32. ALDIZKARIA - 1998ko martxoaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

42/1998 FORU AGINDUA, otsailaren 17koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen euskaltegiaren funtzionamendu-arauak eguneratzen dituena.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 5. artikuluan aitortu egiten da hiritar guztiek Administrazio Publikoekiko harremanetan gaztelera nahiz euskara erabiltzeko eskubidea dutela, bertan ezarritako eran.

Bestalde, Lehendakaritza kontseilariak abuztuaren 12an emandako 149/1991 Foru Aginduaren bidez Kudeaketa eta Koordinazio Zerbitzuari datxekion Prestakuntza Bulegoa sortu zen eta horren eginkizuna da Foru Komunitateko langileak euskaraz prestatu eta gaitzeko planak sortzea eta plan horiek burutzea.

Lehendakaritza kontseilariak ekainaren 1ean emandako 52/1995 Foru Aginduaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen euskaltegiaren funtzionamendu-arauak onetsi zituen.

Geroago, Lehendakaritza kontseilariak urriaren 19an emandako 275/1995 Foru Aginduaren bidez, Prestakuntza Bulegoa Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren Programazio eta Ikerketa Zerbitzuari atxikirik gelditu zen.

Euskaltegiari esleitutako helburuak hobeki bete daitezen, beharrezkoa da Nafarroako Administrazio Publikoetako langileentzako Euskaltegiaren Erregelamendua eguneratzea. Halaxe ikustarazten dute euskaltegiaren eginkizunek (hizkuntz eskakizunak ezartzeari dagokionez eta Nafarroako Foru Administrazioko zerbitzu zentraletan administrazio zirkuitu elebidunak jartzeko plana erdiestearren departamentu bakoitzean egin beharreko prestakuntza planekin lotutako gaiei dagokienez, uztailaren 4ko 135/1994 Foru Dekretuan eta Nafarroako Foru Administrazioaren esparruan hizkuntz normalizazioa hobetzeko Planean xedatutakoa garatzen denean).

Aipatu xedapenei jarraikiz eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 b) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Euskaltegiaren funtzionamendu-arauak onestea, Foru Agindu honen eranskinean azaltzen den moduan.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe gelditzen dira Arau hauetan xedatutakoari kontra egiten dioten lerrun bereko edo beheragoko arau guztiak, eta bereziki Lehendakaritza kontseilariak ekainaren 1ean emandako 52/1995 Foru Dekretua.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko otsailaren hamazazpian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Javier Marcotegui Ros.

ERASKINA

Nafarroako Administrazio Publikoen Euskaltegiaren funtzionamendu arauak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. 1. Prestakuntza Bulegoak, euskaltegiaren arduraduna den aldetik, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Programazio eta Ikerketa Zerbitzuaren barrenean sartua, Nafarroako Administrazio Publikoetako langileak euskaldundu eta euskaraz trebatzeko ondoko jarduerak burutuko ditu:

a) Ikastaro estentsiboak.

b) Ikastaro trinkoak

c) Birziklapen ikastaroak, iraupen desberdinekoak.

d) Udako ikastaroak, abuztu eta irailean.

e) Ikastaro tekniko bereziak.

f) Mailaketa probak, egiaztagiriak...

g) Euskarazko prestakuntzarekin ikustekoa duen beste edozein ikastaro edo jarduera, esleitzen bazaio.

2. artikulua. Euskalduntzeko eta euskaraz trebatzeko ikastetxearen izena "Nafarroako Administrazio Publikoen Euskaltegia" izanen da.

3. artikulua. Euskaltegiko zuzendaria Prestakuntza bulegoburua izanen da, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren menpe dagoen Programazio eta Ikerketa Zerbitzuari atxikitakoa. Izendapena indarra duen araudiari jarraikiz eginen da, euskaltegiko irakasleei iritzia galdetutakoan.

