95. ALDIZKARIA - 1998ko abuztuaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

225/1998 FORU AGINDUA, ekainaren 18koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan curriculum-dibertsifikazioa antolatzeko jarraibideak ematen dituena.

Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan curriculum-dibertsifikazioa antolatzeko jarraibideak onesteko.

Curriculum-dibertsifikazioa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan aniztasunari arreta emateko neurri berezi bat da. Ikasleen ahalbideak handitzeko xedea du, etaparen helburu orokorrak erdietsi eta beraz, Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua eskura dezan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza utzi aurretik ikasleek derrigorrezko ikasketak ongi amaitzeko izanen duten azken aukera da, curriculum ezberdinen eta metodologia espezifikoaren bidez.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoaren Atarikoak dio: "hezkuntzak baliabideak ematen ditu diskriminazioaren eta berdintasun ezaren kontrako borrokan aurrera egiteko, egoera horien eragileak jaiotzea, arraza, sexua, erlijioa edo iritzia direla, jatorria familian edo gizartean dutela, usadioz hala direla edo gizartearen dinamikan etengabe sortzen direla". Curriculum-dibertsifikazioa, asmoz eta xedez, diskriminazioaren eta berdintasun ezaren kontrako neurrien artean kokatzen da.

Era berean, aipatu atarikoan zehazten da "Liburu Zuriak, erreformarako proposamena, behin betikoz itxuratua, bildu ez ezik, plangintza eta programazio lan nekeza ere hartzen duela bere baitan..." Liburu honetan aurreikusten dira LOGSEren 23.1 artikuluaren testuan, geroago eta laburtuta, finkatuta gelditu diren oinarri eta irizpide zehatzak:

"Etapa honen izaera derrigorrezkoa ez dator bat etapa amaierako titulazio aniztasunarekin. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza proposatzen bada, horretan arituko diren ikasle guzti-guztientzako izan beharko du eskuragarria, logikak agintzen duenez. Beraz, etapa hau amaitzen duten ikasle guztiei titulazio bakarra emanen zaie, Batxilergoan zein berariazko Lanbide Heziketa Teknikoan sartzeko ezinbestekoa izanen dena. Titulazio bakar honi kreditazio labur bat erantsi beharko zaio, bertan agertarazteko ikasleak curriculumaren arlo ezberdinetan egindako ikasketak, bai eta ondorengo ikasketei dagozkien orientabide egokiak ere... Bigarren Hezkuntzako derrigorrezko etapan eman beharko zaie aterabidea gaur egun konpentsazio hezkuntzaz eta gazteendako gizarte garantiako programez baliatuz tratatzen diren egoeretako askori".

Liburu Zurian zehatz-mehatz agertu eta LOGSEn araututa dauden printzio hauek dira Nafarroan curriculum-dibertsifikazioaren diseinua zuzenduko dutenak.

Aipatutako Liburuan, halaber, adierazita dago: "gerta daiteke, ikasleen interesak, motibazioak eta, batzuetan, gaitasunak ere oso definituta daudenean, orain arte aipatutako curriculumaren egokitzapenak nahikoak ez izatea hezkuntza premia anitzei modu egokian erantzuteko. Hala gertatzen denean, beharrezkoa izanen da, beharbada, curriculuma moldatzeko prozesuan azken pausua ematea, salbuespen gisa, curriculum-dibertsifikazioa, alegia.." Aurrerago dio "ikasleek alde batera utzi ahal izanen dituztela ohiko curriculumaren arlo batzuk eta "horren ordez, eskolako ordutegiaren zati bat ikastetxe espezializatuagoetan, ordezko ikasketetan, eman ahal izanen dutela. Edo bestela, ordutegiaren zati bat lan munduan sartzen lagunduko dieten zenbait ikasketetan eman ahal izanen dute".

LOGSEk, aipatutako 23.1 artikuluan printzipio hauek zehazten ditu, adieraziz curriculum-dibertsifikazioa ikastetxe arruntetan eginen direla, etaparen helburuak izanen direla hura antolatzeko abiapuntua, edukiak eta arloak izaera orokorraz ezarritakoez beste batzuk izanen direla, metodologia ezberdin eta berariazkoak erabili beharko direlarik.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituen ekainaren 14ko 1007/1991 Errege Dekretuak, 13. artikuluak, arestian aipatutakoari gaineratzen dio honakoak beharrezkoak izanen direla: aldez aurretik ebaluazio psikopedagogikoa egitea, ikasleen eta gurasoen iritzia entzutea eta hezkuntza ikuskatzailetzaren txostena.

Artikulu horrek aipatzen du, halaber, "curriculum dibertsifikatuaren hezkuntza jardueren barnean sartuko direla, gutxienez, oinarrizko curriculumaren hiru arlo eta, edozein kasutan, esparru linguistiko eta sozialaren prestakuntza elementuak, bai eta esparru zientifiko-teknologikoaren elementuak ere".

