14. ALDIZKARIA - 1999ko otsailaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

5/1999 FORU AGINDUA, urtarrilaren 18koa, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak emana, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen dieta eta kilometrajeagatiko ordainak finkatzen dituena.

Nafarroako Administrazio Publikoaren zerbitzuko Langileen Lansariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduak bere 28. artikuluan xedatzen du zerbitzua dela-eta bidaiak egin beharra duten funtzionarioek dieta eta kilometrajeagatik ekitaldi ekonomiko bakoitzerako ezarriko diren diru kopuruak jasoko dituztela.

1995eko abenduaren 1ean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta sindikatuen ordezkariek sinatu eta Administrazioaren modernizazioa eta Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen lan- baldintzak 1996-1999 eperako ezartzen dituen akordioak aipatu eperako zenbait ordainketa urtero eguneratzeko formulak finkatu zituen.

1999ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 21/1998 Foru Legea onetsi ondoren, bertan lan-baldintzei buruz aipatu akordioan bildutako irizpideak agertzen baitira, bidezko da dietengatiko ordainei dagozkien kopuruak eguneratuko dituen Foru Agindu bat ematea.

Bertzalde, 1995eko abenduaren 1eko aipatu Akordioak zerbitzua dela-eta egindako kilometro bakoitzeko pezeta bateko igoera ezarri zuen 1999. urterako.

Horiek horrela eta Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoek langileriaren arloan dituzten eskurantzak finkatzen dituen apirilaren 1eko 165/1996 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen dieten zenbatekoa ondoko hau izanen da:

Nafarroan, gaua etxetik kanpo eman gabe: 2.507 pezeta.

Nafarroan, gaua etxetik kanpo emanik: 4.452 pezeta.

Nafarroatik at, gaua etxetik kanpo emanik, dieta 3.385 pezetakoa izanen da, gehi behar bezala justifikatutako gastuen itzulketa. Dieta honen zergatia da dokumentu bidez nekez justifika daitezkeen gastuak ordaintzea.

Nafarroatik at egin zerbitzuarengatiko gastuak osorik itzultzeko, bidaia egin aurretik baimendu beharko dira; ez da luxurik erabiliko eta gastuak kontrolatuko dira.

2. Foru Diputazioak 1978ko azaroaren 3an eta abenduaren 21ean harturiko erabakietan aurreikusita dauden kasu berezietako gelditzen diren dietak 1.254 pezetakoak izanen dira.

3. Zerbitzua egiteko nork bere ibilgailuan egindako kilometro bakoitzeko ordaina 37 pezetatan finkatzen da, ororentzat berdin, ibilgailua edozein indar eta motatakoa dela ere.

4. Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta 1998ko urtarrilaren 1era ekarri beharko dira haren ondorio ekonomikoak.

5. Indarrik gabe utzi da Lehendakaritza eta Barne kontseilariak urtarrilaren 27an emaniko 6/1998 Foru Agindua eta, orobat, Foru Agindu honetan xedatzen denaren aurka jotzen duten maila bereko edo baxuagoko xedapenak.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko urtarrilaren hemezortzian.-Lehendakaritza eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A9900468