4. artikulua. Zuzendariak honako eskumenak izanen ditu:

a) Euskaltegiaren ordezkari ofiziala izatea.

b) Legeak eta indarra duten gainerako xedapenak bete eta betearaztea.

c) Euskaltegiko jarduerak zuzendu eta koordinatzea.

d) Euskaltegiari atxikitako langileen buru izatea.

e) Euskaltegiaren funtzionamendu egokirako egiten diren ekitaldi akademiko eta bileretarako deia egitea eta horietan buru izatea.

f) Euskaltegian ematen diren ikastaroen gaineko ziurtagiriak luzatzea.

g) Euskaltegiaren Urteko Jardueren Programa egitea.

h) Programazio eta Ikerketa Zerbitzuari Euskaltegiaren jarduerei eta egoerari buruzko urteko memoria igortzea.

i) Irakasleen ordutegia proposatzea, Programazio eta Ikerketa Zerbitzuak onets dezan.

5. artikulua. Koordinazio didaktikoa Euskaltegiko irakasle batek hartuko du bere gain. Koordinatzailea zuzendariak izendatuko du irakasleen gehiengo soilak horretarako egindako bileran proposaturik.

Bere lana zuzendariak gainbegiratu eta koordinatuko du. Koordinatzaileak lanaldiaren erdia libre izanen du zeregin horietarako.

6. artikulua. Koordinatzaile didaktikoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Berrikuntza pedagogiko, bibliografiko eta teknikoak bultzatzea eta helduak euskalduntzeko xedea duten beste euskaltegi edo erakunde batzuekiko harremanak bultzatzea.

b) Talde Didaktikoen jarduerak eta ikasleen ebaluazioa koordinatzea.

c) Material didaktiko eta informatikoa zaintzea eta horren erabilpena xedatzea.

d) Jarduera osagarrien garapena programatu eta koordinatzea.

7. artikulua. Euskaltegiaren Kontseilu Aholku-emailea euskaltegiko jardueren garapenean parte hartzen duten sektoreek iritzia emateko duten bidea da.

8. artikulua. Kontseilu Aholku-emailea kide hauek osatuko dute:

a) Euskaltegiko zuzendaria, kontseiluburu izanen dena.

b) Koordinatzaile didaktikoa.

c) Ikasleen bi ordezkari, urtero urrian hautatuko direnak. Bozketa zuzendaritzak horretarako deituriko bileran diren ikasleek eginen dute, hautagai-zerrendak aurkeztutakoan, eta boto gehien erdiesten dutenak aterako dira hautaturik.

d) Foru Komunitateko Udaletako Euskara Zerbitzuen ordezkari bat, horien funtzionamendu eta finantzabiderako Nafarroako Gobernuak eta Toki Entitateek sinaturiko Lankidetza Hitzarmenaren Jarraipen Batzordeak proposaturik izendatuko dena.

e) Nafarroako Foru Komunitateko Langileriaren Batzordeko bi ordezkari.

9. artikulua. Kontseilu Aholku-emailea gutxienez bi aldiz bilduko da ikasturtean, hasieran eta bukaeran hain zuzen. Horretaz gain, zuzendariak horretarako deia egiten duen bakoitzean edo guttienean kontseilukideen herenak eskatzen duenean ere bilduko da.

10. artikulua. Kontseilu Aholku-emailearen eginkizunak hauek dira:

a) Zuzendariari Urteko Jardueren Programa prestatzeko proposamenak aurkeztea.

b) Ikasturte bukaeran memoriaren eta hurrengo ikasturteko Jardueren Programaren berri izatea.

11. artikulua. Irakasleak aldian-aldian zuzendariarekin bilduko dira Euskaltegiko prestakuntza jarduerei buruzkoak planifikatu, koordinatu eta proposamenak egiteko.

12. artikulua. Bilera horien helburuak hauexek izanen dira:

a) Urteko Jardueren Programari buruzko proposamenak egitea.

b) Urteko Jardueren Programaren irakaskuntza arloak gainbegiratzea eta Programazio eta Ikerketa Zerbitzuari aurkeztu baino lehenago horren berri izatea.

c) Ikasleak baloratu eta kalifikatzeko irizpide orokorrak ezartzea.

d) Irakasleen ordutegiak egiteko irizpide orokorrak ezartzea.

e) Esperimentazio eta ikerketa didaktikoaren arloan ekimenak bultzatzea.

f) Proposamenak egitea Euskaltegiko irakasleentzako prestakuntza-planari dagokionez.

