105. ALDIZKARIA - 1999ko abuztuaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Beste Xedapenak

1013/1999 Foru Agindua, uztailaren 27koa, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Iruñean segurtasun ganbara bat egiteko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onesten duen 1999ko ekainaren 28ko Nafarroako Gobernuaren Erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argiraratzeko agintzen duena.

Nafarroako Gobernuak, 1999ko ekainaren 28ko bilkuran erabaki zuen Iruñean segurtasun ganbara bat egiteko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onestea eta Erabaki hori argitaratzeko baldintzatzat jartzea proiektuari tramitazio denboran erantsi zitzaion dokumentazioa beretua zuen testu berregina aurkeztu beharra.

1999ko uztailaren 2an enpresa sutatzaileak aurkeztu du eskatzen zitzaion testu berregin hori eta testua egokia baita, bide da 1999ko ekainaren 28ko Erabaki hura Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Horrenbestez, eta uztailaren 4ko Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legearen Bigarren Xedapen Iragankorrean xedatzen denarekin bat,

AGINDU DUT

1. Argitara dadila Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean Iruñean segurtasun ganbara bat egiteko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onesten duen 1999ko ekainaren 28ko Nafarroako Gobernuaren Erabakia.

2. Foru Agindu honen kontra zilegi izango da gora jotzeko helegitea jartzea Nafarroako Gobernuan hura jakinarazi edo, hala tokatzen bada, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legea aldatzeko 4/1999 Legearen 114. eta 115. artikuluek agintzen dutenez.

3. Foru Agindu hau igortzea Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Iruñeko Udalari, Inabonos, S.A.ri eta alegaziogileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko uztailaren hogeita zazpian.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José María Aracama Yoldi.

E R A N S K I N A

Iruñean segurtasun ganbara bat egiteko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onesten duen 1999ko ekainaren 28ko Nafarroako Gobernuaren Erabakia.

I.-Aurrekoak

Nafarroako Gobernuak 1999ko martxoaren 29ko bilkuran erabaki zuen Iruñean segurtasun ganbara bat egiteko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren espedientea tramitatzen hastea, Inabonos S.A. merkataritza konpainiak sustatua, eta espediente hori jendaurrean jartzea eta aldi berean entzute ematea Proiektuaren helburuko instalazioaren eragina hartzen duen Toki Entitateari.

Erabaki hori 1999ko apirilaren 19ko 47. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen eta sustatzaileei eta proiektuaren eragina jasotzen zuen Toki Entitateari jakinarazi zitzaien.

Erabaki hartan erakunde sustatzaileari eskatu zitzaion Erabakia onetsi baino lehen honako dokumentazioa aurkez zezala:

a) Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren txostena, ondare arkeologikoa babestearen gainekoa.

b) Proiektuak hartzen dituen lurzatien definizio zuzena eta indarrean den hirigintza planeamenduko erreferentzia zuzendua, bai dokumentazio grafikoan nola idatzizkoan.

c) Finkatzea Proiektuak 1999ko martxoaren 18ko Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txosteneko "Ingurugiroaren gaineko oharrak" izeneko atalean aipatzen direnak aintzat hartu behar dituela, behar adinako definizioarekin.

Ondoren, ekainaren 22ko Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren 769/1999 Foru Aginduaren bidez Ingurugiroaren gaineko Eragin Deklarazioa egin zitzaion Inabonos, S.A.k Santa Lucían (Iruñean) segurtasun ganbara bat egiteko Proiektuari.

II.-Egindako alegazioak eta erantzuna

Jendaurrealdian "Gurelur-Natur Ingurunea Babesteko Nafar Fondoa"k alegazio bat aurkeztu du. Ondoren aditzera ematen dira haren edukia eta haren erantzuna, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren eta Lurraldearen Antolamendurako Batzordearen 1999ko ekainaren 23ko bilkurako txostenaren araberakoa.

Edukia:

1. Alegaziogileak uste du ganbara egitea GOKA jardueren Araudiaren peko jardueratzat jo behar dela. Araudi horrek finkatzen du "Fabrika moduko Industriak" ezartzea ez dela oro har zilegi izanen hurbileneko jendegune trinkotik 2.000 metro baino gutxiagora; distantzia hori, ordea, ez da betetzen proiektu horren kasuan.

