arauak. Eskumen transferentziak Autonomi Elkarteei.
2. gaia.-Hirigintzaren antolakuntza administratiboa. Hirigintzako antolamenduaren printzipioak. Estatuaren organoak. Nafarroako Foru Komunitatearen organoak. Toki Administrazioa. Beste erakunde batzuk.
3. gaia.-Lurzoruaren Araubideari eta Balorazioei buruzko apirilaren 13ko 6/98 Legea.
4. gaia.-Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legea.Eskema, printzipio orokorrak, xedea eta helburuak. Iritzia.
5. gaia.-Hirigintzako eskumenak lurzoruaren araubideari, planeamenduari, urbanizazioaren exekuzioari, lurzoruaren erabilera eta eraikuntzaren gaineko ahalmen demanialetan eta lurzoruaren merkatuaren erregulazioan eskuhartzeari buruz.
6. gaia.-Lurzoruaren jabetzari buruzko hirigintzako araubidea. Printzipio orokorrak. Sailkapena eta lurzoruaren sailkapena lurzorua hirigintzako destinoei modu objektiboan lotzeko teknika den aldetik. Orubearen kontzeptua. Lurzoru ez urbanizagarriaren eta urbanizagarri progamatu gabearen araubidea.
7. gaia.-Hiri lurzoruaren eta lurzoru urbanizagarriaren araubidea. Jabeen oinarrizko eskubide eta betebeharrak. Planeamenduak onartutako probetxamendua, ereduko probetxamendua eta jabeek eskura dezaketen probetxamendua. Erreferentziako probetxamendua ereduko probetxamendurik ez dagoenean. Eskubide urbanistikoen eskalako epeak ez betetzearen ondorioa.
8. gaia.-Lurren balorazioa lurzoru motaren arabera. Lurren balorazioa sistema orokor, hornidura publiko eta desjabetzapen jarduketetarako direnean. Obren balorazioa eta beste ondasun eta eskubideak. Ereduko probetxamendurik gabeko hiri lurzoruaren balorazioa.
9. gaia.-Lurraldea antolatzeko tresnak. Izaera juridikoa eta xedapen orokorrak. Lurralde Antolamendurako jarraibideak. Eskualdeko hirigintza arauak. Udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialak.
10. gaia.-Udalaren hirigintzako planeamendua: xedapen orokorrak. Udal plana: helburuak, zehaztapenak eta dokumentazioa.
11. gaia.-Garapeneko hirigintza planeamendua: hirigintza jarduketarako programak, plan partzialak. Helburuak, zehaztapenak eta dokumentazioa.
12. gaia.-Garapeneko hirigintza planeamendua: plan bereziak. Motak, xedea, zehaztapenak eta dokumentazioa.
13. gaia.-Garapeneko hirigintza planeamendua: xehetasun azterlanak eta urbanizazio proiektua: xedea, zehaztapenak eta dokumentazioa. Ohiko udal obrak. Urbanizazioaren finantziazioa.
14. gaia.-Banaketa eremuak: mugapena. Ereduko probetxamenduen teknika: xedea, kalkulua, e.a.
15. gaia.-Planak prestatu eta onestea. Prestaketako egintzak. Ekimena eta lankidetza planeamenduan. Gaitasuna eta prozedura. Planen argitalpena eta publizitatea.
16. gaia.-Planen iraunaldia, berrikuspena eta aldaketa. Onespenaren ondorioak. Programazioa eta garapena.
17. gaia.-Planeamenduaren exekuzioa. Jarduketa sistematikoak. Banaketa orekatua eta legezko betebeharrak. Hirigintzako hitzarmenak. Jarduketa sistemak: xedapen orokorrak.
18. gaia.-Konpentsazio bidezko jarduketa sistema.
19. gaia.-Lankidetza bidezko jarduketa sistema. Borondatezko birzatiketa.
20. gaia.-Derrigorrezko exekuzioaren bidezko jarduketa sistema.
21. gaia.-Desjabetzapenaren bidezko jarduketa sistema. Derrigorrezko desjabetzapena: bilakaera historikoa, kontzeptua, izaera eta justifikazioa. Elementuak. Sujetua, objektua, kausa eta edukia.
22. gaia.-Desjabetzapen prozedura. Prozedura bereziei buruzko aipamena. Partikularraren bermeak.
23. gaia.-Jarduketa asistematikoak hiri lurzoruan. Probetxamendu transferentziak. Transferentzien erregistroa.
24. gaia.-Dotazioko lurrak eskuratzea.
25. gaia.-Desjabetzapenak eta derrigorrezko salmentaren araubidea. Lurzoru erreserbetarako. Hirigintzako eginbeharrak ez betetzeagatik. Hirigintzaren aurkako arau-hausteengatik.
26. gaia.-Administrazioaren eskuhartzea eraikuntzan eta lurzoruaren erabileran. Hirigintzako lizentzia. Kontserbatzeko obligazioa, exekuzio aginduak eta aurri egoera. Toki entitateek hirigintzako legezkotasuna babestea.
27. gaia.-Disziplina araubidea hirigintzaren aurkako arau-hausteetan: xedapen orokorrak, arau-hausteak eta zehapenak, horien aplikazioa, eskumena, prozedura, preskripzioa eta iraungipena.
28. gaia.-Irekitzeko lizentzia jarduera sailkatuetan. Lehen erabilerarako lizentziak. Haien araubidea, Nafarroako arautegia aipatuz.
29. gaia.-Lurzoruaren merkatuan eskuhartzeko tresnak. Ondareak. Azalera eskubidea. Eroslehentasun eta atzera eskuratzeko eskubidea.
Iragarkiaren kodea: A9811956
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
