95. ALDIZKARIA - 1998ko abuztuaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 1998ko uztailaren 6koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Iruñerriko Ekialdeko Saihesbidea" Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustaturiko espedientearen izapidaketari hasiera ematen diona.

I. Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak, 1989ko otsailaren 9an egindako bilkuran, erabaki zuen, besteak beste, "Iruñerriko Ekialdeko Saihesbidea" Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala behin betikoz onestea. Proiektua Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua zen.

Indarra duen proiektu sektoriala azaltzeko dokumentazioan, "handitzea" izeneko atalean, etorkizunean Ekialdeko Saihesbidearen bikoizketa egiteko tarte bat uztea aurreikusten da. Bide-banaketa hori Noain-Mendillorri norabidean eginen litzateke, Saihesbideko ezkerreko bazterretik. Bestalde, Proiektu Sektorialaren aurreikuspenei jarraikiz, saihesbideko bidegurutzeak errepidearen sestra berean proiektatu eta egin ziren, nahiz eta, berriki, Taxoareko errepideko bidegurutzea aldatu den, goi-azpitik igarotzeko modukoa egin baita.

Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak Iruñerriko Ekialdeko Saihesbidearen Proiektu Sektoriala aldatu nahi du, honako helburu hauek lortzearren:

a) Iruñerriko Ekialdeko Saihesbidean, Noain-Olatz tartean, bide-bikoizketa egitea, egungo errepideko kanpoko aldetik, Iruñetik urrutiago dagoen aldetik, beste bide bat irekiz, eta ez barruko aldetik, indarra duen Proeiktu Sektorialean aurreikusita dagoen bezala.

b) Egun errepidearen sestran dauden bidegurutzeak beste modu batean antolatzea, goi-azpitik igarotzeko lotuneen bitartez. Hona hemen, hain zuzen, proposatu duena:

-Mutiloabeiti eta Mutiloagoitiko sarbideko bi glorietak aldatzea eta, horien ordez, lotune bakar bat egitea, zentratua, bi herriguneetan sartzeko balioko lukeena.

-Mendillorri eta Badoztaineko sarbidea.

-Ekialdeko Saihesbidearen eta Iruña-Uharte errepidearen arteko bidegurutzea.

-Sarriguren eta Arangurenerako sarbideak, egun dauden bi sarbideak bakar batean biltzea proposatu baita.

II. Hirigintzako azalpenak.

Aurreikusita dauden jarduketak Arangurenen, Iruñean (berriki Mendillorri bereganatu baitu) eta Eguesibarren egitekoak dira. Aldaketan aurreikusitako proposamenek ukitzen dituzten lurrei aplikatu beharreko hirigintza planeamenduan, egin gogo diren jarduketekin bateragarria den babes araubidea aurreikusi da.

Egun jendaurreko fasean dauden Iruñerriko Hirigintza Arauetan (hemendik aurrera IHA), "Lurraldearen Egitura Orokor eta Organikoa" izeneko kapituluko "Bide-sarea" izeneko 1.1.3. idazatian, RVI.2 fitxa ageri da, honako izena duena: "EKIALDEKO INGURUBIDEA ALDATZEA ETA BIDE-BIKOIZKETA EGITEA". Bertan, hirigintzako araubideaz ari dela, honakoa dio:

"Ekialdeko Ingurubidearen aldaketa eta bide-bikoizketa planifikatzeko, Udalez Gaindiko Plan Sektoriala izapidatu beharko da.

Bai Planean, bai ondoko proiektu teknikoetan, hiriaren handitzea aurreikusiko da, eta, horrenbestez, aipatu saihesbidea hiri-ehunaren inguruko guneetan sartu beharra. Horretarako, formalki egokiak diren irtenbideak aurkitu beharko dira eta ingurugiro arloko alderdiak zaindu. Zehazki, lurraldea sobera zatikatzea ebitatu beharko da, inguruan dauden edo egonen diren biziguneak lotzeko behar diren hiriko bideen lotuneak aurreikusiz, eta aldi berean, oinezko eta txirrindulariendako bideei jarraipena emanez, bidearen bi aldeetara, hala zeharkakoak nola luzerakoak. Gainera, proiektuan zehaztu beharko da nolako irtenbidea emanen zaien Ingurubideko ertzei, paisajearen diseinua ahalik eta hobekien integratzeko.

Planeamenduan erreserbatu beharko da, gutxienez, agiri honen dokumentazio grafikoan mugatuta dagoen eremua, beste mugapen bat justifikatu ezean".