13. artikulua. 1. Bilera horiek hiru hilabetetik behin eginen dira gutxienez eta, beti ere, zuzendariak deitu edo gutxienez kideen herenak eskatzen duenean. Nolanahi ere, bilera bat egin beharko da ikasturtearen hasieran eta beste bat bukaeran.

2. Irakasle guztiek nahitaez joan beharko dute bileretara.

14. artikulua. "Nafarroako Administrazio Publikoen Euskaltegiaren" prestakuntza jardueren koordinazio didaktikoa irakasleen bileren bidez eginen da. Jarduera horien koordinazio didaktikoa hiru esparrutan eginen da: urratsa, maila eta esparru orokorra.

15. artikulua. Euskalduntze prozesuaren xedea euskaldun osoak lortzea da, hots, euskaraz jakin eta euskaraz komunikatu ahal izateko prozesua da.

Euskalduntzeko eta alfabetatzeko prozesuak hiru alditan banatzen da, 400-500 ordukoa bakoitza.

Edukien unitate txikiena urratsa da (120-140 ordu).

Denbora-tarte eta edukien banaketa honela eginen da:

1. aldia: A maila (hasierako maila) 1. urratsetik 4.era.

2. aldia: B maila (oinarrizko maila) 5. urratsetik 8.era.

3. aldia: D maila (EGA maila) 9. urratsetik 12.era.

16. artikulua. Hiru koordinazio maila horiek antolamendu eta denbora hauetan eginen dira, beti ere horretarako izendatutako pertsonak horren ardura hartuta:

1. Urratsaren koordinazioa urrats bakoitzean ari diren irakasleek eginen dute. Horretarako astero bilera izanen dute.

2. Mailaren koordinazioa maila bakoitzean ari diren irakasleek eginen dute. Horretarako hiru bilera izanen dituzte: maila bakoitzaren hasieran, erdialdean eta bukaeran. Maila bakoitzean arduradun bat izanen da.

3. Koordinazio orokorra euskaltegiko irakasle guztien artean eginen da. Horretarako, gutxienez, urrian, azaroan, urtarrilean, otsailean, martxoan, maiatzean eta ekainean. Ikasleek eskola-ordurik galdu beharrik gabe eginen dira bilerak.

17. artikulua. Koordinazio lanak hauexek izanen dira:

1. Urratsaren koordinazioa:

a) Lortu nahi diren helburuak, erabili beharreko metodologia eta errekuperatzeko, sakontzeko eta indartzeko jarduerak definitzea.

b) Urrats bakoitzari dagozkion gaiak, azpigaiak, funtzioak, edukiak eta esamoldeak zehaztea.

c) Erabili beharreko materiala hautatzea eta testu eta grabazioak egokitzea.

d) Urratsari dagokion materiala zaintzea.

e) Sortzen den materiala bildu eta artxibatzea.

f) Beharrezkotzat jotzen diren jarduera osagarriak programatu eta egitea.

g) Urratsaren bukaeran memoria bat prestatzea. Bertan programazio didaktikoaren nondik-norakoa eta lortutako emaitzak aztertuko dira.

2. Mailaren koordinazioa:

a) Urratsen arteko lotura zaintzea.

b) Xehe-xeheki aztertzea eta zaintzea urrats bakoitzean zer gai lantzen diren eta ez dela gai berbera berriz lantzen beste urrats batean.

c) Maila bakoitzeko materialaren zainketaz arduratzea.