Aurrekoari jarraikiz, curriculum-dibertsifikazioa honako irizpide hauetan oinarriturik antolatzen da:

a) Dibertsifikazioa ondoko ezaugarriak dituztenendako hezkuntza eskaintza bat dela ulertu behar da: 16 urtetik gorakoak izan, esperientzia akademiko zehatz bat eta interes eta motibazio finkatuak eduki, eta derrigorrezko eskolaratzea, generalean, amaitzen den adinean egon.

b) Dibertsifikazioa antolatzeko ikuspuntua oinarritu behar da lanerako hastapenetan eta bizitza aktiborako trantsizioan, norbanakoaren eta lanbiderako orientazioari garrantzia handia emanez.

c) Dibertsifikazioa ikasleen interesei eta motibazioei erantzuten dien curriculum-ikuspuntu batetik antolatu behar da. Egitate honek disziplinarteko planteamenduak eskatzen ditu, berauek curriculumaren tratamendua integratzaileagoa eta biziari lotuagoa izan dadin ahalbideratuko baitute, bai eta alderdi funtzionala landu eta eskuratutako ezagupenak eguneroko bizitzan aplikatzeko aukera eman ere.

d) Dibertsifikazioa antolatzeko moduak ziurtatu behar du ikasleei banakako laguntza eskainiko zaiela. Horretarako, ebaluazio psikopedagogikoa beharrezkoa da eta tutoretzari garrantzi berezia ematen zaio.

e) Dibertsifikazioak irakaskuntza taldea txikia izatea eskatzen du, irakasleen arteko koordinazioak eta irakasleek ikasleak hobeki ezagutzeak hezkuntza laguntza hobea izaten lagunduko baitute.

f) Curriculum-dibertsifikazioa antolatzeko berariazko curriculum bat behar da, hauxe baita ikasle batzuek titulazioa lortzeko izanen duten oinarri-oinarrizko abiapuntu-maila, ikasle horiek, espektatibarik izan gabe eta Batxilergoa ikasteko behar diren ezagupenak finkatu ez badituzte ere, etapako helburu orokorrak helduaroan moldatzeko adina mailarekin bereganatu eta Erdi Mailako heziketa zikloetako batzuk, gutxienez, ikasteko oinarrizko prestakuntza erdietsi duten kasuetan.

Arestiko guztiaren ondorioz, antzematen da aniztasuna aintzakotzat hartzeko neurri berezi hau, Europako Batzordearen gomendioekin bat datorrena, konpentsazailea eta aukera berdintasunaren sustatzailea dela. Aipatutako Batzordeak, bazterketaren aurkako borrokaren testuinguruan, Europako Elkarteko herri guztiei luzatu die eskaera "bigarren aukerarako eskolak" antola ditzaten.

Foru Agindu hau egiteko kontuan hartu dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituen ekainaren 14ko 1007/1991 Errege Dekretua, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculuma Nafarroako Foru Komunitatean ezartzen duen otsailaren 22ko 67/1993 Foru Dekretua, bai eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren zenbait alderdi, antolaketa eta curriculumari buruzkoak, arautzen dituen maiatzaren 19ko 135/1997 Foru Dekretua ere.

Curriculum-dibertsifikazioari buruzko maiatzaren 19ko 135/1997 Foru Dekretuaren V. kapituluan honakoa adierazten da:

"Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ezarriko ditu programen ezaugarriak, bai eta, halaber, adinaren betebeharra betetzen duten ikasleek curriculum-dibertsifikazioaren bidez eta 1/1990 Lege Organikoko 23. artikuluan ezarrita dagoen bezala irakaskuntzak egin ahal izateko baldintzak ere. Dibertsifikazio hauek ezarriko dira ebaluazio psikopedagogikoa egin ondoren, ikasleei eta haien gurasoei entzun eta gero, eta hezkuntzako ikuskatzailetzaren txostena izanik.

Aipatu dibertsifikazioen helburua izanen da ikasleek etapako gaitasun orokorrak bereganatzea. Xedea hori delarik, dibertsifikatutako curriculumeko hezkuntza-jarduerek hartuko dituzte, gutxienez, oinarrizko curriculumeko hiru arlo eta, nolanahi dela ere, erantsiko dituzte esparru linguistiko eta sozialeko prestakuntza-elementuak, bai eta, halaber, esparru zientifiko-matematikoko elementuak.

Ikasle bakoitzarentzako curriculum-dibertsifikazioko programan sartu beharko da metodologia, eduki eta ebaluazio irizpide pertsonalizatuen zehaztapen garbia".

Arestikoaren arabera, komeni da irizpide horiek zehaztu eta jarraibide argiak ematea, baimena duten ikastetxeek antolatu ahal dezaten aniztasuna aintzakotzat hartzeko neurri berezi hau etapako bigarren zikloan.

Hori guztia dela eta, otsailaren 22ko 67/1993 eta maiatzaren 19ko 135/1997 Foru Dekretuetan ezarritakoa kontuan hartuz eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 b) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehenbizikoa.-Foru Agindu hau, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan curriculum-dibertsifikazioa antolatzeko jarraibideak emateko xedea duena, Nafarroako Foru Komunitatean aplikatuko da.

