32. ALDIZKARIA - 1998ko martxoaren 16a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A B A R T Z U Z A

Ordenantza fiskalen behin betiko onespena

Ordenantza fiskal hauek jendaurrean paratu ziren 1997ko apirilaren 7ko 42. eta 1998ko urtarrilaren 9ko 4. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALetan iragarkia argitaratuz. Epe hori iragan denez gero inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, behin betikoz onetsirik gelditu dira. Hona hemen:

-Ordenantza fiskal orokorra.

-Auzolana eta bidelana arautzen dituen ordenantza.

-Ur-horniduraren prezio publikoa arautzen duen ordenantza.

-Obra-hondakindegia erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

-Agiriak luzatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

-Eremu publikoko lurrak okupatzeko prezio publikoa arautzen duen ordenantza fiskala.

ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

Oinarria

Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak (1995eko martxoaren 20ko 36. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa.) xedatzen duenari jarraikiz ezarri da.

I. KAPITULUA

Oinarri orokorrak

1. artikulua. Honako ordenantza fiskal orokor honen xedea da udalerri honetako zerga araubidea osatzen duten ordainarazpen guztiendako arauak eta oinarri orokorrak finkatzea.

Ordenantza honen arauak ordenantza partikularren osagarritzat hartuko dira, azken hauek berariaz arautzen ez duten guztian.

2. art. Tokian tokiko ordenantza fiskalek eta honako honek ere agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko obligazioa guztiena da, eta zerga-eskubide eta betebeharrak izan ditzaketen pertsona fisiko eta juridiko guztiak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak hartzen ditu bere esparruan, beti ere, berdintasun eta ahalmen ekonomikoaren oinarriak aintzat hartuz (2/1995 Foru Legearen 56.a artikulua).

3. art. Abartzuzako Udalak onetsitako ordenantza fiskalek bere udal mugape osoan izanen dute indarra, eta ezin izanen da kargarik ezarri entitate zerga-ordainarazlearen lurraldetik kanpo egindako negozio, egintza edo gertaerengatik (2/1995 Foru Legearen 56.b artikulua).

4. art. Udal honek ordainarazten dituen toki-tributuen subjektu pasiboek behar bezalako frogabidez hornituriko kontsultak egiten ahal dizkiote Udalari kasu bakoitzean dagokien tributu arloko erregimen, sailkapen edo kalifikazioari buruz.

Erantzunak informazio soilaren balioa izanen du eta ez egintza administratiboarena, Administrazioari loturarik ezarriko ez diolarik.

Hala ere, bere kontsulta egin ondoren eskudun organoaren erantzunak dioenaren arabera bere tributu arloko betebeharrak betetzen dituen subjektu pasiboak ez du erantzukizunik izanen, baldin eta 2/1995 Foru Legearen 63.3. artikuluak adierazten dituen baldintzak betetzen badira.

Interesatuek ezin izanen dute inolako errekurtsorik aurkeztu kontsulta baten erantzunaren aurka, nahiz eta gero, erantzun horretan oinarritutako egintza administratiboaren aurka egitea zilegi izanen duten (2/1995 Foru Legearen 63.4 artikulua).

5. art. Udal honek indarrean diren ordenantza fiskalen kopiak emanen dizkie eskatzen dituztenei.

Ordenantzek beraietan ezarritako epean izanen dute indarra. Eperik ezartzen ez bada mugagabeko iraupena dutela ulertuko da (2/1995 Foru Legearen 14. artikulua).

II. KAPITULUA

Zerga erlazioaren elementuak

Zergagaia

6. art. Zergagaia izaera juridikoa edo ekonomikoa duen betebeharra da, ordainarazpen bakoitza finkatzeko behar den ordenantzan zehaztutakoa, eta hura gauzatzeak zerga ordaintzeko obligazioa sorrarazten du.

Ordenantza fiskal partikular bakoitzak zergagaia zehaztuko du eta horretarako, zerga ordaindu beharra zer baldintzatan sortzen den aipatuko.

7. art. Ez da analogia onartuko zergagaiaren edo salbuespen edo hobarien esparrua bere muga hertsietatik harata hedatzeko (2/1995 Foru Legearen 65. artikulua).

8. art. Subjektu pasiboa

a) Subjektu pasiboa pertsona natural edo juridikoa da, zeina, ordainarazpen bakoitzari buruzko ordenantza partikularrari jarraikiz, zergak ordaintzera beharturik baitago, zergadunaren nahiz haren ordezkari gisa.

Zergaduna pertsona natural edo juridikoa da, zeini ordainarazpen bakoitzaren ordenantzak zergagaiari darion tributu karga ezartzen baitio, bakarka edo bertze batzuekin batera (2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatzeagatik).

Zergadunaren ordezkoa subjektu pasiboa da, zeina, ordenantzak hala beharturik eta haren ordez, behartuta baitago zerga betebeharren prestazio material eta formalak betetzera.

b) Subjektu pasibotzat hartuko dira, halaber, jaraunspen banatugabeak, ondasun komunitateak eta gainerako entitateak, zeinek, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko bat edo ezarpena jar dakiokeen ondare berezia osatzen baitute.

9. art. Zerga erlazioaren aldaezintasuna

Subjektu pasiboaren eta zerga betebeharraren gainerako elementuak ez dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatzen ahal.

Egintza eta hitzarmen horiek ez dute udal administrazioan eraginik izanen, berekin dakartzaten ondorio juridiko-pribatuak galarazi gabe.

