108. ALDIZKARIA - 1999ko abuztuaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Beste Xedapenak

769/1999 FORU AGINDUA, ekainaren 22koa, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Santa Luzian (Iruña) segurtasun itxitegi bat, Inabonos, S.A.k sustatua, eraikitzeko proiektuaren azterlanaren inguruan Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten duena.

Espediente honen xedea den jarduera aurreikusirik dago zenbait proiektu publikok eta pribatuk ingurugiroaren gainean dituzten ondorioen ebaluazioari buruzko 85/337/EEE Zuzentarauaren II. eranskinaren 10 c) idatz-zatian. Idatz-zati horretan agertzen dira I. eranskinean sarturik ez dauden industri hondakin eta zaborrak deuseztatzeko instalazioak, Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa izapidatzea beharrezkoa ez dutenak. Halere, proiektuaren tamaina eta kokalekuaren ezaugarriak kontuan harturik, espedienteak Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren prozedura bete beharko du, Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuan eta haren exekuzio Erregelamenduan, irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren bidez ezarritakoan, zehaztutakoari jarraikiz.

Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren prozedurari ekiteko, Inabonos, S.A. merkataritza sozietateak Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlana aurkeztu zuen 1999ko otsailaren 12an, "Udalez gaindiko proiektu sektoriala, Santa Luzian segurtasun itxitegi bat eraikitzeko. Inabonos, S.A.ren fabrikatik heldu diren hondakinak hara eraman eta bertan uztea." izenekoarekin batera.

Nafarroako Gobernuak, 1999ko martxoaren 29an eginiko bilkuran, erabaki zuen Proiektu Sektoriala eta Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlana jendaurrean jartzea hilabetean, gutxienez. Erabaki hori 1999ko apirilaren 19ko 47. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara.

Espedientean segurtasun itxitegia kokatzeko lau hautabide aztertu eta hartutakoa aukeratzeko arrazoiak ematen dira. Idatz-zati hori eta proiektuaren deskripzioa laburturik daude I. eranskinean. Eraginaren azterlanean aurreikusi daitezkeen eragin guztiak zehaztu eta baloratzen dira, eta halaber, beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak proposatzen. Izan daitezkeen ondorio nagusiak eta neurri zuzentzaileak II. eranskinean daude, laburturik.

1131/1988 Errege Dekretuaren 16. artikuluarekin bat, sustatzaileak espedientea igorri du Ingurugiro Zuzendaritza Nagusira, 1999ko ekainaren 14an. Espedienteak honakoak biltzen ditu: batetik, agiri multzo bat, eraikitze proiektuari dagokion zehaztasunaz egina, Ingurugiro Zuzendaritza Nagusiak egindako errekerimenduari erantzuteko, eta bestetik, txosten bat, jendaurreko prozeduran "Gurelur-Fondo Navarro para la Protección del Medio Natural" izeneko elkarteak alegazio bat aurkeztu duela adierazten duena. Alegazio hori ezetsi egin da, eta adierazten alegatzaileak aipatzen dituen zenbait alderdi behar bezala garatu direla sustatzaileak jendaurreko epean aurkeztu duen dokumentazioan. Alegazioaren edukia III. eranskinean dago, laburturik.

Aipatutako dokumentazioan Geosintetikoen kalitatea kontrolatzeko Plana aurkeztu da, Proiektuaren baldintza pleguaren barrenean. Iragazgaizte sistemak hondakinak botatzeari buruzko Zuzentarau proposamenean ezarritako neurriak aurreikusten ditu.

Behar bezalako xehetasunez azaltzen dira azalerako uren eta izan litezkeen lixibiatuen drainatze sistemak, eraikitzean eta biltegia betetzean nola itxi ondoren. Ur biltontziak ez direla ukituko justifikatzen da.

Era berean, segurtasun eta higiene plana aurkeztu da, ibilgailuek garraioan kutsadura barreia ez dezaten behar diren neurriak eta jarduketen kronograma barne.