Bigarrena.-1. Ikastetxeek, aniztasuna aintzakotzat hartzeko beste neurri batzuen artean, curriculum-dibertsifikazioa antolatu ahal izanen dute hamasei urtetik gorako ikasleentzat edo horretan hasten diren urtean betetzen dituztenentzat.

2. Curriculum-dibertsifikazioan sartu ahal izanen dira etapako bigarren zikloan dauden eta honako ezaugarriak dituzten ikasleak:

a) Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua eskuratzeko zailtasun nabarmenak izatea, ohiko kurtso batean, arlo eta irakasgaien egiturarekin.

b) Ikasketetarako interesik ez erakustea ezta Batxilergoa ikasteko asmorik ere, bide praktikoak nahiago badituzte.

c) Eskolako ikasketarako desmotibazio argia agertzen badute.

d) Neurri honi aniztasuna aintzakotzat hartzeko beste neurri batzuei baino onura gehiago atera ahal baldin badiote.

e) Bigarren hezkuntzako graduatu titulua eskuratzeko asmoa eta interesa edukitzea.

Hirugarrena.-1. Curriculum-dibertsifikazioaren helburua ikasleek etapako helburu orokorrak erdiestea da, eta beraz, Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua ere bereganatzea.

2. Curriculum-dibertsifikazioak erraztuko du ikasleek:

a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaieran lanbiderako aukera bat mamitzea.

b) Helduaroan sartzea erantzukizunak hartu eta parte hartzeko jarrerarekin.

c) Derrigorrezko etapa honetatik iragan direla frogatzen duten oinarrizko ezagupenak eskuratzea.

Laugarrena.-1. Curriculum-dibertsifikazioan sartu ahal izanen dira, beti ere adinaren baldintza betez gero, Foru Agindu honen Bigarren puntuan aipatzen diren ikasleak, egoera hauetakoren batean baldin badaude:

a) Etapako lehen zikloa amaitu izana, orokorrean zikloko helburuak gaindituta edo/eta, aurretik, aniztasuna aintzakotzat hartzeko neurrien xede izan badira.

b) Curriculum-dibertsifikazioan sartu aurreko ikasturtean etapako bigarren zikloko kurtso batean eskolatuta egon izana.

c) Ikasturtea curriculum egokituko unitate batean amaitu izana eta curriculum-dibertsifikazioan sartzearen aldeko jarrerak agertzea.

2. Ikasleak curriculum-dibertsifikazioan sartu ahal izanen dira ebaluazio psikopedagogikoa egin ondoren, ikasleen eta gurasoen iritzia entzunda eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren txostenarekin.

3. Ikaslea dagokion ikasturtearen hasieran sartuko da curriculum-dibertsifikazioan.

Bosgarrena.-1. Ikasle bat curriculum-dibertsifikazioan sartzeko jarraitu beharreko prozedura hauxe izanen da:

a) Ikasle bat hurrengo ikasturtean curriculum-dibertsifikazioan sar daitekeela ikusirik, irakaskuntza taldeak, tutoreak koordinatuta, behaketari eta hau baloratzeko informazio bilketari ekingo dio, ikaslea hurrengo ikasturtean curriculum-dibertsifikazioan sartzea komeni den erabakitzeko. Orientabide departamentuak laguntza teknikoa emanen du informazio bilketa eta ebaluzio psikopedagogikoaren fase honetan.

b) Ikaslearen irakasle tutoreak, irakaskuntza taldea ordezkatuz, ikasturtearen hirugarren hiruhilekoan txosten bat prestatuko du, honakoak adieraziko dituena: irakasleek alegatutako arrazoiak eta irakaskuntza taldearen iritziz zergatik den neurri hori egokiena har daitezkeenen artean, bigarren zikloko talde ohiko baten segitzea, adibidez.

c) Txostena ikastetxeko zuzendariari igorriko zaio eta honek beste kopia bat bidaliko du Orientabide Departamentura, ebaluazio psikopedagogikoa laburtzen duen txosten bat egin dezan (I. eranskina).

d) Tutorea, irakaskuntza taldearen eta Orientabide Departamentuaren txostenak hartuta, gurasoekin eta ikaslearekin bilduko da curriculum-dibertsifikazioan sartzea komeni litzatekeela azaltzeko. Tutoreak idatziz agertaraziko du gurasoen eta ikaslearen iritzia.

e) Zuzendariak, ikasketaburuak, Orientabide Departamentuko buru gisa, edo honen delegazioa duenak, eta ikaslearen tutoreak osatutako batzorde batek txostenak eta gurasoen zein ikaslearen iritziak baloratuta, erabaki egokiena hartuko du curriculum-dibertsifikazioan sartzeko aukeraren gainean.

f) Ikastetxeko zuzendariak ikuskatzaileari igorriko dio dokumentazio guztia, ikastetxera bidaliko den txosten preskribtiboa egin dezan.

