108. ALDIZKARIA - 1999ko abuztuaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

- ZIZUR NAGUSIA

Zizur Nagusiko Udaleko funtzionarioen lan baldintzei buruzko akordioa

Zizur Nagusiko Udalak, 1999ko maiatzaren 28ko osoko bilkuran, Zizur Nagusiko Udaleko funtzionarioen lan baldintzei buruzko akordioa onetsi zuen. Testua, hauxe:

AINTZINSOLASA

Zizur Nagusiko Udala eta haren zerbitzuko funtzionarioen ordezkari sindikalak bat datoz eta uste dute administrazioaren xedea dela gizartearen eskaerei aurre egitea, eta lehentasunezko erronka dela eskaera horiei modu azkar, fin eta eraginkorrean erantzutea.

Era berean, ados daude eta uste dute bateragarriak direla kalitatezko zerbitzu publikoak eta giza baliabideen kudeaketa eraginkorra lortzea, batetik, eta langileen lan baldintzak hobetzea, bestetik.

Proposamen honen asmoa da Zizur Nagusiko Udalaren zerbitzuan diharduten funtzionarioen baldintzak arautzea, horretarako oinarri harturik, bai Nafarroako Gobernuaren eta sindikatuetako ordezkarien artean arlo jakin batzuetarako lorturiko akordioak bai Zizur Nagusiko Udalaren antzeko ezaugarriak, populazioa eta arazoak dituzten hurbileko udalerrietako funtzionarioendako indarra duten hitzarmenak.

Zizur Nagusiko albienteen kidegoari esleitutako eginkizunak eta orain arte bete dituzten lanak Segurtasun Kidego eta Indarrei buruzko Legeak udaltzainendako berariaz ezartzen dituen berberak dira. Bestalde, zenbait kasutan, horiez gain Udalak haien esku beste egiteko batzuk ere uzten ditu, albiente diren aldetik bete behar dituztenak. Hori guztia kontuan izanik, badirudi lan baldintza, onura sozial eta lansariek kidego horiek hurbileko udalerrietan dituztenetara jo beharko luketela.

Hitzarmen hau lehenengo urratsa da eskualdeko udaltzain kidegoekin parekatze ekonomikoa ekarriko duen bidean, albienteen kidegoa ondorio guztietarako udaltzaingo bihurtzen denean bukatuko den bidean, alegia.

1. artikulua. Aplikazio esparrua eta indarraldia

a) Aldi baterako. Akordio hauek sinatu eta biharamunean hartuko dute indarra eta 1999ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarteko indarraldia izanen dute. Urtebeteko epeetarako luzatuko dira, besterik gabe luzatu ere, mugaeguna baino bi hilabete lehenagotik bi aldeetako edozeinek hitzarmenaren amaiera iragartzen ez badu.

b) Sinatzaileak. Zizur Nagusiko udalak, batetik, eta funtzionarioen ordezkariak/ek, bestetik, sinatuko dute akordio hau.

c) Bermeak. Akordio honetan aurreikusten ez den orotan, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean xedatutakoari begiratuko zaio. Bermatu eta errespetatuko dira egungo xedapenen bitartez lorturiko eskubideak.

2. art. Lanaldia.

1. Lanaldia Nafarroako Gobernuak bere funtzionarioendako ezartzen duen horixe bera izanen da:

a) Lanaldia, oro har, 1.649 ordukoa izanen da, nolabaiteko ordu konpentsazioa (txandak, gauak, e.a.) duten enplegatuen kasuetan izan ezik.

b) Goizeko, arratsaldeko eta gaueko txanda: 1999rako 1.509 ordukoa izanen da urteko lanaldia.

c) Goizeko eta arratsaldeko txanda, igande eta jaiegunetan lan eginez: 1999rako 1.610 ordukoa izanen da urteko lanaldia.

d) Honelakoa izanen da, oro har, eguneko lanaldia:

-Idazkaria: lanaldi etengabea.

-Albienteen kidegoa: 8 ordukoa; txandak, 8 ordu jarraian.

