I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak
29/1998 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, lan osasunari buruzko ikerketa eta jarduketetarako dirulaguntzak emateko 1998. urteko deialdia onesten duena.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra berriki arautu da, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen onespenaren bidez. Foru Lege hori 1997ko ekainaren 20ko 74. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.
Aipatutako Foru Legearen 3. artikuluan adierazitakoari jarraikiz, dirulaguntzak publizitate, lehiakortasun eta objektibotasunean oinarrituta emango dira.
Dirulaguntzen deialdi honen xedea da lan osasunaren inguruko programak garatzen dituzten irabazteko asmorik gabeko erakunde eta elkarteek berariazko ekintzak egitea, agente sozialak partehartzaile diren testuinguru batean kokaturik.
Deialdi honek bide ematen du interesa duten elkarte eta entitate guztiak berdintasunez sar daitezen, eta aldi berean bermatzen du dirulaguntzak irizpide objetiboen arabera banatuko direla. Irizpide horien lehentasunak, bestalde, Osasun Departamentuak osasun-politikaren arloan sustatzen dituen ildoen arabera ezarriko dira, kontuan izanik, bereziki, Osasun Planaren barruan azaltzen diren helburuak betetzea, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuaren jardueren ildoa eta laneko segurtasunaren eta osasunaren arloetan izan den arau aldaketa.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra erregulatzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak emandako eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT
1. 1.-1998. urtean lan osasunari buruzko ikerketa eta jarduketa programak abian jartzeko dirulaguntzak emateko deialdia onetsi da, Osasun Departamentuaren eta haren Erakunde Autonomoen jarduketen osagarri. Ez da deialdi honetan sartzen ikastaroak ematea, Nafarroako Gobernuaren bestelako deialdietan eskaintzen baita dirulaguntza halakoetarako.
2. Deialdi honen dirulaguntza jasoko duten ekintzak 1998. urtean burutu beharko dira.
3. Ondoko hauek jaso ahalko dituzte ebazpen honetan ezartzen diren dirulaguntzak: Elkarteen Erregistroan inskribaturik egon eta Nafarroako Foru Komunitatean 1998an lan osasuneko ekintzak eta programak garatzen dituzten sindikatu eta enpresa-elkarteek eta irabazteko asmorik gabeko erakundeek eta elkarteek.
4. 1.-Dirulaguntzarako eskabideak Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko Erregistroan (Landabengo industrialdea, E eta F kaleak, Iruña) aurkeztuko dira, honako agiri hauekin batera:
a) Elkartearen edo Erakundearen estatutuak. Sindikatu eta enpresa-elkarteen kasuan nahikoa izango da, horren ordez, Lan Zuzendaritza Nagusiko elkarte profesionalen erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiria.
b) Dirulaguntzarako eskabidea aurkezten duenaren ordezkaritza egiaztatzen duen agiria.
c) Memoria tekniko eta ekonomikoa, egin beharreko proiektua, ekintza edo programa azaltzen duena, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak luzatuko duen ereduaren araberakoa.
d) Elkarteen Erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiria, dagokionean, eta Identifikazio Fiskalaren Txartelaren fotokopia konpultsatua.
e) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzatutako ziurtagiria, entitate edo elkarte eskatzaileak Gizarte Segurantzarekin zorrik ez duela edo, hala badagokio, harekiko betebeharrak betetzetik salbuetsita dagoela egiaztatzen duena.
4.2.-Dirulaguntza eskatzeak deialdia zuzentzen duten oinarriak onartzea dakar.
4.3.-Aurkeztutako datuak osorik egiazkoak ez izateak edo eskatzaileak horiek faltsutzeak zehapena jaso dezake, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 27. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz.
5. 1.-Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izango da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
5.2.-Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak eskatu ahalko dio interesatuari zuzen dezan 10 egun balioduneko gehieneko epean, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskabideari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu egingo dela.
6. 1.-Aurkeztutako eskabideak aztertu, baloratu eta dirulaguntzak emateko proposamena egiteko, Ebaluazio Batzorde bat eratuko da, honako kide hauek osatua:
-Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko Laneko Osasun eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu lanetan arituko dena.
-Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko Laneko Segurtasun eta Higienerako eta Prestakuntzarako Zerbitzuko zuzendaria, batzordeko buruorde lanetan arituko dena.
-Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko bi kide, zuzendari kudeatzaileak berak izendatuak.
-Lan zuzendari nagusiak izendatutako kide bat.
-Osasun Departamentuko Osasun Laguntzaren Zerbitzuko zuzendariak izendatutako kide bat.
-Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko Administrazio atalburua, idazkari lanetan arituko dena.
6.2.-Ebaluazio Batzordeak, haren esku utzitako eginkizunak betetzeko, egoki juzkatzen dituen egiaztapenak egin ahalko ditu diruz lagundutako jardueraren inguruan, eta hura egiaztatzeko behar duen agiri oro eskatu ahalko ditu.
Batzordeak emandako proposamena loteslea izango da, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5.3 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.
7. Dirulaguntzak emateko honako irizpideei jarraikiko zaie:
-Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak lan osasunaren arloan dituen lehentasunezko jarduera-ildo eta jarduera- programekin bat etortzea aurkeztutako programa.
