71. ALDIZKARIA - 1998ko ekainaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

FORU AGINDUA, 1998ko maiatzaren 25ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nekazaritzako Egituren Zerbitzuan aritzeko bi beka sortu eta horiek eskuratzeko dei egiten duena.

1997ko azaroaren 17ko Foru Aginduaren bidez, Nekazaritzako Egituren Zerbitzuan aritzeko bi beka sortu eta horiek eskuratzeko deialdia egin zen eta 1998ko urtarrilaren 26ko Foru Aginduaz, bi beka horiek eman zitzaizkien horretarako osatutako batzordeak hautatutako izangaiei. Emandako beken onuradunek uko egin diote haiek eskuratzeari eta gerta litezkeen bajak betetzeko aurreikusiak ziren ordezkoek ez dute Zerbitzuak egin dien eskaintza onartu, bitarte horretan beste lanpostu batzuetan hasi baitira.

Ikusirik Nekazaritzako Egituren Zerbitzuak bertan arituko diren graduatuentzako beste bi beka sortzeko egin duen proposamena, gazte tituludunen prestakuntzarako lagungarri gerta daitekeelakoan eta, horretaz gainera, Zerbitzuak berak ere onura har baitezake bekadunek egiten dituzten lanetatik.

Nafarroako 1998ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 21/1997 Foru Legearen 31.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz,

AGINDU DUT:

1. Departamentu honetako Nekazaritzako Egituren Zerbitzuan aritzekoak izanen diren graduatuentzako bi beka sortzea, klimatologiarekin, lurraren egoerari buruzko azterketekin eta herrilurren gaineko jarduketekin zerikusia duten arloetan praktikak egiteko.

2. Nekazaritzako Egituren Zerbitzuak bekadunen esku utziko ditu praktikak aurrera ongi eramateko erabilgarriak izan daitezkeen dokumentazioa eta gainerako baliabide materialak.

3. Praktikaldian egiten diren azterketa eta lanak Nekazaritzako Egituren Zerbitzuak hautatuko duen tutoreak zuzendu eta gainbegiratuko ditu. Tutoreak, egin beharreko lanak agindu, ordutegiak finkatu eta bekadunek beren eginbeharrak bete ditzaten begiratuko du.

4. Izangaiek Nekazaritzako ingeniari titulua edo Nekazaritzako ingeniari teknikoarena eduki beharko dute, gehienez ere orain dela hiru urte lortutakoa, Nafarroan bizi beharko dute deialdi hau egiten denean eta 28 urtetik beherakoak izan.

5. Deialdi honetako bekak Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hurrengo hamabost egun naturaleko epean eskatzen ahalko dira.

6. Eskaerak Nekazaritzako Egituren Zerbitzuaren Erregistroan, Urdazubiko Monastegia kaleko 28-7.ean, 31011 Iruña, aurkeztuko beharko dira, ondoko agiriokin batera:

a) Esku hartzeko eskabidea.

b) Curriculum vitae, egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak, dakizkien hizkuntzak eta aipatzea egokitzat jotzen duen merezimendu guztiak adierazita.

c) Espediente akademikoaren ziurtagiria, maila bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espreski aipatuz.

d) Nekazaritzako ingeniari tituluaren fotokopia konpultsatua, edo Nekazaritzako ingeniari teknikoarena, edo lortuak dituen bestelako diplomena.

e) Jaiotagiria edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

f) Familiaren bizitokia Nafarroan dela frogatzen duen ziurtagiria.

7. Bekadunen hautaketa ondoko hauek osatzen duten Batzordeak eginen du:

Batzordeburua: Miguel Donézar Díez de Ulzurrun jauna, Lurzoru eta Klimatologi atalburua.

Batzordekideak: Cecilia Osácar Arraiza andrea, Ana Mª Vicente Alzuaz andrea eta Joaquín del Valle de Lersundi Manso de Zúñiga jauna, Nekazaritzako Egituren Zerbitzuko teknikariak.

Idazkaria: Nazareth Yábar Martínez andrea, Nekazaritzako Egituren Zerbitzuko letratua.