2. Alegaziogileak uste du instalazioak kontra egiten diela Iruñerriko Hirigintza Arauetako aurreikuspenei. Uste du, orobat, hirigintza arau horien arrimuan ez dela zilegi inolako neurririk hartzea delako ganbara egiteko non eta Iruñeko Udal Plana onetsi ez den. Azkenik, aditzera ematen du Udalez gaindiko Proiektu Sektorialak (ez Ingurugiroaren gaineko Eragin Deklarazioak) planeamenduari egiten dion erreferentzia okerra dela eta beste dokumentu bat sortu beharra dagoela, zuzendua.

3. Alegaziogileak aditzera ematen du Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioak aitortzen duela Arga ibaia kutsatzeko moduko lixibiatuak sor daitezkeela. Orobat aditzera ematen du lixibiatu-jarioak kontrolatzeko sistema bat aurreikusita egoteak berak aitortzen duela ganbara ez dela estankoa izanen, eta estankotasun hori ezinbesteko baldintza izaki instalazio mota honetan ingurugiroaren gaineko eraginak galarazteko.

4. Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanak ez du argitzen zer eginen den Arga ibaia kutsatuko duten lixibiatuekin. Alegaziogileak, bestetik, aditzera ematen du ez dela jakiten hautatutako eremuan azpiegiturarik dagoen ala ez, eta beraz Ingurugiroaren gaineko Eraginaren beste Azterlan bat egin dadila eskatzen.

5. Alegaziogileak aditzera ematen du Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanean, aurreikusten dela Inabonosen gaurko finkalekuan dauden materialaren indusketa lagin batzuk hartzea; ez dela, ordea, zehazten, zer eginen den banaka material bakoitzarekin bere ezaugarrien arabera. Aditzera ematen du, halaber, hainbat lege indardunek debekatzen dituztela egin beharreko operazioak.

5. Alegaziogileak aditzera ematen du ezin dela onura publikokotzat deklaratu pertsonen eta ingurugiroaren osasunari kalte eginen dion ekintza bat eta ezin dela onartu halako instalazio bat ijito familia batzuen bizitzetatik ehun metro baino gutxiagora jartzea.

Erantzuna:

1. Lur kutsatua edukitzeko segurtasun ganbara bat ezartzea ez da GOKA jardueren araudiaren peko jarduera. gainera, alegazioak aipatzen duen distantziei buruzko araudia fabrika moduko instalazioei aplikatzekoa da eta bistan da egin asmo den ekintza ez dela halakoa. Jurisprudentzian tesi horren aldeko hainbat erreferentzia daude.

Nolanahi ere, fabrika-jarduera dela onartuta ere, eta beraz aipatu araudiaren pekoa, kontuan hartu behar litzateke distantzia mugatze hori GOKA araudia onetsi zen garaiko (1961eko) neurri zuzentzaile bakarra zela. Edozein kasutan, neurri hori ez zen aplikatzen aurreikusitako neurri zuzentzaileak aski ez zirenean baizik hurbileko herrien gaineko eragina galarazteko, eta zilegi da distantzia hori gutxitzea neurri horiek aski badira eraginak galarazteko. Sustatzaileak aurkeztu duen dokumentazioan biltzen diren neurri zuzentzaileak askitzat jotzen dira eraginak galarazteko eta beraz aipatu distantzia-debeku hori ez dator inolako moduz kasura.

Beraz gaitzetsi egiten da alegazioa puntu horri dagokionez.

2. Iruñerriko Hirigintza arauek "Santa Lucíako Muinoa" izeneko 2. paisaje erreserban sartzen dituzte Proiektu Sektorial honek ukituko dituen terrenoak. Errserba horren araubide juridikoa honakoa da:

"Erreserbako terrenoetan ez da zilegi izanen zoruaren erabilera errotik aldatzeko moduko hirigintza tresnak onestea, ezin ezkon baitaitezke paisajea babestu beharrarekin.

Hango erabilerak eta jarduerak kasuko Toki Planeamenduak gobernatuko ditu, eta harxek aginduko du kasuan kasuan zer araubide berariazko izanen den eta kasuko erreserbaren mugak zehaztuko.