-Laneko segurtasun eta osasunaren inguruan izan diren arau aldaketetatik eratorritako prebentzio kultura berriarekin bat etortzea.
-Nafarroan edo dagokien osasun barruti edo eskualdean burutzen diren beste programekin osagarria den eta nola txertatzen den.
-Komunitatearen eta agente sozialen parte hartzea sustatzea.
-Laneko erikortasunean eta hilkortasunean duen eragina.
-Eskatzen duen elkarteak edo bere jarduera esparruko beste entitate batzuek ere finantzaketan parte hartzea.
-Programaren xede den pertsona multzoa.
-Zein sektore edo jarduera ekonomikotarako den programa.
-Proposaturiko helburuak beteko direla bermatzeko azpiegitura nahikoa izatea.
-Aurreko urteetako programek izan duten eraginkortasuna.
-Elkartean langile boluntarioak izatea.
-Lokalak eta baliabide administratiboak elkarte desberdinek elkarrekin erabiltzea.
8. Dirulaguntzak aurkeztu den proiektuaren edo programaren jarduera edo/eta langile gastuak finantzatzeko izango dira. Horiez gain, funtzionamendu gastu orokorrak finantzatu ahalko dituzte, diruz lagundutako zenbatekoaren % 20, gehienez.
9. Laguntza hauek eta beste edozein dirulaguntza edo laguntza bateragarriak izango dira. Proiektu edo programa bati Erakunde edo Entitate ezberdinek, bi dirulaguntzaren edo gehiagoren bidez, emandakoaren zenbatekoa, guztira, ez da inolaz ere horren kostu osoa baino handiagoa izango.
10. 1.-Dirulaguntzak ematea edo ukatzea Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez egingo da, Ebaluazio Batzordeak txostena eta proposamena egin ondoren, eta Laneko Osasun eta Ikerketarako Zerbitzuak ere bere txostena, onuradunek dirulaguntza jasotzeko baldintzak bete dituzten azaltzen duena, eman ostean.
10.2. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hiru hilabete iraganik ebazpena eman gabe, eskabideak ezetsi egin direla ulertuko da.
11. 1.-Emandako dirulaguntza honela ordainduko da:
-Kopuruaren % 70, emateko unean, horri buruzko ebazpena one- tsitakoan.
-Dirulaguntzaren gainerako % 30, diruz lagundutako proiektua edo programa egin dela frogatzen duen ondoko dokumentazio jatorrizkoa jaso ondoren, honakoa:
A) Egindako ekintza, proiektu edo programaren memoria tekniko eta ekonomikoa, eredu ofizialaren araberakoa.
B) Emandako dirulaguntzaren kargura ordaindutako gastu guztien fakturak (jatorrizkoa eta fotokopia) eta haien zerrenda. Aurkezten diren faktura horiek fakturak luzatzea eta gastu eta murrizketak egiaztatzea erregulatzen dituen martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuan adierazitakoari lotu beharko zaizkio.
11.2.-Dirulaguntzak 500.000 pezetatik beherakoak direnean, laguntza esleitu bezain laister eman ahalko da kopuru osoa.
11.3.-Dirulaguntza ordaintzeko modua edozein delarik, ziurtagiriak aurkezteko epea 1998ko abenduaren 31n amaituko da.
12. Onuradunak beharturik daude Nafarroako Lan Osasunaren Institutuari jakinaraztera berak deialdi honen arabera finantzatzen duen jarduera egiteko beste erakundeek emandako laguntza edo dirulaguntza guztiak.
13. Programa eta jarduera horien berri emateko argibideetan, dibulgazio saioetan, foiletoetan eta, orohar, jendaurrean jartzen den informazio orotan Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertu beharko da eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutua laguntzaile gisa aritu dela aipatu beharko da. Orokorrean hala egin behar bada ere, salbuespenak egon daitezke, izan ere, ekintzaren helburua dela eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak halakorik egitea desegokitzat jo baitezake.
14. Diruz lagundutako programaren baldintzak ez betetzeak, zati batean nahiz osorik, jasotako dirulaguntzaren zenbatekoa, osorik edo zati bat, itzuli beharra ekarriko du berarekin, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik ordurarte sortutako berandutza korritua ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra erregulatzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
15. Deialdi hau garatzeko aurreikusi den zenbatekoa 1998ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako kontusail honetan agertzen da: 53000-4810-4139, 16930-0 lerroa, "Lan osasunari buruzko ikerketa eta jarduketak".
16. Deialdi honetan espreski ezarririk ez dauden gaietarako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra erregulatzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legea da aplikatzekoa.
17. Deialdi honen aurka, bere oinarri eta egintzen aurka, errekurtso arrunta jarri ahalko da Nafarroako Gobernuan, errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean. Errekurtsoa ebazten duen erabakiaren aurka bidezko izango da administrazioarekiko errekurtsoa jartzea Nafarroako Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean.
18. Argitara bedi deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko otsailaren hogeita bostean.-Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Mariano Gallo Fernández.
Iragarkiaren kodea: A9801778