Iragarkia
125. ALDIZKARIA - 1999ko urriaren 6a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
- Beste Xedapenak
858/1999 EBAZPENA, irailaren 280koa, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Hezkuntza zuzendari nagusiak emana, Lingua Programako E Ekintzaren esparruan (Sokrates Programako 3. kapitulua) Hezkuntza Proiektu Bateratuak (HPB) egiteko laguntzetarako dei egiten duena.
Hezkuntza zuzendari nagusiak emandako irailaren 28ko 898/1999 Ebazpenaren bidez, Lingua Programako E Ekintzaren esparruan (Sokrates Programako 3. kapitulua) Hezkuntza Proiektu Bateratuak (HPB) egiteko laguntzetarako deialdia aditzera eman da.
Sokrates Programa 1995eko martxoaren 14an erabaki zen (Europako Parlamentuaren eta Europako Batasuneko Kontseiluaren 819/95/CE Erabakia) eta "Europako Komunitateen Egunkari Ofizialean" 1995eko apirilaren 20an argitaratu, kalitateko hezkuntza eta prestakuntza eta, era berean, hezkuntza arloan lankidetzarako gune europar irekia garatzen laguntzeko asmoz.
Programa honek hiru kapitulu dauzka eta, zehazkiago, III. Kapituluko 1. Ekintzaren esparruan garatzen da Lingua Programaren E Ekintza, gazteek atzerriko hizkuntzen bidez komunikatzeko behar duten motibazio eta gaitasunaren alde egin nahi duena.
Xede hori lortzearren, ikasleen arteko trukeak bultzatzen dira Europako Batasuneko Estatu kideetako ikastetxeen artean, Hezkuntza Proiektu Bateratu baten (HPB) esparruan.
Hezkuntza eta Kultura Ministerioak 1996ko martxoaren 1ean emandako Aginduak (martxoaren 16ko Estatuko Aldizkari Ofiziala) jarduera horretarako deialdiek bete beharreko arau orokorrak ezarri zituen. Agindu hori neurri batean 1996ko abenduaren 30eko Aginduaren bidez aldatu zen (1997ko urtarrilaren 10eko "E.A.O.").
Hori horrela, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusi honek xedatu du:
1. Lingua Programako E Ekintzaren esparruan (Sokrates Programako 3. kapitulua) 2000ko martxoaren 1etik 2001eko apirilaren 30era bitartean Hezkuntza Proiektu Bateratuak (HPB) eta proiektu horiek prestatzeko bisitaldiak egiteko laguntzetarako deialdia aditzera eman da. Laguntza horiek Sokrates Agentzia Nazionalaren eta Europako Batzordearen artean ezarri diren kontratuen kargura emanen dira, eta kopurua hezkuntzako eskumen guztiak erabiltzen ari diren administrazioen artean banaketa formula aplikatzearen ondorioz ateratzen dena izanen da. Aipatu formula Hezkuntza eta Kultura Ministerioak 1996ko martxoaren 1ean emandako Aginduaren bidez (martxoaren 16ko "E.A.O.") onetsi zen. Agindu hori, berriz, neurri batean 1996ko abenduaren 30eko Aginduaren bidez aldatu zen (1997ko urtarrilaren 10eko "E.A.O.").
2. Laguntza hauek eskatu ahalko dituzte Nafarroako Foru Komunitatean honako ikasketak ematen dituzten ikastetxeek:
a) Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak ezarritako ikasketak:
-Araubide orokorrekoak: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (2. zikloa), Batxilergoa eta Lanbide Heziketa.
-Araubide berezikoak: ikasketa artistikoak eta hizkuntza ikasketak.
b) Lanbide Heziketa Arautua, Arte Aplikatuak, Lanbide Artistikoak eta Zeramika, Helduen Hezkuntza, Arte Dramatikoa eta Dantza, Musika eta Hizkuntzen Irakaskuntza Ofiziala, guztiak aipatu Legearen aurreko sistemari dagozkionak, iraungitzen diren arte.
3. Ematen diren laguntzak, Europako Batasuneko gutxienez bi Estatu kidetako ikastetxeen artean Hezkuntza Proiektu Bateratuak (HPB) egiteko erabiliko dira. Proiektu horietan sartuko dira, beste jarduera batzuez gain, ikasleen trukea edo elkarretaratzea.
Proiektua partaidetza moduan eginen dute ikastetxeetako irakasle arduradunek, parte hartzen duten ikasleen ideiak, beharrak eta interesak ezagutu eta baloratu ondoren, eta ikastetxeko irakasleek eta zuzendaritzak adostasuna eman beharko diote.