10. art. Zerga-oinarria

Zerga-oinarritzat hartuko da:

a) Zergagaia zerga-modulutzat kalifikatzea, tributu zorra kopuru finkotan mugatzen denean.

b) Zergagaiaren kopuru, pisu edo neurri unitateen multzoa. Unitate horien gainean ezarriko da tarifa egokia, tributu zorra zehaztera iristeko.

c) Zergagaiaren balorazioa diru unitatetan, udal administrazioak kontutan hartutakoa. Horri buruz, eta kasu bada, indarra duen arautegiari jarraikiz behar diren murriztapenak egin ondoren, tasa egokia aplikatuko zaio tributu zorra zehaztera iristeko.

Zenbait ordainarazpenen kasuetan errolda, matrikula edo erregistroa eginen da, beren izaera dela eta zergagaiak iraun egiten duenean.

11. art. Likidazio oinarria.

Likidazio oinarritzat hartzen da zerga-oinarrian ordainarazpen bakoitza arautzen duen lege edo ordenantzan ezarritako murrizketak, halakorik bada, egin ondoren geratzen den emaitza.

12. art. Karga-tasa.

Karga-tasatzat hartuko dira izaeraz proportzionalak edo progresiboak izan daitezkeen eta likidazio oinarriari kuota zehazteko aplikatzen zaizkionak.

13. art. Kuotaren zehaztapena

Kuota honela zehaztuko da:

a) Ordenantzan zerga-modulu gisa seinalatutako kopuru finkoaren arabera.

b) Ordenantza partikularretan ezarritako tarifak karga-oinarriari aplikatuz.

c) Zerga-oinarriaren balioari dagokion karga-tasa proportzional edo progresiboa aplikatuz.

d) Oro har, kontribuzio berezietan, ordaintzera beharturik dauden guztientzat, interes partikularrari egozten zaizkion obra eta instalazioen kostuaren ehunekoaren arabera, kuota osoa subjektu pasiboen artean nork berea ordaintzeko banatuko da, dagokion ordenantzan finkatutako moduluei jarraikiz.

14. art. Salbuespenak eta hobariak

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta Nafarroako Foru Parlamentuak onetsi edo onesten dituen gainerako arau aplikagarrietan xedatzen denari lotuko zaio.

III. KAPITULUA

Tributu zorra

15. art. Tributu zorra subjektu pasiboak udal administrazioari zor dion diru kopurua da. Kopuru honetan tributu kuota sartzen da eta, hala behar denean, ondoko kontzeptuak gehitzen zaizkio:

a) Oinarrien edo kuoten gainean legez galdatzen ahal diren errekarguak.

b) Berandutzagatiko korritua, legean ezarria.

c) Gerorapen edo luzapen errekarguak.

d) Premiamenduko errekargua.

e) Zerga izaera duten diru-zehapenak.

Tributu zorra ordaintzeko erantzukizuna

16. art. 1. Legeak tributu zorraren erantzule deklaratzen ahal ditu, subjektu pasibo edo zordun nagusiekin batera, bertze pertsona batzuk solidario edo subsidiarioki.

2. Kontrakorik agintzen duen legezko arau espresik izan ezean, erantzukizuna beti subsidiarioa izanen da.

3. Erantzukizuna tributu zor osoraino iristen da, zehapenak salbuetsirik.

Premiamenduko errekargua dirusarrera egiteko borondatezko epea bete eta ordaindu ez duenean bakarrik eskatzen ahal zaio erantzuleari.

17. art. Beti ere, tributu zorraren ordainketara behartzeko administrazio egintza erantzuleei iragan ahal izateko beharrezkoa da administrazio egintza bat zeinean, interesatuari entzun ondoren, erantzukizuna deklaratu eta haren norainokoa zein den zehaztuko den.

Egintza hori jakinaraziko zaie, likidazioaren funtsezko osagaiak adieraziz, une horrexetatik zordun nagusiaren eskubide guztien jabe eginen direlarik.

18. art. Administrazio egintza erantzule subsidiarioei iragan ahal izateko nahitaezkoa da aldez aurretik zordun nagusiaren eta gainerako erantzule solidarioen ordainezintasuna deklaratzea, aitorpen horren aurretik bidezko diren arreta neurriak hartzea galarazi gabe.

19. art. Zor baten erantzule solidario edo subsidiaroak bi edo gehiago baldin badira, zorra oso-osorik horietako edonori eskatzen ahal zaio.

Tributu zorraren iraungipena

20. art. Tributu zorra iraungiko da:

a) Ordaindu edo bete delako.

b) Preskripzio bidez.

c) Egiaztatutako ordainezintasunagatik.

d) Konpentsazio bidez.

21. art. Tributu zorren ordainketa Ordenantza honen 54tik 57ra bitarteko artikuluek, biak barne, arautzen dutenaren arabera eginen da.

22. art. Bortz urteren buruan ondoko eskubide eta egintzek preskribatuko dute:

a) Subjektu pasiboen aldekoak:

-Tributu zorra likidazioaren bidez zehazteko udal administrazioak duen eskubidea, eskubide hori sortu zen egunetik kontatzen hasita.

-Likidatutako tributu zorrak ordain daitezen galdatzeko ekintza, borondatezko ordainketarako epea akitzen den egunetik kontatzen hasita.

-Tributu zehapenak ezartzeko ekintza, arau-hauste bakoitza egin zen egunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioaren alde, jaso behar ez ziren dirusarrerak itzultzeko eskubidea, sarrera egin zen egunetik kontatzen hasita.

23. art. Aurreko artikuluaren a) idazatiak aipatzen dituen preskripzio epeak eten egiten dira:

-Subjektu pasiboa formalki jakinaren gainean izanik, zergagai bakoitzagatik zorpidetutako ordainarazpenaren aitorpena, arautzea, ikuskapena, segurtasuna, egiaztapena, likidazioa eta dirubilketa erdiesteko egindako edozein egintza administratiboren eraginez.

