105. ALDIZKARIA - 1999ko abuztuaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

- I R U Ñ A

H.A.P.O.ko aldaketa puntuala, U.I.XIX unitatean (Larrabide estadioa). Behin betiko onespena Testu arau-emailea

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Iruñeko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean U.I.XIX unitateari dagokionez (Larrabide estadioa) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak sustaturiko aldaketa behin betikoz onestea erabaki zuen, 1999ko ekainaren 28ko 0799 Foru Aginduaren bidez.

Ondotik, arestian aipatu aldaketa zuzenduko duen testu arau-emailea heldu da:

4) Diseinuaren eta kalitatearen gaineko arauak. Ordenantzak.

1. Zazpigarren eta zortzigarren planoek lerrokadura handienak definitzen dituzte. Atzeraemanguneak onartzen dira.

2. Lerrokadura handienen marretatik kanpora, eraikinek behar bezala funtzionatzeko sarbide irekiak eta arrapalak eraikitzea onartuko da.

3. Kirol arloko erabilerak onartzen dira, baita kirolaren prestakuntza eta irakaskuntzarekin ikusteko dutenak ere.

4. Lerrokadura handienetatik kanpora, aire zabaleko kirol erabilpen eta eraikuntzak onartzen dira, edo berdeguneak, baita eraikuntza horietarako beharrezko diren muntadura osagarriak ere.

5. Lerrokadura handienen marren barrenean, sotoaz, behe oinaz eta lehen oinaz hornituriko eraikuntzak onartzen dira, burutzapenerainoko altuera gehienez ere 10 metrokoa badute. Altuera horren gainetik luzernarioak, tximiniak eta eraikuntza horiek funtzionatzeko behar dituzten elementu osagarri guztiak ere.

6. Gehienez ere okupatzen ahal den azalera lerrokadura handienen marrak mugatzen du eta 11.493,15 metro karratu egiten du. Azalera horretan frontoiak okupatzen duen eremua ere sarturik dago.

Okupatzen ahal den azalera kirol arloko erabilera duen azaleraren -46.565,60 metro karratu- % 24,5 da, eta Nafarroako Gobernuaren lurzatiaren -44.208 metro karratu, nonbait hor- % 23 (Nafarroako Gobernuaren lurzatian ez da igerileku estalia sartu).

5) Instalazio orokorrak

Instalazio orokorrak 7 zenbakiko planoan aipatzen den eremuan kokatuko dira.

5.1) Iturgintza

Sare orokorretik hartunea Zangoza karrikan eginen da eta 250 milimetroko diametroa izanen du. Ura kontagailuen gelaraino eramanen da, eta hemendik gainerako eraikinetara banatuko da galeriako sabaizunetik abiatuta.

5.2) Argindarra

Goroabe karrikako transformazio zentrotik abiatuta, lurpeko sare bat eramanen da gela elektrikora, eta handik gainerako erakinetara banatuko.

5.3) Saneamendua

Zangoza karrikari datxekion eraikineko saneamendua Zangoza karrikara isuriko da Larrabideko karrikako gurutzean dagoen saretik, eta 400 milimetroko diametroa izanen du.

Gainerako eraikinetako saneamendua Gayarre karrikako sarera isuriko da, eta 400 milimetroko diametroa izanen du.

5.4) Euri-uren sarea

Zangoza karrikari datxekion erakinaren % 50eko euri-uren sarea Zangoza karrikara isuriko da, Larrabide karrikako gurutzean dagoen sare orokorretik, eta 400 milimetroko diametroa izanen du.

Zangoza karrikari datxekion erakinaren % 50eko euri-uren sarea eta gainerako eraikinena Gayarre karrikako dagoen sare orokorrera isuriko dira, eta 400 milimetroko diametroa izanen du.

5.5) Suteen kontrako babeserako muntadurak

Eraikin guztietan su-itzalgailu mugigarriak, sute-aho hornituak, detekzio eta alarmarako muntadurak eta larrialdietarako argiak paratuko dira.

Sute-ahoetarako ur sareak Zangoza karrikan izanen du hartunea, sare orokorretik, eta 250 milimetroko diametroa izanen du.

5.6) Gasa

Berokuntzaren, aire egokituaren eta ur beroaren ekoizpenaren erregaia gas naturala izanen da, eta horren hartunea sare orokorretik Zangoza karrikan izanen da.

Hodiak lurperatu eginen dira.

5.7) Telefonia

Telefono sareak Zangoza karrikan izanen du hartunea.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hemeretziko uztailaren hogeita bian. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: A9907516