2. Aurreko idatz-zatian finkaturiko ordu konpentsazioez gain, enplegatuek diru konpentsazioa hartzeko eskubidea izanen dute, txandaka, gauez eta jaiegunetan lan egiteagatik, hitzarmen honetan ezartzen denaren arabera.

3. Kategoria handiagoko eginkizunak betetzen dituen langile orok aldi baterako betetzen ari den lanpostu horretako lansariekin parekatzeko behar adina diru kobratuko du hasierako egunetik.

4. Zerbitzuen beharrak direla eta, lanaldi bereziren bat duten enplegatuek, nolabaiteko ordu konpentsazioa (txandakako lanak, e.a.) izanik, beren lan egutegi berezia izanen dute arau, eta egutegi horrek oro har ezarritako urteko lanaldia beharko du errespetatu.

5. Administrazioak eta sindikatuetako ordezkariek absentismoa murriztu eta lanera agertzearen kontrola hobetu gogo dute. Hortaz, bi ordezkaritzek horiek hobetzeko neurriak hartuko dituzte elkarlanean.

3. art. Jaieguneko lanaldia

1. Jaieguneko lanalditzat hartuko da hala igandetan nola Nafarroako Gobernuak ezarritako jaiegunetan eta baita larunbat arratsaldetan ere betetakoa.

Funtzionarioren batek urtean hogei jaieguneko lanaldi baino gehiago egiten baditu, diru konpentsazioa Nafarroako Gobernuak ezarri tarifetan finkatutakoaren bikoitza izanen du.

2. Zizur Nagusiko festak. Jaiegun izanen da festa bezpera eguneko 6etatik festetako azken egunaren biharamuneko 6ak arte. Gaueko txandakoek, gainera, gauari dagokiona hartuko dute.

Txanda horiek urteko gainerako igande eta jaiegunekin batera zenbatuko dira, urteko jaiegunen kopurua ateratzeko.

Zerbitzuen beharrak direla eta, aparteko orduak egin behar direnean, diru konpentsazioa jasoko da, Nafarroako Gobernuak erabaki bezala. Eta konpentsazioa ordutan hartzen bada, ordu beteko bi emanen dira. Aparteko orduen konpentsazioa nola hartu, langileak berak erabakiko du beti, baina behar bezala justifikaturiko zerbitzuen beharrak kontuan harturik. Langileak ordu konpentsazioa aukeratzen badu, Udalak ez du aginduko ordu horiek noiz hartu.

3. Azaroaren 30a, San Andres eguna, jaieguntzat hartuko da, Zizur Nagusian gorde beharreko erlijio-jaia baita.

4. art. Oporrak.

Nafarroako Gobernuak bere funtzionariendako une oro ezartzen duen horixe bera izanen da urteko oporraldia.

Oporraldia eten eginen da istripurik edo eritasunik gertatzen bada, 105/1990 Foru Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Oporrak urte naturalaren barnean hartuko dira nahitaez, aurreko lerroaldean aipatu kasuetan izan ezik. Nola nahi den ere, hurrengo urteko urtarrilaren 15ean iraungiko da aukera hori.

5. artikulua. Gauekoak

Gaueko lanalditzat hartuko da gaueko 10etatik goizeko 6ak bitarte egindakoa.

Gaueko txandan egin zerbitzuek diru konpentsazioarako eskubidea dakarte, Nafarroako Gobernuak ezarri zenbatekoen araberakoa. Ordu guztietarako lehenengo 70 orduetarako tarifetan ezarri zenbatekoak erabiliko dira.

6. art. Ordutegi eta txanden aldaketa

Egun ezarririko lan ordutegi nahiz txandak eta onetsitako atsedenaldiak, oporraldiak zein egutegiak aldatu aurretik, funtzionarioen ordezkariekin negoziatu beharko da.

Txanda aldaketak 36 ordu lehenagotik jakinaraziko zaizkie ukitutako langileei, behar bezala justifikaturiko presako eta ustekabeko kasuetan izan ezik. Ahal izanez gero, txanden artean gutxienez ere 12 orduko tartea utziko da.

