125. ALDIZKARIA - 1999ko urriaren 6a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

- A Z P A R R E N

Herrilurretako ondasunen aprobetxamenduari buruzko ordenantza

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz, aditzera ematen da ondotik heldu diren ordenantzen testu osoa. Ordenantza horiek behin betiko onetsi ziren Azparrengo Kontzejuak 1999ko ekainaren 20an egin bilkura berezian eta egungo araudiekin bat, jendaurrean egon dira arauzko epean eta ez da horien aurkako erreklamazio edo alegaziorik egon, hortaz, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabaki da.

Azparrenen, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko abuztuaren hamarrean. Kontzejuburua, Fernando Urtasun Garde.

LEHENENGO KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Azparrengo Kontzejuko herrilurretako ondasunen aprobetxamenduak arautzea, egungo legerian eta bereziki Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta lege hori garatzen duen araudian ezarritakoari jarraikiz.

2. art. Ordenantza hau onetsi ondoren eginen diren herrilurretako aprobetxamenduek ordenantzako xedapenak izanen dituzte arau.

3. art. Ordenantza honek herrilurretako ondoko aprobetxamendu hauek arautuko ditu:

a) Herrilarren aprobetxamenduak.

b) Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak.

c) Zur eta egurren aprobetxamenduak.

d) Bestelako aprobetxamenduak.

4. art. Orokorrean, Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduen onuradunak famili unitateak izanen dira, baldin eta titularrak honako beharkizun hauek betetzen baditu:

a) Adinez nagusia edo adingabe burujabea nahiz epaile bidez gaitua izatea.

b) Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea urte bateko antzinatasunez.

c) Azparrenen (Artzibar) urtean gutxienez bederatzi hilabetez jarraian bizitzea.

Famili unitateko kidetzat hartuko dira etxebizitza berean bizi diren guztiak. Dudazko kasuetan Kontzejuak zehaztuko du zein diren herrilurretako aprobetxamenduen onuradunak izanen diren famili unitateak.

II. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamenduak

5. art. Azparrengo (Artzibar) herrilurretako larreen aprobetxamenduak zuzenean esleituko dira bizilagun abeltzainen artean, baldin eta 4. artikuluko baldintzak bete eta abereak beren izenean katastroan erregistratuak badituzte.

6. art. Larreen aprobetxamendua zuzenean eginen da eta debeku da horiek azpierrantamenduan ematea edo lagatzea.

7. art. Larreetarako bi eremu ezarri dira:

a) Mugapeko Luro izeneko eremua. Abereak urriaren 1etik maiatzaren 30era bitarte bazkatzen ahal dira urtero eta ez, ordea, urteko gainerako hilabeteetan.

b) Mugapeko gainerako larreetan urte osoan bazkatu ahalko dira abereak.

c) Astaibe izeneko eremuan (oihan erreserbaren barnean baitago), ezin izanen da abelbururik bazkatu; abelbururik aurkituz gero, organo eskudunak zehatu eginen du.

d)Ahuntzek debeku dute udal mugape osoan bazkatzea.

e) Azparrengo Kontzejuak erreserba eremuak finkatzeko eskubidea gorde du beretako, horri egoki irizten badio.

8. art. Gehienez ere 22 abelburu edo AUL sartu ahalko da, beti ere larre bakoitzaren edukieraren arabera, eta ahaleginak eginen dira aprobetxamendurik egokiena lortzeko beharrezkoa den abere zama (ardi, behor, behi, horietako edozein) egon dadin.

Kontzejuaren zeregina:

9. art. Onuradunak beharturik daude itxiturak mantentzen laguntzera, eta Kontzejua bera arduratuko da mantenimenduaz eta hobekuntzez.

III. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

10. Azparrengo herritarrak izan daitezke herrilurretako lurzatien aprobetxamenduaren onuradunak, osorik edo hein batean nekazaritzan lan egiten dutenak eta esleituriko lurrak zuzenean ustiatuko dituztenak. Herrilurretako lurzatien onuradunak diren bitartean debeku dute lurrak azpierrentamenduan ematea edo lagatzea, baita bere jabetzakoak direnak ere.

11. art. Esleipena eskabideak aurkeztu ondoren eginen da. Eskatzaile bakoitzari emanen zaion erregu kopurua zehazteko kontuan hartuko da, batetik, eskabide kopurua eta, bestetik, herrilurretan urtero ereiteko zenbat erregu dagoen. Eskatzaileren bati nahi baino erregu gehiago esleitzen bazaizkio, soberako erregu horiek interesatuen eskura jarriko dira.

12. art. Aprobetxamendu hau erabiltzeagatik 500 pezetako kanona ordaindu beharko da urtean lurzati bakoitzeko.