Erreserba horien helburua paisajea delarik ere, zilegi izango da Toki Planeamenduak kasuan kasuan izaera hori eta erabilera berriak bateratzea, erabilerok, behar bezala araututa, ez badute osotarako irudia hondatzen; lehentasuna emanen zaie ekipamendu publiko nahiz pribatuari lotutako erabilerei."

Udalez gaindiko Proiektu Sektorialak ez dio kontra egiten Iruñerriko Hirigintza arauek paisaje erreserba honentzat egiten dituzten aurreikuspenei, Proiektua ez baita zorua errotik aldatu beharreko hirigintza tresna eta ez baitu Arauok babestu nahi duten paisajearen osotarako irudia hondatzen, Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanean frogatzen denez.

Eta Udal Plana behin betiko onesten ez den bitartean eremu horretan inolako ekintzarik egin ezinari dagokionez, berriz, 10/94 Foru Legearen 62. artikuluak finkatzen duenez, Udalez gaindiko Proiektu Sektorialeko xedapenak Toki Planemandukoez gorago daude eta azken horiek, lehenbizikoz aldatu edo errebisatu egiten direnean moldatu egin behar dira.

Beraz, orain ahotan dugun kasuan, Udalez gaindiko Proiektu Sektorialak ditu, hain zuzen, aintzat hartzen eta garatzen hirigintza Arauetako xedapenak, toki planeamenduak egin behar lukeen lana bere gain hartuta, eta planeamendu horrek bere egin beharko ditu xedapenok.

Udalez gaindiko Proiektu Sektorialeko (ez Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlaneko) hirigintza planeamenduaren erreferentzia zuzendu beharrari dagokionez, dokumentazio grafikoko transkripzio hutseko akatsa da, dagoeneko zuzendua.

Dokumentazio idatzian atzeman den hutsa errebisatu beharreko udal planeamenduaren aurreikuspenei dagokie; planeamendu horrek, ordea, behin betiko onetsi ez den bitartean ez du indarrik eta beraz ezin esan daitekeen hutsa ere dagoenik hirigintza planeamendu indardunari dagokionez.

Beraz, gaitzetsi egiten da alegazioaren puntu hori.

3. Sustatzaileak jendaurrealdian aurkeztu zuen dokumentaziotik garbi igartzen zaionez, terrenoak bere izatez ezin hobeagoko ezaugarri hidrogeologikoak ditu instalazio hori kokatzeko. Bi azterraldi egin dira karga aldakorreko irazkortasunari antz emateko, eta honako balioak azaldu dira lur zikinduak jarri ziren puntuetan:

1. azterraldia: 2.165 x 10-10 m/seg.

2. azterraldia: 3.613 X 10-10 m/seg.

Iragazte balio horiek Hondakinak Botatzeko Artezpideak hondakin arriskutsuak botatzeko ezartzen dituenak baino gutxiagokoak dira; hortik ezagun da terrenoaren irazkortasuna txikia dela.

Gainera, sustatzaileak aurkeztu duen dokumentazioan jasotzen denez, ontziaren eraikuntza ezaugarriek bermatzen dute eraginik ez izatea.

Ganbara egiten ari deino, sor litezke zenbait lixibiatu, ganbara betetzearen beraren ondorioz. Lur zikinduak garraiatzeko lanak bukatu ondoren ganbara itxi eta isolatu eginen da. Handik aurrera sor litezke oraindik ere zenbait lixibiatu aldi batez, baina aurreikusita dago horiek tratatzeko arazgailu mugigarri bat erabiltzea eta, sortu den jarioa txikia bada, kudeatzaile baimendu batek araztea.

Jarioak kontrolatzeko sistema bat aurreikusita edukitzeak ez du esan nahi ganbara estankoa ez dela aitortzen denik; horrela etorkizun den Europa-araua bete besterik ez da egin nahi, nahitaezko egiten baitu isolatze sistemen funtzionamendu txarra atzemateko moduko kontrol puntuak egotea, behar diren neurriak hartu ahal izateko. Hortaz gaitzetsi egiten da alegazioa puntu horretan, sustatzaileak behar adina justifikatu baitu jendaurrealdian aurkeztu duen dokumentazioan.

4. Sustatzaileak aurkeztu duen dokumentazioan aditzera ematen da lixibiatuak lurzatian eginen den instalazio batean araztuko direla eta hori baino lehen ere, aurre-neurri guztiak hartuko direla ganbara betetzean jario hori ahalik eta gutxienekoa izan dadin. Jarioaren txikiagatik ez bada justifikatzen in situ tratatzea, kanpoko kudeatzaile baimendu batek tratatzeko garraiatuko dira.