-Edozein erreklamazio edo helegite paratzen bada; udal administrazioak ezarritako epearen barnean ez badu ebazpenik ematen, udal administrazioari berari egozten ahal zaion erruz, preskripzio aldia aipatu epe hori iragaten den egunetik aurrera hasiko da kontatzen.

-Tributu zorra ordaindu edo likidatzeko subjektu pasiboak egiten duen edozein jarduketagatik.

Aurreko artikuluko b) idazatiaren kasuan, preskripzio epea eten eginen da dirusarrera ez-zilegia itzultzea nahi duen subjektu pasiboaren edozein egintza fedemaileren bidez, edo udal administrazioaren edozein egintza dela medio horrelakorik badela aitortzeko.

24. art. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, subjektu pasiboak eskatu edo salbuetsi beharrik gabe.

25. art. Subjektu pasiboaren eta gainerako erantzuleen ordainezintasun egiaztatua dela eta, kitatu ezin izan diren tributu zorrak behin-behinekoz iraungiak deklaratuko dira, preskripzio epearen barnean birgaitzen ez diren bitartean. Epe hori akiturik zorra birgaitzen ez bada, behin betiko iraungirik geratuko da.

IV. KAPITULUA

Tributuen arloko arau-hausteak eta haien kontrako zehapenak

Tributuen arloko arau-hausteak

26. art. Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 93. artikuluari jarraikiz, tributuen arloko arau-hausteak lege horretan berean eta gainerako arau aplikagarrietan tipifikatzen eta zehatzen diren ekintza eta omisioak dira.

27 art. Arau-hausleak izanen dira legeetan arau-hauste gisa tipifikaturik dauden ekintza edo omisioak egiten dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoak, eta bereziki ondoko hauek:

a) Tributuen subjektu pasiboak, zergadun ala ordezkoak izan.

b) Jarduteko gaitasunik ez duten subjektu pasiboen legezko ordezkaria.

c) Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 62. artikuluan ezarritakoaren arabera, Administrazioari argibideak edo laguntza emateko obligazioa duten pertsona fisiko edo juridikoak.

28. art. Legeetan arau-hauste gisa tipifikaturik dauden ekintza edo omisioetatik erantzukizunik ekarriko ez dutenak 2/1995 Foru Legearen 93. artikuluan aipatutakoak dira.

29. art. Arau-hausteak soilak edo larriak izan daitezke, egintza edo omisioak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 94. artikuluan kontzeptu batean edo bertzean sartzen diren kontuan hartuz.

Zehapenak

30. art. Arau-hausteak isun finko edo proportzionalaren bidez zehatuko dira dirutan. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 95. artikuluan xedatutakoaren arabera.

31. art. 1. Arau-hauste soil bakoitza 1.000 pezetatik 150.000 pezeta bitarteko isunarekin zehatuko da.

2. Eskumenak erabiliz egitekoak ikuskatzailetza-jarduketei zailtasunak edo aitzakiak jarri edo uko egiteagatik, 50.000 pezetatik 1.000.000 pezeta bitarteko isuna jarriko da.

3. Tributu arloko arau-hauste larriak kuotaren zenbatekoaren %50etik %150era bitarteko isun proportzionalaren bidez zehatuko dira dirutan, 2/1995 Foru Legearen 97.3 artikuluan aipatzen den murrizketa deusetan galarazi gabe.

4. Berandutza-korrituak galdatzen ahalko dira, borondatez ordaintzeko epea bukatzen denetik tributu egoera erregularizatzen duen likidazioa egiten den egunera arte igarotako denboragatik.

32. art. Zehapen prozedura.

Zehapenak tributuen likidazio behin-behineko edo behin betikoak bideratzen dituzten egintza administratiboak diktatzen dituzten organoek erabaki eta ezarriko dituzte, beti ere interesatuari entzun eta aldez aurretik behar den espedienteari hasiera eman ondoren.

33. art. Tributu arloko arau-hausteetatik sortutako erantzukizuna.

1. Arau-hausteek ekarritako eratzunkizuna ordainketa egin edo zehapena bete delako galtzen da, edo preskripzio bidez.

2. Arau-hausleak hiltzen direnean, haien oinordeko edo legatu-hartzaileek jasoko dituzte tributu arloko betebeharrak, jaraunspena hartzeko legeria zibilak ezartzen duena deusetan galarazi gabe. Zehapenak ezin dira sekula transmititu.

3. Sozietate edo entitate desegin eta likidatuen kasuan, ordaindu gabeko tributu horiek kapitalean kide edo partaide direnei transmitituko zaizkie, eta haiek solidarioki erantzunen dute, bakoitzak esleitu zaion likidazio-kuotaren balioaren mugaraino.

V. KAPITULUA

Kudeaketa arauak

34. art. Tributuen kudeaketari hasiera emanen zaio:

a) Subjektu pasiboaren aitorpen edo ekimenaren bidez.

b) Ofizioz.

c) Toki entitateen organo administratiboen ikerketaren bidez.

Tributu aitorpena

35. art. a) Tributu aitorpentzat hartuko da zergagai baten inguruabarrak edo osagaiak agertu direla adierazi edo aitortzen duen agiri oro, bai halaber zergagai bat duen edo osatzen duen agiriaren aurkezpen hutsa ere.

b) Ez da inolaz ere eskatuko zerga aitorpenak zinpekoak izatea.

c) Aurkeztean interesatuei emanen zaie horren egiaztagiria, eta horretarako aitorpenaren kopia ere erabiltzen ahalko da.

d) Frogagiri bat aurkeztean interesatuek aurkezten ahalko dute, horrekin batera, kopia sinplea edo fotokopia, udal administrazioak, erkatu ondotik, jatorrizkoa itzul dezan, prozedura behin betikoz ebatzi aurretik agiria itzuli behar ez dela erabakitzen ez bada, agiri pribatua izateagatik edo legezko bertze arrazoiren batengatik.

