II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
E I A U R R I E T A
Hilerriari buruzko ordenantzaren behin betiko onespena
Eiaurrietako Udalak, 1998ko urtarrilaren 29an egindako bilkuran, legez eskatzen den gehiengoa izanik, behin betikoz onetsi zuen Eiaurrietako Udalaren hilerria erabiltzeko eta haren zerbitzuak eskuratzeko tasa eta prezio publikoen gaineko ordenantza.
1997ko urriaren 31ko bilkuran onetsi zen hasiera batez ordenantza hori, eta jendaurrean egon da iragarkia 1997ko abenduaren 5eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean jarrita inongo alegaziorik gabe.
Hortaz, argitara ematen da osorik behin betikoz onetsitako testua, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Eiaurrietan, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko otsailaren hamahiruan. Alkate udalburua, José Luis Carrica Narvaiz.
EIAURRIETAKO HERRIKO UDALAREN HILERRIA ERABILTZEKO ETA HAREN ZERBITZUAK ESKURATZEKO TASA ETA PREZIO PUBLIKOEN ORDENANTZA
Toki Araubideko Oinarriei buruzko Legearen 4, 25 eta 26. artikuluei eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 29. artikuluei jarraituz, Eiaurrietako Udalari dagokio bere hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zainketa, beste aginte batzuek duten legezko eskumena ezertan ukatu gabe.
Ordenantza honek arautzen dituen prezio publikoak eta tasak Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 28. artikuluan eta ondokoetan, eta 100.ean eta ondokoetan, hurrenez hurren, xedatutakoaren babesean ezarri dira.
I. KAPITULUA
Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak
1. artikulua. Administratu, zuzendu eta zaintzeak eskumen hauek dakartza:
a) Hilerriko higieneari eta osasungarritasunari dagokien guztia.
b) Gorpuak hilerrira eramateari eta hilerriaren barne araubideari dagokiena.
c) Nitxoen antolakuntza, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.
d) Eskubideak eta tasak jasotzea.
2. art. Udalaren osoko bilkurari dagokio hilerriaren antolakuntza eta funtzionamendua. Nitxoz osatua dagoenez, gaur egun adjudikatuta daudenen errolda edo zentsua eginen du, baita hutsik daudenena ere.
3. art. Eiaurrietako Udalaren hilerriak nahi adina toki ez duenez gero, nitxoa emanen zaie hil aurretik urte bete baino lehenagotik Eiaurrietako erroldan sartuta dauden guztiei.
Eiaurrietako erroldan ez daudenentzat edo hil aurretik urte batekoa baino antzinatasun txikiagoa dutenentzat, Udalari egin beharko zaio eskaera lur emateko, eta horrek ikusiko du nitxoa eman edo ez, haien beharra eta kopurua aztertuta.
4. art. Hilerrian nitxo huts batzuk egonen dira, herriko biztanle zentsuari egokitua.
5. art. Nitxoen kontzesioa hamar urtetarako izanen da. Epe bukaeran luzatu ahalko da Udalak ontzat ematen badu, baina une horretan Eiaurrietako Udalak dituen baldintzetan.
6. art. Hilerriko nitxo bat eskuratu nahi dutenek eskabidea beharko dute aurkeztu Udaletxean hildakoaren datuak adieraziz.
Udalak erabakiko du nitxoa ematea bidezkoa den edo ez, baita zein baldintzatan eman eta zer nitxo eman ere.
7. art. Nitxoek beren hilarria izanen dute, Eiaurrietako Udalak onetsitako ereduaren araberakoa.
8. art. Ordenantza honek aurreikusten ez duen hartan arlo honetan indarra duen legeriari jarraituko zaio, batez ere gorpuen txukuntasuna arautzen duenari.
II. KAPITULUA
Nitxoen kontzesiorako prezio publikoak
9. art. Hilerrian nitxo bat hamar urtetarako ematea da prezio publiko hauen zergagaia.
10. art. Ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira, zergadun gisa, nitxoen kontzesioa eskatu edo eskuratzen duten pertsona fisikoak zein juridikoak.
11. art. Nitxoen kontzesioa da karga-oinarria: zenbateko finko bat nitxo bakoitzeko kontzesio-epe osorako.
12. art. Hauek dira nitxoen hamar urteko kontzesiorako tarifak:
a) Dohainik, Eiaurritako erroldan hil aurretik urte bete baino gehiago daramatenenentzat.
b) 100.000 pezeta erroldan sartuta ez daudenentzat edo hil aurretik urte bete baino gutxiago daramatenentzat.
13. art. Karga-oinarriari bere tarifa aplikatzetik ateratzen dena da tributu-kuota.
14. art. Kontzesioa egiten den unean izanen du prezioak sortzapena.
Zerbitzua eman aurretik ordaindu beharko da, presa larriko kasuetan edo jaiegunetan salbu.
III. KAPITULUA
Zerbitzuak eskuratzeko tasak
15. art. Honako hauek dira ordenantza honen zergagaiak:
a) lur emateko zerbitzuak.
b) hilarreak jartzea.
16. art. Ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira, zergadun gisa, ordenantza honek araututako zerbitzuren bat eskatu edo eskuratzen duten pertsona fisikoak zein juridikoak.
Lur emateko zerbitzuaren tasa ordainarazteko, zergadunaren ordezkotzat hartuko da gorpuaren garraioa antolatu eta lur emateko behar den baimena aurkezten duen hileta zerbitzuetako enpresa.
17. art. Hauek dira zerga-oinarriak:
a) Lur emateko zerbitzuak: zenbateko finkoa.
b) Hilarria jartzea: zenbateko finkoa.
18. art. Hauek dira tarifak:
a) Lur emateko zerbitzuak: urtero finkatuko den zenbatekoa, zerbitzuaren kostu errealaren arabera.
b) Hilarria jartzea: dohainik izanen da hil aurretik urte bete baino gehiago daramatenentzat Eiaurrietako erroldan, eta hilarria jarritakoan balio duena, erroldan ez daudenentzat edo hil aurretik urte bete erroldan sarturik egiten ez dutenentzat.
19. art. Karga-oinarriari bere tarifa aplikatzetik ateratzen dena izanen da tributu-kuota.
20. art. Zerbitzuen eskaera egiten den unean izanen dute tasek sortzapena.
Zerbitzuak ematen hasi aurretik ordainaraziko da, premia larriko kasuetan edo jaiegunetan salbu.
IV. KAPITULUA
Prezio publikoen eta tasen arauak
21. art. Zerbitzuak eman aurretik ordainduko dira prezio publikoak eta tasak.
22. art. Kuotak borondatezko epean ordaintzen ez dituztenei arauzko errekarguak jarriko zaizkie, eta duten administrazio kontzesioa balio gabe utzi ahalko zaie, legez ezarritako epeetan.
23. art. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legean eta ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.-Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean oso-osorik argitaratutakoan hartuko du indarra, 1998ko urtarrilaren batetik aitzina ondorioak dituela.
Bigarrena.-Ordenantza honek aurreikusten ez duen hartan Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea eta ordenantza fiskala orokorra aplikatuko dira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Bakarra.-Indarrik gabe gelditzen dira, inongo balio eta eraginik ez dutela, ordenantza hau bete dadin galarazten duten udal mailako lehenagoko xedapen guztiak.
Eiaurrietan, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko urriaren hogeita hamaikan. Alkate udalburua, Jose Luis Carrica Narvaiz.
Iragarkiaren kodea: A9801700