125. ALDIZKARIA - 1999ko urriaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Beste Xedapenak

340/1999 FORU AGINDUA, irailaren 16koa, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, kontsumitzaile kualifikatuentzat energia elektrikoa eskuratzeko azterlanak egiteko laguntzetarako deialdia onesten duena.

Nafarroako Parlamentuko Industri, Lan, Merkataritza eta Turismo Batzordeak 1996ko urtarrilaren 31n onetsitako Nafarroako Energia Planak azken lerroaldean zehazten du 3. idatz-zatian bilduriko programa eta neurrien multzotik eraginkorrenak aplikatuko direla, Planaren helburu bakoitzaren betetze-mailaren eta ekitaldi bakoitzean aurreikusiriko aurrekontu-baliabideen arabera.

Bestalde, Lehia liberalizatu eta gehitzeko presako neurriei buruzko 6/1999 Errege Lege Dekretuak zera ezartzen du: 2000ko uztailaren 1etik aitzina energia elektrikoaren kontsumitzaile kualifikatutzat hartuko dira 1.000 voltio baino gehiagoko tentsio izendunen hornidura hartzen duten kontsumitzaile guztiak, eta, aldi berean, baimena ematen dio Gobernuari, 1.000 voltio baino gutxiagoko tentsio izendunen hornidurak liberalizatzeko egutegia ezar dezan.

Foru Komunitateko industriek energia elektrikoa ahalik eta kondiziorik onenetan kontratatzeko aukera izateko behar duten informazioa izan dezaten, kontsumitzaile kualifikatuentzat energia elektrikoa eskuratzeko azterlanak egiteko laguntzetarako deialdia egin da, ondoko oinarri erregulatzaileak izanen dituena:

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Kontsumitzaile kualifikatuentzat energia elektrikoa eskuratzeko azterlanak egiteko laguntzetarako deialdia arautuko duten oinarri erregulatzaileak onestea. Hornidura izendunaren tentsioak 1.000 voltiotik gorakoak izanen dira, Kwh lortzeko eta sarean sartzeko eskaintzen merkatuan diren tarifen arabera (POOL), 54/1997 Legeari jarraikiz:

Lehenengoa.-Azterlanaren xedea izanen da gutxienez aste beteko aldian ordun laurden bateko kargaren kurba lortzea; hori izanen da ezarritako aldietan kontsumoen banaketarako erreferentzia. Abiapuntu gisa azken urteko kontsumo elektrikoak eta kondizioak hartuko dira.

Bigarrena.-Aipatu azterlana egiten duten enpresek 200.000 pezeta arteko fondo galdurako laguntza eskuratu ahalko dute, dagokion fakturaren bidez justifikatu ondoren.

Hirugarrena.-Laguntza eskatzerik izanen dute 1.000 voltiotik gorako tentsioko hornidura izenduna eta urtean 5.000.000 Kwh baino gutxiagoko kontsumoa duten industri enpresek (CNAE-93, C eta D atalak).

Laugarrena.-Laguntzarako eskaera azterlana egin ondoren aurkeztu beharko da eta ondokoak atxikiko zaizkio:

a) Azterlanaren kopia eta haren faktura.

b) Azterlanari dagokion zenbatekoaren ordain-agiria.

c) "Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera", lehendik Nafarroako Gobernuaren aldetik dirurik hartu ez duten enpresak direnean.

Eskaera aurkezteko epea 1999ko abenduaren 10ean akituko da.

Bosgarrena.-Bateragarritasuna. 1. Foru Dekretu honetan ezarritako laguntzak bateragarri izanen dira helburu eta xede berarekin beste administrazio publikoek eman ditzaketen beste batzuekin. Laguntzen zenbatekoa, guztira, ez da egin beharreko inbertsioa baino handiagoa izaten ahal. Horrelakorik gertatzen bada, gehiegizko zenbatekoari dagokion neurrian murriztuko da Foru Dekretu honen bidez emandako laguntza.

2. Foru Dekretu honetan agertzen diren laguntzak Europako Batasunaren zuzentarauetan ezarritako minimoen araubideak erregulatuko ditu. Horrek esan nahi du hiru urteko aldian gehienez eman daitekeen laguntza, minimoen lehenbiziko laguntza ematen denetik kontatzen hasita 100.000 ekukoa dela.

Seigarrena.-Eskabidearen gai den espedientea ebazteko hilabeteko epea izanen da, hura aurkezteko epea amaitzen denetik hasita. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Aurrekontuen kontsignazioa aski ez izatea gertatzen bada, aurkeztutako eskaeren artean hainbanaketa bat eginen da.

Zazpigarrena.-Deialdi honen xede diren azterlanak ezin izanen dute enpresa elektrikoek egin, ez eta enpresa elektriko batean % 25ekoa baino partaidetza handiagoa duten enpresek ere.

2. artikulua. Deialdi honen ondoriozko gastua, gehienez ere 13.300.000 pezetakoa, 1999ko Aurrekontuko 81130-4701-7311 kontusailaren (Auditoretzak, diagnostikoak eta ikastaroak), 30550-9 lerroaren kargura izanen da.

3. artikulua. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da. Deialdirako epea argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 1999ko abenduaren 10ean bukatuko.

4. artikulua. Foru Agindu honen aurka, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazpena egiten denetik hilabeteko epearen barrenean.

Foru Agindu hau Azpiegitura eta Energi Baliabideen Atalari jakinaraziko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko irailaren hamaseian.- Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: A9909112