Iragarkia
32. ALDIZKARIA - 1998ko martxoaren 16a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak
44/1998 FORU AGINDUA, otsailaren 17koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan, 1998-99 ikasturtetik aurrera batxilergoa emango duten zentroek funzionatzeko antolaketa pedagogikorako irizpideak, nola ikasleen sarrera, onarpena eta matrikulazioa arautzeko jarraibideak ematen dituena.
Otsailaren 17ko 44/1998 Foru Aginduaren bidez, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan, 1998-99 ikasturtetik aurrera batxilergoa emango duten zentroak funtzionatzeko antolaketa pedagogikorako irizpideak, nola ikasleen sarrera, onarpena eta matrikulazioa arautzeko jarraibideak eman dira.
Ikasketa eta Ikastetxeen Antolamendurako Zerbitzuko zuzendariak Foru Agindu hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du, haren xedea izanik ikasleen sarrera, onarpena eta matrikulazioa arautzeko jarraibideak, nola Nafarroako Foru Komunitatean, LOGSEn ezarritakoaren arabera batxilergoa ematen duten zentroak funtzionatzeko antolaketa pedagogikorako irizpideak ematea.
Foru Agindu honek, ekainaren 23ko 169/1997 Foru Dekretuaren Azken Xedapenean (1997-10-17ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) ezarritakoari jarraikiz emana, garatu, zehaztu eta osatu egiten ditu, kasua denean, aipatu Foru Dekretuan dauden alderdi batzuk, honako hauekin zerikusirik daukatenak: ikasleak batxilergoko ikasketetan sartzea; modalitatea aldatzea; curriculumaren garapena; ebaluazioa, maila altuagora igotzea, titulazioa, egonaldia eta erlijioa/H.J.A.aren irakaskuntzak, hezkuntz etapa hau egiten ari diren ikasleendako.
1998/99 ikasturtean Batxilergoari dagozkion irakaskuntzak ematen hasiko da. Ikasturte honetan zehar, behar bezala baimendutako ikastetxeek etapako lehen kurtsoari dagozkion irakaskuntzak emanen dituzte eta 1999/2000 ikasturtean bigarrenari dagozkionak ematen hasiko da. Ikastetxeetan eta eskualdeetan etapa hau antolatzeko bertan dauden eskolatze beharrei erantzunez eginen da.
Bestaldetik, Foru Aginduan onartzen da lerrun handiagoko arauagatik dagoen baimena, ekainaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretuak indarra hartu zuenean Batxilergoko ikastetxe pribatuak ziren heinean homologatu gisa sailkaturik zeuden Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuei zegokiena, "Naturaren eta Osasunaren Zientzien" eta "Humanitateen eta Gizarte Zientzien" modalitateak emateko, nahiz eta, bide batez, aipatu Errege Dekretuak ezartzen dituen gutxieneko betebeharretara egokitzeko beharra gogoratzen zaien.
Era berean, kontuan hartuz ondoko hauetan ezarritakoa, irakaskuntza ez-unibertsitarioetako eginkizun eta zerbitzuak Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzea onetsi zuen abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuan (1990-09-1eko "E.A.O."), araubide orokorreko ikasketa ez-unibertsitarioak irakasten dituzten ikastetxeetako gutxieneko baldintzak ezarri zituen ekainaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretuan (1991-06-26ko "E.A.O."), Batxilergoaren egitura ezarri zuen azaroaren 29ko 1700/1991 Errege Dekretuan (1991-12-2ko "E.A.O."), Batxilegoaren gutxieneko irakaskuntzak ezarri zituen urriaren 2ko 1178/1992 Errege Dekretuan (92-10-21eko "E.A.O.") eta Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak arautu zituen araubide orokorreko ikasketak ebaluaztzeko txostenen oinarrizko alderdiak ezartzen dituen 1992ko urriaren 30eko Aginduan xedatukoa eta, ebaluazio prozesuaren ondorioz, ikasleen mugikortasuna bermatzeko behar diren beharkizun formalak (1992-11-11ko "E.A.O.") eta,
Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2.b) eta c) artikuluan eman zaizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
I.-Xedapen orokorrak.