Proiektuen plangintza egiterakoan, Proiektuaren fase eta xehetasun guztietan ikasleak parte hartzera bultzatuko dituzten elementuak sartzeari arreta berezia jarriko diote.
Parte hartzen duten ikasleek beren hezkuntza eta prestakuntzarekin zerikusia duen gai baten inguruan lan eginen dute eta horren bitartez komunikaziorako gaitasuna landuko. Horrela, atzerriko hizkuntza batez baliatzeko aukera izanen dute, hezkuntzako eta lanerako dituzten interesei hertsiki lotutako esparruan.
4. Hezkuntza Proiektu Bateratuak (HPB) egin eta garatzerakoan, laguntzak eman ahalko dira honetarako:
a) Irakasle arduradunek Europako Batasuneko kide den beste Estatu bateko ikastetxe elkartu batean egiten dituzten prestaketa bisitaldiak, ikastetxeen arteko lankidetza akordioak eta Proiektuaren prestakuntza egokia errazteko asmoz.
b) Bi ikastetxetako ikasle taldeen trukeak edo askotakoen arteko elkarretaratzeak, horren helburua izanik ikasleen motibazioa haunditzea atzerriko hizkuntza bat ikasi eta komunikazio bide gisa erabil dezaten.
5. 1.-Prestaketa bisitaldiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Europako Batasuneko kide den beste Estatu bateko ikastetxe batera joanen dira, beti ere Hezkuntza Proiektu Bateratu bat (HPB) antolatzeko eta ondoren gazteen trukea edo elkarretaratzea egiteko hezkuntza harremanak sortu nahi dituen ikastetxe batera, baldin eta irakasle espainiarrak hartzeko adostasuna idatziz berretsi badu.
b) Jasotzen diren laguntzak bidaia gastuak, egonaldia, istripu aseguruko primak eta materialen prestakuntza ordaintzeko erabiliko dira. Batezbesteko laguntza 500 eta 1000 ECU artekoa izanen da irakasle bakoitzeko.
c) Gehienez ere zazpi egun iraunen du.
2.-Ikasleen trukeek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Jarduera horietan parte hartzeko, ikastetxe elkartu bakoitzeko hezkuntza agintariek adostasuna adierazi beharko dute.
b) Ikasleen trukea, ikastetxe elkartuarekin egindako Hezkuntza Proiektu Bateratuaren (HPB) esparruan programatutako jardueretako bat izanen da, eta ikasleen hezkuntza prozesuaren barruan kokatuko.
c) Hezkuntza Proiektu Bateratua (HPB) Ikastetxeko Programazio Orokorrean sartu behar da.
d) Hezkuntza Proiektu Bateratuak (HPB) elkarrekikotasun printzipioan oinarritu beharko dira, bi ikastetxeetako ikasleek aukera izan dezaten proiektuko beren zatia herrialde elkartuko ikastetxean garatzeko.
e) Talde bakoitzak herrialde elkartuan egiten duen jarduerak hamalau egun iraunen du gutxienez (bidaia barne).
f) Trukea eginen da ikastetxe elkartuaren herrian bertan.
g) Aparteko egoeretan izan ezik, parte hartzaileek ikasle hartzaileen etxeetan egin beharko dute egonaldia.
h) Taldea gutxienez hamar ikaslek eta irakasle batek osatuko dute eta talde haundiagoak modulu horri egokituko zaizkio.
i) Jasotzen diren laguntzen bidez ordainduko dira ikasle eta irakasle espainiarrek herrialde hartzaileraino eginen duten bidaiaren gastuak; ikastetxe espainiarrak hartu behar duen aseguruaren primak; proiektua egiteak dakartzan gastuak eta aparteko kasuetan, atzerriko herrialdeko ostatu gastuak.
j) Emandako laguntzaren balioa ez da trukearen kostuaren 100eko 50etik gorakoa izanen, egoera berezietan izan ezik, eta horren helburua trukea egitean sortutako gastuen ordainketan laguntzea da. Egoera hauetakoren bat gertatzen bada (desabantailak Estatu kidearen barnean duen kokapen geografikoarengatik, gazte parte hartzaileen minusbaliotasunen bat, egoera sozioekonomiko bereziak edo Batasuneko hizkuntzen artean gutxien erabili eta irakasten direnetako bat hartu duten proiektuak), proiektuaren kostuaren % 75 arteko laguntzak eman ahalko dira.