3. Koordinazio orokorra:

a) Metodologietan sakontzea eta horiek eguneratzea.

b) Teknikak eta ikerlanak eguneratzea (dinamika, ariketa analitikoak, itzulpenak...).

c) Mailari dagozkion euskara-probak egiteko irizpideak finkatzea.

d) Euskararen erabileraren inguruko arazo eta dudak argitzea (Euskaltzaindiaren erabakiak, Nafarroako euskararen modu eta ezaugarriak...).

e) Material berriak aurkeztu eta baloratzea.

f) Tresna eta baliabide didaktikoen erabilera (bideoa, ordenagailua...).

g) Bideo-zintak sailkatzea eta horien erabilera bultzatzea.

h) Irakurketa-liburuak mailaka sailkatzea.

18. artikulua. Koordinatzaileak euskaltegiaren dinamizazioa eta koordinazioa hartuko ditu bere gain, 6. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Horretaz gain ondokoen ardura hartuko du:

1. Partaide guztiak joan daitezen saiatzea.

2. Akta-liburu batean bileretan hartutako erabaki garrantzitsuenak biltzea.

3. Taldeek inbentario-liburu bat betetzea, bakoitzari esleitu eta inbentariatu beharreko materialen zerrenda duena.

19. artikulua. Irakasle bakoitzaren ardura izanen da bere karguko ikasle bakoitzaren ikasketa agiriak betetzea.

20. artikulua. Talderik edo gelarik zuzenean esleitu ez zaion irakaslerik baldin bada, euskaltegiko zuzendariak agintzen dizkion zereginetan arituko da.

II. KAPITULUA

Funtzionamendu araubidea

A) Urteko Jardueren Programa

21. artikulua. Euskaltegiak, ikasturtea hasi baino lehen, Urteko Jardueren Programa prestatuko du, ikastaro guztiak behar bezala koordinatuak egon daitezen eta bere eginkizunak ongi bete daitezen.

22. artikulua. Urteko Jardueren Programa zuzendariak eginen du, irakasleen eta Kontseilu Aholku-emailearen proposamenak kontuan hartuz. Ondoren, ekainaren 31 baino lehenago, Kudeaketa eta Koordinazio Zerbitzuari igorriko dio hark onets dezan.

23. artikulua. Urteko Jardueren Programak gutxienez xehetasun hauek bilduko ditu:

1. Euskaltegiaren ordutegi orokorra, irizpide hauek kontuan hartuko dituena:

a) Eskolak astelehenetik ostiralera emanen dira, biak barne, goizez eta arratsaldez.

b) Ikastaro estentsiboek saio bakarra izanen dute egunean.

c) Birziklapen ikastaroek, ikastaro trinkoek eta udakoek hiru saio izanen dituzte egunean.

d) Saio bakoitzak bi ordu iraunen du.

e) Egunean saio bat baino gehiago duen ikastaroan behar diren atsedenaldiak antolatuko dira.

f) Behar diren denborak gordeko dira irakasleak biltzeko, Kontseilu aholku-emailearen bilerak egiteko eta ikasturtean zehar behar adina bilera egiteko. Bilerak urteko programazioan zehaztuko dira.

2. Eskolen programazioa, honako eduki hauek ere bilduz:

a) Ordutegiak jartzeko irizpide pedagogikoak.

b) Ebaluazio sistemak

Hezkuntza errendimendua ebaluazio jarraiaren irizpidea erabiliz baloratuko da. Dena den, kurtso guztien bukaeran ebaluazio bat eginen da, eta agiri bat erredaktatuko da gutxienez ondokoak jasotzen dituena:

-Ikasle guztien izenen zerrenda, bakoitza bere kalifikazioarekin. Kalifikazioak hauexek dira: oso ongi, ongi, nahiko, eskas eta oso eskas.

-Urratsa gainditu dutenen eta gainditu ez dutenen laburpen estatistikoa.

-Errendimendu eta jarrerei buruzko iritzi orokorra.

c) Programazio didaktikoa:

Programazio didaktikoak, urrats, ikastaro edo mota bakoitzari dagozkion unitate didaktikoen multzo bezala hartuta, hurrenez hurren antolatuta, honako elementu hauek hartuko ditu bere baitan:

-Bete nahi diren helburuak.