Lenenbizikoa.-Foru Agindu hau, haren xedea izanik ikasleen sarrera, onarpena eta matrikulazioa arautzeko jarraibideak, nola 1998-99 ikasturtetik aurrera LOGSEn agindutako Batxilergoa emanen duten zentroek funtzionatzeko antolaketa pedagogikorako irizpideak ematea, aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan, Batxilergoa, edozein modalitatetan, ematen duten Bigarren Hezkuntzako Instituto eta Zentro guzietan.
Bigarrena.-1. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Legean araututako Batxilergoari dagozkion irakaskuntzak 1998/1999 ikasturtean hasiko dira ematen Bigarren Hezkuntzako Institutoetan, Arte Eskoletan eta Zentro pribatuetan.
2. 1998/99 ikasturtean, hasiko dira ematen, era orokorrean, eguneko txandako araubide ofizialean, batxilergoko lehen kurtsoari dagozkion irakaskuntzak, Bigarren Hezkuntzako Institutoetan eta Zentro pribatuetan.
3. 1999/2000 ikasturtean, hasiko dira ematen, era orokorrean, eguneko txandako araubide ofizialean, Batxilergoko bigarren kurtsoari dagozkion irakaskuntzak, Bigarren Hezkuntzako Institutoetan eta Zentro pribatuetan.
4. Plangintza orokorrari jarraikiz, Hezkuntza eta Kultura departamentuak ezarriko ditu Bigarren Hezkuntzako Institutoetan emanen diren modalitateak eta modalitate bakoitzeko ikasbideak, haietako bakoitzak aurkezten dituen eskolatze beharren arabera.
5. Ekainaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretuak indarra hartu zuenean Batxilergoko zentro pribatuak ziren heinean homologatu gisa sailkaturik zeuden Bigarren Hezkuntzako zentro pribatuak, baimenduta daude Batxilergoko "Humanitateen eta Gizarte Zientziak" eta "Naturaren eta Osasunaren Zientziak" modalitateak emateko.
II.-Ikasleen sarrera.
Hirugarrena.-1. Batxilergoko lehen kurtsoko irakaskuntzetan sartu ahalko dira, edozein modalitatetan, Bigarren Hezkuntzan graduatu diren ikasleak.
2. Era berean, zuzenean sartu ahalko dira Batxilergoko lehen kurtsoan, arau bidez zehazten diren modalitateetan, maila ertaineko lanbide heziketa berariazkoa bukaturik teknikari titulua eskuratu duten ikasleak, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren 32.1 eta 35.3 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
3. Horiez gain, batxilergoko lehen kurtsoan sartu ahalko dira, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren aurreko irakaskuntzak egin eta ondoan aipatzen diren egoera hauetako batean aurkitzen diren ikasleak:
-Irakaskuntza Ertainen Erreformaren Programa Esperimentaleko lehen zikloa gainditua izatea.
-Lehen graduko Lanbide Heziketaren edo 2. mailako edozein Lanbide Moduloaren teknikari laguntzailearen titulua eskuratua izatea.
-Batxilergo Balioaniztun Bateratuko bigarren kurtsoa gainditua izatea, edo, gehienez ere, kurtso horretako irakasgai bat edo bi izatea gainditu gabe.
Arte Aplikatuetako eta Lanbide Artistikoetako irakaskuntzetako kurtso komunak gaindituak izatea.
-Batxilergo Balioaniztun Bateratuko hirugarren kurtsoa errepikatzeko egoeran egotea, edo Irakaskuntza Ertainen Erreformaren bigarren ziklo esperimentaleko lehen kurtsoa, edo Bigarren Graduko Lanbide Heziketako ikasketa plana osatzen duten kurtsoetako bat, hala irakaskuntza espezializatuen araubidearen nola araubide orokorraren bitartez, Lanbide Heziketako Lehen Gradutik Bigarren Gradura pasatzeko Irakaskuntza Osagarrietako kurtsoa barne.
-Arte Aplikatuetako eta Lanbide Artistikoetako irakaskuntzetako edozein espezializatze kurtso errepikatzeko egoeran egotea.
