58. ALDIZKARIA - 1998ko maiatzaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

128/1998 FORU DEKRETUA, apirilaren 20koa, Lehendakaritza eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 30eko 473/1996 Foru Dekretua aldatzen duena.

Irailaren 30eko 473/1996 Foru Dekretuaren bidez Lehendakaritza eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

Trafiko eta bideetako zirkulazioaren segurtasun arloan eginkizun batzuei buruzko jarduketei ekiteko interesagatik eta delituen biktimei laguntza ematearren, eta orobat, Ekintzak Koordinatzeko Zentroaren (SOS Nafarroa) antolaketa bertatik gaur egun garatzen diren prestazioen profilera egokitzea komenigarria delako, beharrezkoa gertatu da aipatu egituran zenbait aldaketa sartu beharra.

Trafikoaren eta bideetako zirkulazioaren segurtasunaren arloan eginkizunak gauzatzeko unitate organiko berariazko bat sortzeak Foru Administrazioan arlo horretan ematen diren zerbitzuak bateratu beharrari erantzuten dio. Zerbitzu horiek honakoak dira: errepideak eraiki eta zaintzea, garraioa erregulatzea eta trafikoaren zaingoa eta kontrola egitea, hala bide segurtasuneko planak prestatzerakoan nola haien esku jartzen diren ekintzak burutzerakoan.

Delituaren Biktimei Laguntza Emateko Bulegoa jartzearekin gizartean era askotako eta ordezkari ugariko sektoreek nabaritu eta maiz eskatu duten laguntza beharrari etorkizunean babes egokia eman nahi dio. Horren helburua izanen da terrorismoko, bortizkeriako eta askatasun sexualaren kontrako delituen biktimei laguntza integrala emateko eskaintza taxutzea, horien ondorioak murriztu edo arintzeko bederen. Hasberritan, bere jarduketak Foruzaingoarekin koordinatuko ditu, delitu horiei dagokienez, eta jarduketa horietan kontuan hartuko dira biktimak ezezik baita haien inguruneko familia eta gizartea ere, eta denei emanen zaie informazioa, aholkularitza eta babesa, haien eskura jarriz dauden baliabide publiko nahiz pribatuak, laguntza emateko gai direnak, ikuspegi fisiko, psikiko, sozial eta, hala behar denean, materialetik.

Ekintzak Koordinatzeko Zentroaren egituran sartzen den erreforma dela-eta, asmoa da larrialdiko plangintza burutuaraztea eta plan horien sostengua segurtatu eta ekintzarako antolaketa barnean txertatzea, eta bidenabar aipatu larrialdietako zentroan, hurrenez hurren eta dagoen azpiegitura erabilita, garatuz joan diren produktu berrien prestazio egokia sendotzea eta bermatzea.

Horrenbestez, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko apirilaren hogeiko bilkuran hartutako Erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Lehendakaritza eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzeari buruzko irailaren 30eko 473/1996 Foru Dekretuaren V. Kapitulua beste era batera idatziko da, honelaxe hain zuzen ere:

"V. KAPITULUA

Barne Zuzendaritza Nagusia

1. SEKZIOA

Eginkizunak

49. artikulua. Barne Zuzendaritza Nagusiak ondoko eginkizunak izanen ditu:

-Osatzen duten zerbitzuen goi-burutza.

-Zerbitzu horien jarduna bultzatu eta koordinatzea.

-Kontseilariak eskuordetuak.

-Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako ahalmen, onurabide eta zereginak.

2. SEKZIOA

Su-Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzua

50. artikulua. Su-Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

-Pertsonen bizia eta segurtasun fisikoa mehatxatzen dituzten sute eta beste arrisku batzuen kontrako aurreneurriak hartzea.

-Suteak itzaltzea, beste era bateko ezbeharrak murriztea eta inguruabar horiek direla-eta mehatxupean aurkitzen diren pertsonak eta ondasunak babestea.