36. art. Aitorpena aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean ezarritako epeen barnean, eta orokorrean, zergagaia ematen den unetik hasita ondoko hogeita hamar egun balioduneko epearen barnean. Epearen barnean ez aurkeztea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

37. art. Aitorpena toki entitate honetan aurkezteak ez du zergaren jatorria onartu edo aitortzen denik erran nahi.

Udal honek aitorpenak eska ditzake eta hauek gehitzea ere bai, eta orobat nabari diren okerrak zuzentzea, tributuen likidaziorako eta egiaztapenerako beharrezko den neurrian.

Aurreko lerroaldiak aipatzen dituen betebeharrak ez egitea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

38. art. Epeak.

1. Ordenantza partikularretan izapide bakoitza egiteko bete beharreko epeak zein izanen diren adieraziko da. Ordenantza horiek ez badituzte epeak finkatzen, oro har ulertuko da ez dela sei hilabete baino gehiago izanen administrazio prozedura hasten denetik prozedura amaitzen duen ebazpenaren eguna arteko denbora; beti ere hori galarazten duten behar bezala justifikatutako aparteko arrazoiak ez badira behintzat. Epe hori bi urtekoa izanen da ikuskapena denean.

2. Toki entitate honek epeak betetzen ez baditu ere, horrek ez du erran nahi administrazio ekintza iraungi egiten denik, baina, hala ere, interesatuei erreklamazioa aurkezteko baimena emanen die.

3. Izapidaketaren akatsen kontrako kexako erreklamazioak noiznahi egiten ahal dira, eta bereziki, prozedura geraraztea, jarritako epeak haustea edo arazoa behin betikoz ebatzi aitzin konpon daitezkeen izapideak ez egitea dakartzatenak. Erreklamazioa ontzat hartzen bada, horretarako arrazoirik izanez gero, berarekin erantzukizuna duen funtzionarioaren kontrako diziplina espedientea irekitzea ekarriko du.

Ikerketa eta ikuskapena

39. art. Toki entitate honek ikertuko ditu zergagaia osatzen edo baldintzatzen dituzten gertakizun, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak, eta egiaztatuko karga-oinarriaren balorazioa.

40. art. Ikerketa egiteko subjektu pasiboaren kontabilitate nagusiaren edo laguntzailearen agiriak, liburuak, fitxategiak, kontu-agiriak, frogagiriak eta oharpenak aztertuko dira; era berean, ondasunen, elementuen, ustiapenen eta tributua zehazteko beharrezko den bertze edozein informazio aurrekariren ikuskapena eginen da.

41. art. Subjektu pasiboek kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen diren bertze dokumentuak eraman eta kontserbatzeko obligazioa dute, bai eta ikuskapen lanetan erraztasunak emateko ere, Administrazioari zergagaiarekin zerikusirik duten datu, txosten eta aurrekariak edo frogagiriak eskuratuz.

42. art. Ikuskapenak subjektu pasiboendako eragin ekonomikorik baldin badakar, diligentzia, jakinarazpen eta aurretiko edo behin betiko akten bidez dokumentatuko dira.

43. art. Salaketa.

1. Toki entitateen ikerketa salaketa bidez hasten ahal da. Salaketa erabiltzea Administrazioa laguntzeko obligaziotik aparte dago, 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Salatzailea ez da interesatutzat hartuko salaketaren ondorioz hasten den ikerketan, eta salatzailea den aldetik ez du eskubiderik izanen helegite edo erreklamaziorik jartzeko.

3. Nabarmenki funtsik gabeak diren salaketak bertzelako tramiterik gabe artxibatzen ahal dira.

Tributu likidazioak

44. art. 1. Zerga-oinarriak zehaztu ondoan, kudeaketak jarraituko du likidazioa eginez tributu zorra finkatzeko. Likidazioak behin-behinekoak edo behin betikoak izanen dira.

2. Behin betikoak honako hauek izanen dira:

-Zergagaiaren ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin-behineko likidaziorik izan ala ez.

-Preskripzio epearen barnean egiaztatu ez direnak.

3. Aurreko atalean adierazitako kasuetatik at, likidazioak behin-behinekoak izanen dira, kontuaren gainekoak, osagarriak, bermeak, partzialak edo osokoak badira ere.

45. art. a) Likidazioak egiterakoan toki entitate honek egiaztatuko ditu tributu aitorpenetan adierazitako egintza, elementu eta balorazio guztiak.

b) Aitorpenen emaitzaren gaineko tributu oinarria haunditzen bada subjektu pasiboari jakinarazi behar zaio.

46. art. 1. Likidazioak subjektu pasiboei jakinaraziko zaizkie, hauek adieraziz:

a) Haien funtsezko elementuak.

b) Erabil daitezkeen inpugnazio bideak, hauek jartzeko epeak, bai eta zein erakundetan jarri ere adieraziz.

c) Tributu zorra non, noiz eta nola ordaindu behar den.

2. Jakinarazpen akastunek eragina izanen dute subjektu pasiboak haren berri baduela espreski adierazten, dagokion helegitea jartzen edo tributu zorra ordaintzen duenetik hasita.

3. Subjektu pasiboei zuzenean emandako jakinarazpenek sei hilabeteren buruan izanen dute eragina, baldin eta egintzaren testu osoa izanik, bertze edozein baldintza aipatu ez badute, Administrazioak akatsa zuzen dezan eskatzeko epe horretan behar bezalako protesta egin bada salbu.

