I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
54/1997 FORU AGINDUA, uztailaren 3koa, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak emana, hiritarren segurtasunarekin zerikusia duten programa, jarduera eta inbertsioak egiteko, toki entitateei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei dirulaguntzak emateko 1998. urteko deialdia onesten duena.
Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzen kontzesio, kudeaketa eta kontrolerako araubide orokorra erregulatu zen.
Legezko xedapen horrek laguntza publiko guztiendako arauak ematen ditu, eta printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, betebeharrak eta erantzukizunak ezartzen. Horrekin batera, dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere ezartzen du.
Abenduaren 30eko 21/1997 Foru Legearen bidez onetsi ziren 1998rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrek zenbait kontusail ezarri dituzte, hiritarren segurtasunarekin zerikusia duten programa, jarduera eta inbertsioak egiten dituzten toki entitateei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei zuzendurik.
Herri Babeserako Zerbitzuak adierazi du beharrezkoa dela aipatu kontusailen kargura ematen diren laguntza horiek arautzea; arautze hori bat dator aipatu den Foru Legeak dirulaguntzen arloan ezartzen duen lege esparru berriarekin.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Lehenengoa.-Hiritarren segurtasunarekin zerikusia duten programa, jarduera eta inbertsioak egiteko, toki entitateei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei dirulaguntzak emateko deialdia onestea 1998. urterako. Hona hemen oinarriak:
1.-Xedea.
Deialdiaren xedea da hiritarren segurtasunarekin zerikusia duten programa, jarduera eta inbertsioak egiteko, toki entitateei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei dirulaguntzak ematea, zeregin hauetarako:
a) Herri babesa eta larrialdien ardura.
b) Udaltzain Kidegoak ekipamenduz hornitzea.
c) Bideko segurtasuna.
d) Zezen plaza finkoak indarra duen arautegiak eskatzen dituen segurtasun baldintzei egokitzea.
e) Finkoak ez diren arauzko zezen plazak erostea.
Ondorio hauetarako, hiritarren segurtasunarekin zerikusia duten programa, jarduera eta inbertsiotzat hartuko dira arrazoi natural edo gizaki bidezkoez pertsonei edo ondasunei kalteak eragin diezazkieketen egoerak aztertu, aurrea hartu edo konpontzera zuzendurikoak.
2.-Onuradunak.
Deialdi honetan parte hartu ahalko dute dirulaguntza jaso dezaketen programa, jarduera eta inbertsioak egin gogo dituzten toki entitateek eta irabazi asmorik gabeko entitateek.
Hala ere, deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Gobernuak xede horrexetarako emandako beste edozein dirulaguntzarekin.
3.-Eskabideak.
Eskabideak aurkeztu ahalko dira Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean (Karlos III.a etorb., 2) edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean aurreikusitako tokietan, Foru Agindu hau argitaratu eta hilabeteko epean.
Eskabidearekin batera honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira, jatorrizkoak edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiak:
a) Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorra.
b) Jardueraren memoria eta kapitulutan banaturiko aurrekontua. Eraikuntza edo berregokitze lanak direnean memoriari erantsiko zaizkio: lanen proiektua, arlo horretako teknikari aditu batek egina, eta lanak burutzeko programa.
c) Eskatzailea irabazi asmorik gabeko erakunde bat baldin bada hauek izanen ditu aurkeztu beharrekoak: nortasunaren egiaztagiria, sozietatearen izena, estatutuak eta identifikazio fiskaleko zenbakia.
d) Eskatzailearen aitorpena, zeinetan hitz ematen baitu bere gain hartuko duela aurrekontuaren eta izan litekeen dirulaguntzaren arteko aldea.
e) Eskatzaileari bere eskabiderako egokia iruditzen zaion beste edozein agiri.
Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, interesatuari eskatuko zaio oker dagoena zuzen dezala, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko buruzko 30/1992 Legearen 71. artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.-Hautaketa.
Eskabideak batzorde tekniko batek ebaluatuko ditu. Batzordeburua Herri Babeserako Zerbitzuko zuzendaria izanen da eta batzordekide, berriz, Aurreneurri atalburua eta Barneko Laguntza Teknikorako Zerbitzuko zuzendaria, azken hau idazkari.
Eskabidea baloratzerakoan kontuan hartuko da aurreneurriak dituzten arriskuen eta babesturiko ondasunen garrantzia, bai eta arlo horretan Nafarroako Gobernuak egindako plangintzarekin bat datozen ere. Ondorio horietarako, Herri Babeserako Zerbitzuak argibide osagarriak eska ditzake, deialdian eskaturikoez gainera.
5.-Ematea.
Barne zuzendari nagusiak arrazoiak azaltzen dituen Ebazpen baten bidez eman edo ukatuko ditu dirulaguntzak, eskabidea aurkezten den egunetik hasita hiru hilabeteko epean. Epe horretan Ebazpenik ematen ez bada dirulaguntza eskabidea ez dela onartu ulertu beharko da. Ebazpenaren kontra errekurtsoa jarri ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.