2. Oro har, Bosgarren puntu honen aurreko idazatietan aipatzen den prozedura burutzeko epeak ziurtatuko du ikaslea ikasturte hasieran curriculum-dibertsifikazioan sartu ahal izatea.

Seigarrena.-1. Curriculum dibertsifikatuaren hezkuntza jardueretan oinarrizko curriculumaren hiru arlo sartu beharko dira, alegia: Matematika, Gaztelania eta Literatura (edo hala denean, Euskal Hizkuntza eta Literatura) eta Gorputz Hezkuntza.

Horrez gain, Erlijioa/H.J.A. jarduerak, tailerreko praktikak, esparru linguistiko-sozialeko prestakuntza elementuak eta esparru zientifiko-teknologikoko elementuak.

2. Curriculum dibertsifikatua esparru eta arlotan antolatuko da.

a) Esparru zientifiko-teknologikoaren barrenean sartuko dira Matematika arloa eta esparru horretako prestakuntza elementuak.

b) Esparru linguistiko-sozialaren barrenean sartuko dira Gaztelania eta Literatura (edo hala denean, Euskal Hizkuntza eta Literatura) eta esparru horretako prestakuntza elementuak.

c) Esparru praktikoaren barrenean sartuko dira Lanbide Hastapena-Bizitza Heldu eta Aktibora igarotzea eta tailerreko praktikak.

d) Horrez gain, ikasleek Gorputz Hezkuntzaren arloa eta Erlijioa/H.J.A.ko jarduerak ere izanen dituzte.

3. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak curriculum dibertsifikatua garatzeko orientabideak prestatuko ditu. II. eranskinean daude programazio didaktikoetan, edozein kasutan, agertu beharko diren curriculum-dibertsifikazioaren esparru eta arloen gutxieneko edukiak.

4. III. eranskinean dago curiculum dibertsifikatuaren esparru eta arlo bakoitzerako asteko ordutegia.

5. Curriculum-dibertsifikazioan arituko diren ikasleak curriculumaren arlo edo irakasgaietako batean D.B.H.ko bigarren zikloko ohiko talde batean sartu ahal izanen dira, beren ezaugarrien eta ikastetxearen antolaketaren arabera.

6. Tutoretza ekintzari eta ikasleendako orientabideei lehentasuna emanen zaie curriculuma garatzean. Astean behin tutoretzako talde bilera bat eginen da; horrez gain, esparru bakoitzaren ordutegian, astean denbora tarte bat eskaini ahal izanen zaio tutoretza ekintzari. Irakasle-tutoreak tutoretzako banakako saioak programatuko ditu ikasle bakoitzarekin eta harreman jarraituak izanen ditu gurasoekin edo legezko ordezkariekin.

7. Esparru praktikoko irakaslea izanen da curriculum-dibertsifikazioko taldearen tutorea.

Zazpigarrena.-Orientabide Departamentuari dagokio curriculuma antolatzen den esparruen programazioa prestatu eta azaltzea. Horrez gain, dibertsifikazioan izaten diren jarduera guztiak koordinatuta egoteaz arduratuko da.

Zortzigarrena.-1. Curriculum-dibertsifikazioan sartzen diren ikasleen ebaluazioa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan aritzen diren ikasleen ebaluazioari eta kalifikazioari buruzko abenduaren 26ko 515/1994 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz eginen da, Zazpigarren puntu honen ondoko idazatietan adierazten diren alderdi berariazkoak kontuan hartuta.

2. Ebaluazioaren emaitzak abenduaren 26ko 515/1994 Foru Aginduaren Bosgarren.1 puntuan agertzen den kalifikazio eskalaren arabera adieraziko dira, ikasten diren esparru eta arlo bakoitzeko:

-Esparru praktikoa.

-Esparru zientifiko-teknologikoa.

-Esparru linguistiko-soziala.

-Gorputz Hezkuntza.

-Erlijioa/H.J.A.

3. Ebaluazio agirietan erregistratuko diren kalifikazioei "C.D." letrak erantsiko zaizkie. Horrela, kalifikazio hori jaso duten esparru eta arloak curriculum-dibertsifikazioaren bitartez ikasi direla adieraziko da.

4. Ikaslearen ikasketa espedienteari atxikitako orri batean curriculum-dibertsifikazioaren azken ebaluazioaren emaitzak erregistratuko dira, bai eta titulurako proposamena ere, hala dagokionean. Hori guztia, Foru Agindu honen IV. Eranskineko ereduaren arabera.

5. Ikasturtea amaituta, ikastetxeek azken akta eginen dute curriculum-dibertsifikazioko talde bakoitzerako, eta bertan adieraziko dituzte taldeko ikasleek azken ebaluazioan erdietsitako emaitzak, alfabetikoki ordenatuta, guztia Foru Agindu honen IV. eranskinean ageri den ereduaren arabera.