Zergadunen erroldak.

47. art. Ordenantza partikularrean berean zehaztutako kasuetan, udal administrazioak, interesatuen aitorpenak ikusirik, ezagutzen dituen datuen arabera eta, orobat, administrazio ikuskapenak emandakoak gehituz, zergadunen erroldak prestatzeari ekinen dio. Zergadunen errolda horrela prestatu eta gero, erregistro iraunkor eta publikotzat hartuko da, eta Udalak paratu nahi duen edonolako prozedura bidez, mekanikoa ere barne dela, funtzionatuko du.

48. art. 1. Zergadunen errolda eratu ondoan, bertan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztiak ontzat eman beharko dira erreklama daitekeen administrazio egintzaren bidez, eta legeari jarraikiz subjektu pasiboei horien berri emanen zaie.

2. Erroldan zernahi alta, baja edo gorabeherarik sor dezakeen aldaketaren berri eman beharko dio zergadunak udal administrazioari, hura gertatu eta hogeita hamar egun balioduneko epean.

49. art. Zergadunen erroldak dokumentu fiskaltzat hartuko dira, zeina aipatu beharko baita kobratzeko zerrenda, ordainagiri eta bertze dokumentuetan, dagokion ordainarazpena eskuratu ahal izateko.

VI. KAPITULUA

Dirubilketa

Oinarri orokorrak.

50. art. Dirubilketaren kudeaketa, toki entitatearen ogasunaren hartzekoa osatzen duten kreditu eta eskubideak burutzera bideratutako eginkizun administratiboa betetzea da.

51. art. 1. Dirubilketa egin daiteke:

-Borondatezko aldian.

-Derrigorrezko aldian.

2. Borondatezko aldian ordaintzera behartuta daudenek, horretarako adierazitako epeen barrenean kitatuko dituzte beren zorrak. Derrigorrezko aldian, indarra duen legeriari jarraikiz dirubilketa nahitaez eginen da premiamendu bidez, zerga ordaindu behar duenak borondatezko aldian bere obligazioa betetzen ez badu.

52. art. Udalaren baliabideen bilketa zuzenean eginen da udal diruzaintzaren kontuhartzaileak zerbitzuen fiskalizazioa betetzen duela.

53. art. Zorren sailkapena, dirubilketari doakionean.

1. Udal agintariek eginiko likidazioen ondorioz sortutako tributu zorrak, dirubilketari doakionean, honela sailkatuko dira: jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenik gabekoak eta norberak likidatutakoak.

2. Jakinarazi beharrekoetan ezinbertzekoa da jakinarazpena igortzea, subjektu pasiboak tributu zorraren berri izan dezan. Hortaz, legearen araberako jakinarazpenik gabe, zorra ezin izanen da eskatu.

3. Jakinarazpenik gabeko zorrak dira banakako jakinarazpenik behar ez dutenak, zuzenean subjektu pasiboek ezagututako zergadun erroldetatik etortzeagatik, tributu zorra aldiro aldatzen bada ere, dagokion ordenantzan aurretiaz zehaztutako errekargu edo tasa gehikuntzen aplikazioagatik.

4. Norberak likidatutakoetan subjektu pasiboak, efektu tinbratuen bidez edo aitorpen-likidazioa egitean, aldi berean tributu zorraren ordainketa egiten du.

54. art. Ordainketa egiteko tokia.

Toki entitate honen aldeko zorrak Udalbatzaren kutxan ordainduko dira, edo banku edo aurrezki kutxetan horretarako irekitako kontuetan, horien titulartasuna badu.

55. art. Ordainketa epeak

Tributu zorrak honela ordainduko dira:

a) Jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenetik hasita hogeita hamar egun balioduneko epearen barnean.

b) Ordainagiri bitartez aldian aldian ordaintzen direla-eta banakako jakinarazpenik behar ez duten tributu zorrak, aurreko letran ezarritako epe berdinean, ordaindu behar diren hiruhileko naturaleko lehen egunetik hasita.

c) Subjektu pasiboak berak zuzenean likidatzen dituen zorrak aitorpena aurkeztean ordainduko dira. Aitorpenak aurkezteko egunak edo epeak tributu bakoitzaren ordenantza arau-emaileetan zehaztuko dira eta, halakorik ezean, zergagaia gauzatzen den egunetik kontatzen hasi eta hurrengo hogeita hamar egun baliodunen barnean.

56. art. Ordainketa egiteko modua.

1. Tributu zorrak eskudirutan ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:

a) Legezko dirua

b) Posta edo telegrafo bidezko igorpena

c) Banku txekea

d) Era berean, banku edo aurrezki kutxetan horretarako toki entitateak irekitako kontuetan abonu edo transferentzi gutuna eginez ordain daiteke tributu zorra.

2. Aurreko atalean erranagatik ere, tributu zorrak kreditu eta aurrezki entitateetan helbideratzea ere zilegi da, azken hauek subjektu pasiboaren administratzaile lana eginen dutelarik honek baimendutako zorrak ordainduz. Helbideratze horretarako betebehar bakarra da toki entitatearen diruzaintzari eta kreditu eta aurrezki entitateari aldez aurretik jakinaraztea helbideratze horiek zein tributuri dagozkion.

57. art. Gerorapenak eta zatikako ordainketak.

1. Tributu zorra likidatzean toki entitateak ordainketa geroratu edo zatika ordaintzeko aukera eman dezake, zergadunek aldez aurretik hala eskatzen badute.