Beste alde batetik, aukeratu den lurzatia pasatzen duen azpiegitura bakarra gasbidea da; gasbide hori, ENAGASek proposatu duenez, desbideratu eginen da eta beraz hor ere ez da eraginik izanen.

Hurbileko ur gordairuaz den bezaibatean, segurtasun ganbararen taxukerak bermatu egiten du ur gordairu horien gaineko eraginik ez izatea, honako arrazoiengatik:

-Terrenoaren ezaugarri hidrogeologiko egokiak (1. azterraldia: 2.165 x 10-10 m/seg., 2. azterraldia: 3.613 X 10-10 m/seg.)

-Ontziaren eraikuntza ezaugarriak: irazgaizte artifizialeko geruza, lixibiatuak jaso eta eramateko.

-Ur gordairuak 20 m baino gehiagotara egotea.

Beraz gaitzetsi egiten da alegazioa puntu horretan ere, ez baitago beste Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlan bat egin beharrik, aski justifikatu baitira bertako alderdiak sustatzaileak aurkeztu duen dokumentazioan.

5. Aurkeztu den proiektuak nahasbiderik gabe definitzen du zertarako izanen diren Inabonosen terrenoetako hiru material motak.

Material inerteak, batere kutsatu gabeak, egin beharreko gordairura aldatuko dira, indusketa lanetan sor litekeen kutsaduratik babesteko neurritzat.

Piritazko hautsen hondakinak, kutsagarrienak baitira, porlana egiteko erabiliko dute sektore horretako hainbat enpresak.

Lur zikinduak, ez baitira piritazko hautsak bezain kutsagarriak eta askotariko osagaien nahastura direlako ezin baitira porlana egiteko erabili, garraiatu eta egin beharreko ganbaran botako dira.

Operazio guztiak behar diren baimenekin eginen dira.

Beraz gaitzetsi egiten da alegazioa.

6. Lehenbizikoz, alegaziogileak jakin behar du proiektua ez dela onura publikokotzat deklaratu.

Proiektua eginda eta porlan-fabriketara material kutsagarriena eramanda bistan da asko hobetzen dela gaurko egoera, kutsadura fokoa kendu egiten baita eragin guztiak galarazteko moduko neurriak dituen instalazio bat sortuaz. beraz ekintza horrek osotara hobetu egiten ditu inguru horretako ingurugiro kondizioak.

Bestalde, kokaleku hori hautatu baino lehen beste hainbat alternatiba aztertu ziren eta denak gaitzetsi kondizio geologiko txarrengatik eta Inabonosetik urrutiago egonda garraio lanak eraginak handiagotzen zituelako eta ganbara betetakoan bista eragina era handiagotzen. Kokaleku honen irazgaiztasun natural handia eta ontziaren eraikuntza ezaugarriak ikusirik, bermatuta dago ez dela eraginik izanen Santa Lucía herriaren gainean, aski hurbil badago ere eta beraz gaitsetzi egiten dira alegazioaren bi puntuak.

III.-UPSAren onespena.

1999ko martxoaren 29ko Nafarroako Gobernuaren Erabakian eskatzen zen dokumentazioari dagokionez, dena egoki aurkeztu da. Dokumentazio horretatik zenbait ondorio ateratzen dira:

a) Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren txostena ondare arkeologikoa babestu beharraren gainean: aditzera ematen du proiektuak eragingo dion eremutik hurbil Santa Lucíako Burdin Aroko herria dagoela. Hainbat neurri ere aipatzen dira Ondare Arkeologikoaren gaineko eragina zuzentzeko eta denak dokumentuari erantsi zaikio.

b) Katastroko lurzatiak egoki definitu beharra: aditzera ematen du eraginpeko katastro lurzatiak katastroko 7. poligonoko 2251, 2255 eta 2256 zenbakidunak direla. Eta hirigintza planeamendu indardunaren erreferentziari dagokionez, argitu egiten da indarra duen planeamendu bakarra dela Iruñeko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra, 1984ko azarotik indarduna. Terrenoen gaurko sailkapena, planeamendu tresna horren arabera lurzoru urbanizaezina da, "oraingo azpiegitura" kategorian, zeren zoru horretan bai 10/94 Foru Legearen arabera nola Udal Planaren arabera zilegi baita interes orokorreko azpiegiturak egitea.