-Irakatsiko diren gaiak eta horien denbora-banaketa.

-Aplikatuko den metodologia didaktikoa.

-Ebaluatzeko irizpideak, "gai" kalifikazioa erdiesteko behar diren gutxienekoak bereziki aipatuz.

-Erabiliko diren material eta baliabide didaktikoak.

24. artikulua. Ikastaroa bukaturik Urteko Jardueren Programa nola bete den aztertuko da. Ondorio behinenak Ikasturtearen Bukaerako Memorian bilduko dira. Gero Kudeaketa eta Koordinazio Zerbitzura igorriko da.

B) Irakasleen ordutegia.

25. artikulua. Prestakuntza Bulegoari atxikitako langileen dedikazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioentzat izaera orokorrez ezarritakoa izanen da.

26. artikulua. Orduen banaketak Lehendakaritzako idazkari nagusiak 1991ko uztailaren 1ean eman zuen Ebazpenean araututakoari segituko dio.

Irakasleek gutxienez 30 ordu emanen dituzte euskaltegian. Horien artean bereiztekoak dira eskola- orduak eta ordu osagarriak, bakoitzaren ordutegian agertu beharrekoak.

Gainerako orduak, astean hogeita hamazazpi ordu eta erdiko kopurura bitartekoak, honetan emanen dira:

-Irakasleen prestakuntza profesionala hobetzen.

-Eskolak prestatzen.

-Beren mailari eta titulazioari dagozkien beste eginkizun batzuetan.

Eskolarik gabeko lanegunetan, lanaldi jarraitua izanen dute.

Euskaltegian berean eman beharreko orduak honela banatuko dira:

1. Eskola-orduak.

Hauek hartzen dira eskola-ordutzat:

a) Ikasle-taldearekin zuzenean eman beharrekoak.

b) Koordinazio didaktikorako orduak.

c) Beste irakasleak ordezkatzeko orduak.

d) Euskara frogak, urrats bukaerako azterketak, kreditazio azterketak-eta egiteko orduak.

Izaera orokorrez irakasleentzako eskola-orduak astean 20 izanen dira.

2. Ordu osagarriak, bakoitzaren ordutegian sartuak.

Irakasleek honako lanak eginen dituzte euskaltegian, 30 orduko kopurua bete arte:

a) Talde didaktikoen programazio bilerak.

b) Material didaktikoa prestatu, antolatu eta egokitzea.

c) Ebaluazio eta segimendu lana egitea eta nork bere kargu dituen ikasleen dokumentazio akademikoa betetzea.

d) Gainerako orduak lanpostuari dagozkion lanetan aritzeko izanen dira, eta besteak beste honako hauek: irakasleen bileretan izateko, ikasleei laguntzeko eta euskaltegiaren funtzionamendu egokirako antolatzen diren beste edozein jardueratarako.

3. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 1993ko azaroaren 30ean emandako Ebazpenari jarraikiz, euskaltegiko zuzendariak, hala behar izanez gero eta salbuespenez, astean zuzeneko 10 eskola-ordu eman ditzake, gehienez ere.

27. artikulua. Ordutegien antolamendua.

Horretarako espres eginen den irakasleen bileran, zuzendariak aditzera emanen du zenbat ikasle-talde dauden urrats eta ikastaro mota bakoitzean.

Bilera horretan berean banatuko dira taldeak irakasleen artean. Banaketan batez ere arrazoi pedagogikoak hartuko dira kontuan.

28. artikulua. Irakasleek behar den inprimakian agertuko dute nola dauden banatuak astean zehar euskaltegian eman beharreko 30 orduak, Foru Agindu honen jarraibideen arabera.

29. artikulua. Euskaltegiko ordutegia Programazio eta Ikerketa Zerbitzuak onetsiko du.

30. artikulua. Irakasleen ordezkapenak.

1. Irakasleen asistentziaren kontrola egitea zuzendariari dagokio. Lan hori burutzeko eta irakaskuntza jardueraren funtzionamendu onari eusteko, euskaltegian ordezkapenak egiteko behar adina irakasle egonen dira.