2. Tributu zorraren gerorapen edo zatikako ordainketari buruzko gorabehera guztiak martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 90etik 92ra bitarteko artikuluek, biak barne, xedatzen dutenari lotuko zaizkio.

VII. KAPITULUA

Helegiteak

58. art. Ordenantzen behin betiko onespenaren kontra, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean izaera orokorrez ezarritako udal ebazpenen kontrako helegiteak aurkezten ahal dira.

59. art. Aurreko artikuluan ezarritakoagatik ere, indarrean egonen da beti interesatuen eskubidea Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legean edo ordenantzetan ezarritakoa hausten duten ordainarazpenen gaineko xedapenak aplikatzen dituzten udal erabakien kontra egiteko, Udalaren ebazpenen kontrako helegiteak aurkezteko ezarrita dagoen prozedura orokorrari jarraikiz.

60. art. Zergak ordaintzeko obligazioaren edo ordainarazpen bat dela eta likidatutako kuota baten zenbatekoaren aurka helegiteren bat jartzeko, galdatutako kopurua aurretik ordaintzerik ez da eskatuko, baina erreklamazioak ez du inolaz ere zor hori kobratzeko administrazioak egiten duena oztopatuko, interesatuak ez badu udal diruzaintzan likidazioaren zenbatekoa uzten; zenbateko horri ehuneko hogeita bortz gehituko zaio sor daitezkeen errekargu, kostu edo gastuak bermatu ahal izateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza fiskal honek indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onesten denean, eta ondorio juridiko osoak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean testua oso-osorik argitara ematen denean sortuko ditu.

Bigarrena.-Ordenantza fiskal orokor hau, hala nola toki entitate honek onesten dituen ordenantza bereziak aldatzeko, onesteko egin diren izapide berdinak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko I. kapituluan xedatutakoaren arabera.

ORDENANTZA, AUZOLANA ETA BIDELANA ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau (haren 12, 53 eta 54. artikuluak).

Xedea

2. art. Ordenantza honek xedea du arautzea, batetik, herritarren lana, auzolan, auzalan edo artelan izenekin ere ezagutua, eta, bertzetik, herriko bideak eta mendi bideak egin, zaindu eta hobetzeko bidelana, hau da, oro har toki entitate honen eskumenetan biltzen diren obra guztiak.

Bi prestazioetarako arauak

3. art. Auzolana eta bidelana, biak, bateragarriak dira eta aldi berean ere eman daitezke. Beraz, aldi berean ematen direnean, bidelana bete behar dituztenek auzolana ere garraio elementu berekin egiten ahalko dute.

4. art. Lana egitera ez etortzeak, ezinbertzeko kasuetan salbu eta aitzinetik librantza egin ez baldin bada, haren diru zenbatekoa eta bertze hainbertzeko isuna ordaindu beharra ekarriko du. Emanen den epean ordaintzen ez baldin bada, premiamendu bideari ekinen zaio.

5. art. Toki entitate honek urtero onetsiko ditu, osoko bilkuran hartutako erabakien bitartez, auzolana eta bidelana egiteko aldiak, beti ere kontuan harturik udal mugapean lan haundienetako garaiekin batera izan ez daitezen.

Auzolana

6. art. Auzolana udalerri honetan bizi diren guztiek egin behar dute, hauek kenduta:

a) Hemezortzi urtetik beheiti eta berrogeita hamabortz urtetik goiti.

b) Ezindu fisiko, psikiko eta zentzumenezkoak.

c) Espetxeetan preso daudenak.

d) Soldadu edo ordezpeneko prestazio sozialean daudenak, hartan egon bitartean.

7. art. Udal honek babestuko ditu auzolanean ari diren biztanleak gertatzen ahal zaizkien istripuen arriskutik.

8. art. Auzolana urtean hamar egunetan edo hiru egun jarraian eginen da gehienez. Interesatuaren ordez bertze lagun batek egiten ahal du auzolana, beti ere horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez egiten baldin badu. Orobat, auzolanaren librantza egin daiteke lanbidearteko gutxieneko soldata halako bi pagatuz.

Bidelana

9. art. Bidelanean parte hartu beharra dute, nahitaez eta salbuespenik gabe, herriko enpresa edo nekazaritza-abeltzaintza moduko ustiategietan garraio elementuak dituzten pertsona orok, fisiko zein juridikoek eta herrian bizi edo ez.

10. art. Trakzio mekanikoko ibilgailuen bidelanak urtean gehienez ere bortz egun hartuko ditu eta egunak ez dira jarraian egonen. Haren ordez, lanbideen arteko gutxieneko soldataren hiru halako ordain daiteke.

Gainerako kasuetan, urtean ez dira hamar egun baino gehiago izanen ez eta bi egun jarraian baino gehiagotan eginen ere.

11. art. Bidelana egiteko erabiltzen diren ibilgailuendako erregai gastuaren abonamendua toki entitate honen kargura eginen da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, ordenantza fiskal orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

UR HORNIDURAREN PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da.

Zergagaia

2. art. Edateko uraren hornidura zerbitzua erabilgarri izan eta benetan erabiltzea da zergagaia.

Salbuespenak

3. art. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Subjektu pasiboak

4. art. Zergadun baitira, ordainarazpen honen subjektu pasiboak hauek dira: pertsona fisiko eta juridikoak eta izaera juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko bat izan edo ondare bereizia eduki eta edateko uraren hornidura zerbitzua eskatu dutenak edo hartaz baliatzen direnak.

Zergadunaren ordezkotzat hartuko dira higiezinen jabeak, eta hauek, behar balitz, onuradunei erasaten ahalko dizkiete kuotak.

