I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
- Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak
9/1999 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 18koa, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan txandaka ari diren langileek, jaiegunetan eta gauez lan egiteagatik izanen duten diru konpentsazioa zehazten duena.
Nafarroako Administrazio Publikoen Langileen Estatutuko 53. artikuluak ezartzen duenez, funtzionarioek lana txandaka, gauez edo jaiegunetan egin behar baldin badute dirutan edota ordutan hartuko dute ordaina, beti ere erregelamendu bidez ezarriko diren arauei jarraikiz.
1995eko abenduaren 1ean, Administrazioak eta sindikatuek sinatu zuten Administrazioaren modernizazioari eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lan-baldintzei buruzko akordioa, 1996-1999 eperako.
Aipatu akordioak ezartzen du, besteak beste, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan lana txandaka edo jaiegunetan egiteagatik langileek hartzen dituzten diru konpentsazioak arian-arian aplikatuko zaizkiela Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen gainerako langileei, eta jaiegunetako diru konpentsazioa gaueko lanagatik hartzen den konpentsazioari metatuko zaiola, horiek biak egun berean gertatuz gero.
Urtarrilaren 29ko 86/1996, otsailaren 24ko 37/1997 eta urtarrilaren 26ko 11/1998 Foru Dekretuen bitartez, 1996, 1997 eta 1998. urteetarako diru konpentsazioak finkatu ziren.
Kontuan hartuz 1995eko abenduaren 1eko Akordioaren azkeneko klausulak ezartzen duela Administrazioak arauaren lerruna emanen diola Akordio honen atal bakoitzari, horrenbestez bidezko da 1999rako diru konpentsazioen zenbatekoak finkatzen dituen Foru Dekretu hau onestea.
Horiek horrela, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko urtarrilaren hemezortziko bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,
DEKRETATU DUT:
1. artikulua. Foru Dekretu hau aplikatuko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langileei, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileei salbu, horiek bere arauteria berezia baitute.
2. artikulua. Txandaka aritzen diren langileek, hau da, hiruhileko baten lanegun guztien heren batetik gorakoetan lanorduak aldatuak dituztenek, euren mailako hasierako soldataren % 6ko diru konpentsazioa izanen dute.
Arestiko idazatian xedatutakoa gorabehera, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko langileek jarraituko dute orain arteko konpentsazioak hartzen.
3. artikulua. Igandeetan eta jaiegunetan aritzen diren langileek, mailaren arabera, ondoko diru konpentsazioak hartuko dituzte:
A 7.389 pesetas
B 7.389 pesetas
C 6.790 pesetas
D 6.154 pesetas
E 6.154 pesetas
4. artikulua. Gauez aritzen diren langileek, gaua lanegun nahiz jaiegun izan, mailaren arabera, ondoko diru konpentsazioak hartuko dituzte:
B 460
C 376
D 328
E 328
Hilabete baten barrenean langile batek gauez hirurogeita hamar ordu baino gehiago sartuko balitu, zenbaki horretatik gora dauden orduengatik 271 pezeta hartuko lituzke ordu bakoitzeko, euren maila edozein izanda.
Diru konpentsazio honen ordainketaren ondorioetarako, gaueko lanaldia dela ulertuko da arratseko hamarretatik biharamuneko goizeko zortziak arte egiten bada, izaera orokorrez ezarrita dagoen lanaldia egiten duten langileak honetan sartzen ez direlarik, horiek ez baitute inolaz ere konpentsazio hori hartuko.
5. artikulua. Igandeetan edo jaiegunetan lana egiteagatik hartzen den diru konpentsazioa gaueko lanagatik hartzen den konpentsazioari metatuko zaio, horiek biak egun berean gertatuz gero.
Igandeetan edo jaiegunetan lan egiteagatik hartuko den diru konpentsazioa eta gaueko lanaldiari dagokiona aurreko artikuluetan ezarritakoa izanen dira.
6. artikulua. Aurreko artikuluetan finkatutako diru konpentsazioetan, baita erregelamendu bidez ordutan hartzen direnetan ere, bilduak daude lanpostu guztietan gerta daitezkeen gorabeherak eta berezitasunak oro; besteak beste, txandako lanaldiak, txanden arteko informazio ematea, etab.
7. artikulua. Aurreko artikuluetan xedatutakoagatik ukituak gelditzen diren langileek urte bakoitzaren bukaeran, oporraldiko lansariak direla eta, gauez eta jaiegunetan lan egiteagatik aurreko urtean hartutakoaren batezbestekoa hartzeko eskubidea izanen dute.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.-Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza eta Barne kontseilariari Foru Dekretu hau betetzeko eta aurrera eramateko behar diren xedapen guztiak dikta ditzan.
Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra eta eragin ekonomikoa 1999ko urtarrilaren 1etik aitzinera sortuko du.
Hirugarrena.-Urtarrilaren 26ko 11/1998 Foru Dekretua indarrik gabe gelditzen da, bai eta Foru Dekretu honen aurka doazen lerrun bereko nahiz beheragoko xedapen guztiak ere.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko urtarrilaren hemezortzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.
Iragarkiaren kodea: A9900688