Laugarrena.-1. Batxilergoko bigarren kurtsoan sartu ahalko dira, Batxilergoko lehen kurtsoa eginda, Foru Agindu honen hamargarren.1 puntuan aipatzen den egoeran dauden ikasleak.
2. Horiez gain, Batxilergoko bigarren kurtsoan sartu ahalko dira, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren aurreko irakaskuntzak eginda, ondoan aipatzen diren egoera hauetako batean aurkitzen diren ikasleak:
-Batxilergo Balioaniztun Bateratuko hirugarren kurtsoa osorik gainditua izatea, edo bigarren graduko Lanbide Heziketako hirugarren kurtsoa irakaskuntza espezializatuen araubidearen bitartez, edo bigarren graduko Lanbide Heziketako bigarren kurtsoa araubide orokorraren bitartez, edo Irakaskuntza Ertainen Erreformako bigarren ziklo esperimentaleko lehen kurtsoa, edo idazati honetan aurretik aipatu kurtsoetako bat osatzeko, gehienez ere irakasgai bat edo bi gainditu gabe izatea, edo Batxilergoko titulua (BBB) edo Tekniko espezialistarena izatea.
-Arte Aplikatuetako eta Lanbide Artistikoetako irakaskuntzetako espezialitateko bigarren kurtsoa osorik gainditua izatea, edo aipatu espezialitateko bigarren kurtsoa osatzeko, gehienez ere irakasgai bat edo bi gainditu gabe izatea, edo Arte Aplikatuetan eta Lanbide Artistikoetan graduatua izatea.
-Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea errepikatzeko egoeran egotea, edo Irakaskuntza Ertainen Erreformako bigarren ziklo esperimentaleko bigarren kurtsoa.
III.-Onarpena eta matrikularako baldintzak.
Bosgarrena.-1. Bigarren Hezkuntzako institutuetan eta ikastetxeetan aurreinskripzioa eta matrikula, dagokion araudian izaera orokorrarekin ezartzen diren epeetan eginen dira.
2. Eskabidean ikasleak adierazi beharko du, institutu edo ikastetxe bakoitzak eskeintzen dituenetatik, aukeratzen duen modalitate zehatza. Era berean, adierazi ahalko ditu, lehentasunaren arabera ordenatuta, institutuak edo ikastetxeak ematen dituen gainerako modalitateak, hasieran adierazitako aukerari erantzun ezin zaion kasurako.
3. Matrikula formalizatuko da ikaslea onartua izan den modalitaterako.
4. Ikastetxe edo institutu batean, ikasleek edozein modalitatetan eskatutako plazak, eskeintzen direnak baino gehiago direnean, indarrean dagoen araudian ikasleak hartzeko ezarrita dauden irizpideak erabiliko dira, modalitate bakoitzean onartu diren ikasleen zerrendak bereizita argitaratu beharko direlarik, kontuan hartuz, kasua denean, hizkuntz eredua.
5. Ezingo da Batxilergoan matrikularik egin aldi berean bi irakaskuntza araubide ezberdinetan.
Seigarrena.-1. Batxilergoko bi kurtsoetan izen bera duten irakasgaiak ematen direnean, hala komunak, modalitatekoak nola aukerakoak izan, ikasleak ezingo dira bigarren kurtsokoan matrikulatu lehen kurtsokoa gainditu gabe, salbu aldi berean bietan matrikulatzen badira.
2. Modalitateko irakasgaien kasuan, ekainaren 23ko 169/1997 Foru Dekretuan nola eratu diren kontuan hartuz, eta zenbait irakasgairen edukiek, parte batean edo osorik, duten izaera progresiboagatik, ezingo da 2. kurtsoko Biologian matrikulatu 1. kurtsoko Biologia eta Geologia gainditua izan edo aldi berean matrikulatu gabe; era berean ezingo da matrikulatu Fisikan, Kimikan, Elektroteknian eta Mekanikan, guziak 2. kurtsokoak, 1. kurtsoko Fisika eta Kimika gainditua izan edo aldi berean matrikulatu gabe; bide beretik, ezingo da 2. kurtsoko Enpresen antolaketa eta ekonomian matrikulatu 1. kurtsoko Ekonomia gainditua izan edo aldi berean matrikulatu gabe.