c) Ingurugiro kontuak: proiektuaren baldintza pleguaren barrenean geosintetikoen kalitatea kontrolatzeko plana aurkeztu da. irazgaizte sistemak aintzat hartzen ditu hondakinak botatzeko artezpide proposameneko neurriak. Behar adina dokumentatzen dira azaleko uren eta sor litezkeen lixibiatuen drainatze sistemak, bai gordairua egin eta betetzen ari deino eta bai ganbara itxi ondoren ere eta frogatu egiten da ez zaiela ur gordairuei eragiten. Segurtasun eta Higiene Plana aurkeztu da, eta haren barrenean ibilgailuek kutsadura ez zabaltzeko behar diren neurriak eta ekintzen kronograma. Ingurugiroa Begiratzeko Programak zenbait kontrol neurri agintzen ditu bai lanak egiten ari diren bitarteko eta bai itxi ondorengo aldiko ere; neurriok zehaztu egin beharko dira Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioan agintzen denarekin bat eraikuntza aldian trafikoak eta garraioak sortutako eraginak gutxitzeari dagokionez, eta ekintza bukatu ondorengo aldian lixibiatuak kontrolatzeko periodo eta metodoari dagokionez.

Bestalde, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak egin duen Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioak, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, ingurugiro aldetik egokia iritzi dio proiektuari, kunplitzen baititu deklarazio horretan zehazten ziren hainbat baldintza. Baldintza horiek sustatzaileak aurkeztu duen Ingurugiroa Begiratzeko Programari erantsi behar zaizkio.

Hori horrela delarik, kontuan harturik Nafarroako Gobernuaren 1999ko martxoaren 29ko Erabakia -zeinaren mamia oraingo honek bere egiten duen- aipatu txostenak eta Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak 1999ko ekainaren 22ko bilkuran hartutako erabakia, eta ikusirik uztailaren 4ko Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legea eta aplikatzeko diren beste arauak, kunplitu baitira bertan ezarritako tramiteak eta ebaluatu baita Ingurugiroaren gaineko Eragina 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuak eta 1131/1988 Errege Dekretuak agintzen dutenez, eta beraz Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egin baita, aintzat harturik jaso diren alegazio eta txostenak, proiektua egokia dela juzkatzen da, eta interesgarria ere bai, zeren kasurako den legeria errespetaturik proiektuak oraingo egoera nabarmen hobetzen baitu eta kutsadura gune bat kentzen eragin guztiak galarazteko moduko neurriak dituen instalazio bat sortuaz. Halatan bada, ekintzak hobetu egiten du eremuko ingurugiro baldintzak oro har eta beraz bide da Iruñean segurtasun ganbara bat egiteko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onestea.

Hori horrela, eta uztailaren 4ko Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legearekin bat, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak hala proposaturik,

ERABAKI DU

1. Aurkeztu diren alegazioak Erabaki honen xedapen zatian adierazi den bezala ebaztea.

2. Iruñean segurtasun ganbara bat egiteko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onestea.

3. Oneste Erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko baldintzatzat jartzea proiektuari erantsitako dokumentazioa beretu duen Testu berregina aurkeztu beharra.

4. Aditzera ematea Erabaki honen kontra zilegi dela, nahi bada, Nafarroako Gobernuan berjarpeneko helegitea jartzea, Erabakia jakinarazi edo, hala tokatzen bada, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legea aldatzeko 4/1999 Legeko 116 eta 117 artikuluetan xedatzen denaren arabera, edo, bestela zilegi izanen dela Erabakia zuzenean inpugnatzea Administrazioarekiko liskar helegitea jarriz Erabakia jakinarazi edo, hala tokatzen bada, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Liskarren Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 46. artikuluak agintzen duen moduan.

5. Erabaki hau jakinaraztea Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari, Iruñeko Udalari, Inabonos, S.A.ri eta alegaziogileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko ekainaren hogeita zortzian.-Lehendakaritzako idazkari nagusia, Joaquín Gortari Unanua.

Iragarkiaren kodea: a9907737