Zerbitzu eta txandak aldatu ahal izateko, ukitutakoek ados beharko dute izan, aldaketa arrazoitu beharko da eta buruak aldez aurretik eta berariaz beharko du onartu.

7. art. Aparteko orduak

Aparteko orduak kasu berezietan baino ez dira eginen eta zerbitzuak horrelako kasua dela frogatu beharko du. Nafarroako Gobernuak zehaztuko du aparteko orduaren diru ordaina. Hala ere, langile bakoitzari urtean gehienez ere 50 aparteko ordu ordain dakioke. Kopuru horretatik gorako orduek atsedenaldi konpentsazioa hartuko dute, arestian aipatu proportzioaren arabera.

Honela arautuko da aparteko lanaldiaren denbora:

-Ordu erdiko zatikietan zenbatuko dira orduak. Lehenengo ordu erdia hamaseigarren minututik aitzina zenbatuko da, eta bigarren ordu erditik aitzina, berriz, lehenengo minututik hasiko da zenbaketa. Zatiki horiek aparteko ordutzat hartuko dira.

Funtzionarioen ordezkariak/ek kontrolatuko ditu/zte aparteko orduak. Hurbileneko buruak egindako orduen txostenak igorriko dituzte berehala. Horrez gain, hiru hilabetetik behin, funtzionario orok egindako orduen egoera-orria igorriko die sindikatuko ordezkariei. Egoera-orri horretan egindako orduak zehaztuko dira, baita bajek eta baimen ordainduek sorturiko aldaketak ere.

Orobat, frogatu egiten bada zerbitzu batean metaturiko aparteko orduak gehiegizkoak direla, plantilla handitzeko azterlana eginen da.

8. art. Egutegi desberdintasuna

Egutegi desberdintasunari dagozkion egunak urte naturalaren barnean hartu beharko dira nahitaez, eta ez dira galduko, ez guztiz ezta hein batean ere, laneko baja dela eta. Nola nahi ere den, urtarrilaren 15ean iraungiko dira.

9. art. Epaitegian agertu beharra.

Zizur Nagusiko albienteen kidegoko, etorkizuneko udaltzaingoko, kideren batek epaitegietan edo beste Segurtasun Kidegoen aurrean agertu behar badu, zerbitzutik kanpo egonik, aldez aurreko zitazioa jasorik eta zerbitzuko arrazoiak direla bide, honelakoa izanen da konpentsazioa:

-Horretarako erabili denbora bider bi hartuz edo aparteko orduei dagokien saria jasoz.

-Era berean, aitorpen hartzeak, berrespenak eta abarrak ere konpentsatuko dira.

Nola nahi den ere, ordainsaria jasotzeko gutxieneko denbora bi ordukoa izanen da, eta behar bezala kreditatu beharko da denbora luzeagoa izan dela.

Art. 10.º Soldatak eta osagarriak

1999KO LANSARIAK

Bulegoko langileak

KARGUA MAILA OSAGARRIAK %

Idazkaria A Esklusibitatea 55

Lanpostua 13

G 9

Albienteen kidegoa

KARGUA MAILA OSAGARRIAK %

Burua D Arriskua 10

Lanpostua 14

Txandakako lana 10

Zuzendaritza postua 10

Agentea D Arriskua 10

Lanpostua 14

Txandakako lana 10

11. art. Baimen ordainduak

.Ezkontzeagatik: hemezortzi egun natural, ezkontzatik aitzina, oporregunik eta arazo pertsonaletarako egunekin batu daitezkeenak.

.Bigarren gradura arterainoko odoleko ahaideen edo ezkontza-ahaideen, bai eta lehengusu-lehengusin propioen, osaba-izeba eta iloben ezkontzagatik: egun bat, eztei egunekoa.

.Seme-alaba baten jaiotzagatik: hiru egun, jaio eta hurrengoak. Egun horiek ezkontidea ospitaletik atera ondotik hartzea negoziatu ahalko da.