3. Aukerako irakasgaien kasuan, otsailaren 17ko 43/1998 Foru Aginduan nola eratu diren kontuan hartuz, eta zenbait irakasgairen edukiek, parte batean edo osorik, duten izaera progresiboagatik, ezingo da 2. kurtsoko Geologian matrikulatu 1. kurtsoko Biologia eta Geologia gainditu edo aldi berean matrikulatu gabe; ezingo da 2. kurtsoko Matematika Sakontzen irakasgaian matrikulatu 1. kurtsoko Matematika I. gainditu edo aldi berean matrikulatu gabe; ezingo da 2. kurtsoko Irudikapen Sistema Teknikoak eta Grafikoak Sakontzen irakasgaian matrikulatu 1. kurtsoko Marrazketa Teknikoa gainditu edo aldi berean matrikulatu gabe.
4. Modalitateko irakasgaiak aukerako irakasgaitzat egiten direnean, puntu honen 1. eta 2. idazatietan ezarritakoa aplikatuko da.
5. Aipatu kasuetan, lehen kurtsoko irakasgaietan kontrako ebaluazioa izateak haiek baldintzatutako bigarren kurtsoko irakasgaiak ezin ebaluatzea ekarriko du.
Zazpigarrena.-Hezkuntza eta Kultur Departamentuak ezarriko ditu ikasleek modalitatea edo irakasbidea aldatu ahal izateko baldintzak, bai eta kasu hauetan jarraitu beharreko prozedurak ere.
IV.-Curriculumen proiektua eta programazio didaktikoak.
Zortzigarrena.-1. Batxilergoaren egitura eta curriculuma Nafarroako Foru Komunitatean ezartzen dituen ekainaren 23ko 169/1997 Foru Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Bigarren Hezkuntzako institutoen Erreglamendu Organikoan esleiturik dauden eginkizunen arabera, etapako irakaskuntzako taldeei dagokie curriculuma zehaztu eta garatzea curriculum proiektuak landuz, irakasleen jarduera koherente eta koordinatua bermatzeko, beti ere hezkuntza proiektuaren oinarrizko printzipioekin bat etorriz.
2. Otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 59.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Batxilergoko curriculum proiektuetan honako alderdi hauek bildu beharko dira:
A.-Curriculumen koordinaziorako beharrezko diren erabaki eta neurri hauek:
a) Batxilergoko helburu orokorrak ikasleen ezaugarriei eta ikastetxearen inguru sozioekonomiko eta kulturalari egokitzea, helburuok lortzeko hartu beharreko neurriak adieraziz.
b) Metodologia didaktikoari buruzko eta erabili beharreko baliabide kurrikular eta didaktikoei buruzko erabaki orokorrak.
c) Ebaluazio prozesurako irizpideak eta ebaluazio kolegiatua egiteko moduari buruzkoak.
d) Ikastetxean ematen diren batxilergo mota bakoitzean proposaturiko ikasbideen antolamendua.
e) Irakaskuntza prozesua, irakasleen irakaslana eta curriculum proiektua ebaluatu eta, behar bada, zuzentzeko irizpideak.
B.-Hezkuntza eta lanbide orientabiderako plana eta turoretza plana.
C.-Departamentu didaktikoek egin beharreko programazio didaktikoak.
3. Batxilergoa ematen duten ikastetxeetako departamentu didaktikoek esleiturik dituzten irakasgaietako programazio didaktikoak egin beharko dituzte. Programazio horietan, honako alderdi hauek bildu beharko dira irakasgai bakoitzerako:
a) Helburuak eta helburu horiek ikasleen ezaugarriei eta ikastetxearen egoera sozioekonomiko eta kulturalari egokitzeko neurriak.
b) Kurtso bakoitzeko edukiak denboran nola banatuko diren.
c) Kurtso bakoitzeko ebaluazio irizpideak.
d) Irakasgaiaren printzipio metodologikoak eta, halaber, erabiliko diren baliabide kurrikular eta didaktikoak.
e) Ikasleen ikaskuntza prozesua ebaluatzeko erabiliko diren prozedura eta sistemak.
f) Mailaz igotzeko irizpideak, gutxieneko edukiak zehazki aipatuz.
g) Irakasgairen bat gainditu gabe duten ikasleendako errekuperazio jarduerak.
h) Irakasgaien ikaskuntza prozesuan, zeharkako gaiak sartzeko orientazioak zehaztea.
i) Departamentuak antolatu nahi dituen jarduera osagarri eta eskolaz kanpokoak.
