95. ALDIZKARIA - 1998ko abuztuaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 1998ko uztailaren 6koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Belateko errepidea" Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala Zozaia-Doneztebe tartean handitzeko, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustaturiko espedientearen izapidaketari hasiera ematen diona.

I. Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak, 1992ko irailaren 14an egindako bilkuran, behin betikoz onetsi zuen "Belateko errepidea" (Arraizko Bentak-Doneztebe tartea) Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala eta haren onura publikoa eta interes soziala deklaratu zuen.

Oraingo proiektuak hasierako proiektuan egindako obren eta Sunbillako saihesbidearen arteko tartea garatzen du, 9 bat kilometrokoa, eta, halaber, Oronoz-Mugairiko saihesbidea, 1,5 bat kilometrokoa. Gainera, honako oinarrizko aldaketa hauek sartu ditu hasierako Proiektu Sektorialarekin alderatuta:

-Mugairiko Iparraldeko lotune-erdia kentzea.

-Mugairiko Hegoaldean lotune osoa egitea.

-Mugairiko saihesbidea egitea.

-Legasan lotune osoa eta saihesbidea egitea. Tarte horretako egungo errepidea zerbitzubide gisa utziko da.

-Trazadura Sunbillaraino eramanen da (hasierako Proiektu Sektorialaren trazadura Legasaraino iristekoa zen) eta, horretarako, lotune-erdi bat eginen da Donezteben.

II. Hirigintzako azalpenak.

Proiektuaren handitzeak ukituko dituen lurrak Baztan, Bertizarana eta Doneztebeko udalerrikoak dira. Denak lurzoru urbanizaezinak dira, kategoria ezberdinekoak badira ere, udal horietan indarra duten hirigintzako zehaztapenen arabera. Gainera, proiektatuko obrak bateragarriak dira tokian tokiko udalen hirigintza planeamendurako arauekin eta, orobat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearekin.

III. Ingurugiro arloko azalpenak.

Trazaduraren Proiektuarekin batera Ingurugiroaren gaineko Afekzioen azterlan egokia aurkeztu da. Bertako proposamen batzuk Trazaduraren Proiektuan bertan sartu dira eta beste batzuk, ordea, dagokion Eraikuntza Proiektuan garatuko dira.

Horregatik, ingurugiro arloko arauen ondorioetarako, proiektuaren izapidaketan bildu eta erantsi beharko dira, dagokion Eraikuntza Proiektuaren bitartez, bai Ingurugiroaren gaineko Afekzioen Proiektuan, bai Bide Zerbitzuko Ingurugiroa Zaintzeko Atalaren txostenean proposatzen diren prebentzio neurri eta neurri zuzentzaile eta konpentsatzaile guztiak, gainerako unitateak bezain zehazki mugatuak, eta honako alderdi hauek erantsiz:

a) Eraikuntza Proiektuan zehaztuko dira obra guztiak burutzeko behar diren behin-behineko edo behin betiko baso-pistak, plantako eta luzerako zein zeharkako profileko planoen bitartez, eta ukituriko zerbitzuak nola berreginen diren adieraziko da, eta, halaber, zehaztu beharko dira behin-behineko pistak lehengo egoerara bueltatzeko eginen diren errestaurazio lanak eta behin betiko pistak landareztatzekoak.

b) Eraikuntza Proeiktuan mugatu beharko dira ondoko obra osagarri hauek egiteko behar diren zona, azalera eta proiektu guztiak: instalazioak eta makineria-parkea, hondakindegiak, materialak edo/eta landare-lurra hartu eta gordetzeko tokiak, hornidura-guneak, basoberritze konpentsatorietarako guneak, e.a.

c) Eraikuntza Proiektuak aztertu eta xehetasunez zehaztu beharko du drenaje sarea, ibaiaren ibilgua eta fabrikako obrak berbideratu eta errestauratzeko lanak diseinatuz, salmonidoen migrazioa bermatzeko moduan, eta horretarako ibaien hondoa, igaro-lekuak eta mailadiak errestauratuko dira, bazterrak landareztatu, e.a. Zehazki, lan hauek egin beharko dira:

-Aurreikusitako ebaketaren ordez, 17+040 k.p.tik 17+120 k.p.ra, hiru baoko egitura eginen da, ibaiaren ibilguan kalterik ez sortzeko. Ibai-bazterreko basoko afekzioak murrizteko behar diren neurriak hartuko dira eta, eraikuntza fasean, bermatuko da errekaren bazterrean gutxienez 10-15 metroko zona bat mantendu edo errestauratuko dela.

-Egiturak hormigoizko zolarririk gabe diseinatzera joko da, ukituriko ibilgua errazago errestauratu ahal izateko. Zolarria jartzea ezinbestekoa bada, salmonidoendako mailadi egokiak eraikiko dira eta, horiez gainera, tarteka, piszinak, deflektoreak, e.a., gutxienez 50 zentimetroko sakonerakoak eta, gehienez ere, 25/30 zentimetroko jauzia eginarazteko modukoak.

