I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
6/1998 FORU AGINDUA, otsailaren 20koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, pertsona minusbaliatuek erabiltzeko ibilgailuak erosi eta/edo egokitzeko dirulaguntzetarako deialdiaren oinarriak onesten dituena.
Oztopo fisiko eta sentsorialei buruzko uztailaren 11ko 4/1998 Foru Legeak zenbait neurri ezartzen ditu edozein eratako minusbaliotasun organiko edo zirkunstantziala duten pertsonek gizartearen ondasun eta zerbitzuak eskuragarriago izan eta errazago erabil ditzaten, normaltasunez moldatzea eragotzi edo zailtzen dieten oztopo eta eragozpen fisiko zein sentsorialak ager ez daitezen eta jada badaudenak kentzea susta dadin.
Gizarte Zerbitzuen, Kirol eta Gazteriaren arloko dirulaguntzak arautzen dituen martxoaren 2ko 94/1992 Foru Dekretuak xedapen gehigarrian ezartzen duenez, pertsona minusbaliatuendako ibilgailuak erosi eta egokitzeko dirulaguntzak banatu ahal izateko deialdi berezi bat eginen da, Foru Agindu bidez.
Aipatu arauak betez, bidezko da honako deialdia egitea, helburu hau izanen baitu: banakako garraiabideen hornidurari laguntza ematea mugikortasun murriztua duten pertsonek zerbitzuak eskuragarriago izateko eta beraien integrazioa hobetzeko, eta garraio publikoaren zerbitzuen eragile izatea helburu horiek lortzen lagun dezaten.
Horrenbestez, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak, martxoaren 9ko 94/1992 Foru Dekretuaren xedapen gehigarriak emandako ahalmenak erabiliz,
AGINDU DU:
1. Pertsona minusbaliatuek erabiltzeko ibilgailuak erosi eta/edo egokitzeko dirulaguntzetarako deialdia onestea, Foru Agindu honen I. Eraskineko oinarrien arabera.
2. Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko otsailaren hogeian.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.
I. ERASKINA
O I N A R R I A K
1.-Deialdiaren xedea.
Deialdi honek xedea du pertsona minusbaliatuek erabiltzeko motoredun ibilgailuak erosi eta/edo egokitzeko dirulaguntzetarako araubidea ezartzea 1998. urterako, minusbaliotasuna dela eta halako beharrean dauden pertsonek horiek erabiltzea errazago izan dezaten.
2.-Dirulaguntza motak eta kontzeptuak.
Aurreko oinarrian aipatzen diren dirulaguntzak honako aukera hauen arabera aplikatuko dira:
2.1. Mugikortasuna murriztua duten pertsona minusbaliatuen erabilpen partikularreko motoredun ibilgailuak.
Kontzeptuak:
a) Ibilgailua erosteko dirulaguntzak.
b) Ibilgailua egokitzeko dirulaguntzak.
c) Ibilgailua erosi eta aldi berean egokitzeko dirulaguntzak.
2.2. Minusbaliotasuna duten pertsonek erabiltzen ahalko dituzten erabilera kolektiboko motoredun ibilgailuetarako dirulaguntzak.
Kontzeptua:
a) Ibilgailua egokitzeko dirulaguntza.
3.-Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.
Eskabideak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan eskabide-orri normalizatuetan aurkeztuko dira, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen bitartez.
Eskabideak aurkezteko epea 45 egun naturalekoa da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.-Betebeharrak.
4.1. Guztiendako betebeharrak, erabilera partikularreko ibilgailuak erosi eta/edo egokitzeko:
a) Eskabide egunaren aurreko bi urteetan bederen Nafarroan bizi izatea.
b) Aurreko lau urteetan mota eta kontzeptu horrexetarako dirulaguntzarik jaso ez izana, justifikatutako kasuak izan ezik.
c) Pertsona minusbaliatua edo, bestela, bere legezko ordezkaria izanen da laguntzaren eskatzaile titularra.
d) Pertsona minusbaliatuari dagokion famili unitatea ondasun higigarri edo higiezinen jabe edo erabiltzaile ez izatea, beti ere horien ezaugarriek, balorazioak eta saltzeko aukerek nabarmenki erakusten badute behar hori betetzeko adina baliabide material dagoela.
