II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
- ERRIBERAKO HIRI HONDAKIN SOLIDOAK KUDEATZEKO MANKOMUNITATEA
Hiri hondakin solidoak bildu, garraiatu, tratatu edo desegiteko zerbitzuaren eta bertzelako zerbitzuen ordenantzaren aldaketa
Erriberako hiri hondakin solidoen Mankomunitate honen Batzarreak hiri hondakin solidoak bildu, garraiatu, tratatu edo deuseztatzeko zerbitzuaren eta entitate honek egiten dituen bertzelako zerbitzuen ordenantzaren aldaketa onetsi zuen hasiera batean 1998ko abenduaren 22an egin bilkuran, legeak eskatzen duen gehiengoarekin.
Indarra duen ordenantza horrek, 1997ko martxoaren 3ko 27. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zenak, indarra izanen du aurrerantzean ere, baina aldaketa hauekin:
11. art. A) ataleko 2 zenbakia kendu da: "Etxeetako berogailuen errautsak".
17. art. Honako lerroalde hau gehitu da: "Kontuan hartuta etxez etxeko ibilbideetan bildutako hondakinak Birtziklai Plantan horretarako dagoen triaje linean tratatu ahal direla, eta ibilbide hauetan edukiontzi publikoak eta enpresa partikularrenak batera biltzen direnez, bereizketa egiteko aukerarik izan gabe, Mankomunitateak behartu ditzake edukiontzi esklusiboak biltzeko kontratuen titularrak diren saltokiak edo industriak kontratu horiei baja eman eta hondakinak zabortegira beren kontura eramatera, eta kasu horretan hondakinak han botatzeko baimena emanen die. Arestian esan bezala jokatuko da Mankomunitatearen Batzorde Iraunkorraren iritziz hondakin horiek edonolako arazo ekar dezaketenean Birtziklatzeko Plantaren tratamendu linearen funtzionamendu egokirako".
39. art. Amaieran testu hau gehitzea: "Ondoren, Ontziki eta ontziki hondakinei buruzko 11/97 Legeak ontzikien birtziklaiari eta balorizazioari dagokienez nahitaez bete beharreko zenbait irizpide objetibo ezarri zituen".
II. titulua, "Ontziki arinen bilketa selektiboa" izeneko 4. sekzioa gehitzea, 47. artikulua duena, honelaxe idatzirik:
"Mankomunitateak ontziki arinen bilketa sailkaturako edukiontzi berariazkoak jarri ahal izanen ditu.
Edukiontzi horietan edozein motatako ontzikiak bota ahal izanen dira, beti ere, papera, kartoi edo beirazkoak ez badira, hau da: plastikozko ontzikiak, metalezko latak eta tetra-brick-ak, edo etorkizunean zehaztu daitezkeen beste batzuk.
Edukiontzi horiek sarbide borobila izan dezakete, ontzikiak bota ahal izateko eta ez, ordea, beste edozein motatako hondakinik, ahal den neurrian behintzat, bereziki hondakin horiek edukiontziaren barnean dagoena birtziklatzea ezinezkoa izatea ekar dezaketenean edo edukiontzia ondoren garbitu beharra ekartzen dutenean".
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, erabaki hori eta dagokion espedientea ikusgai egonen da Mankomunitatearen eta beronen kide diren udalen bulegoetan hogeita hamar egun balioduneko epean, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, herritarrek eta interesa duten eskubidedunek aztertu eta erreklamazio, kexa edo oharrak egin ditzaten.
Tuteran, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hemezortziko abenduaren hogeita hiruan. Mankomunitateburua, Matías Jiménez Lázaro.
Iragarkiaren kodea: A9900176