33. ALDIZKARIA - 1998ko martxoaren 18a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

G O R Z A

Herrilurretako probetxamenduak arautzen dituen ordenantza

Gorzako Kontzejuak, 1998ko urtarrilaren 24an egin bilkuran, legeak ezarritako gehiengoa izanik, behin betikoz onetsi zuen herrilurretako probetxamenduak arautzen dituen ordenantza, ondotik hitzez hitz argitara ematen dena.

Ordenantza jendaurrean egon zen, 1997ko azaroaren 21eko 140. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baitzen, eta ez zen haren kontra inolako erreklamaziorik aurkeztu.

Argitara ematen da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoa betez.

Gorzan, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko urtarrilaren hogeita hamaikan. Kontzejuburua, José Andrés Larrambe.

GORZAKO HERRILURRETAKO PROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Gorzako Kontzejuko herri ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskurapen eta probetxamendu egintzak erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. art. Herri ondasunak herri honetako bizilagun guztiek probetxatu eta erabil ditzaketenak dira.

3. art. Herri ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek probetxatu edo erabiltzeko era.

4. art. Herri ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Nafarroako Toki Ogasunen Ondasunei buruzko Erregelamendua (280/90 Foru Dekretua); Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak, herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. art. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela probetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Gorzako Kontzejuari dagozkio, Ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri ondasunen inguruan Gorzako Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. art. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Gorzako Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Gorzako Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herri ondasun gisa.

6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduan (280/1990 F.D.) ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. art. Gorzako Kontzejua herri ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzari.

8. art. Gorzako Kontzejuak edozein unetan berreskuratu ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. art. Gorzako Kontzejuak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. art. Gorzako Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. art. Gorzako Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste edozeren kariaz herri ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalteordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. art. Gorzako Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. art. Gorzako Kontzejuak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Gorzako Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri ondasunen probetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. art. Ordenantza honek arautzen dituen probetxamenduak honako hauek dira: etxerako egurren probetxamenduak.

15. art. Gorzako Kontzejuak begiratuko du herri ondasunak produkzioan jarri eta probetxamendu egokian erabili daitezen, beti ere haien erabilera soziala kontuan hartuz.

16. art. Orokorrean, herrilurretako probetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea edo adingabe burujabea nahiz epaile bidez gaitua izatea.

b) Gorzako Kontzejuaren Biztanle Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea bost urteko antzinatasunez.

c) Gorzan urtean bederatzi hilabetez bederen eta jarraian bizi izatea.

d) Zerga arloko eginbeharrak beterik izatea Gorzako Kontzejuarekin

2. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Edonola ere, famili unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, beti ere beraien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino baxuagoak baldin badira.

II. KAPITULUA

Etxerako egurraren probetxamendua

18. art. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Atalak markatu ondoren, Gorzako Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateei, beti ere onuradunei horren berri emanez hogei egun aurretik.

19. art. Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 142. artikuluko a, b eta d idazatietako baldintzak betetzen dituzten famili unitateei, nahiz eta Gorzan urtean bederatzi hilabetez jarraian bizitzeko baldintza ez bete, egur lote bat markatuko zaie, hain zuzen ere ohiko lotearen %50aren adinakoa,

20. art. Egur lotea esleitzeko beharrezkoa izanen da aurreko urtekoa hartua izatea. Hori egiteko epea urtebetekoa izanen da, gehienez ere, Nafarroako Gobernuko Mendi Atalak baimena ematen duenetik. Epea bete ezean, aipatu egur lotea hartzeko eskubide guztiak galduko dira eta hurrengo bi urteetako probetxamendurako eskabiderik egiteko eskubidea ere galduko da.

21. art. Esleipena zein etxetarako egin den, hartantxe ez beste inon erabili ahalko da egurra. Egur hori saldu nahiz doan emateak hurrengo bost urteetako probetxamendurako eskabiderik egiteko eskubidea galtzea ekarriko du.

III. KAPITULUA

Herri ondasunen beste probetxamendu batzuk

22. art. Ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, gai honen gainean 1981-3-17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko arauari eta xedapen osagarriei jarraikiz eginen da ehizaren probetxamendua, baita basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeari jarraikiz ere.

23. art. Ondareko uren esleipena, herrilurren okupazioa, belarren probetxamendua, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan ezarri asmo den beste edozein probetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Gorzako Kontzejuak prestatzen dituen baldintza pleguei lotuko zaizkie. Gainera, gutxienez 15 egunez jendaurrean jartzea eta Nafarroako Gobernuak onestea beharrezkoa izanen da.

V. KAPITULUA

Esleipena egiteko prozedura

24. art. Ediktu edo bandoaren bidez, 15 eguneko epea irekiko da eskubidea dutela uste dutenek nahi duten probetxamendua eska dezaten.

25. art. Zozketa eginda, argitara emanen da orok jakin dezan.

VI. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

26. art. Egintza hauek dira arau-hauste administratiboak:

a) Erabilpena zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Herriaren mendietatik egurra edo zura ateratzea, horretarako Gorzako Kontzejuaren baimen zehatza izan gabe.

c) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate guztiak.

27. art. Arau-hauste horiek guztiek zehapen hauek izanen dituzte: a) arau-haustearengatik, kontzesioaren iraungipena eta ordenantza honetan aipatutakoa. Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioaren halako bost eta hamar bitartean ordainaraziz zehatuko da. Balio hori zehazterik ez bada, hamar milatik berrehun mila pezeta arteko zehapena ezarriko da.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek hartuko du indarra Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legean aurreikusitako tramiteak bete ondoren.

Gorzan, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko urtarrilaren hogeita hamaikan. Kontzejubura, José Andrés Larrambe.

Iragarkiaren kodea: A9801427