6. Ikasle bakoitzaren azken ebaluazioaren emaitzak, bai eta titulaziorako proposamena ere, hala dagokionean, Oinarrizko Hezkuntzako Eskola Liburuaren 29. orrialdetik aurrera dauden orri zurietan erregistratuko dira, Foru Agindu honen IV. eranskinean dagoen ereduari jarraikiz.

7. Era berean, Oinarrizko Hezkuntzako Eskola Liburuaren 18. orrialdean, hirugarren zutabean, "Kurtsoa" dioen zutabean C.D. (Curriculum-dibertsifikazioa) idatzi beharko da.

8. Ikasle hauetako bakoitzaren ebaluazioen emaitzak, jarraiarenak nola azkenarenak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ari den Ikaslearen Ebaluazio eta Kalifikazio Erregistroari atxikitako orrietan agertuko dira, Foru Agindu honen VI. eranskinean dagoen ereduari jarraikiz.

Bederatzigarrena.-1. Orohar, ikasle bat, gehienez, ikasturte baterako baino ez da egonen eskolatuta curriculum-dibertsifikazioan.

2. Salbuespen gisa, ikasleak ez baditu curriculum-dibertsifikazioaren helburuak bereganatu, beste urte bat eman ahal izanen du horretan, egoerak komenigarri egiten duenean.

Hamargarrena.-1. Curriculum-dibertsifikazioko egonaldia amaiturik, etapako helburu orokorrak bereganatu dituzten ikasleek Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua eskuratuko dute.

2. Etapako helburu orokorrak bereganatu ez dituztenek, berriz, Lanbide Hastapeneko Programa bat (Gizarte Garantia) hasi ahal izanen dute, lan munduan sartu aurretiko pausu gisa.

3. Eskolatzea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapan amaitzen duten ikasleek ikastetxearen kreditazio bat jasoko dute, egindako ikasturteak eta esparru, arlo eta irakasgai ezberdinetan lortutako kalifikazioak adieraziko dituena. Kreditazio hori Eskola Liburuaren 27. orrialdean gauzatuko da, horretarako diseinaturik baitago, eta bertan aipatuko da 29. orrialdean egiaztaturik dagoela curriculum-dibertsifikazioan egon izana. Halaber, kreditazioarekin batera aholku orientatzailea emanen da. Hori guztia abenduaren 26ko 515/1994 Foru Aginduaren Hamalaugarren puntuko 4, 5 eta 7. idazatietan ezarritakoari jarraikiz eginen da.

Hamaikagarrena.-Ikastetxeek Hezkuntza eta Kultura Departamentuari eskatu ahal izanen diote curriculum-dibertsifikazioko talde bat antolatzeko baimena. Kasu horretan, ikastetxeko zuzendariak Pedagogi Berrikuntzarako Zerbitzuari eskatuko dio baimena neurria ezarri gogo den ikasturtearen aurreko apirilaren 30a baino lehen. Zerbitzu honek, bidezkoa bada, ekainaren 30 baino lehen baimenduko du aniztasuna aintzakotzat hartzeko neurria hau antolatzea, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren eta Inbertsio Zerbitzuaren txostenak kontuan hartuz.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira Foru Agindu honetan ezarritakoaren aurka dauden lerrun bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Hezkuntza zuzendari nagusiari baimena ematen zaio Foru Agindu honetan xedatutakoa aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Agindu hau eta haren eranskinak igortzea Pedagogi Berrikuntzarako Zerbitzura, Ikasketa eta Ikastetxeen Antolamendurako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Hezkuntza Berriztapenaren Atalera eta Ikasketak Antolatzeko Atalera, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera, argitaratzeko.

Hirugarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hemezortziko ekainaren hemezortzian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

I. ERANSKINA

Ebaluazio psikopedagogikoaren laburpen txostenaren eredua

IKASLEAREN IDENTIFIKAZIO DATUAK

Izena Deiturak

Jaioteguna Tokia

Familiaren helbidea

Herria Telefonoa

Beste datu interesgarri batzuk

1.-Hezkuntza historialaren laburpena.

2.-Etapan zehar zein jarduera motatan izan dituen emaitza onenak.

3.-Zein jarduera motatan izan duen zailtasun gehien.

4.-Lanean duen autonomia maila eta konstantzia.

5.-Zailtasunak gainditzeko ahalegina.

6.-Ikasketarako motibazioa eta autoestima maila.

7.-Nola moldatu den ikasgelako giroarekin eta ikasleekin.

8.-Etapako gaitasunak noraino garatu dituen.

9.-Ikaslearen eta haren gurasoen espektatibak.

.............................(e)n, 19 .....(e)ko ...................aren ......(e)an.

Stua.: Orientatzailea,

INSTITUTUKO ZUZENDARI J/A.