3.-Ikastetxe askotako ikasleen arteko elkarretaratzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Ikastetxe askotako ikasleen arteko elkarretaratzeetan, Europako Batasuneko bi herrialde baino gehiagotako ikastetxeetako ikasle taldeak toki berean bilduko dira (normalean ikastetxe parte hartzaileetako batean).
b) Elkarretaratze hori eginen da gai beraren inguruan ikastetxe bakoitzean aldez aurreko lan bat burutu ondoren, eta horrela ikasleen elkarretaratzearen bitartez landutako gaiak elkarri azaltzeari eta hizkuntz gaitasuna hobetzeari lagunduko zaio.
c) Gainerako baldintzak: ikastetxe elkartu bakoitzeko hezkuntzako agintariek adostasuna adieraztea, Proiektua ikastetxearen Programazio Orokorrean sartzea, jardueraren iraupena, ostatua, parte hartzaileen kopurua, finantza daitezkeen diru partidak eta eman daitekeen laguntzaren zenbatekoa, 5.2. idatz-zatian ikasleen trukeei buruz azaldutakoak izanen dira.
6. Prestaketa bisitaldiak egiteko dirulaguntza eskatu nahi duten ikastetxeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
A) Prestakuntza bisitaldietarako izangaien formularioa. Aipatu formularioa Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren bulegoan eskatu beharko da (Santo Domingo aldapa, z.g., Iruña).
Agiri hori hirukoiztua aurkeztu beharko da, bere lehenengo orrialdeetan ageri diren jarraibideen arabera. Funtsezkoa da eskaera eredu imprimatu horren bidez egitea, horrela Europako Batzordeak Estatu kide bakoitzak emandako laguntzen jarraipena egin baitezake.
B) Egin behar den bisitaldiaren proiektu pedagogikoa, non egin beharreko jarduerak modu laburrean azalduko diren.
C) Eskola Kontseiluaren onespena edo ikastetxeko Zuzendaritzaren ziurtagiria, bertan agertaraziz jarduera hori ikastetxeko Programazio Orokorrean sartua dagoela.
D) Atzerriko ikastetxearen komunikazioa, irakasle espainiarren bisitaldia onartzen duela adierazten duena.
7. 1.-Bi ikastetxetako ikasle taldeen trukeak edo askotakoen arteko elkarretaratzeak egiteko laguntzak eskatzen dituzten ikastetxeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
A) Hezkuntza Proiektu Bateratuetarako (HPB) izangaien formularioa. Aipatu formularioa Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren bulegoan eskatu beharko da (Santo Domingo aldapa, z.g., 31001 Iruña).
Agiri hori hirukoiztua aurkeztu beharko da, bere lehenengo orrialdeetan ageri diren jarraibideen arabera. Funtsezkoa da eskaera eredu imprimatu horren bidez egitea, zeren horrela Europako Batzordeak Estatu kide bakoitzak emandako laguntzen jarraipena egin baitezake.
B) Proiektu pedagogiko laburra. Bertan, gutxienez, puntu hauek zehaztuko dira: aukeratutako proiektuaren azalpena: izena eta deskripzio laburra, lortu nahi dituen hezkuntza helburuak, trukearen aurretik, bitartean eta ondoren eginen diren jarduerak, gastu eta dirusarreren aurrekontua, eta proposatutako ikasleen zerrenda.
C) Eskola Kontseiluaren onespena edo ikastetxeko Zuzendaritzaren ziurtagiria, bertan agertaraziz Hezkuntza Proiektu Bateratua (HPB) ikastetxeko Programazio Orokorrean sartua dagoela.
D) Atzerriko ikastetxeak Proiektua egitea onartzen duela espreski adieraztea.
2.-Proiektuan ikasleek bidaia egin behar dutela azaltzen denez, ikastetxe eskatzaileetako zuzendariek guraso edo tutoreen baimenak eskatu beharko dituzte eta ikastetxeetako agiritegietan gorde.
8. 1.-Eskaerak Hezkuntza eta Kultura Departamentuan aurkeztuko dira eta Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura igorriko dira (Santo Domingo aldapa, z.g., 31001 Iruña).
Zuzenean aurkeztu ahalko dira edo, bestela, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bulegoen bitartez. Ondorio horietarako, ikastetxeetako erregistroak ez dira sartuko aipatu Legearen 38.4 artikuluan azaldutako bulegoen artean.
Eskaera Posta Bulego batean aurkeztea hautatuz gero, kartazal irekian eginen da, postako funtzionarioak eskaerari data eta zigilua eman diezazkion ziurtatu aurretik.
