I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Agintariak eta Langileak
EBAZPENA, 1998ko azaroaren 9koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Segurtasun eta Higieneko maila ertaineko Teknikarientzako lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.
Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 1998ko azaroaren 9an emandako Ebazpenaren bitartez, onetsi egin da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Segurtasun eta Higieneko maila ertaineko Teknikarientzako lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia.
1.-Xedea.
Aditzera ematen da Segurtasun eta Higieneko maila ertaineko Teknikarientzako lanpostu huts bat, Nafarroako Lan Osasunaren Instititutukoa, lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia. Lanpostuak plantilan 4632 zenbakia du.
2.-Lanpostu hutsen kopurua handitzea.
Deialdi honetako lanpostuari geroago beste batzuk gehitu ahal izanen zaizkio, epaimahai kalifikatzaileak lehiatzaileen zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa, deialdia egin duen organoari igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuak, hain zuzen.
3.-Arau aplikagarriak.
Lehiaketa honetan parte har dezaketen langileek lanpostu hutsei dagokien mailakoak izan behar dute, baina ez dute zertan izan deialdikoa bezalako lanpostuetan ari direnak. Horregatik, lehiaketa hau ondoko arauek erregulatuko dute: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren 33. artikulua, lanpostuak betetzeko Erregelamenduaren 10. artikulua eta aplikagarri diren gainerako manuak, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak abuztuaren 12an emandako 130/1998 Foru Agindua eta deialdiaren oinarriak.
4.-Betebeharrak.
Indarra duten legezko xedapenekin bat, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi duten izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hurrengo baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.
b) B maila edo taldekoa izatea.
c) Maila ertaineko titulazioa dutenentzako lanpostu baterako izendaturik egotea.
d) Indarra duen legeriaren arabera, Aurreneurri Zerbitzuen Erregelamenduaren 37. artikuluan ezarritako eginkizunak betetzeko gai izatea eta gaitasun horren ziurtagiria edukitzea.
Abuztuaren 30eko 251/1993 Foru Dekretu Legegilearen zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa aplikatzeko asmoz, lekualdatze lehiaketa honetan deialdiaren baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartu ahalko dute.
Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.
5.-Lansariak.
Lekualdatzen diren langileek indarra duten xedapenek esleitzen dieten soldata jasoko dute.
6.-Eskabidea aurkezteko epea eta tokia.
a) Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek eskabide egokia aurkeztu beharko dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokorrean, Iruñeko Karlos III.a etorbideko 2an, hamabost egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio eta bertan, izangaiek adierazi beharko dute, kasu bakoitzean, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabidea aurkezteko epea amaitzen den egunean.
b) Orobat, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztiak frogatzen dituzten agiriak, behar bezala kautotuak, erantsiko dira.
c) Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.
7.-Onartuen behin-behineko zerrenda eta erreklamazioak.
Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du, adieraziz baztertuek hurrengo bost egun naturaleko epean erreklamazioak egin eta, akatsik izanez gero, horiek zuzentzeko aukera izanen dutela. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak lehiaketa bete gabe dagoela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.
Erreklamazioak egiteko epea amaiturik eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak baztertuen eta onartuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du.
8.-Epaimahaiaren osaketa.
Lehiaketa kalifikatzeko Epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Mahaiburua: Mariano Gallo Fernández jauna, Nafarroako Lan Osasunaren Instititutuko zuzendari gerentea.
Ordezkoa: Francisco Javier Eransus Izquierdo jauna, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko Laneko Segurtasun eta Higienerako eta Prestakuntzarako Zerbitzuaren zuzendaria.
Mahaikideak:
1. Nafarroako Lan Osasunaren Instititutuaren Langileen Batzordeak izendatutako ordezkari bat.
Ordezkoa: Nafarroako Lan Osasunaren Instititutuaren Langileen Batzordeak izendatutako ordezkari bat.
2. Francisco Javier Vitrián Ezquerro jauna, Nafarroako Lan Osasunaren Instititutuko Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atal Teknikoko burua, idazkari lanetan arituko dena.
Ordezkoa: María Luisa Rivas Bacaicoa andrea, Nafarroako Lan Osasunaren Instititutuko Laneko Prestakuntza eta Psikosoziologiaren Ataleko burua.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu eta ondorengo bost eguneko epean eratu behar da epaimahaia.
Epaimahai kalifikatzaileko kideek ezin izango dute jardun, eta hala jakinarazi beharko diote deialdia egin duen organoari, prozedura administratiboari buruzko arauetan aurreikusita dauden abstentziorako zioak gertatzen direnean. Orobat, izangaiek mahaikideak ezeztatu ahal izanen dituzte aipatu inguruabarrak gertatuz gero.
Deialdiaren oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz eztabaidaren bat sortzen bada, Epaimahaiak gehiengoz ebatziko du.
9.-Merezimenduen kalifikazioa.