Tarifak

5. art. Zerbitzua egiteko tarifak kontzeptu hauengatik izanen dira:

a) Hornidura zerbitzua eskura izateagatik eta haren mantenimenduagatik: 1.000 pezeta lauhileko bakoitzean.

b) Etxeko erabileretarako horniduragatik, kontsumituriko metro kubiko bakoitzagatik: 25 pezeta.

c) Industrian edo ureztapenetan erabiltzeko hornitzeagatik, kon- tsumituriko metro kubiko bakoitzagatik: 30 pezeta.

Industriarako eta merkataritzako erabileraren barnean ulertzen dira: industriak, saltokiak, ofizinak, bulegoak, ureztatzeko hornidurak, baita apaingarrietarakoak ere aisiarako finketan, eta hornidurak obretan, aziendategietan, bizigarritasun agiririk gabeko eraikinak eta, oro har, lizentzia fiskala behar duten jarduketa guztietan.

d) Hornidurarako hartunea paratzeagatik: 10.000 pezeta.

Likidatu beharreko kuota

6. art. Ordenantza honetako prezio publikoaren zenbatekoa aurreko artikuluko tarifak aplikatzearen emaitza izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

Sortzapena

7. art. Prezio publikoa eta ordaindu beharra kontzeptu hauengatik sortzen dira:

a) Zerbitzua eskura izateagatik eta horren mantenimenduagatik, hornidura-sarera lotzen den unean.

b) Kontsumoagatik, hasten den une beretik.

c) Ur-hartunea paratzeagatik, ur hartunearen irekidura egin edo lizentzia edo baimena ematen den unean.

Kudeaketa arauak

8. art. Kontagailua erostearen gastuak eta hura paratzeko behar diren materialak eta eskulana sarera lotzea edo hornidura eskatzen duenari kobratuko zaizkio.

9. art. Prebentzio moduan, etxe edo instalazio barrenean ur-galera dakarten aberiak dituen hartunearen titularrari ur-hornidura mozten ahalko zaio.

10. art. Erabiltzaileak ezin du inondik ere bertze inor uraz hornitu, ez eta eskubidea ez duenari hartzen utzi ere. Gainera, galarazi beharko du bere axolagabekeriaz gertatzen ahal den iruzurra. Halakorik bada, erabiltzailea izanen da erantzule bakarra.

11. art. Erabiltzaileak behartuak daude ura banatzeko sare nagusiko aberia baten ondorioz gertatutakoak toki entitateari lehenbailehen jakinaraztera.

12. art. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar den bezala egon dadin zaintzea eta toki entitateak ematen dituen jarraibideak betetzea.

13. art. Ordenantza honetan aipatzen diren kontzeptuetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile kreditatuari edo toki entitateko edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo bertze zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu beharrean badaude.

Dirubilketa

14. art. 1. 5. artikuluko a), b) eta c) ataletan aurreikusitako ordainarazpenak lauhilekoetan ordainduko dira.

2. Artikulu bereko d) atalean aurreikusitako ordainarazpena sortzen den unean ordainduko du erabiltzaileak.

Arau-hausteak eta zehapenak

15. art. Honako hauek hartzen dira iruzur motako arau-haustetzat:

a) Toki entitateko langile behar bezala kreditatuek egiten dituzten bisitak oztopatzea.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikustekoa duten frogapenak galaraztea.

c) Toki entitateak ezarritako zigilu, zerraila edo aparatuak aldatzea.

d) Toki entitateak neurgailuak edo kontsumo-aparatuak aldatzeari buruz emandako jarraibideak ez betetzea.

e) Kontagailuaren irakurketa espreski aldatzeko asmoz baimenik gabeko mekanismoak erabiltzea.

16. art. Arau-hauste eta zehapenen gainerako alderdiei dagokienez Ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat heldu diren arauetan xedatutakoari lotuko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Bakarra.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta toki entitate honek onetsitako ordenantza fiskal orokorra aplikatuko dira.

ORDENANTZA FISKALA, OBRA-HONDAKINDEGIA ERABILTZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100.etik 108.era bitarteko artikuluetan xedatutakoari jarraikiz ezarri da ordenantza hau.

Zergagaia

1. artikulua. Zorzor alderdian dagoen obra-hondakindegia erabiltzea, erabiltzaileek berek edozein eraikinetatik heldu diren obra-hondakinak botatzeko; horra zergagaia.

Subjektu pasiboak

2. art. Zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko nahiz juridikoak, jaraunspen banatugabeak, ondasun komunitateak eta gainerako entitateak, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko bat edo ezarpena jar dakiokeen ondare berezia osatzen badute, subjektu pasiboak dira eta, beraz, beharturik daude ordenantza honetako tasak ordaintzera, edozein eraispen edo gisakoren bat dela-eta aitzineko artikuluan aipatu den hondakindegira obra-hondakinik botatzen badute.

Salbuespenak

3. art. Nafarroako Parlamentuak onetsitako foru legeetan espreski aurreikusten diren salbuespen edo hobariak baizik ez dira onartuko.

Tarifak

4. art. Kuota hauek ezarri dira:

-Atoi bete obra-hondakin: 500 pezeta.

-Kamioi bete obra-hondakin: 1.000 pezeta.

Kudeaketa arauak, sortzapena eta ordainarazpena

5. art. Interesatuek obra-hondakinak botatzeko baimena eskatu behar diote lehenik Udalari.

Baimena emandakoan ordaindu beharra sortzen da, eta baimena eman eta berehala eginen da pagamendua. Nolanahi ere, azkenean deus botatzen ez bada, zenbateko hori itzuliko zaio eskatzaileari.

Arau-hauste eta zehapenak

6. art. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Udal honek onetsitako ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatzen denari jarraituko zaio.

