I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak
67/1998 FORU DEKRETUA, martxoaren 2koa, gaur egun indarra duen nekazaritzako aseguru konbinatuen urteroko planean sartu gabeko aseguru hauek: arroz laboreetan izan daitezkeen harri erauntsietarako, berotegien egitura eta instalazioetako kalteetarako eta haragitako zaldi aziendaren istripuetarakoak, aseguru etxe pribatuekin 1998ko ekitaldirako hitzarturik daudenak, kontratatzearen kostua diruz laguntzen duena.
Nekazaritza finantzatzeari buruzko lege mailako xedapenen Testu bateginak, otsailaren 16ko 54/1998 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitakoak, bere 23. artikuluan, 16 b) artikuluari buruz, xedatzen du Nafarroako Gobernuak erabaki eta argitaratuko dituela urtero laboreetan, abere ustiapenetan eta berotegietako egitura eta instalazioetan izan daitezkeen arriskuetarako aseguru etxe pribatuekin hitzarturiko aseguruak kontratatzeko kostua konpentsatzeko laguntzei lotzen zaizkien aseguru lerroak, hain zuzen ere, Nafarroan aplikatzekoak diren nekazaritzako aseguru konbinatuen urteroko planean sartzen ez direnei dagozkienak. Halaber, aipatu Arauaren 25. artikuluak, ematekoak diren laguntzak nola zehaztu finkatzen du.
Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko martxoaren biko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
1. artikulua. Nekazaritza finantzatzeari buruzko lege mailako xedapenen Testu Bategina onesten duen otsailaren 16ko 54/1998 Legegintzako Foru Dekretuak, VI. Tituluko 1 eta 3. Kapituluetan adierazitako baldintzetan eta betekizun orokorrei jarraikiz, aseguru hauek: arroz laboreetan izan daitezkeen harri erauntsietarako, berotegien egitura eta instalazioetako kalteetarako eta haragitako zaldi aziendaren istripuetarakoak, kontratatzearen kostua diruz lagunduko da.
Aseguru etxeekin egiten den kontratazioa 1998ko ekitaldian egina izanen da edo eginen da, hau da, 1998ko urtarrilaren 1aren ondorenean.
2. artikulua. Aitzineko artikuluan aipatu aseguruak kontratatzearen kosturako Nafarroako Gobernuak emanen dituen dirulaguntzak kalkulatzeko, aseguruaren kontratazioaren kostuari ondoko portzentaiak aplikatuko zaizkio, adierazten diren dirulaguntzaren gehieneko mugekin:
a) Arroz laborean harri erauntsien arriskuaren kontrako asegurua: % 50, aseguraturiko hektarea bakoitzeko gehienez ere 2.800 pezeta.
b) Berotegien egitura eta instalazioetako kalteen asegurua:
-Aseguratu guztiei aplikatuko zaien oinarrizko dirulaguntza: % 15, gehienez ere 3,60 pezeta metro karratuko "estalki malgua" duten berotegi aseguratuen kasuan eta 5,40 pezeta metro karratuko "estalki zurruna" dutenen kasuan.
-Nagusiki nekazaritzatik bizi diren aseguratuei aplikatuko zaien dirulaguntza gehigarria: % 15, dirulaguntza gehigarria gehienez ere 3,60 pezeta izanen da metro karratuko "estalki malgua" duten berotegi aseguratuen kasuan eta 5,40 pezeta metro karratuko "estalki zurruna" dutenen kasuan.
-"Nekazari gazte" izaera duten aseguratuei emanen zaien dirulaguntza gehigarria, baldin eta bost urte baino gutxiago badaramate instalatuta eta irailaren 26ko 297/1992 Foru Dekretua aplikatzearen ondorioz lehenbizikoz instalatzeko laguntzak eman bazaizkie: % 20, dirulaguntza gehigarria "estalki malgua" duten berotegi aseguratuen kasuan gehienez ere 4,80 pezeta izanen da metro karratuko eta 7,20 pezeta metro karratuko "estalki zurruna" dutenen kasuan.
Oinarrizko dirulaguntza eta laguntza gehigarriak bateragarriak dira eta tokatzen denean aplikatuko dira, alde batetik portzentaiak eta bestetik dirulaguntzei ezarri zaizkien mugak batuz.
c) Haragitako zaldi aziendaren istripuetarako asegurua: % 50, azienda larri bakoitzeko gehienez ere 1.000 pezeta.
3. artikulua. Adierazitako dirulaguntzen onuradunek laguntzarako eskabide ofiziala eta sinatutako polizaren fotokopia aurkeztu beharko dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan.
Dirulaguntzetarako eskabidea eta aipatu dokumentazioa aurkezteko epea hogeita hamar egunekoa izanen da, poliza sinatu zeneko datatik kontatzen hasita, Foru Dekretu hau argitaratu baino geroagokoa baldin bada eta Foru Dekretua argitaratzen denetik aitzina, lehenagotik sinatua baldin bada.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Foru Dekretu hau aplikatzearen ondorioz izan daitezkeen laguntzak 1998rako indarra duen Gastuen Aurrekontuaren kargura joango dira, "Aseguru primen konpentsazioa" izenburuko 71210-4700-2-7161 kontusaila, 50001 proiektua, 28050-3 lerroa.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari ahalmena ematen zaio, Foru Dekretu hau gara dezan, zuzen aplikatu ahal izateko behar diren alderdietan.
Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko martxoaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.
Iragarkiaren kodea: A9802127