e) Ibilgailua laguntzaren titularra den pertsona minusbaliatuari mugikortasun murriztuak sortzen dizkion arazoak arintzeko erabili ohi izatea.
f) Laguntza eman ondoko 4 urteetan gutxienez, ibilgailuaren titulartasuna pertsona minusbaliatuak izan beharko du edo, bestela, bere legezko ordezkariak.
g) Ibilgailua erosi edo egokitu izana aurreko deialdian eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, alegia, 1997ko ekainaren 9aren ondoren.
h) Pertsona ezgaituaren Famili Unitateak bere zerga betebeharrak egunean edukitzea.
4.2. Berariazko betebeharrak, erabilera partikularreko ibilgailuak erosteko:
a) Minusbaliotasunaren Kalifikazio Ofiziala izatea, "minusbaliotasunak garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasun haundiak sortzen dizkiola" adieraziko duena.
b) Laguntzaren titularrak 65 urte baino gehiago ez izatea, justifikatutako arrazoiak izan ezik.
c) Frogatua izatea ibilgailua erabiltzea egiazko eta ohiko beharra dela pertsona minusbaliatuarentzat, lanaren, eskolaren, pertsonen arteko harremanen arloetan eta abarretan garapen soziala izan dezan.
d) Pertsona minusbaliatuaren famili unitatearen per capitako urteko dirusarrerek, 1997ko ekitaldi ekonomikoan indarra izan duen Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren ehuneko 100 ez gainditzea.
e) Erosi beharreko ibilgailuaren prezio osoa 2.500.000 pezetatik gorakoa ez izatea, zenbateko hori gainditzen duen ibilgailu baten beharra frogatzen duten ohiz kanpoko baldintzak izan ezik.
4.3. Berariazko betebeharrak, erabilera partikularreko ibilgailuak egokitzeko:
a) Minusbaliotasunaren Kalifikazio Ofiziala izatea, zeinetan, pertsona minusbaliatuak ez duenean gidatzen ahal, adierazi beharko baita "minusbaliotasunak garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasun haundiak sortzen dizkiola".
b) Minusbaliotasuna dela eta, ibilgailua egokitzeko beharra izatea.
c) Pertsona minusbaliatuaren famili unitatearen per capitako urteko dirusarrerek, 1997ko ekitaldi ekonomikoan indarra izan duen Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren ehuneko 150 ez gainditzea.
d) Egokitzearen kostua gehienez ere 875.000 pezetakoa izatea, ohiz kanpoko arrazoiek frogatzen ez badute behintzat kostu handiagoko egokitzapena egitea beharrezkoa dela.
4.4. Ibilgailua erosi eta aldi berean egokitzeko betebeharrak, guztiek bete beharrekoez gainera, 4.2 eta 4.3 puntuetan agertzen direnak izanen dira.
4.5. Erabilera kolektiboko ibilgailuak egokitzeko:
a) Helbide soziala Nafarroan izatea.
b) Zerga betebeharrak egunean izatea.
c) Egokitzapenari esker pertsona minusbaliatuek ibilgailua erabili ahal izatea.
d) Ibilgailua egokitu izana aurreko deialdian eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, alegia, 1997ko ekainaren 9aren ondoren.
5.-Aurkeztu beharreko agiriak.
5.1. Guztiek aurkeztu beharrekoak, erabilera partikularreko ibilgailuak erosi eta/edo egokitzeko:
a) Pertsona titularraren eta/edo bere legezko ordezkariaren N.A.N.
b) Udaleko ziurtagiriak:
-Bizilekua, antzinatasuna zehaztuko duena.