2. Ordezko irakasleak funtsezko egiteko hauek izanen ditu:

a) Zentroan irakaslea ez dagoelako, libre gelditzen diren ikasleei eskola ematea.

b) Irakasle batek aldez aurretik baldin badaki ez dela eskola ematera joanen, ikasleekin gelan egin beharreko lana antolatuko du eta lanaren plana ordezkoari emanen dio.

3. Zuzendariak eguneroko partea prestatuko du, gertatzen diren gorabeherak jasotzen dituena.

31. artikulua. 1. Euskaltegiko zuzendariak hilabete bakoitzaren hasieran aurreko hilabeteko irakasleen asistentziaren partea prestatuko du. Parte hori euskaltegian artxibatua geldituko da Kudeaketa eta Koordinazio Zerbitzuaren eskura.

2. Irakasleek, lehenbailehen, beren irakaslanetan gerta daitekeen edozein hutsegite edo atzerapenen berri eman behar diote euskaltegiari.

3. Irakasleek justifikatu gabe huts egiten dutenean, Diziplina Araubidearen Erregelamenduan, ekainaren 12ko 117/1985 Foru Dekretuan onetsitako hartan, xedatutakoari jarraikiko zaio.

Urteko eskola-egutegia

32. artikulua. Euskaltegiko zuzendariak, irakasleekin kontsultatu ondoren, ikasturteoro eskola-egutegiaren proposamen bat prestatuko du. Kontseilu Aholku-emaileari egutegiaren proposamenaren berri eman ondoren, Programazio eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariari igorriko zaio hark onets dezan.

33. artikulua. 1. Nafarroako Administrazio Publikoen Euskaltegiaren eskola-egutegiak arau orokor gisa 140 eskola-egun izanen ditu, urritik ekainera bitarte, ikastaro estentsibo eta birziklapenekoei dagokienez.

Ikastaro trinkoak eta udakoak (abuztuan eta irailean) 20 egunekoak izanen dira, arau orokor gisa.

2. Irakaskuntza Eguberrietan eta Aste Sainduan etenen da, Foru Administrazioaren menpeko antzeko zentroetan bezalaxe.

3. Egutegi hori ikasleen jatorrizko lantokietako arduradunei igorriko zaie, behar diren ondorioak izan ditzan.

III. KAPITULUA

Irakaskuntza araubidea

34. artikulua. Nafarroako Administrazio Publikoen Euskaltegiak eratu duen Euskararen irakaskuntza honela antolatu da: 11 urrats eta azkeneko beste bat, EGA maila, gaitasun froga prestatzekoa.

35. artikulua. Urrats bakoitzak 120 ordutik 140ra bitarteko iraupena izanen du. Bakoitzaren bukaeran ebaluazioa eginen da. Ez daiteke goragoko mailara iragan baldin eta aurrekoan "gai" kalifikazioa lortzen ez bada, ikasturteko azkeneko ebaluazioan edo sartzeko-proban.

36. artikulua. Ikasturtea hasi baino lehen ikasleei banan-banako probak eginen zaizkie, beharrezkoa denean, haien hizkuntza maila zein den eta zein irakaskuntza maila dagokien jakiteko.

37. artikulua.

1. Ikasturtea amaitzean ikasleei ziurtagiri bana emanen zaie, zuzendariak sinatua, eta hor agertuko dira burututako maila eta ateratako kalifikazioa.

2. Egindako ikasketen ziurtagiri administratiboak izanen dira, baina ez dute balio akademikorik izanen.

38. artikulua.

1. Ikasleei, administrazioko langileak direnez gero, asistentziaren kontrol fitxa bana eginen zaie, zuzendariak hilero bakoitzaren lantokira igorriko duena.

2. Halaber, ikaslearen lantokiak ebaluazioaren ziurtagiriaren kopia eskatzen badu, igorri eginen zaio, euskarazko ikasleak prestakuntzan izandako aurrerapenaren berri izan dezan.

Iragarkiaren kodea: A9801613