2.-Aurkezpen eta garapenerako egutegia.
a) Aurkezteko lehenbiziko epea, 1999ko azaroaren 3an bukatzen dena. 2000ko martxoaren 1aren eta 2001eko apirilaren 30aren artean garatzen diren prestaketa bisitaldietarako eta/edo Hezkuntza Proiektu Bateratuetarako (HPB).
b) Aurkezteko bigarren epea, 2000ko martxoaren 1ean bukatzen dena. 2000ko irailaren 1aren eta 2001eko apirilaren 30aren artean garatzen diren prestaketa bisitaldietarako eta/edo Hezkuntza Proiektu Bateratuetarako (HPB).
9. 1.-Hezkuntza eta Kultura Departamentuak deialdi hau ebatziko du aurkezturiko eskaerak hautatu eta baloratuko dituen Batzorde baten proposamenari jarraituz.
Batzorde hori honakook osatuko dute:
Batzordeburua: Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuko zuzendaria edo eskuordetzen duena.
Batzordekideak:
Hezkuntza Sustapen eta Hedapenaren atalburua.
Eskolaz Kanpoko Jardueren bulegoburua.
Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko ordezkari bat.
Hezkuntza eta Kultura Departamentuko teknikari bat.
Batzorde horrek egiaztatuko du bildutako eskaerek Hezkuntza Proiektu Bateratu (HPB) batek izan behar dituen ezaugarriak betetzen dituztela, Ebazpen honen hirugarren idatz-zatian zehaztuak hain zuzen, bai eta bosgarren idatz-zatian azaldutako baldintzak ere.
2.-Baldintza horiek betetzen dituzten eskaerak aipatu Batzordeak ebaluatuko ditu, Lingua (Sokrates) Programako Izangaiaren Gidan, Europako Batzordeak prestatuan, ezarritako irizpideen arabera. Gida horrek ezaugarri hauek zehazten ditu:
Lehentasuna emanen zaie honako proiektu hauei:
-Hezkuntzan Europar Mailaren kontzeptua sustatzen ahalegintzea.
-Atzerriko hizkuntzen irakaskuntzarako egiten diren truke edo elkartzeei ikuspegi berria ematea.
-Lanbide Irakaskuntzako eta Irakaskuntza Teknikoko ikasleak sartzea.
-Hedadura txikiko eta gutxi irakatsitako hizkuntzei buruzkoak izatea.
-Sexuen arteko aukera berdintasuna lortzen laguntzea edo aukera gutxien duten pertsonek hizkuntzak ikasteko duten beharra azaltzea.
-Europako Batasuneko bi herrialdetako ikastexeen artean egitea, hori baita egokiena Programan aurreikusitako helburuak lortzeko, nahiz eta Europako Batasuneko kide diren bi herrialde baino gehiagotako ikastetxeek parte hartzen duten Proiektuak ere diruz lagun daitezkeen, Proiektuaren izaeraren arabera behar bezala justifikatua dagoenean.
Halaber, honako ikastetxe hauek ere parte hartzeko aukera berdina izateko ahalegina eginen da:
-Herri txikietan eta aukera gutxiko beste eskualde batzuetan daudenak.
-Beste arrazoi sozioekonomiko batzuengatik aukera gutxiago dutenak.
Proiektu guztietan honakoa baloratuko da:
-Hezkuntza Proiektu Bateratuak gazteei laguntza ematea atzerriko hizkuntza batean komunikatzeko motibazioa eta gaitasuna hobe ditzaten.
-Proiektua ikastetxeko ohiko jardueretan sartua egotea.
-Proiektua antolatzeko proposamenen kalitatea, batez ere ikastetxe elkartu guztien partaidetza aktibo eta orekatuari, koordinaziorako neurri argi eta eraginkorrei eta lanerako plan zehatzei buruz.
3.-Batzorde honen jarduna Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 22. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari lotuko zaio.
10. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak laguntza hauek ematearen gaineko Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko du.
Ebazpen horretan zehaztuko da:
a) Ikastetxe hautatuen zerrenda, bakoitzari emandako laguntza barne.
b) Hautatu ez diren ikastetxeen zerrenda, laguntza jaso duen azkenak baino puntuazio txikiagoa lortu dutelako hautatu gabe utziak, puntuen beheranzko hurrenkeran ezarriak. Ikastetxe horiei laguntza eman ahalko zaie ikastetxe onuradunen batek uko egiten badio. Horretarako zerrendan ezarritako lehentasun hurrenkera jarraituko da, eta laguntzak emanen dira ukoa prestaketa bisitaldiari edo ikasleen trukeari zein elkarretaratzeari egiten bazaio. Horren zenbatekoa, gehienez, ukoa egin duten ikastetxeei dagokiena bezalakoa izanen da.
c) Baztertutako ikastetxeen zerrenda, horren arrazoia barne.
