58. ALDIZKARIA - 1998ko maiatzaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

EBAZPENA, 1998ko martxoaren 30ekoa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko mantenimenduko ofizial izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 1998ko martxoaren 30ean emandako Ebazpenaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko mantenimenduko ofizial izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi da.

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da mantenimenduko ofizial izateko lanpostu bat oposizio bidez, txanda irekian, betetzea. Lanpostuaren zenbakia 35690 da eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuari atxikia dago; destinoa Iruñean.

1.2. Izendapenak nomina eta plantilako funtzionario bihurtuko du izendatua, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin.

1.3. Lanpostuak C mailako lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta gainerako xedapen aplikagarrietan erabakitakoaren arabera.

1.4. Izangaia, hautapen probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuan aritzeko izendatu ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu eta funtzionario eginez gero, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean afiliatuko da eta alta emanen zaio, erregimen horretan aurreikusitako babesean.

Deialdi honetako lanposturako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen erregimenean eta osasun eta gizarte laguntzan, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dagoen funtzionarioak bertan segitzea aukeratu ahalko du edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.5. Izendatutako izangaiak destinoko herrian bizi beharko du, eta horretarako, udalerri horretan eduki beharko du bizilekua. Administrazioko organo eskudunek destinoa aldatu ahalko dute.

1.6. Lanaldiaren erregimena zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek edozein unetan aldatu ahalko dute.

2.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nazionalitate espainiarra izatea.

b) Adin nagusikoa izatea.

c) Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulua (elektrizitateko adarra), edo horietakoren bat eskuratzeko baldintzak betetzea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

d) Bere eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak betebehar horiek frogatu beharko ditu deialdi honen 7.2. oinarrian aurreikusitako epe eta moduan. Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean betetzen dituela ulertuko da eta oposizioan zehar haien jabe izan beharko dute izendapena bitarte.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Eskabide horiek deialdi honetan aurkeztutako ereduari beharko zaizkio lotu. Nafarroako Gobernuko Argibide Bulegoan, Karlos III.a Etorb., 2, atarian, eskuratuko da, eta bertan, izangaiek, eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzerako, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute.

3.2. Minusbaliatuek ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar ditzaketen egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute zein minusbaliotasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten, eta minusbaliotasunaren ziurtagiria, erakunde eskudunek luzatua, erantsi beharko dute.

3.3. Espedientea formalizatu eta azterketa eskubideak izatearren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 1.000 pezeta ordaindu izanaren ziurtagiria erantsi beharko zaio eskabideari.

3.4. Luzaezina da eskaerak aurkezteko epea.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak Ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duena, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.

4.2. Baztertutako izangaiek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, erreklamazioak egin ahalko dituzte eta, okerrik izanez gero, haiek zuzendu.

4.3. Erreklamazio epea iraganik, eta haiek ebatzitakoan, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak Ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duena, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.

5.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Kide hauek osatuko dute Epaimahai kalifikatzailea:

-Mahaiburua: Trinidad Eslava Muruzabal jauna, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Inbertsio Zerbitzuko zuzendaria.

-Ordezkoa: Francisco Javier Zabalza Ducun jauna, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Obra eta Ekipamendu atalburua.

-Mahaikidea: Goio Mendoza Erice jauna, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Eraikuntza bulegoburua.

-Ordezkoa: Anastasio Navascués Martínez jauna, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Ikastetxe eta Egoitzen Mantenimendu atalburua.

-Mahaikidea: Manuel Pardo Romano jauna, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Ekipamendu bulegoburua.

-Ordezkoa: José Angel Ros Nestares jauna, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Inbertsio Zerbitzuko ingeniari teknikoa.

-Mahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordearen ordezkaria, horrexek hautatua.

-Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordearen ordezkaria, horrexek hautatua.

-Mahaikide idazkaria: Jesús Javier Ascunce Elizaga jauna, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko idazkari teknikoa.

-Ordezkoa: Begoña Unzué Vela andrea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Langileri atalburua.

Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo absolutua bildu gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak balioa izateko, mahaiburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak bederen elkartu beharko dira.

5.3. Epaimahai kalifikatzaileko kideek ez dute parte hartuko, deialdia antolatu duen organoari horixe esanen diotelarik, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako abstentzio arrazoiak daudenean.

Halaber, izangaiek, aipatu gora-beherak suertatuz gero, epaimahaikideak errefusatu ahalko dituzte.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistei dei egin ahalko die proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira eta haietan soilik emanen diote laguntza Epaimahaiari.

6.-Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioa 1998ko irailean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen Ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Gero, Epaimahaiak behar den garaian aditzera emanen ditu gainerako probak egiteko iragarkiak, arauzko moduan.

6.2. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

Lehen ariketa: deialdi honen II. Eranskinaren lehenengo zatian azaltzen diren gaien artetik zozketa bidez ateratako gai bat garatu beharko da, idatziz, gehienez ere ordu batetan.

Bigarren ariketa: deialdi honen II. Eranskinaren bigarren zatian azaltzen diren gaien artetik zozketa bidez ateratako bi gai garatu beharko dira, idatziz, gehienez ere hiru ordutan.

Hirugarren ariketa: bi proba izanen dira.

Lehen proba: informatikako (erabiltzaile maila) ariketa teoriko eta/edo praktiko bat izanen da, Word 6.0, Excel 5.0 eta Access 2.0ri buruz. Gehienez ere ordu bat.

Bigarren proba: praktikoa, ordu bat eta erdi gehienez ere, gai zerrendaren bigarren zatiko gaien edukiari eta instalazioen mantenimenduari buruzkoa.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 24 puntu eman daitezke gehienez ere, eta honela banatuko dira ariketen arabera:

Lehen ariketa: 4 puntu gehienez.

Bigarren ariketa: 10 puntu gehienez.

Hirugarren ariketa:

Lehen proba: 5 puntu gehienez.

Bigarren proba: 5 puntu gehienez.

6.4. Lehen ariketa ez da baztertzailea izanen. Gainerako ariketetan, berriz, ariketa edo proba bakoitzeko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak baztertu eginen dira.

6.5. Ariketak baloratzerakoan, aho bateko adostasunik ez badago, epaimahaiak kide bakoitzak emandako puntuazioen batuketa eginen du eta kide kopuruaz zatituko.

6.6. Lehen bi ariketak eta hurrengoetako bakoitza amaitutakoan, Epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta probak egin diren egoitzetan, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda beren kalifikazioekin eta, halaber, oposizioko hurrengo ariketa zein toki, egun eta ordutan eginen den, 48 ordu lehenagotik bederen.

6.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geratuko dira agertzen ez diren izangaiak edo beren nortasuna aipatu agirietakoren bat erabiliz egiaztatzen ez dutenak.

6.8. Hautapen probak egiteko, eskaera egiten duten minusbaliatuentzat, denbora eta baliabide aldeko egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuko iragarki oholean eta azken ariketa egiten den tokian, probak gainditzen dituztenen zerrenda, ateratako puntuazioaren arabera ordenatua, jarriko du jendaurrean, izangai bakoitzak oposizioko ariketetan ateratako kalifikazioak batu ondoren. Gero, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dio probak gainditu eta puntuazio handiena erdiesten duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena. Delako proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiak deialdiaren 2. idazatian adierazitako baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian.

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez den izangaiak, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea egiaztatzen dituen agiri baliokidea.

b) Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak luzatutako txostena, karguari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion eritasun edo akats fisiko nahiz psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

Minusbaliotasunen bat alegatu duen izangaiak, gainera, hura deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik ez dela bereizia izan dioena.

e) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko direla dioena.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste Administrazio Publiko bateko langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekin guztiak frogatzen dituen ziurtagiria, sarrera, antzinatasun, maila, egoera adminictratibo, e.a.i buruzkoa.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finko den izangaiak, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena eta, halakorik bada, ibilgailuak gidatzeko C-1 motako baimenarena.

b) Dagokion kasuan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izateko dokumentazioa, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskatua.

