71. ALDIZKARIA - 1998ko ekainaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

133/1998 FORU AGINDUA, maiatzaren 8koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, ezgaitasun psikiko, zentzumenezko eta mugimenezkoei loturiko hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak Bigarren Hezkuntzako ikastetxe arruntetan Oinarrizko Hezkuntzarekin jarrai dezaten eskolatzeko eta laguntza emateko prozedurari buruzko jarraibideak ematen dituena.

Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuaren zuzendariak adostasun txostena eman du, ezgaitasun psikiko, zentzumenezko eta mugimenezkoei loturiko hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak Bigarren Hezkuntzako ikastetxe arruntetan eskolatzeko eta laguntza emateko prozedurari buruzko jarraibideak onetsi daitezen.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak, Lehen Tituluko bosgarren kapituluan, hezkuntza bereziari buruzko oinarriak ezartzen ditu. 36. artikuluak dioenez, ikasle horiekiko ardura eskolako normalizazio eta integrazio printzipioek zuzenduko dute, eta ikasturte bakoitzaren bukaeran ebaluatuko dira hezkuntza premia bereziak dituen ikasle bakoitzak erdietsitako emaitzak, aurreikusitako helburuekin alderatuta. Balorazio horren arabera aldatu egin ahalko da aurreikusitako jarduketa plana.

Lege horren 37.3 artikuluan honakoa zehazten da: ikasleak hezkuntza bereziko unitate edo ikastetxeetan eskolatuko dira baldin eta ikastetxe arrunt batean ikasleen premiei erantzuterik ez badago.

Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen hezkuntzaren antolamenduari buruzko apirilaren 28ko 696/1995 Errege Dekretuak (Nafarroako Foru Komunitaterako arau osagarria) bere antolaketa eta curriculum alderdietan ikasle horien hezkuntzarako aginduak ematen ditu.

Hezkuntza eta Kultura Departamentuak komenigarri irizten dio jarraibide batzuk emateari, ikastetxe eta profesionalek orientabideak izan ditzaten ezgaitasun psikiko, zentzumenezko eta mugimenezkoei loturiko hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak Bigarren Hezkuntzako ikastetxe arruntetan eskolatzeari eta beraien hezkuntza antolatzeari buruzko erabakietan.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2.b) artikuluak emandako ahalmenez baliaturik,

AGINDU DUT:

Lehenengoa.-Foru Agindu hau Nafarroako Foru Komunitatean aplikatuko da.

I. ZENTZUMENEZKO ETA MUGIMENEZKO EZGAITASUNEI LOTURIKO HEZKUNTZA PREMIA BEREZIAK DITUZTEN IKASLEAK

Bigarrena.-1. Ikusmen, entzumen edo mugimenezko ezgaitasunei loturiko hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eskolatuko dira orokorrean, ikastetxe arruntetan, dagokien kurtso eta taldean.

2. Mugimenezko edo entzumenezko urritasun handiagoa duten ikasleak lehentasunezkoak deitzen diren ikastetxeetan eskolatu ahalko dira, laguntza berariazkoagoak jasoko baitituzte. Otsailaren 20ko 57/1996 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz, talde psikopedagogikoek baloratuko dute zer den komenigarriago: ikasle horiek beren eskolatzea ikastetxe arrunt batean jarraitzea edo lehentasunezko batean.

3. Ikastetxe arrunt batean edo lehentasunezko batean eskolatutako ikasleek curriculum arrunta jarraituko dute eta, horrela, Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua lortzeko beharrezkoa den gaitasunen garapen mailara iritsi ahalko dira.

4. Ikasleek, beren laguntza beharraren arabera, errefortzu pedagogikoaren edo curriculum egokitzapenaren beharra izan dezakete, erregimen orokorreko ikasketei dagokienez. Arlo eta ikasgai ezberdinetako irakasleek emanen dizkiete klaseak ikasle horiei; orientatzailearen aholkularitza izanen dute, bai eta Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroko (CREENA) berariazko taldeen eskuhartzea ere. Hori guztia ikastetxeko Orientabide Departamentuak edo halakorik ez bada ordezko organoak koordinatuta.

5. Ikasle horien ebaluazio, kalifikazio, mailaz igotze eta titulazioa abenduaren 26ko 515/1994 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera eginen da. Foru Agindu hori Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egiten ari diren ikasleen ebaluazio eta kalifikazioari eta gainerako arauei buruzkoa da.

II. EZGAITASUN PSIKIKOARI LOTURIKO HEZKUNTZA PREMIA BEREZIAK DITUZTEN IKASLEAK

Hirugarrena.-1. Adimen urritasun arin edo ertaineko ezgaitasun psikikoari loturiko hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek, baldin eta Lehen Hezkuntza ikastetxe arruntetan egin badute, Oinarrizko Hezkuntzako prestakuntzarekin jarraituko dute eta, beren berezitasun eta ezaugarrien arabera, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan integrazio erregimenean edo, bestela, berariazko ikastetxeetan eskolatuko dira.