IV. KAPITULUA

Zur eta egurraren aprobetxamenduak

13 art. Azparrengo Kontzejuak hermendietako etxerako egurra ematea erabaki dezake, norentzat eta eskatzen duten herriko biztanleentzat, baldin eta udal erroldan erregistratuak egonik eskaria egiten badute, eta beti ere gutxienez ere bederatzi hilabetez jarraian herrian bizi badira.

14. art. Etxerako egurra, ahal denean, salmenta edo garbiketen oihan aprobetxamenduen hondarretatik aterako da eta egurretako enborretatik, akastunetatik edo gaitzak jotako enborretatik, eta sekulan ez zuratako erabiltzen ahal diren zuhaitzetatik.

15. art. Egur loteak norbanakoei esleituko zaizkie zuzenean. Debeku da etxerako egurretako eman diren produktuak saldu edo eskualdatzea, baita etxebitzaz besteko tokiren batera eramatea ere.

16. art. Egurra menditik ateratzeko gehieneko epea zortzi hilabetekoa izanen da. Epe hori iragan ondoren, egin gabeko sailen loteak eskatzaileen artean banatuko dira, eta hasierako esleipendunek sail horiekiko eskubideak galduko dituzte.

17. art. Esleipendunen batek eman zaion egur lotea aprobetxatu ez eta hurrengo urtean beste bat eskatzen badu, aurreko urteko berbera emanen zaio berriz, baldin eta moztu gabeko lotea bada. Aprobetxatzen ez duen bitartean esleipendunak ezin izanen du etxerako beste loterik eskatu eta moztu gabeko lote hori zozketatik at utziko da.

18. art. Etxerako loteen onuradunek egurra kendu eta geratzen diren hondakinak bildu eta metatu beharko dituzte. Hondakin horiek ezin dira bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten bestelako tokietan pilatu, ezta sastraken artean metatu ere.

19. art. Kontzezio hartzaileak izanen dira aprobetxamendu horren ondorioz mendian gertatzen diren kalte-galeren erantzule, eta ordaindu beharko dituzte bai kalte-galerak bai etor daitezkeen zehapenak ere.

20. art. Nola nahi den ere, aprobetxamendu mota hori egiteko Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko da eta ezarriko dituen agindu tekniko zein fakultatiboak bete beharko dira.

21. art. Zuraren aprobetxamendutzat hartuko da herritar eskubidedunen lehenengo etxebizitzetako teilatuak egiteko esleituko den pinu zura hartzeko eskubidea, beti ere ordenantza honen 4. artikuluari jarraikiz.

22. art. Aprobetxamendu horren eskaria idatziz zuzenduko zaio Kontzejuari, eta horrek erabakiko du eskatu zura eman ala ez. Nafarroako Gobernuko langile baimenduek adieraziko duten zer zuhaitz erabili eta haiek eman eta aztertuko dituzte.

V. KAPITULUA

Bestelako aprobetxamenduak

23. art. Herrilurrak harturik eratutako ehiza barrutiaren edo barrutien aprobetxamenduak arlo hori eregulatzen duen foru araudia izanen du arau.

24. art. Onuradunek urteko kanona ordaindu beharko dute, baita barruti horrek dakarzkien gastu eta zerga guztiak ere.

25. art. Era berean, onuradun horiek berek jarri beharko dituzte barrutiko seinaleak eta beraiena izanen da erabilera eta aprobetxamendu horretatik datozen kalteen erantzukizun osoa.

VI. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

26. art. Honako hauek dira arau-hauste administratiboak:

a) Aprobetxamendua norberak zuzenean ez erabiltzea.

b) Aprobetxamenduen kanonak finkatu epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua taxuz ez egitea.

d) Herrilurra esleipenaren xedetarako ez erabiltzea.

e) Norberaren erabilerarako, hots, etxerako egurtako edo abeltzaintzako bazkatako, emandako herrilurren aprobetxamendua egitetik lortzen diren produktuak hirugarrenei saldu edo eskualdatzea.

f) Artzantzarako eremuak ez errespetatzea eta erabilera horretarako ez diren eremuetan horretan aritzea.

g) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein gertakizun edo ekintza.

27. art. Adierazitako arau-hausteak kontzesioa amaituz zehatuko dira, bidezko diren kalte eta erantzukizunen ordainketak eta, hala behar denean, legez kontra lortutako produktuen konfiskazioa deusetan ukatu gabe.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.-Ordenantza honetan arautzen ez den orotarako herrilurrei buruzko foru legerian aurreikusitakoari begiratuko zaio.

Bigarrena.-Ordenantza honek behin betikoz onesten den egun berean hartuko du indarra.

Azparrenen, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko abuztuaren hamarrean. Kontzejuburua, Fernando Urtasun Garde.

Iragarkiaren kodea: A9909278