II. ERANSKINA

Curriculum-dibertsifikazioaren gutxieneko edukiak

1.-Esparru zientifiko-teknologikoa

2.-Esparru linguistiko eta soziala

3.-Esparru praktikoa

4.-Gorputz Hezkuntza

5.-Erlijioa

1.-Esparru zientifiko-teknologikoa

Zenbakiak eta eragiketak:

1.-Zenbaki naturala eta zenbaki osoa: zenbakitzea milioiraino menperatzea. Lau eragiketak, batuketa, kenketa, biderkaketa (3 zifra) eta zatiketa (2 zifra).

2.-Proportzionaltasuna eta zenbaki frakzionarioak: zatikien erabilera nagusiak (kopurua adieraztea, zenbaki operadorea, magnitudeen arteko erkaketa), zatikien batuketa eta kenketa izendatzaile berdinarekin. Zatikien irudikapen grafikoa.

3.-Zenbaki hamartarra: milarenera hurbiltzea. Eragiketak hamartarrekin (2 zifra).

4.-Zenbaki hamartarretatik zatiki eta portzentaietara pasatzea eta alderantziz.

5.-Sistema hamartarra menperatzea.

6.-Parentesiak dituzten eragiketa errazak ebaztea. Ad. 7+ (5-(7+4-10)).

7.-Kalkulagailuaren erabilera.

8.-Eragiketen emaitza zenbatestea buruz eginiko kalkuluaren bitartez.

9.-Problema aritmetikoak ebaztea.

Magnitudeen neurketa eta kalkulua:

1.-Sistema metriko hamartarra: luzera, area, bolumen, kapazitate, masa neurriak. Multiploak eta azpimultiploak.

2.-Denboraren neurketa: urtea, hilabetea, eguna, minutua eta segundua. Eragiketak.

3.-Angeluen neurketa: sistema sexagesimala.

4.-Zirkunferentzia, lauki, errektangelu, triangelu, pentagonoaren perimetroen kalkulua.

5.-Bolumenen kalkulua: kuboa, prisma zuzena eta zilindroa.

6.-Areen kalkulua: zirkulua, laukia, errektangelua, triangelua, hexagonoa.

Irudikapena eta antolaketa espazioan:

1.-Puntu, zuzen eta planoaren kontzeptuak.

2.-Paralelismo, perpendikularitate eta intzidentziaren kontzeptuak.

3.-Koordenatu cartesiarrak planoan: puntuak irudikatzea horietan.

4.-Grafiko estatistikoak eraiki eta interpretatzea.

5.-Eskala ohikoenen erabilera. Mapetako distantzia errealak kalkulatzea eskala erabiliz. Planoak interpretatzea.

Materia:

1.-Materiaren kontzeptua: propietateak eta erabilera.

2.-Substantzia hutsaren kontzeptua: osagaiak eta konposatuak.

3.-Aire eta uraren propietateak eta garrantzia.

4.-Aldaketa fisiko eta kimikoak.

5.-Materiaren egoerak: solidoa, likidoa, gaseosoa.

6.-Elkarrekintzak: elektrikoa, magnetikoa, grabitatearena.

7.-Maiz erabiltzen diren materialak: haitzak, plastikoak, zura, ehunak, e.a.

Izakiak:

1.-Izakien aniztasuna: sailkapena; eredu taxonomiko nagusien erabilera.

2.-Gizakiaren nutrizioa eta digestioa: elikagaiak eta nutrienteak. Digestio aparatuaren deskribaketa. Nutrizioa eta ohitura osasuntsuak.

3.-Arnasketa: gizakien arnas-aparatuaren deskribaketa. Ohitura osasuntsuak. Tabakomenpekotasuna eta beste ohitura kaltegarri batzuk.

4.-Gizakien zirkulazio aparatua. Bizimodu ohiturak eta bihotz-hodietako gaisotasunen prebentzioa.

5.-Gizakien iraitz aparatua. Ohitura osasuntsuak.

6.-Zentzumenen organoak; ikusmena, usaimena, dastamena eta ukimena. Erantzun motorea. Nerbio sistema. Alkohola, drogak eta horien ondorioak.

7.-Gizakien ugalketa. Gizon eta emakumeen ernalketa aparatua. Sexualitatea eta ugalketa.

8.-Ingurugiroa. Zaindu eta hartaz gozatzea.

Energia:

1.-Energia eta haren aplikazio teknikoak. Unitatea.

2.-Energia motak: energia elektrikoa, eguzkitikoa, eolikoa, nuklearra, kimikoa, mekanikoa (bereizi eta adibideak jarri).

3.-Makina sinpleak: palanka eta polea (oinarrizko kontzeptua eta adibidea jarri). Palankaren orekaren legea (1. generoa).

4.-Energia mekanikoa: energia zinetikoa eta energia potentziala (intuizioaren bidez ulertu eta kontzeptuak egoera praktikoetan aplikatzea).

5.-Beroaren energia: dilatazioa, egoera aldaketak. Kaloria.

6.-Energia elektrikoa: korronte elektrikoa (jarraitua eta alternoa). Zirkuitu elektriko errazak. Magnitude elektrikoak. Ohm-en Legea (aplikazio praktikoan).