Ondokoak baloratuko dira:
a) Administrazio Publikoentzat egindako zerbitzuak: gehienez 35 puntu.
b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta beste merezimendu batzuk: gehienez 25 puntu.
Alegatu eta justifikatutako merezimenduak Epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu honako honi atxikitako baremoaren arabera.
Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta egiaztatuko dira izangai bakoitzak lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.
Epaimahaiak ez du inolaz ere kontutan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik, eta ez du emanen merezimenduen atal bakoitzarendako adierazitako puntuazioa baino altuagorik.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatu ahalko ditu, lehiatzaileek alegatu merezimenduen gainean.
c) Txosten psikoteknikoa: gehienez 15 puntu.
Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, behar diren saioak egin ondoren, lehiatzaileei txosten psikotekniko bana eginen die, bakoitzaren nortasuna deialdiko lanpostuaren ezaugarriei noraino egokitzen zaien adierazteko. Zerbitzuak txosten psikoteknikoetan lehiatzaile bakoitzari emanen dion puntuazioa lehiaketako Epaimahai kalifikatzaileak aintzat hartu beharrekoa izanen da.
d) Lanpostuaren nondik norakoei eta eginkizunei buruzko saio praktikoa: gehienez 25 puntu.
Baldin eta lehiaketeko Epaimahai kalifikatzaileak egoki irizten badio, lehiatzaile bakoitzak bere saio praktikoaren emaitza ahoz azaldu eta defendatu beharko du, eta hitzaldi horretan galderak egin ahal izanen zaizkio berak azaldutako merezimenduei buruz eta lehiaketako lanpostuaren ezaugarrietarako egokitasunari buruz.
Saio hori baztertzailea izanen da eta gutxienez 12,50 puntu bildu beharko dira hura gainditzeko.
Saio hori gaindituz gero, bertan lortutako puntuak lehiaketaren gainerako ataletan lortutakoei batuko zaizkie, lehiatzaileen guztirako puntuazioak osatzeko.
Lehiatzaileen guztirako puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, Administrazio Publikoetan antzinatasun handiena dutenen aldeko erabakia hartuko da. Horrela ere berdinketak irauten baldin badu, lehiatzaile zaharrenaren alde ebatziko da.
Lehiaketako elementuen kalifikazioa bukatu ondoren, Epaimahaiak argitara emanen du Nafarroako Gobernuko Iragarki Oholean izangai bakoitzak lortutako puntuazioa eta bost eguneko epea irekiko du izangaiek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten oro alega dezaten.
10.-Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.
Erreklamazioak ebatzi ostean, Epaimahaiak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, eta deialdiaren 9. oinarrian aipatu den saio praktikoa gainditu duten lehiatzaileen zerrenda igorriko dio deialdia egin duen organoari, haietako bakoitzak lehiaketaren ataletan guztira zenbat puntu lortu dituen adieraziz, eta proposamena eginen dio, gutxieneko puntuazioa lortzeaz gain deialdiko lanpostuen kopuruan egokitzen diren lehiatzaileak izenda ditzan, kopuru horrek barne hartzen dituelarik deialdiaren 2. oinarrian aurreikusitako lanpostu gehigarriak, halakorik bada.
11.-Lanpostu hutsen hautaketa.
Lehiatzaileek lortutako puntuazioaren arabera aukeratu ahalko dituzte lanpostu hutsak, horretarako Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian agertuz, adierazten den egunean eta orduan.
Lanpostua hautatzen ez duten lehiatzaileek, behar bezala arrazoituriko kasuetan salbu, lehiaketako lanpostuak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.
12.-Lanpostuak esleitu eta jabetza hartzea.
Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen egokiaren bidez, lehiatzaileei egokitu zaizkien lanpostuak adjudikatu eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du.
Lehiatzaileek esleitutako lanpostuak hartu beharko dituzte esleipenari buruzko Ebazpena jakinarazi eta hurrengo hamar egun naturaleko epean, deialdia egin duen organoak Ebazpenean jabetza hartzeko egun bat finkatzen duenean salbu.
Adierazitako epean jabetza hartzen ez dutenek, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan salbu, esleitutako lanpostuetan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Horrelakoetan, deialdiaren 10. oinarrian aipaturiko zerrendan dauden lehiatzaileak jarriko dira haien lekuan.
13.-Errekurtsoak.
Deialdiaren eta haren oinarrien eta egintzen kontra errekurtso arrunta aurkeztu ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazten denetik hasita. Errekurtso arrunta ebazten duen erabakiaren kontra administrazioarekiko auzi- errekurtsoa aurkeztu ahalko da Nafarroako Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko azaroaren bederatzian. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua
Eskaera, .............. izateko ..... lanpostu lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian, ...(e)ko ...... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara emandakoan, parte hartzekoa.
1.-Datu pertsonalak
Izen-deiturak:
Noiz eta non jaioa:
N.A.N.: ..............