2. Berdin eginen da zentzumenezko edo mugimenezko ezgaitasuna eta horri loturiko adimen atzerapena duten ikasleen kasuan.

3. Integrazio erregimena honako alderdiak garatzen dituen hezkuntzako laguntza da:

a) Laguntza intentsiboa berariazko unitate batean.

b) Ikastetxeko jarduera orokorretan parte hartzea.

c) Arlo eta/edo ikasgai batzuetan erreferentzi talde batean integratzea, bere programa berezia garatuko duen curriculum egokitzapena eginda.

Laugarrena.-1. Talde psikopedagogikoei dagokie Foru Agindu honen hirugarren puntuan aipatu ikasleen balorazioa eta eskolatze motaren proposamena egitea, otsailaren 20ko 57/1996 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiz.

2. Ikasle hauek Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean sartzerik baduten zehazteko, kontuan hartuko da, Lehen Hezkuntzako eskolatze denboran lorturiko egokitzapen mailen eta gaitasunen arabera, oinarrizko prestakuntza modu egokian jarraitzerik izanen ote duten Bigarren Hezkuntzako ikastetxe arrunt batean. Kontuan izanen da inguru desberdina dutela Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batek eta Lehen Hezkuntzako batek.

Bosgarrena.-1. Ezgaitasun psikikoa duten ikasleentzat, ikastetxeak berariazko curriculum bat eginen du, curriculum arruntaren bidez garatu nahi diren gaitasun orokorretatik abiaturik. Horren bidez oinarrizko prestakuntzaren jarraipena bermatu nahi da, gizarteratze eta laneratzearekin zerikusia duten helburu eta edukiei lehentasuna emanez.

2. Curriculum proposamen hau diseinatzeko, ondoko erreferente eta irizpide hauek kontuan hartuko dira:

a) Lehen Hezkuntzaren curriculumeko helburu eta edukiak, bai eta D.B.H.ko helburu orokorrak ere, beren gaitasun, interes eta motibazioei ongi egokituak.

b) Hezkuntza Bereziko ikastetxeetarako erreferentzi curriculuma, 1996ko apirilaren 25eko Ebazpenean ezarria (1996-05-17ko "E.A.O.").

c) Curriculum proposamenaren ikuspegi orokor eta funtzionala; proposamen hori ezagutza arlotan egituratuko da, ikaskuntzen adierazgarritasun handiagoa bermatzeko.

d) Ikastetxeko jarduera orokorrak, ikasleak gaitasun sozialak garatzen dituzten inguru normalizatuetan integratzeko bidea emanen dutenak.

e) Curriculum proposamenaren ikuspegia ikasleen adinaren arabera desberdintzea. Eskolatze tarte honen hasieran, curriculum proposamena aurreko etapan eskuratutakoa indartzen jarraitzera bideratuko da gehien batean; gero tailerreko jardueretara bideratuko da, geroago lanbide heziketan sartzeko oinarrizko prestakuntza gisa. Hala ere, oinarrizko helburu eta eduki kulturalak sartu behar dira, beren maila pertsonal eta sozialetan.

3. Ikastetxeak proposaturiko berariazko curriculum honetatik abiatuta, ikasle bakoitzaren curriculum egokitzapena eta programa eginen dira. Egokitzapenak biltzeko, Curriculum Egokitzapenen Banakako Agiria beteko da. Agiri horretan, gutxienez, honakoak sartuko dira: ikaslearen identifikazio datuak, parte hartzen duten profesionalak, hasierako ebaluazioa (aurrekariak, curriculumeko gaitasuna, ikaskuntza estiloak...) eta antolaketa, curriculum eta metodologia mailan hartutako erabakia. Egokitzapenen banakako agiri hau, bai eta egokitzapen horien aurreko ebaluazio psikopedagogikoaren txostena eta eskolatze irizpena ere, ikaslearen ikasketa espedienteari erantsiko zaizkio.

Seigarrena.-1. Ondorio administratiboetarako, ikasle hauek, ez baitituzte erregimen orokorreko ikasketak egiten, Pedagogia Terapeutikoko irakasleen tutoretzapean dagoen talde bat osatuko dute; dena dela, talde arrunt batean egonen dira ikastetxeko arlo, ikasgai eta/edo jarduera orokorretan parte hartzen dutenean, beren programako berariazko helburuak lortu ahal izateko.

2. Programa honetako helburuak lortzeko, ezgaitasun psikikoari loturiko hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek, eskola orduetako gehienetan, Pedagogia Terapeutikoko irakasleen laguntza zuzena izanen dute. Irakasle horien zeregina da aipatu ikasleen programaren diseinua eta garapena eta beren tutoretza.