4. Edukien jarraipenari buruz eta ikasle taldeek erabili beharreko baliabideei buruz hartzen diren erabakiak batxilergoko bi kurtsoetarako izanen dira.
V.-ebaluazioa, beste kurtsora igarotzea eta titulazioa.
Bederatzigarrena.-Batxilergoa egiten duten ikasleen ebaluazioan eta beste kurtsora igarotzean, urriaren 2ko 1178/1992 Errege Dekretuan, 1992ko urriaren 30eko Aginduan, 1993ko apirilaren 2ko Aginduaren bidez aldatua (1993-04-15eko "E.A.O.") eta ekainaren 23ko 169/1997 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiko zaio, bai eta Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoa egiten duten ikasleen ebaluazioa eta kalifikazioa arautuko dituen Foru Aginduan xedatzen denari ere.
Hamargarrena.-1. Batxilergoko bigarren kurtsoa egin ahal izateko, lehenbiziko kurtsoko irakasgai guztietan aldeko kalifikazioa beharko da, bietan izan ezik, gehienez.
2. Bi irakasgaitan baino gehiagotan aurkako ebaluazioa izan eta, horrenbestez, bigarren kurtsora igaro ezin diren ikasleek, berriz ere, lehenbiziko kurtsoko irakasgai guzti-guztiak egin beharko dituzte.
3. Bigarren kurtsoa amaitutakoan, hiru irakasgai edo gehiago gainditzen ez dituzten ikasleek kurtso osoa egin beharko dute berriro, bai eta lehen kurtsoan, kasua denean, gainditu gabe duten irakasgaia edo irakasgaiak ere. Honen ondorioetarako, batxilergoko bi kurtsoetan izen berarekin egiten diren irakasgaiak irakasgai bakartzat hartuko dira.
4. Batxilergoa egiten, eguneko txandako araubide ofizialean, lau urte igaro ahalko dira, gehienez ere.
5. Puntu honetako 2, 3 eta 4. idazatietan bildutako xedapenak ez zaizkie aplikatuko Batxilergoa eguneko txandako ofiziala ez den beste araubide batean egiten duten ikasleei, hala nola irakaskuntza librea, helduena edo urrutikoa, gauko txandako Batxilergoa barne.
Batxilergoa eguneko txandako ofiziala ez den beste araubide batean egiten duten ikasleek ez dute inoiz ere gainditutako irakasgairik berriro egin beharko.
Hamaikagarrena.-1. Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren 29.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioz, batxilergoaren edozein mota bukatzen dutenek batxilergoaren titulua jasoko dute. Titulua eskuratzeko, irakasgai guztietan aldeko ebaluazioa lortu beharko dute.
2. Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren 29.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioz, batxilergoaren tituluak goi mailako lanbide prestakuntza eta unibertsitateko ikasketak egiteko bidea irekiko du. Azken kasu honetan, sartzeko proba bat gainditu beharko da, batxilergoan lorturiko kalifikazioekin batera, ikasleen heldutasun akademikoa eta berenganaturiko ezagupenak objetiboki baloratzeko.
3. Titulu horrek, gainera, irakaskuntza artistikoetako goi mailako gradu eta ikasketak egiteko bidea irekiko du, kasuan kasuko proba gainditu ondoren.
Hamabigarrena.-1. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren 41.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, musika edo dantzako irakaskuntzetako gradu ertaineko hirugarren zikloa bukatzen duten ikasleek ere Batxilergoaren titulua eskuratuko dute, Batxilergoko irakasgai komunak gaindituz gero.
2. Ikasle horiek musika edo dantzako ikasketak eta Batxilergoaren irakasgai komunak aldi berean egin ahal izateko, irakasgai komun horietarako matrikulatu ahalko dira, Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua eduki eta kasuan kasuko gradu ertaineko bigarren zikloa bukatua baldin badute. Beti ere, irakasgai komun horiek, gutxienez ere, bi urtetan egin beharko dituzte.