.Medikuntza arloko kontsulta, tratamendu, ikerketa edo erditzeko ikastaroetara joateko, eta orobat ezkontidea nahiz bizikidea (neska- edo mutil- laguna/bikotekidea), eskatzailearen famili unitate berean bizi diren aita-amak eta seme-alabak laguntzeko: beharrezkoa den denbora hartuko da Iruñean edo Iruñerrian bada, eta egunbete, kanpoan izanez gero; hori guztia medikuak behar bezala justifikatu beharko du kasu guztietan.

Idatz-zati honetan aurreikusten ez diren gainerako kasuetan, Nafarroako Gobernuak bere funtzionarioendako ezarri denbora berbera emanen da.

12. art. Laneko bilerak.

Zerbitzuko ordutegiaz kanpo laneko bileretara bertaratzeagatik ordu konpentsazioa hartuko da edo aparteko orduak bailiran ordainduko, egindako ordu bakoitzeko ordu eta erdikoa emanez.

Alkateari 24 ordu lehenagotik emanen zaio aurreikusitako bilera ororen berri, zertako eta kontuan hartzeko istripu aseguruaren ondorioetarako, istripua bileran berean nahiz "in itinere" ibilbidean izan.

Konpentsazio berbera jasoko du karguaren arrazoiengatik (buru edo arduradun delako) zerbitzuaz kanpoko orduetan lan aferetarako denbora hartzen duenak, beti ere bere agerpena edo partaidetza beharrezkoa eta justifikatua bada.

13. art. Eszedentziak

Arlo horretako egungo legeetan xedatutakoaren bidez arautuko dira eszedentziak.

14. art. Babesa eta segurtasuna

1.-Istripu-aseguruaren poliza bat kontratatuko da eguneko 24 orduetarako. Heriotzagatik, 8 milioiko estaldura izanen du, eta 14 milioikoa, berriz, ezintasun oso edo partzialagatik, baremoaren arabera.

2.-Bizi-aseguruaren poliza bat kontratatuko da, 4 milioikoa, heriotza eta lanbiderako ezintasun oso eta iraunkorra estaliko dituena. Horrez gain, aseguru horrek eskolatze errenta estaldura bat ere izanen du, urtean 180.000 pezetakoa aseguraturiko langileen 4 eta 22 urte bitarteko seme-alaba bakoitzeko.

3.-Erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatuko da, agenteek, beren eginkizunetan ari direla, kalteak sortzen dituzten kasuetarako eta baita kalteak edozein motatako delitu edo hutsegite diren gertakizunen ondorioz gertatzen direnerako ere.

15. art. Laguntza juridikoa

1.-Udaleko agenteen kontrako eraso edo atentatua gertatuz gero, Udalak berak joko du auzietara, salatzaile partikular gisa.

2.-Udala arduratuko da epaiketetara agertu beharra duten langileen laguntza juridikoaz, beti ere laneko eginkizunak betetzean sortu baziren auzitaraturiko gertakizunak.

3.-Funtzionarioak, egoki juzkatzen badu, laguntza juridiko pribatua aukeratu ahalko du askatasun osoz eta Udalak berak ordainduko, Iruñeko Abokatuen Elkargoak ezarritako minuten gutxi gora-beherako arauetan ezarri mugaraino.

16. art. Osasun azterketa

Urteko osasun azterketa bat eginen zaio nahi duen orori, emakume langileen azterketa ginekologikoa barne. Ahal izanez gero, lehen hiruhilekoaren barnean eginen da, eta horrekin batera eritasun infekzioso eta kutsakorren, hots, tetano, gripe eta hepatitisen aurkako doako txertaketa ere hartu ahalko da.

17. art. Aldi baterako ezintasuna eta osasun prestazioak

Lan istripua edo eritasuna dela eta, baja hartu duen langileak akordio honetan esleituriko ordainsaria hartuko du, hau da, istripuaren edo eritasunaren hasierako egunean zegokiona gehi urteko lan egutegiaren arabera lan egin beharko zituzkeen jaiegunen % 100, gehienez ere hemezortzi hilabeteko epean. Bajaren jatorria eritasun arrunta baldin bada, zenbatekoa aipatu kontzeptuen % 50 izanen da.