3. Programan aurreikusitako gizarteratze helburuak lortu ahal izateko, akademikoak ez diren jardueretan parte hartzeko plangintza eginen da eta, ahal den neurrian, zenbait arlo eta/edo ikasgaitan parte hartzekoa; azken hauen kasuan curriculum egokitzapenak egin beharko dira. Hori horrela izan dadin, pedagogia terapeutikoko irakasleak eta orientatzailea aipatu taldeko irakasleekin eta tutorearekin koordinatuko dira.

Zazpigarrena.-Ikastetxeek prestakuntza bide bat antolatuko dute, ikasle horien beharrei egokitutakoa. Horretarako, organo eta irakasleek eginkizun hauek garatuko dituzte:

a) Koordinazio Pedagogikoaren Batzordeak irizpideak ezarriko ditu, Orientabide Departamentuak hezkuntzako erantzuna antola eta zehaz dezan, aniztasunaz arduratzeko plan orokorraren barnean.

b) Zuzendaritza taldeak hezkuntzako erantzun egokia eman dadin lagunduko du, kasu bakoitzean beharrezkoak diren baliabide materialak eta antolaketakoak emanez; Koordinazio Pedagogikoko Batzordean hartutako erabakiak gauzaraztearen ardura ere izanen du.

c) Orientabide Departamentuak berariazko curriculuma prestatuko du eta ikasle horiendako hezkuntzako erantzuna antolatu eta pertsonalizatu beharko du, Koordinazio Pedagogikoko Batzordeak jarritako irizpide eta printzipioetatik abiatuta; hezkuntzako ekintza hori bultzatu eta koordinatu egin beharko du.

Orientabide Departamentuak aurretiaz planifikatuko ditu, arloetako irakasleekin batera, bai integrazio jarduerak, bai eta ikastetxeko arlo, ikasgai eta/edo jarduera orokorren batean integratzeko programan egin beharreko egokitzapenak ere; horrela zehaztu ahalko da laguntzak eta jarduerak bidezkoak diren ala ez.

d) Orientatzaile koordinatzaileari dagokio Ebaluazio Psikopedagogikoa, banakako curriculum proposamena egiteko eta integrazio jardueren plangintzan laguntzeko. Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (CREENA) aholkularitza izan dezake bere eginkizuna betetzeko.

e) Pedagogia terapeutikoko irakasleei dagokie programaren diseinua egitea; halaber, ikasle horiei klaseak emanen dizkiete eta beren tutoretza izanen dute eskolatuta dauden bitartean. Ikastetxe barnean edo ikastetxetik kanpo jarduera normalizatuetako integrazio eremuak koordinatzeko ardura izanen dute.

f) Departamentu didaktikoek ikasle horiek zenbait jarduera eta/edo ikasgaitako jardueratan integratzen lagunduko dute.

g) Arloetako irakasleek integrazio jarduerak eta curriculum egokitzapenak prestatuko dituzte Orientabide Departamentuarekin batera, eta horrela ikasleen parte hartze eta integrazioari lagunduko zaio, bakoitzaren gaitasun mailaren arabera.

Zortzigarrena.-1. Ebaluazioaren funtzioa batez ere pedagogikoa da. Horren helburua da ikasleen gaitasun eta ikaskuntzen garapen maila baloratzea, lortu diren hezkuntza helburuak kontuan harturik eta ikaskuntza prozesuan erakutsitako jarreren arabera.

2. Ebaluazioaren bidez laguntza pedagogikoa egokitu eginen da eta pertsonalizatua izanen da; etenik gabe eta modu integratuan eginen da, ikasleen gaitasun guztien garapen armonikoa errespetatuz.

Bederatzigarrena.-Ikasle hauen ebaluazioa egiterakoan kontuan hartuko dira ikastetxeak horietako bakoitzarentzat egindako berariazko curriculumean ezarri diren hezkuntza helburuak eta ebaluazio irizpideak. Berariazko curriculum hori zehazturik dago Foru Agindu honen bosgarren puntuan aipatzen den Curriculum Egokitzapenen Banakako Agirian.

Hamargarrena.-1. Ikasleak Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean sartzen direnean hasierako ebaluazioa eginen da. Horren helburua informazioa biltzea da, irakaskuntza eta ikaskuntza prozesua ikasleen ezaugarriei egokitu ahal izateko. Hasierako ebaluazio hau ikaslearen ikasketa espedientean bilduko den Ebaluazio Psikopedagogikoaren Txosteneko zati bat da.