Minusbaliotasunen bat alegatu duen izangaiak, gainera, hura deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuak salbu, agiri horiek aurkezten ez dituena ezin izanen da izendatu, eta bere jarduketa guztiak baliorik gabe geratuko dira, eskabideko faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna galarazi gabe.

7.4. Aurreko idazatian aurreikusitakoa gertatuz gero, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1 idazatian aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du baja, eta horrekin ere aurreko idazatian adierazitako moduan jokatuko da.

8.-Izendapena, lanpostu hutsaren adjudikazioa eta lanpostuaz jabetzea.

8.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko du, mantenimenduko ofizial lanposturako, eta lanpostu hutsa adjudikatuko dio.

8.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epearen barrenean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Ezinbesteko kasuak salbu, jabetzarik hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izateko. Kasu horretan 7.4. idazatian ezarritakoari jarraituko zaio.

9.-Helegiteak.

Deialdi honen aurka, bere oinarri eta egintzen aurka, helegite arrunta jarri ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, helegiten den egintza argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean. Helegitea ebazten duen erabakiaren aurka bidezko izanen da administrazioarekiko helegitea Nafarroako Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko martxoaren hogeita hamarrean.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskaera eredua

.............. jaun/andreak, adin nagusikoa, ...... zk.ko Nortasun Agiri Nazionalaren (edo horren baliokidearen) jabe, .........(e)n (............), 19...eko ..........aren ....(e)an jaioa, ........ nazionalitatekoa, eta helbidea ............(e)ko (........) ......... kalean, .......... posta kodea eta .... telefonoa duenak,

Zure aurrean agertu eta honako hau dio:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ............... izateko, .... lanpostu oposizio bidez eta txanda irekian betetzeko deialdian, ........ (e)ko .... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen hartan, onartua izatea eskatzen duela.

Karguan aritzea galarazten dion eritasun edo akats fisiko nahiz psikikorik ez duela.

Ez duela indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez dela disziplina espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan, ezta desgaitua ere eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdiaren 2. oinarrian adierazitako titulazioaren jabe dela.

Eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzen den egunean, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.

"Baduela minusbaliotasunik, eta horregatik eskatzen duela ondoko egokitzapena, adierazitako arrazoiengatik. (Beste orri batean zehaztuko dira minusbaliotasunaren nondik-norakoak eta eskatzen diren egokitzapenak)

Azaldutakoaren ondorioz:

Eskabide hau onartu eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren zerbitzuko ............. izateko, .... lanpostu oposizio bidez eta txanda irekian betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen du.

Iruñean, 19.....eko .............aren ........(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

Lehenengo zatia

1.-Nafarroako Erresumaren egitura politiko- administratiboa. Foruei buruzko legeak, batez ere 1841eko Lege Hitzartua. Nafarroako Foru Eraentza: bilakaera.

2.-Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa. Lanketa prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Atariko titulua. Erreforma.

3.-Nafarroako Foru Parlamentua edo Gorteak. Eginkizunak. Funtzionamendua: Osoko Bilkura eta Batzordeak. Kontuen Ganbara.

4.-Foru Diputazioa edo Nafarroako Gobernua. Eginkizunak. Lehendakaria. Horren hautaketa. Kontseilariak. Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioa.

5.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Langileen Estatutua. Hautaketa. Funtzionario izaera hartu eta galtzea. Administrazio egoerak. Eskubide, eginbehar eta bateraezintasunak.

6.-Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legea: aplikazio eremua. Administrazio prozedura: hasiera, antolamendua, izapideak eta amaiera. Interesatuak. Baldintzak eta epeak.

7.-Administrazio errekurtsoak: kontzeptua eta izaera. Errekurtso arrunta. Berraztertzeko errekurtsoa.

BIGARREN ZATIA

1.-Eraikinen mantenimendua: kontzeptu orokorrak. Eraikin baten mantenimendua programatzeko jarraibideak. Eraikin baten mantenimendu programa aplikatzeko jarraibideak. Mantenimendu programa prestatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko baldintzak.