Helbidea:
Etxeko telefonoa: ............. Laneko telefonoa:
2.-Datu administratiboak
a) Egoera administratiboa:
Zer lanpostutarako izendaturik dagoen: ...............
Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioa
Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioa
Gizarte Segurantzatik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako langile estatutupekoa
Lan-kontratudun finkoa
Nafarroako Parlamentuko funtzionarioa
Jardunean
Zerbitzu berezietan
Eszedentzia berezian
(X batez markatu dagokion kontzeptua)
b) Egungo destinoa:
Lanpostua:
Jabetza hartzearen eguna:
Departamentua:
Zerbitzua:
Atala:
Bulegoa:
Erakunde autonomoa:
c) Maila edo sailkatze taldea: ............
3.-Izenpetzen duenak adierazten du eskabideak aurkezteko azken egunean eskaturiko baldintza guztiak betetzen dituela.
4.-Eskabideari eransten zaizkion merezimendu alegatuen frogagiriak.
Iruñean, 199...ko ............aren ....(e)an.
(Sinadura)
II. ERANSKINA
Merezimenduak baloratzeko baremoa
a) Administrazio Publikoentzat egindako zerbitzuak:
1) Deialdian eskatutako mailako/taldeko eta titulazioko lanpostuetan, edozein Administrazio Publikotan langile finko bezala emandako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,50 puntu.
2) Deialdian eskatutako mailako/taldeko eta titulazioko lanpostuetan, edozein Administrazio Publikotan aldi baterako langile bezala emandako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,12 puntu.
3) Aurrekoak ez bezalako lanpostuetan, edozein Administrazio Publikotan langile finko bezala emandako zerbitzu urte bakoitzeko: 0,37 puntu.
4) Aurrekoak ez bezalako lanpostuetan, edozein Administrazio Publikotan aldi baterako langile bezala emandako zerbitzu urte bakoitzeko: 0,30 puntu.
Oharrak:
1. Urte kopurua osoa ez bada, zerbitzu aldiko egunei proportzionalki dagokien puntuazioa jarriko zaie izangaiei.
2. a) idazati honetako puntuazio gehienekoa ez da izanen 35 puntu baino gehiagokoa.
3. Lanaldi partzialean emandako zerbitzuen kasuan, dagokien zatia kenduko da.
4. Deialdia argiratatu ondoren emandako zerbitzuak ez dira baloratuko.
5. Funtzionarioak zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian emandako aldiak, hala nola unitate organiko baten burutza edo zuzendaritzan emandakoak, horietan hasi zen egunean zuen lanpostuan emandako zerbitzu gisa baloratuko dira.
b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.
1) Erakunde edo zentro publikoek eta Unibertsitateek prestakuntzarako antolatzen dituzten jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo baliokide (10 irakastordu) bakoitzeko, gehienez 10 puntu.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko ikastaroetako irakastorduen frakzioak hainbanatuko dira.
2. Irakastorduen kopurua zehaztu gabe duten ziurtagiriak, kreditu batekoak balira bezala baloratuko dira.
3. Ikasturte bateko iraupena kreditatzen duten agiriak 12 kreditukoak balira bezala baloratuko dira.
4. Erakunde antolatzaileari buruzko baldintzak betetzen ez dituzten arren, puntuazio berarekin baloratuko dira Administrazioak aginduta edo berak baliozkoturik egiten diren prestakuntza jarduketak, berariaz sartzen direla horietan Administrazio Publikoen Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen barruan sindikatuek antolatzen dituztenak.
2) Kongresu edo jardunaldietan txosten edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jasotako lan zientifikoak edo ikerlanak eta aldizkari espezializatuetan argitaratutako lanak: gehienez 3 puntu, Epaimahai kalifikatzaileak baloratu beharrekoak, ondoko irizpide hauen arabera: lana edo jarduera banaka edo taldeka egin den eta kongresua edo argitalpena zein mailatakoa den (tokikoa, herrialdekoa, nazionala edo nazioartekoa).
3) Sektore publikoko prestakuntza jarduketak antolatu eta/edo haietan parte hartzea: gehienez 2 puntu, haien iraupenaren arabera Epaimahai kalifikatzaileak baloratu beharrekoak.
4) Deialdian eskatutakoa ez bezalako titulazioak eta espezialitate akademikoak: gehienez 4 puntu.
5) Doktore edo lizentziatu gradua, deialdian eskatutako titulazioan: gehienez 2 puntu.
6) Beste merezimendu batzuk, Epaimahaiak baloratu beharrekoak: besteak beste, hizkuntzak, sektore pribatuan egindako lanak, bekak edo prestakuntzarako egonaldiak, kontsulta, aholku, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartu izana: gehienez 4 puntu.
b) atal osorako oharrak:
1. Atal honen barruan deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak baloratuko dira bakarrik.
2. b) atal honetan 25 puntu aterako dira gehienez.
Iragarkiaren kodea: A9810552