18. art. Sartzeko ikastaroa

Udal honetako plantillan sartzeko Nafarroako Gobernuaren menpeko Segurtasun Eskolan prestakuntza ikastaroa egin zuten kideei, ikastaroaldia hartuko zaie kontuan antzinatasunaren ondorioetarako, 1997ko abenduaren 29ko akordioan, 1998ko urtarrilaren 21eko 9. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara emandako horretan, onartu bezala.

19. art. Gidabaimena berritzea

Lanpostua eskuratzeko gidabaimena eskatu zaien funtzionarioei Udalak ordainduko die baimena aurrerantzean berritzeko gastua.

20. art. Prestakuntza.

1. Albienteen kidegoak edo etorkizuneko udaltzaingoak prestakuntza etengabe eta eguneratua izan dezan, Udalak konpromisoa hartzen du Nafarroako Administrazio Publikoaren Eskolak, Udal eta Kontzejuen Federazioak eta antzeko erakundeek antolaturiko prestakuntza ikastaroetara lanorduetan joateko erreztasunak emateko, beti ere edukinak enplegatuaren lanpostuarekin edo lanbide karrerarekin zerikusteko zuzena duenean, ikastaroetara agertzearen ondorioz aldi baterako kontratu bidez ordezkoa paratu behar ez bada eta zerbitzuaren beharrak beteak baldin badaude.

2. Udalak konpromisoa hartzen du ikastaroetara joan eta agertzeko egunak lan egindakoak bezala ordaintzeko. Istripurik gertatzen bada, lanalditzat hartuko da ikastaroak ematen diren tokirainoko joan-etorria.

3. Orobat, ordaindu eginen dira joan-etorrien eta dieten gastuak, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den Foru Dekretu orokorrarekin bat.

21. art. Euskara ikastaroak

Nafarroako Gobernuak bere funtzionarioendako ezarritakoaren bidez arautuko dira euskara ikastaroak.

22. art. Soldata-aurrerakinak

Funtzionario orok aurrerakin arrunt nahiz bereziak eskuratu ahalko ditu:

1.-Aurrerakin arruntak:

Soldata-aurrerakinak dira, gehienez ere hileko soldataren adinakoak, eta hurrengo hiru hilabeteko nominetatik zenbateko berberak kenduz ordainduko dira. Kontzeptu beragatik ez da beste aurrerakinik emanen harik eta aurretik eskatutakoa likidatu arte.

2.-Aurrerakin bereziak

1.500.000 pezetako fondoa sortuko da.

Gehienez ere 500.000 pezeta eskatu ahalko da.

Aurrerakina itzultzeko epea 24 hilekoa izanen da, 24 kuota berdinen bidez, aurrerakina hartu duenak lehenago kitatzeko aukera izenen duelarik.

1. Hurrengo kasuotan emanen dira aurrerakin bereziak:

a) Eskatzailearen ezkontza.

b) Lehen graduko odoleko ahaide edo ezkontza-ahaide baten heriotza, edo seme-alaben jaiotza.

c) Eskatzailearen nahiz lehen graduko odoleko ahaide edo ezkontza-ahaide baten eritasun edo ebakuntza larria.

d) Ohiko etxebizitza eskuratzea edo ohiko etxebizitza eskuratzeko banku-kredituak amortizatzea.

e) Familiako gertakari oso larriak, hala nola dibortzioak, banantzeak, drogak...

f) Ikastetxe ofizialetako matrikula-gastuak, funtzionarioenak edo seme-alabenak.

g) Altzariak erostea.

h) Etxebizitzan ustekabeko aldaketak egin beharra edo eskatzailearen ibilgailuan, matxura dela eta, konponketak egin beharra.

i) Etxebizitza edo ibilgailuetan ezbeharrak gertatzen badira: sutea, lapurreta, istripua, urak hartzea, etabar.

j) Aurreikusi gabeko beste gisako kasu batzuk, erabat justifikaturik daudela uste bada.