Ingurugiro Zuzendaritza Nagusiak adierazi du, izapidaketaren ondoriozko dokumentazioa azterturik, ingurugiroari dagokionez proiektua bideragarria dela pentsatzen duela; horrenbestez, espedientea azterturik eta 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuarekin eta 1131/1988 Errege Dekretuaren 4.1, 16.1 eta 18. artikuluekin bat, bidezkoa da Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea eta proiektua egitea egokia dela zehaztea, ingurugiroari dagozkion ondorioetarako, soilik.

Hori horrela, Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren inguruko eginkizunak esleitzeari buruzko abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Honako hau da Inabonos, S.A.k Santa Luzian (Iruña) segurtasun itxitegi bat eraikitzeko sustatutako proiektuari emandako Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioa: proposatzen den konponbidea bideragarria da, ingurugiroari dagokionez, eta ondotik adierazten diren baldintzak, sustatzaileak aurkeztutako ingurugiro zainketako programari erantsi behar dizkionak, betetzen ditu:

-Aurreikusi den araztegia funtzionamenduan egonen da harik eta Ingurugiro Kalitatearen Zerbitzuak, lixibiatuaren bolumena eta kalitatea ikusirik, beharrezkoa ez dela iritzi arte.

-Itxitegia betetzen den bitartean lixibiatuaren bolumena ahal den txikiena izan dadin behar diren ustiatze neurriak hartuko dira.

-Indusketak, zamalanak eta garraioa bertan behera utziko dira euria eginez gero, materialak hezetasunik har ez dezan, eta lixibiatu kutsaturik sor ez dadin.

-Itxitegia betetakoan, sustatzaileak memoria bat igorriko dio ingurugiroaren arloko organoari, bertan adierazirik egindako jarduketa guztiak, bereziki itxitegian utzitako materialaren bolumenak eta ezaugarriak.

-Itxitegia itxi ondoren, izan litezkeen lixibiatuen jarraipen txostenak eginen dira, eraiki beharreko lau piezometroetan hartutako lurrazpiko uren laginen analisien emaitzekin batera. Itxi ondoko bi urteetan hiruhilero hartuko dira laginak puntu bakoitzean, eta hortik aurrera urtean behin hartuko dira, 30 urtetan, emaitzak direla-eta bestelako maiztasunarekin egitea egokia ez bada, behintzat.

-Urtero aurkeztuko da ontziaren finkapenaren gaineko txostena.

-Itxitegiaren indusketa lanetatik ateratako lurretarako zabortegi berriak sortu behar izanez gero, lehengoratze proiektu bat aurkeztu beharko da Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, ingurugiroaren gaineko ukipenen azterlanak arautzen dituen 229/1993 Foru Dekretuari jarraikiz tramitatzeko.

Behin lur kutsatuen indusketa lana amaiturik, proiektuaren 9. eranskinean dagoen Xehetasun Azterlanean definitzen diren kuadrikuletako bakoitzean lagin bat hartuko da, kuadrikularen azalera osoan homogeneoki hartutako bost azpilaginek osatua, eta honako parametro hauek analizatuko dira: artsenikoa, kobrea, beruna, zinka, kadmioa eta merkurioa.

Lurzatiaren kuadrikula bakoitza garbi dagoela esateko, ez dira maila hauek gainditu beharko, ppm-tan: artsenikorako, 29, kadmiorako, 0,8, kobrerako, 36, merkuriorako, 0,3, berunerako, 85 eta zinkerako, 140.

Lanak aurrera joan ahala aurreko lerroaldeetan aipatutako edukia duen txosten bat igorriko da, ingurugiroaren arloko organoak irizpena eman dezan lanen exekuzio egokiaren gainean. Balioak gainditzen badira beste indusketa bat eginen da alde horretan.

2. Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean ematea argitara, orok jakin dezan, Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betearazteko Erregelamenduaren 22. artikuluan xedatutakoa betez. Argitaratzeko, baina, eraikitzeko Proiektua, eranskin guztiak barne, aurkeztu beharko da.

3. Foru Agindu hau jakinaraztea Compañía Mercantil Inabonos, S.A.ri, Ingurugiro Zuzendaritza Nagusiari eta Iruñeko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hemeretziko ekainaren hogeita bian.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Yolanda Barcina Angulo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskripzioa

Azken 80 urteetan, Inabonos S.A. enpresak ongarri mineralak fabrikatu izan ditu Iruñeko udalerrian duen lantegian, eta prozesuan sortutako hondakinak fabrikazio nabeen aldamenean dituen lurretan bota izan ditu. Orain, Inabonos S.A.k okupatutako lurretan etxebizitzak eraikiko direnez, beharrezkoa da, aurretik, botatako materiala handik kentzea.

Bi material mota bereizi daitezke, duten kutsadura mailaren arabera. Batetik, pirita errautsak izeneko materiala dago; kasu honetan sustatzaileak porlandegietan balorizatzea aurreikusi du, eta ez da proiektu honen xedea. Bestalde, hain kutsatua ez dagoen material bat dago, pirita errautsen eta lurzoru naturalaren arteko nahasketaz egina, eta horixe da, hain zuzen, proiektuaren xede den segurtasun itxitegian gordetzea proposatzen dena.

Aurkeztutako dokumentazioan ageri denez, lau hautabide aztertu dira, Iruñeko udalerrian kokaturik guztiak. Hauexek dira hautabideook:

-Ezkaba mendiko lehengo harrobia.

-Donapeako lur batzuk.

-Kaskalluetako lur batzuk.

-Santaluziagaña.

Alderdi teknikoak eta ingurugiroari dagozkionak aztertuta, hala nola, egungo kokapenetik hurbilago egotea, indusketa bolumena txikiagoa izatea eta amaieran paisajea lehengoratzeko baldintza topografiko hobeak, Santaluziagañako hautabidea konponbide onena zela izan zen ondorioa.

Aukeratutako hautabidea honetan datza: 18.000 m2 inguruko azaleran zulaketa egitea, 2,5H/1Veko ezponda batekin, oinarria hegoaldera duen triangelu itxurako itxitegi bat lortzeko, 4 eta 6,5 metro bitarteko sakonerekin. Sakonera desberdinek bide emanen dute itxitegiak, hondoan, % 1eko drainatze-malda izan dezan. Behin itxitegia betetzeko lanak amaiturik eta hura itxirik, lur horien kota egungo kota baino 2,5 metro altuago geldituko da.

Itxitegia betetzeko fasean ukipenik gertatzen ez dela bermatzeko, euriak kutsagaiak arrastan eman eta disolbatzeak eragindako ukipenik, alegia, eta itxitegia zigilatu ondoren erabat estankoa dela ziurtatzeko, ontziaren hondoa eta ezpondak iragazgaiztea aurreikusi da, indusketatik bertatik ateratako buztin trinkotua eta 1,5 mm-ko HDPE xafla erabiliz. Xafla horren gainean, babeserako geotextil bat zabalduko da, eta horren gainean beste geruza bat, berdintzekoa, eta silizio-legarrezko drenajea. Itxitegia beterik, ontzia zigilatu eginen da, buztin-materialezko geruza bat, babeserako geotextil bat, 1,5 mm-ko HDPE xafla bat, geotextil bat eta material drenatzailezko beste geruza bat, azkenik. Azkenik, lur begetala zabalduko da, eta hura oinarritzat hartu, alde horren paisajea lehengoratzeko landaretza berreskuratzea aurreikusirik baitago.

Inabonosko lurzatian materialaren zamaketa egiteko pala kargatzaile bat erabiliko da, eta aurretik, bulkagailu batek pilatuko du kamioiak zamatzeko tokietan. Materialak bainontzi-kamioi estalien bidez eramanen dira, materialik ez galtzeko garraioan. Itxitegia beteko da zamalanetarako lau kaitatik, zeinetatik kamioiak hustuko diren, eta horiek ez dira inoiz ere sartuko barrenera.

Proiektuak aurreikusi du itxitegiko lixibiatuak drainatzeko sistema bat, hauxe: hondoan dren bat joanen da, itxitegiaren hondoan zabaldutako drainatze geruzarekin konektaturik, eta geruza horretatik lixibiatuak bideratuko dira horretarako eraikitako 25 m3-ko biltontzi batera. Ondoren, lixibiatuei arazketa tratamendua emanen zaie lurzatian eraiki beharreko planta batean, eta azkenik, isurbide publikora isuriko dira, haien ezaugarrien arabera.

II. ERANSKINA

Ingurugiroaren gaineko ukipen nagusiak

Ingurugiroaren gaineko eraginaren azterlanak hiru ardatzen inguruan biltzen ditu proiektuak ingurunean izanen dituen ekintza nagusiak, itxitegia eraiki eta zulatzeko faseetan, hondakinak garraiatu eta itxitegia betetzean eta itxi ondoren.

Natur balioen gaineko ukipenei dagokienez, esan beharra dago ez direla munta handikoak, okupatu beharreko alde hori, natura aldetik, ez baita kalitate handikoa; horrez gain, aldea sentsikortasun txikikoa da, eta zelaitu beharreko azalera garrantzi gutxikoa. Edozein modutan, Arga uhaldeko ur-faunak eragina jasan lezake itxitegia bete bitartean eta itxi ondoko fasean metal astunez kutsaturiko lixibiatuak isuriz gero, neurri zuzentzaileak aplikatzen ez badira.

Lurzoruen erabilera eta ustiapenei dagokienez, ez litzateke eragin garrantzitsurik izanen, okupatu beharreko azalerak, laborantzarako egokia bada ere, ez baitu nekazaritzarako-ekoizpenik ez eta errentagaritasunik ere.

Baliabideei eta uraren kalitateari dagokienez, berriz, lur azpiko eta azaleko uren egungo kalitateari eutsi egin beharko zaio, itxitegia drainatzeko sistemak bildutako euri-ur kutsatuek eta garraiorako ibilgailuek gal lezaketen materialak gorabeherak eragin ditzaketelako ur horietan itxitegia betetzeko fasean.

Bestalde, indusketa eremuaren inguruetan aztarnategi arkeologiko bat dago, eta beharrezkoak diren neurriak hartu ezean lanek ukitu egin dezakete.

Giza habitataren gaineko eraginari dagokionez, berriz, ez da garrantzizko ukipenik aurreikusten jendea bizi den aldeetan airearen kalitateari eta zarata mailei dagokienez, indusketa eremura dagoen distantziari esker. Makinen lana dela-eta, zarataren mailak kokalekutik hegoaldera dagoen txakurtegian baizik ez du gaindituko kalitatearen helburua, eta halere, aldi baterako izanen da eta egunez bakarrik.

Zulatu eta betetze fasean soinu maila eta trafikoa areagotu eginen dira kamioiengatik. Egunean 300 kamioi pasatuko direla kalkulatu da, Nafarroako etorbidean zehar egunean pasatzen diren ibilgailuak 35.000 diren bitartean, beraz, airearen kalitateari eta soinu mailari dagokienez eragina ez da garrantzitsua.

Amaitzeko, lanak egin bitartean paisajeak eragin moderatua jasanen du, baina gutxitu eginen da, behin itxitegia itxi eta, berau inguruaren ikusmiran sartzeko, alde hori lehengoratu ondoren.

Neurri zuzentzaile nagusiak

Proiektuaren exekuzio faseetan aurreikusitako neurri zuzentzaileak hauexek dira:

-Itxitegia eraikitzeko fasea:

.Kenduko diren buztinak eta lurra aldi baterako biltzeko alde bat egokitzea. Material horiek ontzia zigilatu eta ingurua lehengoratzeko erabiliko dira gero.

.Izan litezkeen lixibiatuek ukipenik sortzen ez dutela ziurtatzeko, drainatze eta iragazgaizte sistema eraikitzea. Xafla plastikoa ezartzean Proiektuaren Baldintzen Pleguan Geosintetikoetarako aurreikusiriko Kalitate Kontrolaren Planari jarraituko zaio.

.Lur horietatik iragaten diren euri urak bildu eta isurtzea.

.Lanen jarraipen arkeologikoa eginen da.

.Hondakinen indusketa, garraio eta hustuketa fasea.

.Indusketa, zamaketa eta garraio lanak bertan behera geldituko dira euria eginez gero, materialak hezetasuna har ez dezan eta lixibiatu kutsaturik sor ez dadin.

.Erabili beharreko makineria ez da lan eremutik aterako Obra Zuzendaritzaren baimen espresua izan gabe, eta Segurtasun eta Higiene Proiektuan aurreikusiriko garbiketa egin beharko zaio atera baino lehen.

.Garraiorako kartola estankoa duten brozel-kamioiak erabiliko dira, materialik ez galtzeko, eta kaxa lona batekin estaliko da garraioan.

.Nafarroako etorbideko biribilguan kamioien trafikoa kontrolatzeko langileak edo semaforoak egonen dira, kamioiak Inabonosetik itxitegirantz pasatzeko uneetan.

.Itxitegia bete bitartean eta itxi ondoren araztegi bat egonen da, sortu daitezkeen ur kutsatuak garbitzeko.

.Kamoiek ez dute itxitegira sartzerik izanen, xafla plastikoa urra edo zula ez dadin.

.Euria eginez gero, materiala lonekin estaliko da, kutsatutako ura ahal denik gutxien izan dadin.

-Ixteko fasea.

.Itxitegia ez da itxiko Inabonosko lurzatian material kutsatuak dauden bitartean.

.Lixibiatuen araztegia martxan egonen da lixibiatuak sortu bitartean.

III. ERANSKINA

Gurelur (Fondo Navarro para la Protección del Medio Natural) elkarteak aurkeztutako alegazioa

Alegazioak honako atal hauek ditu Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari dagokionez.

1. puntua.

-Laburpena.

Alegatzailearen ustez, itxitegia eraikitzea GOKA Jardueren Erregelamenduaren menpeko jardueratzat hartu behar da. Erregelamendu horrek ezartzen du "industriak", oro har, kokatu daitezkeela, soilik, hurbileneko biztanlegune elkartutik 2.000 metrotik gorako distantziara. Distantzia hori ez da betetzen proiektu honen kasuan.

-Erantzuna.

Lur kutsatuak gordetzeko segurtasun itxitegi bat ezartzea ez da GOKA Jardueren Erregelamenduaren menpeko jarduera bat. Horrez gain, alegazioak aipatzen duen arautegia, distantziei buruzkoa, industriei baizik ez zaie aplikatzen, eta argi dago egin gogo den jarduketa ez dela industri jarduera bat. Jurisprudentzian tesi honen aldeko aipamen asko dago.

Nolanahi ere, aipatutako arautegiaren menpeko industri jarduera bat dela onartuta ere, kontuan hartu beharko litzateke distantziaren muga zela GOKA Erregelamendua onetsi zenean (1961) aplikatzen zen neurri zuzentzaile bakarra. Edozein kasutan, neurri hori aplika daiteke, soilik, aurreikusiriko neurri zuzentzaileak biztanlegune hurbilenaren gaineko ukipenak ebitatzeko nahikoa ez diren kasuan, baina neurri zuzentzaileek ukipenik ez izatea ziurtatzen dutenean distantzia hori gutxitu ahal da. Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan bilduta dauden neurri zuzentzaileen bidez ukipenik ez gertatzea bermatzen dela uste da, beraz, aipatutako distantzia muga ez da aplikatzekoa inolaz ere.

Hortaz, aurkeztutako alegazioa ezetsi egin da puntu horri dagokionez.

2. puntua.

-Laburpena.

Alegatzaileak adierazten du Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanak aitortzen duela Arga ibaia kutsatuko luketen lixibiatuak sortu daitezkeela. Adierazten du, halaber, lixibiatuen ihesak kontrolatzeko sistema bat aurreikusteak berak itxitegia ez dela estankoa izanen onartzea dakarrela, eta ezaugarri hori, aitzitik, oinarrizko baldintza bat da instalazio mota honetan ingurugiroaren gaineko ukipenik ez gertatzeko.

-Erantzuna.

Sustatzaileak jendaurreko epean aurkeztutako dokumentazioan biltzen den bezalaxe, lurrak, berezko izaeragatik, ezagaurri apartekoak ditu, portaera hidrogeologikoaren ikuspuntutik, instalazio hau hartzeko. Bi zundaketatan eta lur zikinduak uzteko puntuetan egindako zama aldakorreko iragazkortasun entseguetan, emaitzek honako balio hauek izan dituzte:

.1. zundaketa: 2.165 x 10-10 m/seg.

.2. zundaketa: 3.613 x 10-10 m/seg.

Iragazkortasun balio hauek txikiagoak dira hondakin arriskutsuak botatzeko instalazioen kasuan hondakinak botatzeari dagokion Zuzentarauaren proposamenean ezarritakoak baino, eta horrek erakusten du lurra zenbateraino den iragazgaitza.

Gainera, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan bilduta dagoen bezala, ontziaren eraikuntza ezaugarriek bermatzen dute ukipenik ez egotea.

Itxitegia egin bitartean lixibiatuak sor daitezke, betetzeko prozesuaren ondorioz, eta itxitegia zigilatu eta isolatuko da lur zikinak garraiatzeko lanak behin amaituta. Aurrerago ere sor daitezke lixibiatuak, denbora tarte batean; hasieran, aurreikusi den araztegi mugikorrean tratatuko dira, eta sortutako emaria txikia denean gestore baimendu batek araztuko ditu.

Ihesak kontrolatzeko sistema bat aurreikusteak ez dakar, berez, itxitegi estankoa izanen ez dela onartzea, Europako etorkizuneko arauetara egokitzea baizik, arau horiek behartzen baitu isolamendu sistemen funtzionamenduan izan litezkeen akatsak antzeman ahal izateko kontrol puntuak edukitzera, behar diren neurriak hartzeko. Beraz, alegazioa ezetsi egin da puntu honetan, sustatzaileak aski justifikatu baitu jendaurreko epean aurkeztutako dokumentazioan.

3. puntua.

-Laburpena.

Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanak ez du aurreikusten lixibiatuen destinoa ez eta ur biltegien gainean izan litekeen ukipena. Era berean, alegatzaileak aipatzen du ez dagoela jakiterik aukeratutako aldean azpiegiturarik dagoen ala ez, hori dela-eta Ingurugiroaren gaineko Eraginaren beste Azterlan bat egitea eskatzen du.

-Erantzuna.

Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan adierazirik dago lixibiatuak lurzatian eraiki beharreko instalazio batean araztuko direla, eta aldez aurretik aurreneurri guztiak hartuko direla itxitegia betetzean, emaria gutxitzeko. Emari txikia dela-eta, "in situ" tratamendurako arrazoiak desagertuta, lixibiatuak beste toki batera eramanen dira, kanpoko gestore baimendu batek tratamendua emateko.

Bestalde, aukeratutako lurzatia zeharkatzen duen azpiegitura bakarra gas kanalizazioa da, zeina desbideratuko baita, ENAGAS enpresari egindako proposamenaren arabera, ukipena desagertuko delarik.

Ondoko ur biltegiaren gaineko ukipenari dagokionez, segurtasun itxitegiaren diseinuak bermatzen du ur biltegi horien gainean ez dela ukipenik izanen, arrazoi hauengatik:

.Lurraren ezaugarri hidrogeologiko egokiak (1. zundaketa: 2.165 x 10-10 m/seg. 2. zundaketa: 3.613 x 10-10 m/seg.

.Ontziaren eraikuntza ezaugarriak: iragazgaizte artifizialeko geruza, lixibiatuak hartu eta bideratzeko instalazioekin.

.Ur biltegietarainoko distantzia 20 metrotik gorakoa.

.Alegazioa ezetsi egin da puntu honetan, ez baita bidezkoa Ingurugiroaren gaineko beste azterlan bat egitea, alegazioko alderdiak behar bezala justifikaturik daudelako sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan.

4. puntua.

-Laburpena.

Alegatzaileak aipatzen du Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanean aurreikusten dela Inabonosen egungo kokapenean dauden materialak atera eta bereiztea, baina ez dela aipatzen material bakoitzak izanen duen destinoa haren ezaugarrien arabera. Halaber, aipatzen da egin beharreko eragiketak indarra duten zenbait legek debekaturik daudela.

-Erantzuna.

Aurkeztutako proiektuak Inabonosen lurretan dauden hiru material moten destinoa argi zehazten du.

Material geldoak, batere kutsaturik ez daudenak, eraiki beharreko biltegi batera eramanen dira, segurtasun neurri gisa, indusketa lanetan kutsa bailitezke.

Pirita hauspeen hondakinak, kutsadura iturri handiena izanik, sektoreko enpresa batzuek balorizatuko dituzte porlana egiteko prozesuan.

Lurzoru zikinduak, pirita hauspeak bezain kutsaturik ez daudenak, izaera desberdinak dituzten osagaien nahasketa izanik, porlana egiteko ezin direnez erabili, eraiki beharreko segurtasun itxitegian botatzeko eramanen dira.

Eragiketa guztiak eskatu daitezkeen baimen guztiekin eginen dira.

Beraz, aurkeztutako alegazioa ezetsi egin da.

5. puntua.

-Laburpena.

Alegatzaileak adierazten du pertsonen osasunaren eta ingurugiroaren kontrako jarduketa bat ezin dela erabilera publikokoa dela deklaratu, eta onartezina dela mota horretako instalazio bat ijito familien etxebizitzetatik ehun metro baino gutxiagotara ezartzea.

-Erantzuna.

Hasteko, esan behar zaio alegatzaileari ez dela deklaratu Proiektua erabilera publikokoa dela.

Proiektu hau gauzatuz eta material kutsatuena porlandegietara eramanez, egungo egoera hobetzea lortuko da, kutsadura iturria desagertzean. Izan ere, eraikiko den instalazioak edozein ukipen saihesteko neurri egokiak dauzka. Beraz, jarduketak alde horretan, orokorrean, ingurugiro baldintzen hobekuntza ekarriko du.

Bestalde, kokapena hautabideen azterketaren ondoren aukeratu da, hau da, zenbait aukera hartu, ikusi eta atzera bota ondoren. Aukera batzuk ez dira egokiak, baldintza geologiko eskaxak direla-eta, edo Inabonosetik bertara distantzia handiagoa dagoelako, eta horrek garraio lanen eragina eta, behin itxitegia beterik, ikusmirako eragina ere areagotuko lukeelako. Aukeratutako tokiaren iragazkaiztasunak eta ontziaren eraikuntza ezaugarriek ziurtatzen dute Santa Luzia herriskan eraginik ez dela izanen, distantzia txikia bada ere, eta horrenbestez, alegazioaren bi puntuak ezetsi egin dira.

Iragarkiaren kodea: A9906943