-Erreken leheneratze-sekzioak kalkulatuko dira, alde bietan, gutxienez 2 metroko tartea utzita, birlandareztatzea, are zuhaitzena ere, egin ahal izateko, eraginkortasun hidraulikoa gutxitu gabe.

d) Eraikuntza Proiektuan agertzen diren lubetei dagokienez, behar denean, lubeten oinetan murru landareztagarriak diseinatuko dira. Manta eta geotextil organikoak eta bestelako material naturalak erabiliko dira, ahal denean, hormigoizko estalduren, sare metalikoen eta antzekoen ordez, hori guztia obra paisajeari hobeki egokitzearren.

e) Eraikuntza Proiektuan zehatz-mehatz adierazi beharko da "Bidasoa" izena zuen burdinbidearen trazadura.

f) Zerbitzurik eta erabilerarik izanen ez duten errepide-tarteak areatu, landare-lurrez bete eta birlandatuko dira, hobeki integratzearren.

g) Hondakindegiak zehazki diseinatuko dira eta, horretarako, Eraikuntza Proiektuan sartuko dira ustiapen plana eta errestaurazio proiektua, eta baldintzen pleguan adieraziko da derrigorrezkoa dela hondakindegi horiek erabiltzea. Beste toki batera eramaten badira, beharrezkoa izanen da, lehenagotik, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan ustiapen eta errestaurazio proiektu bat aurkeztea, honek onets dezan.

h) Harria legeztaturik dagoen harrobi edo legar-hobi batetik atera beharko da. Bestela, beharrezkoa izanen da, lehenagotik, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan harrobiaren ustiapen eta errestaurazio proiektu bat aurkeztea, honek onets dezan.

i) Baldintzen pleguan adierazi beharko da kontratista adjudikazio-hartzaileak aurkeztu behar duela Plan bat, non bilduko baitira obrek ukitzen dituzten ibai-tarteak zaintzeko neurriak, prebentzio eta defentsarako neurriak eta ibaiaren ibilgua eta bazterrak errestauratzeko lanak.

j) Obrek ukituriko biziguneetan eskaintzen diren zerbitzuen seinaleztapena diseinatu beharko da.

IV. Afekzioak ondare arkeologiari.

Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalak egindako txostena erantsi da, non adierazten baita, Belateko errepidearen trazaduraren aurreko tarteetako obrak kontrolatzeko eramandako prozedurari jarraikiz, beharrezkoa dela honako aurreneurri hauek hartzea:

a) Arkeologo/arkeologia enpresa batek indusketa arkeologikoa egin beharko du aurreikusita dagoen trazadura osoan, bide-lotuneak, harrobiak eta hondakindegiak barne, eta, halaber, aurkezturiko proiektuan egiten diren aldaketek hartzen dituzten tokietan. Lan horretan honako alderdi hauek zehaztu beharko dira:

-Obrek ukitzen dituzten ondare-elementuak, tokia eta mugapena zehatz-mehatz emanda.

-Obren eragina zuzentzeko egokien diren neurri zuzentzaileak, aipatu Atalak gainbegiratu eta onetsi beharko dituenak.

b) Neurri zuzentzaile puntualak gorabehera, obrek irauten duten bitartean segimendu arkeologikoa egin beharko da, ustekabeko aurkikuntzak kontrolatzeko eta aurreikusitako neurri zuzentzaileak egokiak direla egiaztatzeko.

c) Obrak egin bitartean, ukituriko Ondare Arkeologikoaren elementuren bat errautsi edo aldatu behar baldin bada, Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalaren baimen berariazkoa beharko da.

Neurri horiek guztiak Ingurugiroko Afekzioen Azterlanean sartu beharko dira.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu Batzordeak 1998ko uztailaren 2an emandako adostasun txostena izanik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak,

ERABAKI DU:

1. "Belateko errepidea" Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Zozaia-Doneztebe tartean, handitzeko espedientearen izapidaketari hasiera ematea. Espedientea Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

2. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari adieraztea aurkeztu den proiektuan sartu beharko dituela erabaki honen azalpen zatiko III. idazatian, "Ingurugiro arloko azalpenak" izenekoan, bilduriko zehaztapen eta zuzenketak.

3. Ondare arkeologikoa zaindu eta kontserbatuko dela bermatzearren, obren kontrola egin beharko da, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalaren txostenean azalduriko prozedura eta baldintzei jarraikiz. Txosten hori erabaki honen azalpen zatiko IV. idazatian, "Afekzioak Ondare Arkeologikoari" izenekoan, azaldu da.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, jendaurrean jartzea eta ukituriko toki entitateei entzunaldia ematea, hilabete batez gutxienez.

Jendaurreko fasearen ondorioetarako, espedientea Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuan izanen da aztergai (Alondegi kalea, 1-2.a, Iruña), bulegoko lanorduetan, epe horretan egoki juzkatzen diren alegazioak aurkeztu ahal izateko.

5. Erabaki hau igortzea Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentura, Hezkuntza eta Kultura Departamentura eta Baztan, Malerreka eta Doneztebeko udaletara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko uztailaren seian.-Lehendakaritzako idazkari nagusia, Joaquín Gortari Unanua.

Iragarkiaren kodea: A9806833