2. Izapidaketa: gehienez ere bi hilabeteko epea egonen da, gertakariaren egunetik hasita, aurrerakinen eskaerak aurkezteko. Hala ere, aparteko kasuetan, gertakariaren egunaren aurreko hilabetean egindako eskaerak onartu ahalko dira, baldin eta aurrerakina eman eta bi hilabeko epean behar den egiaztagiria aurkezteko konpromisoa hartzen bada. Konpromiso hori haustekotan aurrerakina berehalakoan baliogabetuko da.

Gainerako langileei egindako eskaeren berri emanen zaie iragarki oholaren bidez.

3. Ez da aurrerakinik emanen harik eta aurreko aurrerakina kitatu arte.

Era berean, aurrerakin bat kitatzen denetik gutxienez urtebete igaro beharko da beste bat eskatu ahal izateko.

Dena den, d) arrazoiagatik 10 urtetik aurrerakin bakarra emanen da.

4. Aurrerakin horiek apartekoak izanik eta gastuak berdintzeko emanen direnez, egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

5. Fondo erabilgarri baino eskaera gehiago dagoenean, aurrerakin gutxien erabili dituen funtzionarioak izanen du lehentasuna aurrerakina eskuratzeko, eta aurrerakin erabilien kopurua berbera bada, 1 zenbakiko idatz-zatian zerrendaturiko lehentasunei begiratuko zaie esleipena egiteko.

23. art. Laneko arropa

Agenteendako jantzi eta oinetakoen hornidura

Uda

Mauka motzeko atorrak, urtean 2.

Zapatak, urtean pare bat.

Galtzerdi meheak, urtean 3 pare.

Galtzak, urtean 1.

Urtero maiatzaren 1a baino lehen banatuko dira.

Negua

Mauka luzeko atorrak, urtean 2.

Zapatak, urtean pare bat.

Galtzerdi lodiak, urtean 3 pare.

Galtzak, urtean bat.

Anoraka, bi urtetik 1.

Neguko txalekoa, hiru urtetik 1.

Botak, bi urtetik pare bat.

Urtero azaroaren 1a baino lehen banatuko dira.

Osagarriak

Elastikoa edo jantzi polarra

Uretako arropak (zamarra, galtzak, botak eta zapel babeskia), bi urtetik bana.

Uhalak, bi urtetik bat.

Eskularruak, bi urtetik pare bat.

Zapela, urtean bat.

Bestelakoak

Makila, girgiluak eta isladagailua, hondatzen direnean aldatuko dira.

Orobat, zerbitzuan narriaturiko jantziak besterik gabe aldatuko dira, arestian aipatu epeak kontuan izan gabe.

Hornidurako edozein osagai narriatu aldatzeko, hurbileneko buruak eman beharko du horren berri, benetan frogatzeko narriadura horren iturburua, hots, zaharkitu, erabileraren erabiliaz gastatu, zerbitzu egiterakoan istripua gertatu edo ekipamenduaren osagai hori oker erabili ote den zehazteko.

Oharra: ekipamedua aurreikusitako egunerako banatuko da, atal sindikalak aldez aurretik eskatuta. Eskabide hori jantzien arduradunari helaraziko zaio idatziz.

24. art. Eskubide sindikalak

Erabaki honen aplikazio esparruko funtzionarioek badute eskubidea beren lan baldintzak zehazte lanetan parte hartzeko, beti ere Legeak ezarri moduan eta beren ordezkaritza organoen bidez.

Erabaki honen aplikazio esparruko ordezkari sindikalek hilabetean hogei orduko kreditua izanen dute. Delako kreditua bi hilabeteka kontatuko da.

Funtzionarioen ordezkariek, hala nahi badute, badute eskubidea batzuek besteei ordu sindikal horiek lagatzeko. Lagapena egiten duen ordezkariak sinatu beharreko agiriaren bidez emanen da horretarako baimena, eta ordezkari horrek berak edozein unetan ezeztatu ahalko du baimen hori.