6.-Zenbatekoa.
Nafarroako Gobernuak, aurrekontuetako diru baliabideak kontuan harturik, honako eskalaren arabera finantzatuko ditu jarduketak:
-Suhiltzaile bolondresak, % 100 arteko dirulaguntza.
-Herri babesa eta larrialdien ardura, % 50 arteko dirulaguntza.
-Udaltzainen ekipamendua, % 50 arteko dirulaguntza.
-Bideko segurtasuna, % 15 arteko dirulaguntza, 10 milioi pezeta gehienez ere.
-Zezen plaza finkoak egokitzea, % 40 arteko dirulaguntza.
-Finkoak ez diren arauzko zezen plazak egokitzea, % 40 arteko dirulaguntza, zortzi milioi pezeta gehienez ere.
Proiektuaren eta obra zuzendaritzaren gastuetarako dirulaguntza emanen da, obrei dagokien portzentaia berean, beti ere lanbideetako elkargoen tarifa orientatzaileak gainditzen ez badituzte.
7.-Finantzaketa.
Dirulaguntzak 1998ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako kontusail hauen kargura emanen dira:
-02320-4600-2211, 05420-1 lerroa: "Suhiltzaile bolondres, sorospen eta larrialdietarako hitzarmenak".
-02320-4810-2211, 05430-9 lerroa: "Sorospen eta larrialdietarako hitzarmen eta programak, irabazi asmorik gabeko entitateekin".
-02320-7600-2211, 05460-0 lerroa: "Udaltzaingoen programetarako laguntzak".
-02400-7600-2211, 05470-8 lerroa: "Suhiltzaile bolondres, sorospen eta larrialdietarako hitzarmenak".
-02320-7600-2211, 05480-5 lerroa: "Zezen ikuskizunetarako esparruen segurtasuna hobetzeko laguntzak".
-02320-7810-2211, 05490-2 lerroa: "Sorospen eta larrialdietarako hitzarmen eta programak, irabazi asmorik gabeko entitateekin".
Aurkezturiko eskabideak aurrekontuetan behar adinbat baliabide ez izateagatik diruz lagundu ezin badira, aurkeztutzat joko dira, behar diren ondorioetarako, beti ere Nafarroako Gobernuak hurrengo urteko aurrekontuan laguntza horiek mantentzen baditu.
8.-Ordainketa.
Dirulaguntzak emanen dira jarduera egin dela edo neurriak hartu direla egiaztatu ondoren.
Egiaztapena eta ondorengo ematea, oro har, behin bakarrik eta osorik eginen da, eta salbuespen gisa zatituta, jarduera eta hartutako diruaren aplikazioa egiaztatzen duten frogagiri partzialak aurkeztu eta gero.
9.-Dirua aurreratzea.
Ohiz kanpoko izaeraz eta behar bezala justifikatuta dagoenean, dirulaguntzaren zati batzuk aurreratu egin ahalko dira, dirulaguntza osoaren % 25eko mugarekin. Halakoetan inbertsioaren onura publiko edo soziala egiaztatu beharko da, bai eta dirua aurreratzea ezinbestekoa dela proiektu edo jarduerari ekiteko.
10.-Onuradunen betebeharrak.
Foru Agindu honetako laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Barne Zuzendaritza Nagusiko Zerbitzuek egiten duten edozein egiaztapen onartzea.
b) Laguntzak emateko ebazpenean ezarritako epeak eta gainerako baldintzak betetzea.
c) Dirulaguntza eman aurretik eskatzen diren agiriak aurkeztea.
d) 20 milioi pezetatik gorako dirulaguntza jaso duten toki entitateek Toki Administrazioko Departamentuaren txosten bat aurkeztu beharko dute, entitatearen egoera ekonomikoa eta finantza ahalmena azaltzeko.
e) Irabazi asmorik gabeko erakundeek dirulaguntza jaso aurretik egiaztatu beharko dute Ogasun Publikoarekiko betebeharrak egunean dituztela, bai eta, behar den unean, dagozkien kobrantzen kontabilitate erregistroa.
f) Barne Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea xede berbererako beste dirulaguntzaren bat eskatu edo jaso duten.
11.-Ez betetzea.
Oinarri hauetako baldintzak ez betetzeak laguntza galtzea ekarriko du eta, halakorik izan bada, jasotako dirua itzuli beharra, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzen kontzesio, kudeaketa eta kontrolerako araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluetan aurreikusi bezala.
Era berean, onuradunak Lege horren VI. Kapituluan aurreikusitako zehapen araubideari lotuta egonen dira.
Bigarrena.-Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko uztailaren hiruan.-Lehendakaritza eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Indurain.
Iragarkiaren kodea: A9806342