2. Ikastetxeko idazkaritzak ikasketa espedientea irekiko du ikaslearen matrikula egin ondoren eta izen-emate orriko datuak kontuan harturik. Espediente hori ireki eta gero (Foru Agindu honen I. Eranskineko ereduaren araberakoa), gainerakoa tutoreak beteko du. Ikasketa espedienteari honako agiriok erantsiko zaizkio: Eskolatze Irizpena, Ebaluazio Psikopedagogikoaren Txostena eta Curriculum Egokitzapenen Banakako Agiria.

Hamaikagarrena.-1. Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean eskolatuta egondako urteetan etengabe bilduko da ikaslearen informazioa, eta horren bidez ikaslearen bilakaera aztertu ahalko da, curriculum proposamenekin alderatuta. Ezarri diren ebaluazio helburu eta irizpideen aurrean izan dituen lorpen eta zailtasunak azalduko dira, ikasle bakoitzaren gaitasunak kontuan hartuta. Etengabeko ebaluazio horren emaitzak hiru hilabetetan behin erregistratuko ditu irakasle tutoreak, Ikaslearen Ebaluazio eta Kalifikazio Erregistroan. Delako Erregistroa Foru Agindu honen II. Eranskinean ezarritako ereduaren araberakoa izanen da.

2. Hiru hilabetetan behin irakasle tutoreak ikasle bakoitzaren aurrerapenaren berri emanen die, idazki baten bidez, gurasoei edo legezko ordezkariei.

Eskolatze urte bakoitza amaitutakoan, irakasle tutoreak laburpen txosten bat eginen du ikasleak ikasturtean izandako aurrerapena azaltzeko. Laburpen txosten hori ikaslearen Ebaluazio eta Kalifikazio Erregistroari erantsiko zaio.

Hamabigarrena.-1. Ikasle horiek Bigarren Hezkuntzako ikastetxean eskolatzea amaitzen dutenean, irakasle tutoreak Oinarrizko Hezkuntzako lorpenen balorazio orokorra eginen du, eta irakaskuntza horren azken ebaluazioaren balioa izanen du.

2. Aurreko idazatian aipaturiko azken ebaluazioko emaitzak ebaluazio agiri hauetan azalduko dira:

-Ikaslearen ikasketa espedientea

-Ikaslearen ebaluazio eta kalifikazio erregistroa

-Azken ebaluazioko akta

-Oinarrizko Hezkuntzako Eskolatze Liburua

3. Ikaslearen ikasketa espedientean azken ebaluazioaren emaitzak jarriko dira horri dagokion lekuan; egindako esparru bakoitzean Curriculum Egokitzapenari (C.E.) dagokion maila akademikoa jarriko da.

4. Ikasturte akademiko bakoitza amaitutakoan Azken Ebaluazioaren Akta eginen da, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe bakoitzean berariazko curriculuma duen Oinarrizko Hezkuntzako eskolatzea ikasturte horretan bukatzen duten ikasle guztiak hartuta.

Azken ebaluazioaren akta Foru Agindu honen III. Eranskineko ereduaren araberakoa izanen da.

5. Ikasle bakoitzaren azken ebaluazioko emaitzak Oinarrizko Hezkuntzako Eskolatze Liburuaren 29. orrialdetik aurrerako orri zurietan ere erregistratuko dira, Foru Agindu honen IV. Eranskineko eginbidea ereduari jarraikiz. Eskolatze Liburuan egiten den azken ebaluazioko emaitzen erregistroa, berriz, ikastetxeak eskolatzea bukatutakoan eman beharreko egiaztapena izanen da.

Eginbide berean ikastetxearen egiaztapen bat ere agertuko da, zeinetan adieraziko baita berariazko curriculuma duen Oinarrizko Hezkuntzan zenbat urte egin dituen eskolatuta.

Hamahirugarrena.-1. Ikasle bakoitzaren erritmo eta mailak errespetatzearren, bigarren hezkuntzako ikastetxe batean eskolaturik oinarrizko hezkuntzan eginiko urteak ziklo oso bakar baten moduan antolatuko dira. Hori horrela izanik, ez zaie ikasle hauei aplikatuko mailaz igotzeari buruzko arautegi orokorra.

2. Oinarrizko Hezkuntza amaitutakoan, ikasle hauek beren prestakuntzari jarraipena emanen diote Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleendako Lanbide Hastapeneko Programetan edo Heldutasunera Igarotzeko Prestakuntza Programetan, horrela prestakuntzaren bidez helduen bizimoduan eta lan munduan sartzeko gaitasuna lor dezaten.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.-Ahalmena ematen zaio Hezkuntza zuzendari nagusiari Foru Agindu honetan xedatutakoa aplikatu eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Agindu hau eta eranskinak igortzea Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura, Ikasketa eta Ikastetxeen Antolamendurako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Hezkuntza Sustapen eta Hedapenaren Atalera, Hezkuntza Berriztapenaren Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Hirugarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko maiatzaren zortzian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: A9804374