3. Ikasle horiei Batxilergoaren titulua luzatzeko proposamena Batxilergoko irakasgai komunak egin dituzten ikastetxeak egin beharko du.
VI.-Iraupena. Matrikula baliogabetzea.
Hamairugarrena.-1. Eguneko txandako araubide ofizialeko Batxilergoan, ikasleak, gehinez ere, lau ikasturtetan egon ahalko dira eskolatuta, modalitatea edo ikasbidea aldatzen bada ere. Epe hori igarota, eguneko txandako ofiziala ez den beste edozein araubidetan, Foru Agindu honen hamargarrena.5 puntuan biltzen direnetakoan, jarraitu ahalko da Batxilergoaren ikasketak bukatu arte.
2. Aurreko idazatian aurreikusitako epea agorturik gera ez dadin, edozein ikaslek eskatu ahalko dio ikastetxeko zuzendariari matrikula baliogabetzeko, honako egoera hauetako bat ematen denean: eritasun luzea, gorputzekoa edo psikikoa, soldadu edo ordezpeneko zerbitzu sozialean egotea, lanpostu batean sartzea, familiarekiko betebeharrak edo antzekotzat jo daitekeen beste edozein eta, aurrekoek bezala, klasera joaten galerazten duena.
Matrikula baliogabetzeko eskabideak aurkeztuko zaizkio, alegatutako zioa edo zioak behar bezala arrazoituz eta justifikatuz, apirila bukatu baino lehen, ikastetxe edo institutuko zuzendariari. Honek ebatziko du eta, arrazoizko kasua denean, onartuko du aipatu matrikula baliogabetzea. Kasu honetan kurtso hori ez da kkontuan hartuko aurreko idazatian aurreikusitako ondorioetarako.
VII.-H.J.A./Erlijioaren irakaskuntzak.
Hamalaugarrena.-1. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren bigarren xedapen gehigarrian, erlijioaren irakaskuntza arautzen duen abenduaren 2438/1994 Errege Dekretuan eta ekainaren 23ko 169/1997 Foru Dekretuaren 23. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, erlijioa izeneko irakasgaia ikastetxe guztietan eskaini beharko da nahitaez. Irakaskuntza horiek emateko programaturiko denboran, ikastetxeek hezkuntza jarduera antolatua (H.J.O.) eskaini beharko dute.
2. Batxilergoa hastearekin batera, ikasleen guraso edo legezko tutoreek edo ikasleek beraiek, adinez nagusi badira, ikastetxeko zuzendaritzari jakinarazi beharko diote aipatu aukerabideetan, erlijioa ala hezkuntz jarduera antolatua (H.J.A.), zein nahiago duten, irakasgai hori egiten den ikasturte bakoitzaren hasieran erabakia aldatu badaiteke ere.
Hamabosgarrena.-1. Haien guraso edo legezko tutoreek edo haiek beraiek Erlijio Katolikoaren irakaskuntzak eman diezaizkieten eskatu duten ikasleendako, kontuan hartuko da horri buruz Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoko Erlijio Katolikoa irakasgaiaren curriculuma argitara ematea onesten duen uztailaren 28ko 302/1997 Foru Aginduan (1997-08-20ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) ezarritakoa.
2. Erlijioa irakasgaiaren irakaskuntzak besteak bezalatsu baloratuko dira, nahiz eta irakaskuntza horiek borondatezkoak izaki, kalifikazio horiek ez diren kontuan hartuko, hezkuntza sistemaren barruan eta horren ondorioetarako, ez unibertsitatean sartzeko egiten diren deialdietan, ez administrazio publikoek ikasketetarako bekak emateko deialdietan, ikasleen ikasketa espedienteak konkurrentzian jarri behar diren horietan alegia.
Hamaseigarrena.-1. Haiek beraiek edo haien gurasoen edo legezko tutoreen bitartez hezkuntz jarduera antolatua (H.J.A.) aukeratu duten ikasleendako, kontuan hartuko da gai honi buruz Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean Batxilergorako Hezkuntz Jarduera Antolatua (H.J.A.) arautzen duen otsailaren 5eko 16/1998 Foru Aginduan ezarritakoa.