-Laguntzaren titularrak deklaratzen duenean famili unitate bateko kide dela, famili unitatearen bizikidetasunari buruzko ziurtagiria.
c) Nafarroako Ogasun Publikoaren ziurtagiri ofiziala, zerga betebeharretan egunean dagoela egiaztatzen duena.
d) 1997ko ekitaldian bai laguntzaren pertsona titularrak bai haren famili unitateko bizikideek edozein kontzeptu dela eta izandako dirusarrera guztien zinpeko aitorpena.
e) Ordainketak transferentzia bidez egiteko eskaria.
f) Erosketa eta/edo egokitzapena egina baldin badago: egindakoaren faktura zehaztua, ibilgailuaren gidatze baimena eta I.A.T.aren txartel aldatua, horrelakorik baldin bada.
g) Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoaren txostena, zeinetan zehaztuko baitira pertsona minusbaliatuak ibilgailua erabiltzea egiazko eta ohiko beharra duela frogatzen duten datuak, beti ere, lanaren, eskolaren, pertsonen arteko harremanen arloetan eta abarretan garapen soziala izan dezan.
h) Ibilgailua erosten bada egokitzapena fabrikan berean eginda, faktura edo aurrekontua (kasuaren arabera) aurkeztu beharko da, bereizita jarririk oinarrizko ibilgailuaren prezioa eta egokitzapenean jarritako gehigarriena.
i) Eskatzaileak bere eskabidearen alde interesgarritzat jotzen duen zeinahi agiri.
5.2. Berariazko agiriak, erabilera partikularreko ibilgailuak erosteko:
a) Pertsona minusbaliatuaren gidatze karnetaren fotokopia bi aldeetatik, edo bera ez bada gidaria, ibilgailuaren ohiko gidariaren gidatze karnetaren fotokopia eta pertsona minusbaliatuarekin duen bizikidetasun eta ahaidetasun harremana.
b) Erosketa egin ez bada: erosi nahi den ibilgailuaren aurrekontua, bertan adierazita prezio osoa, marka, modeloa eta ezaugarriak.
5.3. Berariazko agiriak, erabilera partikularreko ibilgailuak egokitzeko:
a) Pertsona minusbaliatua baldin bada gidaria: gidatze karnetaren fotokopia bi aldeetatik; bertan egokitzapena beharrezkoa dela adieraziko da.
b) Pertsona minusbaliatua ez baldin bada gidaria: ibilgailuaren ohiko gidariaren gidatze karnetaren fotokopia eta pertsona minusbaliatuarekin duen bizikidetasuna eta ahaidetasuna.
c) Egokitzapena egin ez bada: egokituko den ibilgailuaren dokumentazioa, eta egin beharreko egokitzapenaren bi aurrekontu, zehaztuak.
5.4. Ibilgailua erosi eta aldi berean egokitzeko betebeharrak, guztiek bete beharrekoez gainera, 5.2 eta 5.3 puntuetan agertzen direnak izanen dira.
5.5. Erabilera kolektiboko ibilgailuak egokitzea:
a) Nortasuna egiaztatzen duen agiria.
b) Lizentzia fiskalaren fotokopia, halakorik behar denean.
c) Eskatutako dirulaguntzaren proiektu justifikatzailea.
d) Egokitzapena egin ez bada:
Bi aurrekontu zehaztuak, zein bere proiektu teknikoarekin.
e) Egokitzapena egina baldin badago:
-Faktura zehaztua.
-Proiektu teknikoa, arauzkoa.
-I.A.T., egindako egokitzapena azalduko duena.
f) Ekitaldi honetarako eta xede berbererako beste erakunde publiko eta/edo pribatu batzuei eskatu eta haiek emandako dirulaguntzei buruzko zinpeko aitorpena.
g) Eskatzaileak bere eskabidearen alde interesgarri jotzen duen zeinahi agiri.
6.-Balorazioa.
Balorazioa eta ebazpen proposamena Ezgaitasunak dituzten Pertsonen Ataleko hiru teknikarik osatutako organo kolegiatu baten esku egonen dira. Teknikari horiek Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak hautatuko ditu.
Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak, eskabideak baloratzeko, Nafarroako Gobernuko Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren esku dagoen informazio osagarria eskatuko du organo kolegiatuaren bitartez eta Tributuen Lege Orokorraren 113. artikuluko d) idazatiari jarraikiz.
Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Sektore Programen Zerbitzuko Zuzendaritzak, organo kolegiatuaren bidez, eskabideak baloratuko ditu eta, bidezkoa iduritzen bazaio, agiri osagarriak eskatu eta egiaztapenak eginen ditu eskabideei buruzko ebazpena emateko, honako honen arabera:
6.1. Erabilera pribatuko ibilgailuak.
a) Famili unitatearen per capitako dirusarrerak. Deialdi honetan famili unitatetzat hartuko dira:
1. Legez berezi gabeko senar-emazteek osatua, eta adin txikiko seme-alabarik izanez gero, horiek ere bai, salbu eta gurasoen baimenarekin aparte bizi direnak.