7.-Argia: gorputz opakoak, transluzidoak eta gardenak. Erreklexioa eta errefrakzioa (bi fenomeno hauek oinarrian ulertzea).

2.-Esparru linguistiko eta soziala

Ahozko eta idatzizko erabilerak:

1.-Testu errazak ulertzea: funtsezko ideiak eta bigarren mailakoak bereizi. Bigarren esanahia; esplizitoa eta inplizitoa testuan.

2.-Taldean komunikatzeko egoeretan modu aktiboan parte hartzea: mahai-inguruak, eztabaidak, hitzaldi motzak. Elkarrizketarako arauak betetzea.

3.-Gai bati buruzko hitzaldiak planifikatzea.

4.-Testu errazak azpimarratu eta laburtzea.

5.-Planifikatzeko lanak: gidoia, eskema, taula eta grafikoak, fitxak, lan plana, etab.

6.-Testuak sortzea, haien alderdi funtzionalari garrantzi berezia emanez. Inprimakiak, eskabideak, e.a. betetzea. Curriculum vitae bat egin, proiektu bat prestatzea.

7.-Ortografia eta idatziriko testu eta lanen aurkezpena.

Hizkuntzaren gaineko ausnarketa:

1.-Hitz motak eta haien sorrera.

2.-Komunikazioaren oinarrizko elementuak: hitza eta perpausa.

3.-(Ohiko) hitzen erabilera egokia.

Irakurketa:

1.-Irakurketaz gozatzea: ikasleengandik hurbil dauden testuak.

2.-Irakurtzeko ohitura bultzatzea.

Gizartea eta lurraldea:

1.-Klima, erliebe, landaredia eta uren arteko loturak (loturak ulertu eta adibide argiak jarri).

2.-Nafarroako eta Espainiako natur inguruneak: ozeanikoa, mediterraniarra, mendikoa.

3.-Giza ekintzaren eragina paisajean.

4.-Populazioaren banaketa desberdina izatea eragiten duten faktore fisikoak eta gizakiei dagozkienak, Nafarroan eta Espainian.

5.-Nafarroako industri sektoreen azterketa.

Gizarte historikoak eta aldaketak denboran zehar:

1.-Zibilizazio eta gizarte historiko nagusiak kronologikoki kokatzea.

2.-Bakoitzaren inguruko hurbilketa (bizimodua, erakundeak, kultura, etab., beti ere ikasleen interesetatik hurbilen dauden alderdiak aztertuz).

3.-Aldaketetan eragina duten faktoreen azterketa berezia (gizateriaren aurkikuntza handiak: burdina, gurpila, sua, lurrun makina...).

4.-Informazio iturri gutxitatik abiatuta, azterketa edo ikerketa lan txikiak egitea.

Gaur egungo mundua:

1.-Espainiaren antolaketa politiko-administratiboa.

2.-Tentsioak eta gatazkak gaur egungo munduan (une bakoitzean gizartean biziago daudenak aztertuko dira beti).

3.-Giza eskubideak.

3.-Esparru praktikoa

Osagai teknikoak:

1.-Tailerreko hiztegi berezia.

2.-Tailerrak berezkoak dituen tresnak eta makineria.

3.-Laneko higiene eta segurtasun ohitura oinarrizkoenak.

4.-Materialak. Kostuak eta ezaugarriak.

5.-Tailer bakoitzak berezkoak dituen teknikak.

6.-Teknologiaren garapenaren ekarpenak, arriskuak eta kostu sozialak eta ingurugirokoak.

Planifikazioa:

1.-Jardueren sekuentziazioa proiektu praktiko bat egiteko.

2.-Proiektu bat egiteko behar diren denbora, gutxi gora beherakoa, eta baliabideak, aurreratzea.

3.-Arazo praktikoak konpontzeko erabakiak hartzea.

4.-Diseinu eta prestaketan oinarrizko magnitudeak eta kalkuluko funtsezko eragiketak erabiltzea.

5.-Antolaketa eta kudeaketa agiriak proiektu tekniko bat diseinatu eta egitean aplikatuta.

Lanerako orientazioa:

1.-Ikasleen interesetara egokitutako lanbide ezaugarriak lortzeko prestakuntza ibilbideak.

2.-Enpresa baten elementuak eta haren antolaketa.

3.-Lanpostuen tipologiak (eginkizunak, kualifikazioa, prestakuntza...).

4.-Ikasleak bere trebetasun eta gaitasunak ezagutzea lanbiderako prestakuntzara bideratzeko.

4.-Gorputz Hezkuntza

Egoera fisikoa eta osasuna.

1.-Berotzeko jarduera orokorrak egitea.

2.-Gaitasun fisikoak garatzea.

3.-Ikasleek beren gaitasunak ezagutzea: autonomia.

4.-Egoera fisikoa hobetzeko jarrera eta osasun ohiturak: autoexigentzia.

Jokoak eta kirolak:

1.-Ikasleen interesetara egokitutako banakako eta taldekako motetan jardutea.