-Pertsonen salbamendu eta erreskatea.

-Aipatu direnen antzeko eginkizunak burutzea.

51. artikulua. Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuaren baliabideak Nafarroako Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako Partzuergoari eskualdatu zaizkio. Su- itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako Partzuergoaren egitura, haren gobernu organoek berek erabakitakoa izanen da.

3. SEKZIOA

Foruzaingo Zerbitzua

52. artikulua. Foruzaingo Zerbitzuak, Nafarroako Polizi Kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legeak esleitzen dizkion eginkizunak beteko ditu.

53. artikulua. Foruzaingo Zerbitzua egituratuko da bere arautegi berariazkoak ezarritako eran.

4. SEKZIOA

Herri Babeserako Zerbitzua

54. artikulua. Herri Babeserako Zerbitzuak ondoko eginkizunak izanen ditu:

-Arriskuei aurre egiteko neurriak bultzatzea.

-Herri Babesarekin zerikusia duten ikerketak eta dokumentazio teknikoa prestatzea.

-Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzekoak diren Larrialdi Planen prestaketa bultzatu, kontrolatu eta koordinatzea.

-Larrialdi Planei aplikaturiko telekomunikazio eta irratikomunikazioaren gaineko jarduera oro planifikatu, kudeatu, begiratu eta garatzea.

-Larrialdietan parte hartzen duten zerbitzu edo entitateei laguntza ematea, plangintzari, ekintza eta komunikazio logistikaren bateragarritasunari dagokionez.

-Ekintzak Koordinatzeko Zentroaz (CECOP) arduratzea, larrialdietarako.

-Ekintzak Koordinatzeko Zentroaren funtzionamenduari buruzko analisiak egin eta estatistikak prestatzea.

-Nafarroako Herri Babeserako Batzordearen euskarria izatea, administrazio eta teknika arloetan.

-Barne Zuzendaritza Nagusiaren eskumenekoak diren gaiei buruzko ikuskatzailetza eramatea, arriskuen aurreikuspenari eta herri babesari dagokienez.

-Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikitako larrialdi eta herri babeserako itunak prestatu eta kudeatzea.

-Herri babesaren esparruan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagozkion aurrekoen antzeko beste eginkizun guztiak.

55. artikulua. Herri babeserako Zerbitzuan ondoko atal hauek sartzen dira:

-Aurreneurri Atala.

-Plangintza eta Larrialdietarako Atala.

-Azpiegitura eta Baliabide Teknikoen Atala.

56. artikulua. Aurreneurri Atalak ondoko eginkizunak izanen ditu:

-Arriskuei aurre egitera bideratutako ekintza mota oro bultzatzea.

-Erakunde publikoei eta, kasuan kasu, pribatuei arriskuen prebentzio alorrean aholkularitza teknikoa ematea.

-Segurtasunarekin orokorrean zerikusirik duten ikerketa teknikoak prestatzea.

-Suteen edo beste arriskuren kontrako segurtasun neurriei dagokienez administrazio espedienteak ikuskatzea eta, bereziki, ikuskizun lokalei eta jendea joaten den lokalei dagozkienak.

-Segurtasun arautegia eta neurriak betetzen diren edo ez ikuskatzea.

-Gertatutako ezbeharrak ikertzea, horiek sortu dituzten arrazoiak eta horien garapena erraztu duten faktoreak zehazteko.

-Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa nahiz osagarria.

57. artikulua. Plangintza eta Larrialdietarako Atalak ondoko eginkizunak izanen ditu:

-Ekintzak Koordinatzeko Zentroaren (SOS Nafarroa) jarduera zuzendu eta kontrolatzea.

-Nafarroako Gobernuak onetsiko dituen larrialdi planak proposatu eta prestatzea eta, haien esparrua Foru Komunitatearen lurraldekoa baino txikiagoa denean edo horien prestaketa Nafarroako toki entitateen esku dagoenean, plan horien prestaketa bultzatu eta koordinatzea.