2. Aitak edo amak aurreko idazatian aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten seme-alabekin osatutakoak.
b) Garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasun maila.
c) Ibilgailua erabiltzea egiazko eta ohiko beharra izatea pertsona minusbaliatuarentzat, lanaren, eskolaren, pertsonen arteko harremanen arloetan eta abarretan garapen soziala izan dezan.
d) Aurkeztutako eskabideen kopurua.
6.2. Erabilera kolektiboko ibilgailuak.
a) Pertsona minusbaliatuek, egokitzapenari esker, ibilgailuak zein mailatan dituzten eskuragarri eta erabilgarri.
b) Eskatzailearen jarduketek gizartean duten eragina.
c) Inbertsioaren bideragarritasuna eta aurrekontua egokitasunez tajutua izatea.
7.-Ebazpena.
7.1. Eskabideen ebazpena Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskabideak aurkezteko epea akitu eta hurrengo hiru hilabeteetan.
7.2. Ebazpenean, baiezkoa baldin bada, dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Ebazpen horren kontra errekurtso arrunta jar daiteke Nafarroako Gobernuan, jakinarazpenaren egunetik hilabeteko epearen barrenean.
Dirulaguntza ematen bada, onuradunak, aurretik egin ez badu, faktura, ibilgailuaren dokumentazioa eta/edo I.A.T. eguneratua aurkeztu beharko ditu, Ebazpena jakinarazi eta hiru hilabeteko epean. Esandakoa betetzen ez badu, justifikatutako arrazoia izan ezik, emandako dirulaguntzari uko egiten diola ulertuko da eta, beraz, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak zenbateko hori erabili ahalko du beste laguntza batzuk emateko.
Dirulaguntza ordainduko da puntu honetan eskatzen den dokumentazioa aurkezten den bezain laster.
7.3. Legez paratutako epea ebazpenik eman gabe iragaten bada, eskabidea ukatu egin dela ulertuko da.
7.4. Ebazpena ezezkoa baldin bada, zergatik ukatu den adieraziko da.
7.5. Dirulaguntzaren zenbatekoa, beti ere, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak bere aurrekontuetan horretarako duen kredituak mugatuko du. 1998. urterako kreditua 25.000.000 pezetakoa da, "Urritu fisikoen mugikortasunerako laguntzak" izeneko 93200-7800-3135 kontusailaren, 33360-7 lerroaren kontura.
7.6. Erabilera partikularreko ibilgailuak erosi eta/edo egokitzeko dirulaguntzetan gehieneko zenbatekoak honako hauek izanen dira:
L.G.S.ren %85 baino gutxiago 400.000 875.000
L.G.S.ren %85etik %100era 200.000 875.000
L.G.S.ren %100etik %150era 0 875.000
8.-Betekizunak.
Dirulaguntzen onuradunek eskabidean azaldutako xedea betetzeko erabili beharko dute laguntza, baita betetze hori agiriekin justifikatu ere. Halaber, Administrazioak eskatzen dizkien egiaztapen guztiak onartu eta erraztu egin beharko dituzte.
9.-Ez-betetzea.
Deialdi honen oinarrietan ezarritakoaren ez-betetzea edo emandako datuen faltsukeria egiaztatzen bada edo dirulaguntzaren xedea aldatu dela frogatzen, dirulaguntza baliogabetzen ahal da Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzailearen Ebazpenaren bidez.
Ebazpen baliogabetzaileak berekin ekarriko du emandako dirua itzuli beharra eta berandutza korrituen eskakizuna, dirulaguntza ordaindu zenetik, izandako erantzukizunak deusetan ukitu gabe.
10.-Errekurtsoak.
Deialdi honen oinarrien eta hori aplikatzeko egintzen kontra, Nafarroako Gobernuan errekurtso arrunta paratzen ahalko da, errekurritu nahi den egintza argitaratu eta biharamunetik aitzina hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: A9801659