125. ALDIZKARIA - 1999ko urriaren 6a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

- B E R A

Mendiko pista eta bideen erabilera arautzen duen ordenantza

Udalak, 1999ko irailaren 2an egin osoko bilkuran, erabaki hau hartu zuen:

1. Mendiko pista eta bideen erabilera arautzen duen ordenantza behin betikoz onestea.

2. Ordenantza hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratzea eta Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentura igortzea.

Beran, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hemeretziko irailaren hogeian. Alkatea, J. Goia Etxeberria.

E R A N S K I N A

Berako mendiko pista eta bideen erabilera arautzen duen ordenantza

Berako mendiko bide publikoen sarea beratar guztien ondarearen atala da. Garrantzi handi-handia du, udal mugapeko mendi eta oihanetako aberastasuna zaintzeko eta hartan sarbide izateko. Nahitaezkoa da, herritarren arteko komunikaziorako eta bisitari nahiz iragaitzezkoei bide emateko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Berako hermendiko pista eta bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedeak hiru dira: Berako natur ondarearen baloreak begiratzea, erabiltzaile mota guztien eta bereziki herritarren beren erabilera orekatua erdiestea, eta erabiltzeko ongi atxikitzea.

Helburua horixe dela, Berako Udalak ordenantza hau onetsi du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek, indarra duen araudiarekin bat, Berako mugapeko mendiko bide publikoen sarearen erabilera arautuko du.

2. art. Mendiko bideen kategoriak.

Erabilera nagusia zein duten, Berako mendiko bide publikoak kategoria hauetan sailkatuko dira:

1. 2 metro zabal edo gehiago duten bideak.

a) Auzoetako bideak: gehienbat herritar talde batek batera erabiltzen ditu, beren etxe edo nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo oihangintzako ustiategietara joateko.

b) Baserrietako sarbideak: gehienetan aitzinekoen adarrak; herritar batek edo guti batzuek baserrietan eta haien inguruko ustiategietan sartzeko erabiltzen dituzte.

c) Pista nagusiak: gehienbat hermendi gaineko mugarrien lerrotik kanpora daude, eta mendi alde handietara ailegatzeko nahiz inguruko herrietara joan- etorriak egiteko erabiltzen dira. Haien erabilerak askotarikoak izan daitezke, dela oihana, dela azienda, dela turismoa, dela ehiza.

d) Bigarren mailako pistak: hermendian daude, sare nagusiaren osagarri, eta mendi, oihan berri eta belaietara ailegatzeko aukera ematen dute.

e) Egurra ateratzeko adarrak eta bideak; sareko egitura mehena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute, gehienetan zura ateratzea edo norbanakoen lurzatietan sartzea. Aunitzetan aldi baterako baizik ez dira erabiltzen, eta luzaz ez dira ibilgailuak sartzekoak.

2. 2 metro zabal baino gutiagoko bide meharrak.

a) Bideak, organbide zaharrak eta hainbat erabilera eta eginkizunetako bidexkak, lasterbideak eta turismorako bideak barne.

3. art. Zainketa.

Berako Udala arduratuko da, mendiko bide publikoetan 2.1.a), b), c) eta d) artikuluan definitutako motak etengabe erabiltzeko maneran egon daitezen. Orobat, behar diren neurriak hartuko ditu interesekotzat jotzen diren gainerako bideak (adarrak, bidexkak) gal ez daitezen.

4. art. Ibilgailu motordunetan ibiltzeko debeku orokorra.

Debeku da pistetatik kanpora mendian barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, baita bi metro zabal baino gutiagoko pistetan barna ere, nekazaritzari, abeltzaintzari, oihangintzari eta behar bezalako baimena duten bertzelako jarduerei lotutako ibilgailuak ez badira. Halaberean, debeku da ibilgailuak pistetatik eta behar bezala markatutako tokietatik kanpora aparkatzea.

5. art. Auzoetako bideetan eta baserrietako sarbideetan ibiltzeko baimen orokorra.

Lehenbiziko bi pista motetan (auzoetako pistak eta baserrietako sarbideak) libro da motozikletak eta 3,5 tona baino pisu gutiago duten ibilgailu motordunak ibiltzea.