AGIRIAK LUZATU ETA IZAPIDATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Xedapen orokorra

1. artikulua. Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau.

Zergagaia

2. art. Alderdi batek eskaturik, udal administrazioak edo udal agintariek beren eskumeneko dokumentuak eman edo izapidatzeagatik sortu udal jarduerak eratzen du zergagaia.

Ordaindu beharra

3. art. Ordaindu beharra sortzen da norberaren intereserako, udal administrazioak edo udal agintariek euren eskumenekoak diren edo izan behar duten edozein agiri ematea eskatu hutsarekin.

Subjektu pasiboa

4. art. Udal administrazioak edo udal agintariek ematen dituzten edo beren eskumenekoak dituzten agiriak eskatu, sortarazi edo haien onura jasotzen duten pertsona natural nahiz juridikoak dira subjektu pasiboak.

Tarifak

5. art. Ordenantza hau gobernatuko duten tarifak hauek dira:

1.-Katastroko ziurtagiriak: 100 pezeta orri bakoitzeko.

2.-Fotokopiagailuaren erabilpena: 10 pezeta kopia bakoitzeko.

Kudeaketa eta dirubilketarako arauak

6. art. 1. Tasa sortutzat hartuko da dokumentua Udalaren erregistro orokorrean aurkezten denean eta udal bulegoetan ordenantzapeko eskabiderik ez dokumenturik ez da hartuko, ez eta tramitatuko ere aldez aurretik ez bada ordainketa egin.

2. Udal zigiluaren itzulketa behar duen dokumenturik ez da luzatuko dokumentua ematen duen funtzionarioak betekizun hori bete ez badu.

Arau-hausteak eta zehapenak

7. art. Udal administrazioaren dokumentu eta berriemateen Sarrera eta Irteera Erregistro Orokorraren ardura duten funtzionarioak eta Udal Gordailuzaintzaren langile arduradunak izanen dira iruzurraren erantzule. Iruzurra indarra duten xedapenetan aurreikusitako eran zigortuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

EREMU PUBLIKOKO LURRAK OKUPATZEKO PREZIO PUBLIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Xedapen orokorra

1. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122. artikuluan, Nafarroako Entitateen Ondasunei buruz urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamenduaren 93. eta ondoko artikuluetan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen 28. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau.

Zergagaia

2. art. Eremu publikoan ondoko probetxamendu edo erabilera pribatiboa egitea da zergagaia: partikularrek obra egin behar dutela eta karrika ixtea, bertatik ibilgailuen joan-etorriak galaraziz.

Subjektu pasiboa

3. art. Ondoko hauek daude beharturik ordenantza honetan ezarritako prezio publikoak ordaintzera:

a) Kontratistak, edo obrak egiten dituztenak.

b) Lizentziarik edo esleipenik gabe, ordenantza honen xede diren probetxamenduak egiten dituztenak.

c) Probetxamenduaz gehiago baliatu gabe ere toki entitatean haren baja aurkezten ez dutenak.

d) Zergadunaren ordezkotzat lizentzien titularrak eta higiezinen jabeak hartuko dira.

Tarifak

4. art. 5.000 pezeta hilabetean, beti ere, bortz egun baino gehiagotan ixten bada; hilabeteak egunez egun kontatuko dira; kuota hau ez da hainbanatuko.

Salbuespenak

5. art. Toki mailako zerbitzu publikoak ematen dituzten enpresak salbuetsirik egonen dira prezio publikoen ordainarazpenetik.

Kudeaketa eta dirubilketa arauak

6. art. 1. Erabilera pribatiboak edo probetxamendu bereziak berekin badakar toki entitatearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere, deusetan ukatu gabe prezio publikoaren ordainketa.

2. Kalteak konponezinak badira, onuradunak desegindako ondasunek zenbat balio duen edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa, horrenbertze emanen dio ordainetan toki entitateari.

Toki entitateak ez ditu inolaz ere barkatuko artikulu honek aipatzen dituen kalteordainak eta diru itzulerak.

7. art. Prezio publikoa ordaindu beharra probetxamendua onartzen denean sortzen da, edo probetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasi bada.

8. art. Udalak behar den lizentziarik edo esleipenrik eman gabe probetxamendua hasten bada, behar den prezio publikoa pagatzeak ez ditu egindako probetxamenduak legeztatuko eta, beraz, kalteordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke.

9. art. 1. Ordenantza honetan araututako prezio publikoei lotutako probetxamenduek behar den errolda edo zentsua izanen dute ohikoak eta etengabeak badira.

2. Erabilera publikoko lurrak, irabazi asmoz, mahai eta kadirekin okupatzeari dagokionez, toki entitateak baimena bere osotasunean balio gabe utzi edo aldi baterako ken dezake arrazoi bidezko, obra, konponketa, etabarrik badago, eta kobratutako prezio publikoaren zati proportzionala soilik itzultzera behartuta dago.

3. Balkoi eta terrazak kristalez ixteari dagokion prezio publikoaren sortzapena lizentzia ematen den unean izanen da.

10. art. 1. Iruzurtzat hartuko da behar den lizentziarik gabe probetxamendua edo erabilera hastea.

2. Bertzelako arau-hausteei dagokienean eta zehapenekin ikusteko duten afera orotan, Ordenantza fiskal orokorrak xedatutakoari jarraituko zaio. Toki entitateak lizentzia edo baimenik gabeko muntadurak eremu publikotik ken ditzake udal biltegietara eramateko, eta muntadura hori desmuntatu, garraiatu, biltegira eraman eta egin behar den bertze edozergatik sortutako tasak eta gastuak jabearen kargu geldituko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: A9801294