Aurrekoa osatzearren, IHAren 1.1.4. idazatian, "Oinezko eta txirrindulariendako bideen oinarrizko sarea" izenekoan, ibilbide horien planoa agertzen da. Bertan Ekialdeko Saihesbidea zeharkatzen duten bi ibilbide zehazten dira: bata, egun Mutiloagoitin sartzeko bidetik hurbil, bestea, Sarrigurendik datorrena, Iruña eta Uhartera joateko Mendillorrin dagoen glorietatik hurbil.

Bestalde IHAren 1.3. idazatian, "Azpiegiturak eta zerbitzuak" izenekoan, egun dauden eta etorkizunean beharrezkoak izan daitezkeen azpiegitura eta zerbitzuen planoak bildu dira. Ekialdeko Saihesbideari dagokionez, azpiegitura eta zerbitzu horiek errepidearen trazaduraren ondotik doaz paraleloki -ur hornidura, aireko linea elektrikoa eta gasbidea, azken hau Mendillorri-Olatz tartean-. Gasbideak bi tokitan zeharkatzen du Saihesbidea.

Horri gagozkiola, propio adierazi behar da Nafarroako Gobernuak 1995eko urtarrilaren 9an egindako bilkuran erabaki zuela behin betikoz onestea Nafarroako Ubidetik Iruñerrira ur hornidura egiteko behar diren lurren erreserbarako espedienteari dagokion Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala. Lur erreserba hori IHAn aurreikusita dago, izan ere, Saihesbideko ezkerreko bazterrean, Noain-Mendillorriko norabidean, egin baitzen, egungo galtzadatik 20 bat metrora.

Azkenik, IHAn bilduriko beste aurreikuspen batzuk ikusirik, honako azalpen hauek egin dira:

a) IHAn aurreikusi zen Saihesbidetik Iruñeko Hegoaldeko Planean sartzeko bidea egitea, Mutiloagoiti eta Mendillorri arteko bide batean barna. Aldaketa honetan ez da kontuan hartu bide horretako lotunea, izan ere, haren helburua da Saihesbidearen bide-bikoizketa egitea eta egungo bidegurutzeak goi-azpitik igarotzekoak bihurtzea, nahiz eta, kasu batzuetan, bi lotune bakar batean bilduko diren. Dena den, horrek ez du galarazten batere, IHAn aurreikusitako biziguneen garapen prozesua ikusita, lotune horren proiektuari heldu beharra.

b) Gainera, IHAn aurreikusi da Saihesbidearen mendebaldean bi bizigune handi egitea: "Sankin", Aranguren eta Eguesibarko udalerrietan, eta "Sarriguren" Eguesibarren.

Lehenbizikoaren garapena IHAren denbora aurreikuspenetik kanpora dago eta, beti ere, Saihesbidearen aldaketa eta bide-bikoizketa egitearen menpean, horrekin eta, horrenbestez, gainerako sistemarekin lotuko baita, Mutiloagoiti eta Mutiloabeiti lotuko dituen bidean barna, Taxoareko errepidean barna eta, horrelakorik egiten bada, Mutiloagoiti eta Mendillorri lotzeko egin litekeen bidean barna, lehen aipatu duguna, alegia.

Dena den, eremu horrek egun Mutiloabeitikoak diren hiri-lurzoru batzuk hartzen ditu. Lur horietan barna Saihesbidera sartzen da eta, halaber, Mutiloagoitiko herrigunera, bertara sartzeko dagoen glorietaren bitartez. Aldaketak glorieta hori kentzea proposatzen du eta, horrenbestez, Saihesbidetik sarbide zuzena izanen da, bai lur horietara, bai herrira, hirilur horien eta Mutiloagoitiko lurren arteko harreman-bidea itxita geldituko delarik. Horri gagozkiola, posible litzateke saihesbidera sartzeko bide zuzen horiek kentzea, izan ere Mutiloagoiti eta Mutiloabeitiren artean eginen den lotune osoa erabili ahalko baita. Azpiko pasabide bat eginen litzateke, Mutiloabeitiko herrigunea eta saihesbidearen beste aldean eginen den bizigunea lotzeko, horrela tokiko harremanak sendotzeko balioko duen bidea bermatuko baita.

-"Sarriguren" biziguneari dagokionez, horren garapena epe ertain eta luzera aurreikusi da, hori ere Saihesbidearen aldaketa eta bide-bikoizketari lotua dago, auzo berrian sartzeko tartearen menpe behinik behin.