3,5 tona baino pisu handiagoa duten ibilgailuak ibiltzen ahal dira, Udalaren baimena badute, behar bezala markatutako tokietan (zubiak) izan ezik.

6. art. Halako pista batzuetan motozikletak eta 3,5 tona baino pisu gutiago duten ibilgailuak ibiltzeko baimena.

Udalak onetsiko du motozikletek eta 3,5 tona baino pisu handiagoa duten ibilgailu motordunek ibiltzea libro duten pista nagusien zerrenda.

Udalak zerrenda hori aldatzen ahal du, unean uneko goiti-beheitiak, pisten egoera edo hautematen duen bertze edozein inguruabar kontuan harturik.

7. art. Gainerako pistetan ibiltzeko debekua.

Berako gainerako pistetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, nekazaritzari, abeltzaintzari, oihangintzari edo baimena duten bertzelako jarduerei (hala nola bentetako hornikuntza) lotutako ibilgailu eta beharretarako izan ezik.

Orobat, debeku da ibilgailuak Landagaitatik Larungo pistan barna ibiltzea, Larungo bentariak, baimena duten lagunak eta zerbitzu publikoak izan ezik.

8. art. Baimena emateko eskumena.

Alkateak emanen du Berako pistetan barna ibiltzeko baimena. Berako bizilagunek baimena eskatzen ahal dute, ibilgailua udalerrian erregistraturik badute, baita kanpokoek ere, beren ibilgailuak erabiltzeko premia frogatzen badute.

Baimenak orokorrak eta urtebetekoak izan daitezke, edo bertzenaz, halako epe eta tarteune zehatzetarako.

9. art. 3,5 tona baino gehiagoko ibilgailuendako baimena.

3,5 tona baino gehiagoko ibilgailu guztiek baimena behar dute, Berako mendiko bide publikoetan ibili ahal izateko.

Baimen hori alkateak emanen du. Kasu honetan salbuespena izanen dira abeltzaintzako ohiko jardueretarako ibilgailuak.

10. art. Oihan probetxamendu pribatuetako garraioa.

Mendi pribatuetetako oihan probetxamenduen kasuan, jabeak sari bat ordaindu beharko du ateratarako zur tona bakoitzagatik, pisten mantenimendurako. Sari hori dagokion ordenantza fiskalean ezarriko da, eta haren pagamenduak ez du balioko zura ateratzeak dakartzan gehiegizko kalteen ordain.

11. art. Zerbitzu publikoak.

Erakunde eta ente publikoen ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren egitekoetan ari direnean.

12. art. Ibiltzeko abiadura handiena.

Berako mendiko pista guztietan abiadura handiena 15 kilometro/ordu da.

13. art. Pisten egoerari eta inguruabarrei dagokien abiadura.

Istripu arriskuak gutitzeko eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariak beren abiadura egokitzera ahaleginduko dira, maldetan eta alde arriskutsuetan behar adina motelduz, baita aziendak hurbiltzean, oinezkoak agertzean, edo agorraldietan, pistetan hautsa metatzen baita.

14. art. Jarduera debekatuak.

Lehiaketak eta lasterketak espreski debekaturik gelditu dira, hala nola pasealariei, txirrindulariei, etxeko animaliei eta basa-faunari arriskua ekartzen ahal dieten gidatze mota arriskutsu guztiak. Salbuespenez, Udalak baimentzen ahal ditu motorrezko lehiaketa ofizial eta jarduera turistiko taldekakoak.

15. art. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileak izanen dira ordenantza honetako arauak ez betetzeagatik pistetan eragiten dituzten gehiegizko kalteen erantzuleak.

16. art. Pisten inbentarioa.

Udalak pista guztien eta haien kategorien inbentarioa eta planoa eginen ditu.

17. art. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa urratzea arau- haustetzat joko da.

18. art. Zehapenak.

Ordenantza honetako arau-hausteek gehienez ere 50.000 pezetako zehapena izanen dute, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Isunen dirubilketan, borondatezko pagamendua izan ezean, premiamendu bideari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: A9909241