-Herri babesarekin zerikusia duten beste Administrazio publikoekin, erakunde edo entitate publiko zein pribatuekin akordioak, itunak edo hitzarmenak proposatu eta prestatzea.

-Herri babesaren arloan laguntzak eta dirulaguntzak emateko ebazpenak aztertu eta proposatzea.

-Sinatutako akordio, itun edo hitzarmenak betetzen eta emandako laguntzak aplikatzen ote diren kontrolatzea.

-Herri babeseko bolondresekiko harremanak.

-Nafarroako Larrialdietarako Udal Sarea kudeatzea.

-Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa nahiz osagarria.

Atal honen Burutzak eskuragarritasun eta dedikazio osoa eskatzen du.

58. artikulua. Azpiegitura eta Baliabide Teknikoen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

-Beharrizanak analizatzea, jarduketak planifikatu eta programatzea eta komunikazio sistema eta sareen babesa, larrialdien, herri babesaren eta hiritarren segurtasunaren arloan ematen diren prestazioak eraginkorragoak izan daitezen.

-Nafarroan izaten diren larrialdiei erantzuteko irratikomunikazioen sarearen jarraipena eta sostengua egitea, eta sare hori eta lehen aipatu esparruan dauden sektorialak elkarrekin koordinatzea.

-Bereak dituen zerbitzuetan instalatutako komunikazio baliabideen eta sistemen inbentarioa egitea eta kontrolatzea bai eta horien erabilpena herri babesarekin nahiz hiritarren segurtasunarekin loturiko beste zerbitzu, erakunde edo instituzioei lagapenean utzitakoena.

Ekintzak Koordinatzeko Zentro Aurreratuak eratzea.

-Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa nahiz osagarria.

Atal honen Burutzak eskuragarritasun eta dedikazio osoa eskatzen du.

5. SEKZIOA

Barneko Aholkularitza Juridiko eta Administratiboaren Zerbitzua

58. artikulua. Barneko Aholkularitza Juridiko eta Administratiboaren Zerbitzuak ondoko eginkizunak izanen ditu:

-Barne Zuzendaritza Nagusiak bereak dituen zereginen kudeaketa administratiboa eta ekonomikoa.

-Gainerako zerbitzuei laguntza teknikoa, juridikoa eta administratiboa ematea.

-Barne Zuzendaritza Nagusiari esleitutako gaietan arautegi proposamenak prestatzea.

-Barne Zuzendaritza Nagusiak bereak dituen gaiekin lotutako lege-testuen azterketa eta berrikuspenak egin eta indarra duten xedapenen bildumak prestatzea.

-Udaltzaingoak koordinatzea.

-Delituen biktimei laguntza ematea eta laguntza nahiz kalte-ordainen espedienteak ebaztea.

-Aurrera eramatea elkarteen, fundazioen, lanbide elkargo eta lanbide elkargoen kontseiluen, joko enpresen, joko makinen eta joko eta apostuen bilduma administratiboen erregistroak eta, orobat, Barne Zuzendari Nagusian ezarri eta helbidera daitezkeen beste erregistro edo bildumenak.

-Joko, jendaurreko ikuskizun eta josteta jarduerei buruzko araubide juridikoa betetzea eta gai horietan zaintza administratiboa egitea.

-Barne Zuzendaritza Nagusiaren eginkizunei eta hark emandako zerbitzuei buruzko memoriak eta estatistikak jaso eta argitaratzea.

-Dokumentazioa erregistratu, artxibatu eta zaintzea.

-Indarra duen legeriak esleitutakoak edo Barne zuzendari nagusiak agindutakoak.

Horiek guztiak, maiatzaren 16ko 50/1994 Foru Dekretuak Departamentuko Idazkaritza Teknikoari esleitutako eginkizunak ezertan kaltetu gabe.

60. artikulua. Barneko Aholkularitza Juridiko eta Administratiboaren Zerbitzuan Atal hauek sartzen dira:

-Delituen Biktimei Laguntzeko Bulegoaren Atala.

-Afera Orokorretarako Atala.

61. artikulua. Delituen Biktimei Laguntzeko Bulegoaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

-Bortizkeriazko eta askatasun sexualaren kontrako delituen biktimei laguntza emateko behar diren jarduketak burutzea, laguntza osoa emanez hala biktimei nola haien ingurune familiar eta sozialari.

-Ardura izatea biktimek eta haien ahaideek laguntzak benetan eskura ditzaten eta haiek babesteko jarduketak bultzatzea.

-Bortizkeriako eta askatasun sexualaren kontrako delituen zuzeneko nahiz zeharkako biktimen aldeko laguntza publikoen espedienteak tramitatzea.

-Biktimak eskatzen badu, berari edo bere familiari laguntza eman diezaioketen organo, entitate edo elkarteekin harremanetan jartzea.

-Biktimei laguntza eman diezaieketen zerbitzu publiko eta pribatuen bilduma egin eta eguneraturik edukitzea, ematen dituzten zerbitzuak agertaraziz.

-Delituaren biktimei laguntza emateko prozesuei buruz organo edo entitate eskudunen jarduketa sustatu, bultzatu eta koordinatzea.

-Justizi Administrazioarekiko harremanetarako eta koordinaziorako organo gisa eratzea, bai eta biktimei laguntza ematearen arloan zerikusia duten administrazio publiko, entitate eta agente guztiekin ere, eta bereziki Foruzaingoarekin.

-Emandako laguntzarekin ikustekorik duten liskarrak ebazteko bitartekotza eta adiskidetzerako bideak jartzea.

-Biktimek izaten dituzten zailtasunez iritzi eta zerbitzu publikoei begira dibulgazio eta sentsibilizazio kanpainak antolatzea, adibidez jardunaldiak, mahainguruak, publizitate kanpainak, argitalpenak, e.a., gizartearen elkartasuna sustatze aldera eta, bereziki, biktimen ahaide eta ingurune sozialarena.

-Bulegoaren urteko memoria eta estatistikak prestatzea.

-Behar diren txosten guztiak egitea.

-Agintzen ahal zaion antzeko beste edozein eginkizun.

62. artikulua. Afera Orokorretarako Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

-Barne Zuzendaritza Nagusiaren jarduera administratiboa kontrolatu eta bultzatzea.

-Barne Zuzendaritza Nagusiaren kontabilitatea eta aurrekontuak kontrolatzea, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak emandako jarraibideen arabera.

-Langileriaren gorabehera administratiboak kudeatzea.

-Kontratazio administratiboen espedienteak tramitatzea, Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren kontratazio arloan eskudun diren organoen aginduei jarraikiz,

-Hornidurak kudeatzea, Ekonomi eta Ogasun Departamentuarekin koordinatuta.

-Metodo eta prozedura administratiboak antolatu eta ezartzea.

-Nafarroako lanbide elkargoekin eta lanbide elkargoen kontseiluekin dauden harremanak kudeatzea.

-Ikuskizun publiko eta josteta jarduerei dagokiena kudeatzea.

-Nafarroako elkarte, fundazio, lanbide elkargo eta lanbide elkargoen kontseiluak erregistratzea.

-Zehapen espedienteak ireki eta haien jarraipena egitea.

-Errekurtso administratiboen gaineko txostenak eta ebazpen proposamenak egitea.

-Espedienteak eta jurisdikzio organoek galdatzen ahal duten beste edozein dokumentu prestatzea eta Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Sailera igortzea.

-Zerbitzuko zuzendariak eskatzen ahal dizkion txosten juridiko eta irizpenak.

-Foru Komunitateko, Estatuko eta Europako Elkarteko arauak, Barne Zuzendaritza Nagusiari dagozkion gaietakoak, biltzea.

-Agintzen zaizkion gainerako eginkizun juridiko, ekonomiko eta administratiboak.

6. SEKZIOA

Barneko Laguntza Teknikorako Zerbitzua

63. artikulua. Barneko Laguntza Teknikorako Zerbitzuak ondoko eginkizunak izanen ditu:

-Barne Zuzendaritza Nagusiko unitate organikoei laguntza teknikoa eman eta baliabideak eskaintzea, nor bere eginkizun edo prestazioen arloan, eta behar diren tresnak eta dokumentazioa prestatzea, unitate horiek beste organo, entitate edo administrazio publikoekin lankidetzan aritu eta koordinatzeko politikak garatzearren.

-Barne Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuen ikerketa operatiboa.

-Barne Zuzendaritza Nagusiko jarduera, eginkizun eta zerbitzuen plangintza eta programazioa.

-Barne Zuzendaritza Nagusiak Konferentzia Sektorialetan, batzordeetan eta, orokorrean, komunitate autonomo eta entitate nahiz erakundeekin bildu eta negoziatzeko foro desberdinetan parte hartzeko behar duen dokumentazio teknikoa aztertu eta prestatzea, haren eskumenekoak diren gaietan.

-Jarduketen plangintza estrategikoa eta haien zehaztapen eta programazioa, gero ezarri ahal daitezen.

-Programa eta zerbitzu publikoak ebaluatzea.

-Barne Zuzendaritza Nagusiko eraikin eta instalazioak mantentzea.

-Barne Zuzendaritza Nagusiak bereak dituen obrak eta instalazioak kontratatu eta haiei jarraipena egiteko lan teknikoak.

-Nafarroako Gobernuko ibilgailu eta makineriaren parkeari dagozkion zerbitzu teknikoak ematea.

-Barne Zuzendaritza Nagusiaren zerbitzuek trafiko eta bide segurtasunaren arloan garatu beharreko helburuak, jarduerak eta estrategiak prestatu eta proposatzea.

-Nafarroako Foru Komunitateko bide segurtasunaren plangintza proiektuak prestatzea.

-Era horretako beste edozein eginkizun.

64. artikulua. Barneko Laguntza Teknikorako Zerbitzuan ondoko atal hauek sartzen dira:

-Kudeaketa eta Plangintza Atala.

-Ibilgailu Parkeko Zerbitzu Teknikoen Atala.

-Trafiko eta Bide Segurtasunaren Atala.

65. artikulua. Kudeaketa eta Plangintza Atalak ondoko eginkizunak izanen ditu:

-Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko pertsonak garraiatzeko zerbitzuak ematea.

-Ibilgailuak eta gidariak esleitzea.

-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ibilgailuen eta makineriaren inbentarioa, aseguruak eta matrikulazioa, baita alta eta bajen kontrola ere.

-Erregaiak kudeatu eta kontrolatzea.

-Barne Zuzendaritza Nagusiko eraikin eta instalazioak mantentzea.

-Barne Zuzendaritza Nagusiak bereak dituen obrak eta instalazioak kontratatu eta haiei jarraipena egiteko lan teknikoak.

-Zerbitzuen eskaintzaren ikerketa operatiboa eta garapena.

-Barne Zuzendaritza Nagusiari esleitutako eskumenekin zerikusia duten ikerketa teknikoak prestatzea eta laguntza ematea.

-Kostuak zehaztu eta tasa edo prezio publikoak proposatzea.

-Barne Zuzendaritza Nagusiari dagozkion hitzaldiak, jardunaldiak, topaketak, bilkurak eta antzeko zeinahi egintza antolatzea, Lehendakaritza eta Barne Departamentuan arlo horretan eskumena duten beste organoei esleitutako ahalmenak ezertan kaltetu gabe, baita horiekin lankidetzan aritzea ere.

-Barneko Laguntza Teknikorako Zerbitzuari esleitutako eginkizunen esparruan esleitzen ahal zaizkion guztiak.

66. artikulua. Ibilgailu Parkeko Zerbitzu Teknikoen Atalak ondoko eginkizunak izanen ditu:

Foru Komunitateko Administrazioko unitate organikoei aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea ibilgailuen eta makineriaren arloan.

-Ibilgailu Parkeko ibilgailuen eta makineriaren oinarrizko mantenimendurako jarraibideak ematea.

-Foru Komunitateko Administrazioko ibilgailuaren eta makineriaren mantenimendua egitea eta konpontzea.

-Nafarroako Gobernurako ibilgailuak eta makineria erosi, laga eta besterendu aurreko txostenak egitea eta baldintza pleguak eta txosten tekniko eta ekonomikoak prestatzea.

-Ibilgailuak eta makineria erosi edo alokatzeko eskaintzak ebaluatzea eta horren gainean alderdi tekniko eta ekonomikoen informazioa biltzea.

-Ibilgailuen eta makineriaren erabilpenari eta ekonomiaren nahiz ustiapenaren aldeko errentagarritasunari buruzko jarraibideak ebaluatu, informatu eta ematea.

-Ibilgailuen eta makineriaren erabilerarekin loturiko erabilpen, funtzionamendu eta ustiapenaren emaitzen kontrolak ezartzea.

-Ibilgailu Parkeak bereak dituen tailerrak kudeatzea.

-Nafarroako Gobernuarenak diren ibilgailuen eta makineriaren inbentarioa mantentzea, horien kontserbazio egoera agertaraziz.

-Nafarroako Gobernuaren ibilgailuen eta makineriaren mantenimenduaren arloan agintzen ahal zaion beste edozein eginkizun.

67. artikulua. Trafiko eta Bide Segurtasunaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

-Jarduera administratiboa bultzatzea trafiko eta bideetako zirkulazioaren segurtasun arloan eta, bereziki, Nafarroako Foruzaingoak garatu beharreko eginkizunei buruzkoa.

-Foru Komunitateko Administrazioak, beste organo eta administrazio publiko eskudunekin eta, batez ere, Nafarroako Foruzaingoarekin batean, trafiko eta bide segurtasunaren arloan burutuko dituen proiektuak eta jarduketak koordinatzea.

-Trafiko eta zirkulazioarekin loturik bideetako informazio etengabeko sistema bat ezartzea eta mantentzea eta Barne Zuzendaritza Nagusiko unitate organikoekin batera, Nafarroako Foru Komunitateko errepideetako trafiko istripuetan izaten diren biktimeei berehala laguntza integrala emateko eskaintza prestatu eta eratzeko behar diren jarduketak sustatzea.

-Nafarroako Foru Komunitatean trafiko eta bideetako zirkulazioaren arloan eskumenak dituzten administrazioen, organoen eta entitateen inbentarioa egin eta eguneratua edukitzea, ematen dituzten zerbitzuak agertaraziz.

-Bide segurtasunaren gainean azterlanak eta dibulgazio nahiz sentsibilizazio kanpainak burutzea, iritzi publikoei zuzenduak eta baita erakunde, entitate eta zerbitzu eskudunei ere.

-Jardueren urteko memoria eta istripuen estatistika prestatzea.

-Trafikoaren eta bideetako zirkulazioaren segurtasunaren arloan agintzen ahal zaion antzeko beste edozein eginkizun.

2. artikulua. Irailaren 30eko 476/1996 Foru Dekretuaren 65. artikuluak, arau haren VI. kapitulua osatzen duenak, hemendik aurrera 68. zenbakia izanen du.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geldituko dira Foru Dekretu honen edukiari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapenak oro eta, batez ere, irailaren 30eko 473/1996 Foru Dekretuaren 49. artikulutik 64.era artekoak, biak barne.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ahalmena eman zaio Ekonomi eta Ogasun kontseilariari Foru Dekretu honetan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren hainbat aurrekontu aldaketa egiteko.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko apirilaren hogeian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A9803847