Batzordeak aurkezten diren eskabideak aztertu eta baloratuko ditu, ondoko merezimenduen arabera:

a) Espediente akademikoa, karrera bukaerako lana kenduta: 4 puntu gehienez ere.

b) Karrera bukaerako lana: 1,5 puntu gehienez ere.

c) Deialdiarekin zerikusia duten beste titulu akademiko eta prestakuntza ikastaro batzuk: gehienez ere puntu bat.

d) Lan esperientzia: puntu 1, gehienez ere.

e) Hizkuntzak: 0,5 puntu gehienez ere.

f) Elkarrizketa pertsonala: 2,0 puntu gehienez ere.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, eta gehienez ere 10 eguneko epean, batzordeak jendaurrean jarriko du a, b, c, d eta e idazatietan gutxienez 3 puntu lortu dituzten izangaien zerrenda, eta zerrendako izangai horiei dei eginen die elkarrizketa pertsonala egiteko gehienez ere 10 eguneko epean. Bazterturik geldituko dira baremoko idazati guztiak harturik 5 puntutik beherako emaitza ateratzen dutenak.

Batzordeak bekak emateko proposamena eginen du, izangaien lehentasun ordenaren arabera, zerrenda 10 eguneko epearen barruan argitara eman beharko duelarik. Elkarrizketa pertsonala egin aitzin, izangai bat bakarra ere ez bada 3 puntura iristen edota, horren ondotik, baremoaren guztirako eskatzen diren 5 puntuak inork lortzen ez baditu, batzordeak deialdia eman gabe deklaratzeko proposamena igorriko dio deialdia egin duen organoari.

8. Bekak emanen dira Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren Foru Aginduaren bidez, eta eman direlako adierazpena agerian paratuko da Nekazaritzako Egituren Zerbitzuko iragarki oholean.

9. Onuradunek hasi beharko dute praktikak egiten beka eman zaiela jakinarazi ondoko 10 egunen barrenean. Horrela egiten ez badute, bekari uko egin diotela ulertuko da.

10. Emandako bekari uko egiten bazaio, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari eman beharko zaio horren berri. Edozein arrazoi dela medio bekari uko eginez gero, beka hori emanen zaio batzordeak zehaztu duen zerrendako ordenaren arabera hurrengoa denari.

11. Nafarroako Gobernuak ebatziko ditu oinarri hauek aplikatzean sortzen diren auzi guztiak.

12. Beka bakoitza 840.000 pezetakoa izanen da, urtebeterako. Diru hori hilabetero ordainduko da, 70.000 pezeta aldian, edo dagokion zati proportzionala, hala behar bada. Beka hau ezin jasoko da beste edozein beka, ordainsari edo laguntzarekin batera.

13. Bekek gehienez ere 12 hilabete iraunen dute, hasten direnetik hartuta. Dena den, beste 12 hilabetez luzatzen ahalko dira, Nekazaritzako Egituren Zerbitzuko zuzendariak hala eskatzen badu espreski.

14. Bekadunek Nekazaritzako Egituren Zerbitzuaren bulegoetan eta egin beharreko praktiketarako egokiak diren tokietan jardunen dute.

15. Bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egiten ardurarik jartzen ez badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi bateko edo betiko galduko du, Nekazaritzako Egituren Zerbitzuko zuzendariak proposatu eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak hala erabakita, eta horrekin batera dotazio ekonomikoaren zati proportzionala ere galduko du.

16. Prestatzen diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuarena izanen da, eta berak baizik ez du haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea izanen.

17. Bekadunek ez dute inolako lan harremanik edo administratiborik ez eta beste eskubiderik ere eskuratuko Nekazaritzako Egituren Zerbitzuarekin.

18. Foru Agindu honetan ezarritakoa aurrera eramateko 1.680.000 pezetatako gastua onestea. Diru horren parte bat 1998ko gastuen aurrekontuko "Graduatuak prestatzeko bekak" izeneko 72220-4809-5312 kontusailaren 27780-4 lerroaren kargura ordainduko da, eta gainerakoa Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak 1999ko aurrekontuan zehazten duen kontusailaren kargura, 1998ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 21/1997 Foru Legeko 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

19. Foru Agindu honen aurka errekurtso arrunta aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratzen denetik hasi eta hilabeteko epearen barrenean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen arabera.

20. Foru Agindu hau igortzea Nekazaritzako Egituren Zerbitzuari eta Departamentu honetako Ekonomi Aferetarako Bulegora eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin agintzea.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko maiatzaren hogeita bostean.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A985098