2. Hezkuntza Jarduera Antolatua (H.J.A.) erlijio guztien agerbide idatzi, plastiko eta musikalei buruz izanen da, haien egintza, pertsonaia eta ikurrik garrantzitsuenak ezagutzea ahalbidetzeko, baita aro guztietako filosofian eta kulturan izaniko eragina ere.
3. Hezkuntza Jarduera Antolatua (H.J.A.), Erlijio irakaskuntzen hautazko irakasgaia izanik, Filosofiako departamentu didaktikoaren eskumen arloan sartzen da, eta ahal dela, departamentu horretako irakasleek emanen dute.
4. Hezkuntza Jarduera Antolatuaren irakaskuntzak derrigorrezkoak izanen dira Erlijioaren irakaskuntzen ordez hauek aukeratu dituzten ikasleendako, eta Batxilergoko ikasleen adinera egokitu beharko dira. Hala ere, irakaskuntza hauek ez dira ebaluatuko ezta ikasleen ikas espedienteetan agertuko ere.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenbizikoa.-1. Lehen kurtsotik bigarren kurtsora zenbait irakasgaitan kontrako ebaluazioa izanik igo behar duten ikasleei arreta emateko Bigarren Hezkuntzako institutuek ikas laguntzarako jarduerak antolatuko dituzte, horretarako dagokion araudian ezarriko den asteko ikastaldian sartuak. Honetarako, Departamentu didaktikoek sartuko dute beren programazio didaktikoan ikasle horiek laguntzeko jarduera programa, Batxilergoaren etapako curriculum proiektuan bildutako irizpideei jarraikiz.
Bigarrena.-Batxilergora erdi mailako heziketa zikloetatik eta, kasua denean, II. mailako Lanbide Modulu esperimentaletatik iritsi eta eman eta gainditu duten zenbait irakasgai baliokidetu nahi duten ikasleek, dagokion araudian horretarako ezartzen dena bete beharko dute, Hezkuntz Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren 31.4 artikuluak zehazten duenari jarraikiz.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Foru Agindu honen bigarrena.5. puntuan ezartzen denaren arabera Batxilergoaren "Naturaren eta Osasunaren zientziak" eta "Humanitateen eta Gizarte zientziak" modalitateak emateko baimenduta dauden Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuek aurkeztu beharko dute, hala ere, Hezkuntza eta Kultura departamentuan, 1998ko otsailaren 20tik martxoaren 20ra bitarte, aurretik aipatu batxilergoaren modalitateetako bakoitzean funtzionatzen jarri nahi dituzten unitateak azaltzen dituen instantzia, kontuan hartuz bi modalitateekin batera ezin dela gainditu ekainaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretuak indarra hartu zuenean ikastetxe bakoitzak baimenduta zuen unitate kopurua, izaera finkoarekin eta BBBeko 3.ean eta UBIn, batxilergoaren lehen eta bigarren kurtsoen baliokideak direnak.
Bide batez, instantzia horrekin igorriko da ikastetxe bakoitzean aipatu modalitateak emanen dituzten irakasleen zerrenda, dagozkien tituluak eta espezializazioak gehituz. Horrela finkatu ahalko da Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatu bakoitzaren konposaketa juridiko berria, Batxilergoaren modalitateei dagokienean, ekainaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretuaren Hirugarren Xedapen Iragankorraren 3. eta 4. idazatietan ezarritakoari jarraikiz.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.-Ahalmena ematen zaio Hezkuntzako zuzendari nagusiari Foru Agindu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.
Bigarrena.-Foru Agindu hau igortzea Ikasketa eta Ikastetxeen Antolamendurako, Pedagogi Berrikuntzarako, Inbertsio eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskatzailetza Teknikorako Zerbitzuetara, eta Ikasketak Antolatzeko eta Hezkuntza Berriztapenaren Ataletara, behar diren ondorioak izan ditzan.
Hirugarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko otsailaren hamazazpian.-Hezkuntzako zuzendari nagusia, Santiago Arellano Hernandez.
Iragarkiaren kodea: A9801617
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