Antzeko azalpena eman daiteke, Eguesibar eta Uharteko udalerrietan, Saihesbidearen eta Uharteko industrialdean sartzeko errepidearen artean dagoen A.O.6 "Aukerako eremuari" dagokionez.

III. Ingurugiro arloko azalpenak.

Aurkeztu den proposamena bateragarria da ingurugiroaren aldetik, nahiz eta Eraikuntza Proiektua Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztu beharko den, Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioari nola egokitzen zaion ebaluatzearren. Horri dagokionez, bereziki honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

-Lurra hartzeko guneen eta hondakindegien kokagunea eta errestaurazioa.

-Bidearen iragazkortasuna nolakoa den eta bide sarea mantentzea.

-Urei egiten zaizkien afekzioak (Zadar ibaia).

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 1998ko uztailaren 2an emandako adostasun txostena izanik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak,

ERABAKI DU:

1. "Iruñerriko Ekialdeko Saihesbidea" Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientearen izapidaketari hasiera ematea. Espedientea Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

2. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari adieraztea aurkeztu duen aldaketa espedientean honako alderdi hauek kontuan hartu beharko dituela, "Hirigintzako azalpenak" izeneko II. idazatian azaldutakoari jarraikiz:

A. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza bide-lotuneen proiektuari buruzko txostena eman beharko du, proiektu hori non kokatzen den, hango hirigintzako aurreikuspenekin koordinatzearrren. Aldaketaren adierazpen grafikoan azaldu da lotuneak goi-azpitik gurutzatzekoak izanen direla eta, hortaz, ez dira derrigorrez horrela adierazi beharko.

B. Saihesbidetik eta Mutiloabeitiko herrigunetik saihesbidearen beste aldera eginen den bizigunera joateko sarbide zuzenak kentzea aztertuko da, horien ordez aipatu herrigunea eta bizigune berria lotzeko azpiko pasabide bat egin ote daitekeen ikusteko.

C. Oinezkoendako eta txirrindulariendako bideen jarraipena bermatuko da, hala egun daudenak, nola IHAn aurreikusita daudenak, Saihesbidearen alde bietan, bai zeharkakoak, bai trazaduraren ondokoak.

D. Azkeneko proiektu osoak (bide-bikoizketa eta bide-lotuneak) Saihesbideko ertzen tratamendua zehaztuko du, ondoko espazioak paisajean ahalik eta hobekien integratzearren.

E. Aldaketaren dokumentazioan azaldu beharko dira proposatzen diren jarduketak uki ditzaketen zerbitzu eta azpiegitura guztiak, oraingoak nola aurreikusita daudenak, gerta daitezkeen gorabeherak aztertuz eta horien konponbidea emanez.

F. Horrenbestez, kontuan hartuko da Nafarroako Ubidetik Iruñerrira ur hornidura egiteko behar diren lurren erreserbarako espedienteari dagokion Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren edukia. Proiektu Sektorial hori, Iruñerriko Mankomunitateak sustatua, Nafarroako Gobernuak behin betikoz onetsi zuen, 1995eko urtarrilaren 9an egindako bilkuran (1995eko urtarrilaren 23ko 10. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

3. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari adieraztea, orobat, Erabaki honetako azalpen zatiko "Ingurugiro arloko azalpenak" izeneko III. idazatian bildurikoa bete beharko duela.

4. Espedientea onetsi aitzin, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak Iruñerriko Mankomunitatearen txostena aurkeztu beharko du, espediente honetan egiten diren proposamenei dagokienez, Mankomunitatearen eskumenekoak diren gai-afera guztiei buruzkoa.

5. Era berean, espedientea onetsi aurretik aipatu Departamentuak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalaren txostena aurkeztu beharko du, espediente honetan aurreikusitako jarduketek ukitzen ahal duten ondareari buruzkoa.

6. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, espedientea jendaurrean jartzea, hilabetez gutxienez, eta, epe horretan, ukituriko toki entitateei entzunaldia ematea.

Jendaurreko fasearen ondorioetarako, espedientea Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuan izanen da aztergai (Alondegi kalea, 1-2.a, Iruña), bulegoko lanorduetan, epe horretan egoki juzkatzen diren alegazioak aurkeztu ahal izateko.

7. Erabaki hau igortzea Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentura eta Aranguren, Iruña eta Eguesibarko udaletara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko uztailaren seian.-Lehendakaritzako idazkari nagusia, Joaquín Gortari Unanua.

Iragarkiaren kodea: A9806834