2.-Arauak onartu eta haien menpe jartzea.

3.-Parte hartze aktibo eta eraikitzailerako jarrera joko eta kiroletan: tolerantzia eta deportibitatea.

5.-Erlijioa

1.-Jesusen Bizitza eta Mezuaren oinarrizko ezagupenak.

2.-Mezu kristauaren osagai nagusiak lotzea nerabearen bizitzaren eta inguratzen duen munduko egoerekin.

3.-Salbazioaren Historiaren une garrantzitsuenak eta Elizaren historiaren etapak ezagutzea.

4.-Sakramentu bakoitzaren ezaugarri nagusiak eta ospakizunaren edukia ezagutzea.

5.-Biblia erabiltzen jakitea: protagonista nagusiak ezagutu eta pertsonaia horiekin erlazionaturiko zenbait pasarte ulertzea.

III. ERANSKINA

Curriculum dibertsifikazioko asteko ordutegia (*)

Esparru praktikoa 15 ordu

Esparru linguistiko eta soziala 5 ordu

Esparru zientifiko-teknologikoa 5 ordu

Gorputz Hezkuntza 2 ordu

Erlijioa/H.J.A. 2 ordu

Tutoretza ordu 1

(*) Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ordutegia aldatu ahal izanen du Curriculum dibertsifikazioaren ebaluazioko emaitzen arabera.

IV. ERANSKINA

Azken ebaluazioaren emaitzak Curriculum dibertsifikazioa

Ikasturtea: ........./..........

ikasleak

curriculum dibertsifikazioan, honako emaitza hauek lortu ditu:

Esparru praktikoa C.D.

Esparru zientifiko-teknologikoa C.D.

Esparru linguistiko-soziala C.D.

Gorputz Hezkuntza C.D.

Erlijioa/H.J.A. C.D.

Kalifikazioa: B = Bikain; OO = Oso ongi; O = Ongi; N = Nahiko;

G = Gutxiegi.

C.D. = Curriculum dibertsifikazioa.

Ebaluazioko azken bileran, ................(e)an ,

...................... ikaslearen titulaziorako proposamenari buruzko erabakia hartu zen

I. O. Zuzendaria, Idazkaria,

(Ikastetxearen zigilua)

Stua.: Stua.:

V. ERANSKINA

Curriculum dibertsifikazioaren azken ebaluazioaren akta

Ikasturtea: ............../...............

Ikastetxea: Herria: Taldea: ..................

Helbidea: P.K.: Probintzia:

Kal. H.N. Kal. H.N. Kal. H.N. Kal. H.N. Kal. H.N.

C.D. C.D. C.D. C.D. C.D.

C.D. C.D. C.D. C.D. C.D.

C.D. C.D. C.D. C.D. C.D.

C.D. C.D. C.D. C.D. C.D.

C.D. C.D. C.D. C.D. C.D.

C.D. C.D. C.D. C.D. C.D.

C.D. C.D. C.D. C.D. C.D.

C.D. C.D. C.D. C.D. C.D.

C.D. C.D. C.D. C.D. C.D.

Curriculum egokitzapenaren maila

H.N. = Hartutako hezkuntza neurria.

C.D. = Curriculum dibertsifikazioa.

Kal. = Kalifikazioa: B = Bikain; OO = Oso ongi; O = Ongi; N = Nahiko; G = Gutxiegi.

EMENDAKINAK:

............................................(e)n, ........(e)ko ...............................aren ..............(e)an.

Taldeko irakasleak,

I. O. Zuzendaria, I. O. Tutorea,

Stua.:.......................................... Stua.: ............................................

VI. ERANSKINA

Etengabeko ebaluazioaren emaitzak Curriculum dibertsifikazioa

Ikasturtea: ............./...............

................. hiruhilekoaren etengabeko ebaluazioa

ikasleak

curriculum dibertsifikazioan honako emaitza hauek lortu ditu:

Esparru praktikoa C.D.

Esparru zientifiko-teknologikoa C.D.

Esparru linguistiko-soziala C.D.

Gorputz Hezkuntza C.D.

Erlijio/A.H.J. C.D.

Kalifikazioa: B = Bikain; OO = Oso ongi; O = Ongi; N = Nahiko;

G = Gutxiegi.

C.D. = Curriculum dibertsifikazioa.

Azken ebaluazioaren emaitzak Curriculum dibertsifikazioa

Ikasturtea: ............./...............

ikasleak

curriculum dibertsifikazioan honako emaitza hauek lortu ditu:

Esparru praktikoa C.D.

Esparru zientifiko-teknologikoa C.D.

Esparru linguistiko-soziala C.D.

Gorpuz Hezkuntza C.D.

Erlijioa/A.H.J. C.D.

Kalifikazioa: B = Bikain; OO = Oso ongi; O = Ongi; N = Nahiko;

G = Gutxiegi.

C.D. = Curriculum dibertsifikazioa.

Iragarkiaren kodea: A9806230