11. Esleipen Ebazpenaren kontra, ikastetxeek errekurtso arrunta jar dezakete, hilabeteko epean, Hezkuntza eta Kultura kontseilariari zuzendua.
12. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak Sokrates Agentzia Nazionalari laguntzak ematen dituen ebazpena jakinaraziko dio, eta Europako Batasunean dagokien bulegoetara igorri behar diren datu eta agiri guztiak aurkeztuko dizkio.
13. Sokrates Agentzia Nazionalak hautatutako ikastetxeei bidaliko dizkie Europako Batzordeak nafar ikastetxe hautatu bakoitzarekin ezarri nahi dituen kontratuak.
14. Europako Batzordeko fondoak jasotakoan, Sokrates Agentzia Nazionalak nafar ikastetxe hautatuei dagozkien kopuruak emateko tramiteak hasiko ditu.
15. Indarra duen araudiari jarraikiz, mota honetako laguntzak hartu dituztenek honakoa bete beharko dute:
1.-Jakinarazi beharko dute helburu berdinerako dirulaguntzak edo bestelako laguntzak lortu ote dituzten edozein administrazio edo ente publiko zein pribatu, nazioko edo nazioartekotatik.
2.-Nafarroako Gobernuak, Sokrates Agentzia Nazionalak eta Europako Batzordeak finantzen kontrolerako eta gainerako egiaztapenetarako egiten dituzten jardunei oztoporik ez jartzea.
3.-Jasotako laguntzak zuzen inbertitu direla frogatzea, ondoko agiri hauek aurkeztuz:
3.1.-Memoria pedagogikoak. Laguntza mota hau jaso duten ikastetxeek proiektua bukatu eta hilabeteko epearen barnean, ondoko dokumentazioa igorri beharko dute Hezkuntza eta Kultura Departamentura:
a) Prestaketa bisitaldiak: laguntza mota hau jaso duten ikastetxeek ikastetxe elkartuko irakasleekin egindako egonaldian burututako jardueren memoria labur bat (jatorrizkoa eta kopia) bidaliko dute, gerorako erabaki diren lankidetza proiektuen berri ere agertzen dutela.
Era berean jasotako laguntza justifikatzeko eskatzen zaien dokumentazio guztia Sokrates Agentzia Nazionalari igorri beharko diote.
b) Trukeak edo elkarretaratzeak: ikastetxe onuradunek egin den Hezkuntza Proiektu Bateratuaren (HPB) azalpen memoria bat (jatorrizkoa eta kopia) bidaliko dute Hezkuntza eta Kultura Departamentura, ikasleen truke edo elkarretaratzeari buruzko informazio zehatza barne, 25 orritan gehienez ere.
Memoria horrek adieraziko du helburu programatuak zenbateraino bete diren, parte hartu duten ikasleen kopurua, dirusarrera eta gastuen zerrenda eta garatutako jardueren ebaluazioa, ikasleek egindako azterketak barne. Ikusentzunezko materialak eranstea ere zilegi izanen da.
3.2.-Sokrates Agentzia Nazionalari igorriko zaio egindako gastuen justifikazioa, aurreko idazatian zehaztutako epeetan. Orobat, hari buruz eskatzen zaien dokumentazioa aurkeztu beharko dute eta bereziki:
a) Ikastetxeko Zuzendaritzaren ziurtagiria, laguntza ematerakoan ezarri zen helburua bete dela frogatzen duena. Izandako gastuei buruzko Eskola Kontseiluaren onespena ere adierazi beharko da.
Jatorrizko frogagiriak (ordainagiriak, fakturak eta gastuen beste edozein frogagiri) ikastetxeetan gordeko dira, 15.2. idazatian aipatu diren finantza kontrolerako organoen eskura.
b) Hezkuntza eta Kultura Departamentura bidalitako memoriaren laburpen txikia (bi orri).
16. Jasotako laguntza oinarri hauetan xedatuaren arabera justifikatzen ez bada, justifikatu ez diren kopuruak itzuli egin beharko dira eta berandutza korrituak ordaindu, gerta litezkeen erantzukizun administratiboak eragotzi gabe.
Laguntzak ematerakoan kontuan hartu ziren baldintzen edozein aldaketak eta, nolanahi ere, aldi berean beste administrazio edo ente publiko zein pribatu, nazioko edo nazioarteko batek emandako dirulaguntzak edo bestelako laguntzak lortzeak, laguntzak emateko ebazpena aldatzea ekar dezake.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko irailaren hogeita bederatzian.-Hezkuntza zuzendari nagusia, Santiago Arellano Hernández.
Iragarkiaren kodea: A9909506
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