2.-Eraikinetan mantenimendurik ez izatearen eta erabilera txarra ematearen eragina: ondorioen zergatiek denborarekin duten bilakaera. Gehien izaten diren kalteak eta horien kokapena. Erabilera txarrak eta mantenimendurik ezak ezbeharrekin duten zerikusia. Erabilera txarraren eta mantenimendurik ezaren ondoriozko kalteak sailkatzeko irizpideak.

3.-Eraikin adimendunak eta kudeaketa eta mantenimendurako informatika tresnak: eraikin adimendunaren kontzeptua. Eraikinen kudeaketa eta mantenimenduari laguntzeko informatika tresnak. Kudeaketa tekniko zentralizatua. M.A.O. Ordenagailuz lagunduriko mantenimendua. Eraikin adimendunetako sistema teknikoen kudeaketa, eragiketa eta mantenimendurako informatika tresnen arteko erlazioaren esparru orokorra.

4.-Komunikazio sareak eraikinen automatizaziorako sistemetan: komunikazio sareak. Automatizazio sistemen nerbio sistema. Sistema baten arkitekturako osagaiak. Komunikazio sareen ezaugarri nagusiak. Dispositiboak partekatzea. Informazio sare korporatiboekin duten bateragarritasuna eta aldi berekotasuna.

5.-Instalazio domotikoen osagaiak: Hartzaileak. Igorleak. Tratamendu unitateak. Eragileak. Komunikazioko kanpoaldeak.

6.-Behe tentsiorako arautegi elektroteknikoa: eraikinetarako banaketa sistema. Lotura instalazioak. Aginte eta babeseko koadro orokorra. Barne instalazioak. Lurrerako hartuneen sistemak.

7.-Nola murriztu energia elektrikoaren kostuak. Elektrizitatearen ordainagiria. Tarifa ofizialak. Tarifen osagarriak. Ordutegi bereiziak.

8.-Etenik gabeko elikatze sistema: funtzionamendua. Egoera garrantzitsuenak. Ekipoen deskribapena. Ezaugarriak.

9.-NBE-CPI.96. Zein aldaketa izan den NBE-CPI.91rekin alderatuta: xedea eta aplikazioa. Zatitzea, hustuketa eta seinalizazioa. Eraikuntza elementuek eta materialek suaren aurrean nola jokatzen duten. Arrisku berezia duten instalazio orokorrak eta tokian tokikoak. Suteen kontrako babes instalazioak. Eraikinetan sartzeko erraztasuna eta ingurunea.

10.-Igogailuak. Doikuntzak egitea. Zerbitzu probak. Mantenimendua: funtzionamendurako baimena. Eredu proiektuaren erakusbide praktikoa. Instalaziorako baimena. Zerbitzuan jartzeko baimena. Aldian aldiko ikuskapena. Igogailu motaren onespena.

11.-Berogailu, aire-egokitze eta A.C.S. instalazioen mantenimendurako arauak: mantenimendu kontzeptua. Legeak sortu betebeharrak. Aldian aldiko gutxieneko egiaztatzeak. Mantenimendu liburua. Titularra eta mantentzailea-konpontzailea.

12.-Gasa. Aparatuak eta aplikazioak: gasen errekuntza. Gas erregaiak. Gasen bero ahalmena. Gas kontsumoa. Aparatuak. Motak eta potentziak. Aireztatzea. Erregailuak, motak eta ekipamendua. Aplikazioak.

13.-Aire egokitua: aire egokituaren ezaugarri fisiologikoak. Aire-egokitze instalazio baten funtsezko eskema. Hozte zikloa. Beroa sorraraztea.

14.-Aire egokitua lokaletan nola banatzen den: banaketa hartuneen tipologia. Aire banaketako hartuneekin lotutako parametroak. Itzulerarako erabiltzen diren aire banaketako hartuneen ezaugarriak. Hedagailu motak. Aire banaketako hartuneen kokapena.

Iragarkiaren kodea: A9803481