105. ALDIZKARIA - 1999ko abuztuaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

- I R U Ñ A

Alkatetzaren ebazpena

Iruñeko Udaleko alkateak, besteak beste, honako ebazpen hau eman zuen 1999ko apirilaren 22an:

"1999ko martxoaren 22an egin ikustaldian frogatu da San Gregorio kaleko 15 zenbakiko higiezinean auzoendako gasa paratzeko obrak egin direla.

Kontuan izanik San Gregorio kaleko 15eko higiezinaren jabeen komunitateak sustatu dituela obrak eta Alternativas a Gas Natural en Navarra, S.L.k egin.

Kontuan izanik 1996ko maiatzaren 31n eman lizentzian adierazitakoa urratuz egin direla obra horiek.

Kontuan izanik, orobat, obra horiek ezin direla legeztatu, ez zaizkielako obra lizentzian onetsitako agiriei lotzen. Horrez gain, ez dituzte Alde Zaharreko ordenantzetako 15 eta 28. artikuluak betetzen.

Eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 230.2, 245, 248.10 eta 253. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz,

Ebatzi dut:

1.-San Gregorio kaleko 15 zenbakiko higiezinearen jabeen komunitateari eta Alternativas a Gas Natural en Navarra, S.L. enpresari agintzea instalazioa onetsitako lizentziari egokitu diezaioten, horretarako hartunearen zurtoina erabat bertikal eta San Gregorio kaleko 13 zenbakiaren fatxadatik hurbil paratzeko obrak egin beharko direlarik. Horretarako hilabeteko epea emanen da, eta ohartarazten da epe horretan lanak egin ezean 100.000 pezetatik 500.000 pezetara bitarteko isun hertsatzaileak paratuko direla hilabetero, 10/1994 Foru Legearen 240.2 artikuluari jarraikiz.

2.-Zehapen espedientea irekitzea bai San Gregorio kaleko 15 zenbakiko higiezinearen jabeen komunitateari, obraren sustatzailea baita, bai Alternativas a Gas Natural en Navarra, S.L. enpresari, San Gregorio kaleko 15 zenbakiko higiezinean auzoendako gasa paratzeko aipatu obren ardura ustez berea baita. Arestian aipatu ikuskapen akta igorriko zaie.

3.-Adieraztea egintza hori hirigintzaren aurkako arau-hauste arina izan daitekeela, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/94 Foru Legearen 248.10 artikuluaren arabera, eta 50.000tik 1.000.000 pezeta bitarteko isuna izan dezakeela, aipatu legearen 253. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.

4.-Esther Azanza Fernández andrea, Alde Zaharraren, Hiri altzarien eta Berdeguneen Alorreko idazkari teknikoa, irekitako espedientearen instruktore izendatzea. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 28 eta 29. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, interesatuek instruktorea errefusatzen ahal dute.

5.-Ustezko erantzuleei jakinaraztea Iruñeko Udaleko alkate udalburua dela espedientea ebazteko organo eskuduna, Toki Araubideko Oinarriei buruzko 7/85 Legearen 21.1 artikuluari eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/94 Foru Legearen 259.1 artikuluari jarraikiz.

6.-Hamabost egun balioduneko epean, ebazpen hau jaso eta biharamunetik, espedientatuek alegazioak eta frogak proposatzen ahal dituzte, eta agiriak eta argibideak aurkeztu, Iruñeko Udalaren erregistro orokorrean idazki bat aurkeztuz.

7.-Ohartarazten da proposatzen den zehapenaren zenbatekoa 200.000 pezetatakoa dela, ez baitago ez inguruabar aringarririk ezta astungarririk ere (aipatu legeko 255. artikuluko 2a idatz-zatian xedatutakoarekin bat etorriz).

8.-Ustezko erantzuleei aditzera ematea ezen zehapena % 50 jaitsiko dela baldin eta:

a) Isunaren gainerakoa, jakinarazten denetik aitzina hilabeteko epean, gehienez ere, ordaintzen badute.

b) Arau-hausleek, idatziz, ezarri zaien isunarekin ados daudela adierazten badute eta haren kontra egiteari espreski uko egiten badiote aipatu epearen barrenean.

c) Arau-hausleek urratutakoa lehengoratzen badute, 1. puntuan agindutako obrak hilabeteko epean eginez."

Argitara ematen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruz indarra duen Legearen 59.4 artikuluan eta 59.5 artikuluaren a) atalean (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) eta aplikatzen ahal den gainerako legerian xedatutakoa betez, izan litezkeen beste interesatu ezezagunentzat eta, legeak dioen bezala saiatuta ere, jakinarazi ahal izan ez zaienentzat, jakinarazpen balioa izan dezan.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hemeretziko uztailaren hogeian. Alde Zaharraren, Hiri Altzarien eta Berdeguneen Alorreko zuzendaria, Miguel Herrera Esparza.

Iragarkiaren kodea: A9907520