Ordu sindikalak. Ordezkari sindikalek honela erabili ahalko dituzte ordu horiek:

1.-Lantokitik irteteko, eginkizun sindikalendako egoki dela uste dutenean, baina, beti ere zerbitzuko beharren arabera hala egiterik bada.

2.-Lan sindikalean sarturiko orduak metatu eta lanegun batean atseden hartzeko, beti ere horrek zerbitzuari kalte egiten ez badio.

Aurreko bi kasuetako edozeinetan ezin izanen da hilabeteko muga, hogei ordutan ezarria, gainditu.

Biltzeko eskubidea: langileen ordezkariek eta erakunde sindikalek berek ordezkatzen duten esparruko langileen batzarretarako deia egin dezakete.

Batzarreak lanorduetan egin nahi badira arau hauek bete beharko dira:

a) Batzarreak lanaldiaren hasieran edo bukaeran egin beharko dira. Kasu berezietan batzarreak lanaldiaren beste une batean ere egiten ahalko dira, baldin eta horrela eginez gero zerbitzuen jardun arruntak kalte txikiagoa jasaten badu.

b) Batzarreak egiteko Alkatetzaren baimena beharko da.

c) Baimena emateko arestiko baldintzak bete beharko dira. Kasu berezietan izan ezik, baimen eskaera gutxienez 48 ordu lehenagotik egin beharko da. Baimena emantzat hartuko da kontrako ebazpena berariaz ematen ez bada, eta hori, batzarrea egin baino gutxienez 24 ordu lehenago jakinarazi beharko litzateke.

Batzarrea Udalaren lokal batean egin nahi bada, behar den eskaera eginen da arestian ezarritako baldintzekin bat.

25. art. Ikasketak egiteko laguntzak, funtzionarioendako seme-alabendako

1. Ikasketetarako laguntza funtzionarioei emanen zaie beren seme-alaben ikasketa gastuei aurre egiteko:

Haur hezkuntza, lehen hezkuntza (OHO) DBHko 1 eta 2. maila: 30.000

BBB, U.B.I., LH1, LH2, DBHko 3 eta 4. maila: 45.000

LH3, unibertsitate eskolak, hizkuntz eskolak eta akademiak (ikasketa ofizialak): 55.000

Unibertsitateko fakultateak: 75.000

Hezkuntza berezia: % 100, Hezkuntza Sistema Publikoak bere gain hartzen ez dituenetan eta aldez aurretik kasuan-kasuan bidezko den txostena eginda.

26. art. Famili laguntza

Famili laguntzari dagokionez 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren VIII. kapituluko 2. sekzioko 50. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da (1993ko irailaren 1eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa)

27. art. Udaltzain bihurtzea

Albienteen kidegoko kide berriak 2000. urtean izendatzen direnetik hasita, talde hori Zizur Nagusiko udaltzaingo ahalik eta lasterren bihurtzeko azterlanak egiteko konpromisoa hartzen du Udalak.

28. art. Udalaren istalazioen erabilera

Sasoian egoteko, lanpostu honetan aritzeko beharrezkoa baita sasoia edukitzea, baimena ematen zaie Albienteen kidegoko edo Udaltzaingoko agente nahiz buruei kirol instalazioak dohainik erabiltzeko.

Era berean, ondoko kasuetan baimena ematen da Zizur Nagusian bizi direnen baldintza berberetan kirol instalazioak erabiltzeko:

Ezkonduak: ezkontidea edo bikotekidea eta seme-alabak.

Ezkongabeak: neska-laguna/mutil-laguna, beti ere egoera hori behar bezala kreditatuta.

29. art. Jarraipen batzordea edo batzorde paritarioa

Batzorde paritarioa eratuko da, akordio hau aplikatzetik etor daitezkeen auziak interpretatu eta ebazteko.

Udaleko funtzionarioen eta udalbatzakoen ordezkariek osatuko dute batzorde hori, ordezkari kopuru berbera izanik alde biek.

Zizur Nagusian, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko ekainaren zazpian. Alkatea, Luis María Iriarte Larumbe.

Iragarkiaren kodea: