I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
FORU AGINDUA, 1998ko otsailaren 17koa, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, kalitatea, diseinua eta lehiakortasuna hobetzeko laguntzetarako dei egiten duena.
Nafarroan kokaturiko enpresen lehiakortasuna hobetzeko laguntzen esparrua ezarri zuen maiatzaren 23ko 208/1991 Foru Dekretuak 4. artikuluan adierazten du, 3. artikuluan aipatzen diren programa eta jardueretarako laguntzen ezaugarriak Foru Dekretu hori garatzeko emanen diren foru aginduen bidez ezarriko direla.
Horrenbestez,
AGINDU DUT:
Lehena.-Kalitatea, diseinua eta lehiakortasuna hobetzeko 1998ko ekitaldirako laguntzetarako deialdia onestea.
Deialdi honen gastua honakoei aplikatuko zaie: 1998ko Gastuen Aurrekontuko 81110-4709-5424 kontusailari (lerroak: 29910-7 eta 29920-4), lehiakortasuna hobetzetzeko dirulaguntzei eta 1999ko Gastuen Aurrekontuan baliokidea denari. Hori guztia 1998rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 21/1997 Foru Legearen 31.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Bigarrena.-Deialdia honako oinarri hauek arautuko dute:
.Lehena: Definizioa eta helburua.
Nafarroan kokaturiko enpresen lehiakortasuna hobetzeko laguntzen esparrua ezarri zuen maiatzaren 23ko 208/1991 Foru Dekretuari jarraikiz eta hori garatuz, ematen den dirua honako kostu hauen zati bat laguntzeko erabiliko da:
1.1. Kanpoko zerbitzuen kontratazioa, I. eranskinean azaltzen diren arlo eta jardueretan.
1.2. II. eranskinean azaltzen diren hedatze eta sentsibilizazio jarduerak egitea.
.Bigarrena: Zenbatekoa.
Dirulaguntza hauek fondo galdurakoak izanen dira eta, gehienez ere, aurreikusitako jardueren % 70 ordainduko da. Lehen oinarriaren lehen puntuko a) motako jardueretarako 350.000 pezetako dirulaguntza emanen da, gehienez ere, eta b) eta c) motakoetarako 3.500.000 pezetakoa, aipatu Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Ekintza kolektiboetarako muga horiek enpresa bakoitzari aplikatuko zaizkio.
Lehen oinarriaren bigarren puntuan aurreikusitako jardueretarako, aurrekontuaren % 100erainoko dirulaguntzak ematen ahalko dira.
.Hirugarrena: Betebeharrak.
Deialdi honetako laguntzak honako hauek jaso ahalko dituzte:
3.1. "C.N.A.E.-93" delakoaren "C", "D" eta "F" kodeetan sarturiko enpresak eta enpresa batasunak, Nafarroan kokatuta baldin badaude, deialdi honen 1. oinarriaren lehen puntuan adierazitako jardueretan egindako gastuak finantzatzeko.
3.2. Izaera juridikoa izanik Nafarroan kokatuta dauden elkarteak, irabazteko asmorik gabe eta ohikotasunez aipaturiko enpresei laguntza ematen badiete, zuzenean nahiz enpresa batasun, federazio edo bestelako elkarketa baten bitartez, deialdi honen 1. oinarriaren bigarren puntuan ezarritako jardueretako gastuak finantzatzeko.
.Laugarrena: Eskabideak aurkezteko epeak.
Deialdiak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik aurrera hartuko du indarra eta 1998ko maiatzaren 30era arte irekita egonen da.
Eskabidea Industri Zuzendaritza Nagusira zuzenduko da eta aurkeztu Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko erregistroan (Blas de la Serna kalea, 1- 5.a, Iruña) edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikululuan aipatzen diren tokietako edozeinetan.
Eskaera egiteko honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
-Eskabide orokorra (aurkezteko unean Erregistroan emanen dena).
-Datu orokorrak (I. ereduaren arabera).
-Jarduketaren datuak (II. ereduaren arabera).
Bi eredu horiek honakoetan eskuratu ahalko dira: Industria Sustatzeko Zerbitzuan -Blas de la Serna 1, Iruña-, Nafarroako Gobernuaren argibide bulegoetan - Karlos III.a, 2, Iruña eta Plaza Vieja, 1, Tutera-, bai eta internet sarean ere, http://www.cfnavarra.es/industria/ayudas helbidean.
-Jarduketari buruzko txosten laburra, honako datu hauek bilduko dituena:
I.-Helburuak (enpresaren egungo egoera, zuzendu nahi diren gabeziak, proposaturiko jarduketa helburu hauei egokitzea,...).
II.-Jarduketaren faseak.
III.-Jarduketaren egutegia, hasi eta bukatzeko aurreikusi diren egunak adierazita.
IV.-Aurrekontua, faseka azaldua.
V.-Entitate aholkulariaren datuak, halakorik bada.
VI.-Aholkularien curriculuma eta dedikazioa.
-Entitate aholkulariaren eskaintza, jadanik egina baldin badago.
.Bosgarrena: Emateko modua.
Industria Sustatzeko Zerbitzuak eskaeren balorazioa egin eta laguntzaren zenbatekoa proposatuko du, ondoren Industri Zuzendaritza Nagusira igortzeko.
Horretarako, honakoak kontuan hartuko dira:
-Proposamenaren kalitatea.
-Entitate aholkulariak kasuan kasuko gaiei buruzko aholkularitza arloan duen esperientzia.
-Aholkularitza taldeak eskabidean azaltzen den jarduketan duen dedikazioa.
-Enpresaren neurria.
-Proposamenak enpresari eta/edo sektoreari berrikuntzarik ekartzen ote dion.
-Proposamena enpresaren lehiakortasuna hobetzeko egokia ote den edukiaren, epeen eta espero diren emaitzen aldetik.
Deialdi honetako 1. oinarriaren lehen puntuan azaltzen diren jardueretan, jarduketa kolektiboei emanen zaie lehentasuna eta horietan jarriko da ardura berezia; esate baterako, bezero batek bere hornitzaileekin egiteko sustatzen dituenak, lurralde edo sektore jakin bateko elkarteek beren kideekin egiten dituztenak, e.a.
Deialdi honetako 1. oinarriaren bigarren puntuan azaltzen diren jardueretan, lehentasuna emanen zaie, bakoitzaren eginkizunak besteek dituztenekin bateragarri bihurtzeko asmoz bi elkartek edo gehiagok parte hartzen duten jarduerei eta horietan jarriko da ardura berezia.
Industria Sustatzeko Zerbitzuak egoki juzkatzen dituen argibide osagarriak eskatzen ahal ditu, bai eta eskabidea baloratzeko kanpokoen aholkularitza ere.
.Seigarrena: Ebazpena.
Laguntzak Industri zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira.
.Zazpigarrena: Ebazpena emateko epea.
Laguntzak emanen dira eskabideak aurkezten diren ordena kronologikoari jarraikiz, aurrekontuetan kontsignaziorik baldin badago.
1998ko abenduaren 31 baino lehen erantzunik jasotzen ez duten eskabideak ukatutzat joko dira.
.Zortzigarrena: Onuradunen betebeharrak.
Ekitaldi batean dirulaguntza kobratzeko eskubidea izanen da, baldin eta diruz lagunduriko gastuak ekitaldi hori bukatu baino lehen egin eta behar bezala egiaztatu badira. Bestela, gastu horiengatik dagokion dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu eginen da.
Beti ere, aurreikusitako jarduketak 1998. urtean hasi beharko dira.
Ordainketa edo, hala denean, abalaren liberazioa egin aurretik, enpresa onuradunak beste administrazio publikoei eskatutako edo haietatik jasotako laguntzen berri eman beharko du.
.Bederatzigarrena: Laguntzaren ordaintzea.
Laguntzak ordainduko dira haien xede diren jarduerak burutu direla dioen txostenaren ondoren. Industria Sustatzeko Zerbitzuak luzatuko du txosten hori, jarduerak bukatu eta enpresa onuradunak gastuen faktura ordaindu duela frogatu eta gero.
Lehen oinarriaren bigarren puntuan aurreikusitako jardueretan, baldintza hori izanen da bai gastuen ordainketan bai eta jarduera egitean sortzen diren beste kostu batzuen kasuan ere.
Kasu arrazoitu eta behar bezala frogatuetan, emandako dirulaguntza, hein batean edo osorik, jarduera bukatu baino lehen ordaintzen ahalko da, emandako dirulaguntzaren balio bereko banku abala aurkeztuta.
Baldintzak betetzen ez badira edo datuak faltsutzen badira, Industri zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez laguntza deuseztu ahalko da, Industria Sustatzeko Zerbitzuaren txostena jaso ondoren.
Deialdi hau itxi eta gero hasten diren jarduketen gastuak hurrengo deialdietan onar daitezke, egiten badira, baldin eta jarduketa horiek deialdi honetan aurkeztu ez badira.
.Hamargarrena: Laguntzaren bateragarritasuna.
Dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egin ahalko da, enpresak jarduketa bera egiteko beste administrazio publiko batzuetatik laguntzarik jasotzen badu.
Beti ere, enpresak jasotako dirulaguntzaren zenbatekoa Europako Batasunak emandako zuzentarauen araberakoa izanen da, alegia, estatuek enpresei ematen dizkieten "de mínimis" laguntzei buruzko zuzentarauak.
.Hamaikagarrena: Deialdi honen eta bere oinarriein kontra errekurtso arrunta jar daiteke Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunetik hasita hilabeteko epean.
Hirugarrena.-Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko otsailaren hamazazpian.-Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Ramón Bultó Llevat.
I. ERANSKINA
KALITATE INDUSTRIALA
Jarduerak:
a) Enpresaren kalitate mailaren diagnostikoa.
b) Kalitatea, ingurugiroa eta lan arriskuen prebentzioa kudeatzeko sistemak ezarri edo hobetzeko aholkularitza. Kudeaketa sistemen integrazioa.
c) Kalitatea, ingurugiroa eta lan arriskuen prebentzioa kudeatzeko sistemen egiaztapenerako auditoretza. (Produktuaren egiaztapena izan ezik).
DISEINU INDUSTRIALA
Diseinutzat hartuko da enpresako jardueraren honako alderdi hauek osorik edo hein batean bere baitan hartzen dituen disziplina:
-Produktuaren estrategia (merkatu azterketak izan ezik).
-Produktuaren diseinua.
-Ontzi eta enbalajeen diseinua.
-Irudiaren diseinua.
Jarduerak:
a) Diseinuaren diagnostikoa (beharren definizioa). Horrelakotzat hartzen dira enpresa jakin batean diseinuak egun duen egoeraren analisia egiteko lanak, beti ere horren helburua delarik egoera aztertu eta hainbat jarduketa proposamen egitea, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko asmoz. Hortaz, diseinu lanaren beraren aurretik egin beharreko urratsa da, diseinuak enpresan izan ditzakeen eginkizun eta ahalmenak zehazteko, jarduketaren lehentasunezko esparruak bereizteko eta diseinatzailearen eta enpresaren arteko harremanei hasiera emateko.
b) Diseinuari buruzko aholkularitza (diseinuaren proiektua). Diseinuaren aholkularitza edo proiektutzat joko da diagnostiko faseko jarduketa proposamenak garatzeko lana, beti ere horren emaitza azaltzen bada diseinurako zenbait aukeratan, lamina edo maketa sinpletan aurkeztuak, ondoren enpresaren iritziz bideragarriena den aukera edo aukerak hautatzeko.
c) Diseinuaren proiektua garatzea. Fase honetan diseinuaren proiektua gauzatuko da, eredu eta/edo prototipo bat eginez, industrializazioa, industri jabetza, normalizazioa eta homologazioa eta beste alderdi batzuk kontuan hartuz.
Produktuen diseinu berria edo lehengo diseinuaren moldaketa egiten ahalko da.
LEHIAKORTASUNA
Arloak:
1) Produkzioaren arloa eta produktuaren diseinua:
-Produkzioaren, estoken eta inbentarioen plangintza, antolaketa eta kontrola.
-Produktibitatea hobetzea, pizgarrien sistemak izan ezik.
-Produktuan teknologia erabiltzea eta diseinu eta kalkulurako metodo aurreratuak aplikatzea.
-Balioaren analisi eta ingeniaritza.
2) Kudeaketa eta antolaketaren arloa:
-Berrikuntza ekarriko duten sistema informatiko eta telematikoak enpresaren arlo funtzional desberdinetan aplikatzeko ikerketak. Ikerketatzat hartuko dira arlo horretako aditu batek egindako lanak, aplikazio informatiko bat garatu aurretik.
-Barne antolaketako ikerketak, lanpostuen balorazioa izan ezik.
3) Segurtasun eta ingurugiroaren arloa:
-Laneko segurtasun eta osasuna hobetzeko ikerketak.
4) Enpresen arteko lankidetza arloa:
-Enpresen arteko egiturak sortzea, nahikoa egonkortasun bermerik izanen dutenak, enpresaren arlo funtzional desberdinetan ondorio sinerjikoak lortzeko helburuarekin.
-Ikerketa eta garapen teknologikoko programa europarretan eta proposamenen negoziazio eta prestakuntzan parte hartzeko partzuergoak sortzea.
Jarduerak:
a) Diagnostikoa (beharren definizioa). Horrelakotzat hartuko da enpresaren egungo egoera aztertzeko den laguntza mota, horren helburua delarik enpresaren lehiakortasuna hobetzeko ikerketa bat eta jarduketa proposamenak egitea, gabeziak adierazita eta lehentasunezko jarduketa esparruak bereizita. Beraz, maila handiko aholkularitzaren aurretiko lana dugu honako hau, eta horren helburuetako bat da, halaber, enpresen eta aholkularien arteko harremanari hasiera ematea.
b) Aholkularitza (gomendioak ematea, estrategiak zehaztea). Horrelakotzat hartuko da, enpresaren egungo egoeraren azterketatik abiatuta arlo desberdinetan aurkitu diren gabezientzako konponbideak proposatzen dituen laguntza mota. Horretarako, jarduketa plan zehatzak ezarriko dira, aldi desberdinetarako programatuak, eta beti ere, ikuspuntu ekonomikoaren eta espero den errentagarritasunaren arabera ebaluatuak.
Diagnostikoak nahiz aholkularitzak bi motatakoak izan daitezke: orokorrak, hau da, enpresaren arlo funtzional guztiak aztertuz (kudeaketa, produkzioa, produktua, sistema informatikoak, antolaketa, ikerketa eta garapen teknologikoa, e.a.) edo berariazkoak, arlo funtzional jakin bat sakonki aztertuz, arlo hori enpresarentzat erabakigarria baldin bada, bere toki edo sektorea dela eta.
Salbuespen gisa, lankidetza arloan, lankideak bilatu, akordioak negoziatu eta zehaztu eta horiek formalizatzeko gastuek dirulaguntza jaso ahalko dute; baita Europako programetan sartutako I+G proiektuen aurkezpenaren prestaketarako eta horiek zehaztu eta bideratzeko faseen garapenerako gastuek ere.
Halaber, produkzioaren eta produktuaren diseinuaren arloko aholkularitzaren ondoriozko gomendioak ezartzeko erabiltzen den aholkularitza teknikoaren gastuek ere dirulaguntza jaso ahalko dute, horiek enpresaren ahalmen teknologikoa gainditzen badute.
II. ERANSKINA
Jarduerak:
a) Lehiakortasuna hobetzeko egiten diren jardunaldi kolektiboak, solasaldiak eta hedapen eta sentsibilizazio bilerak, enpresei zuzendutakoak.
b) Banakako bisiten planak, batez ere enpresa txiki eta ertainei zuzenduak, berrikuntza eta lehiakortasuna hobetzearren egiten direnak, enpresen ageriko edo ezkutuko beharrak aztertuz.
c) Arestiko a) eta b) motako jarduerek sortutako publizitate eta antolaketako gastuak.
Iragarkiaren kodea: A9801654